Fosbury
Aldapa beheraino jaitsi ondoren, jauzi egiteko unea iritsi da. Jauzi bat, astero, hemendik aurrera: Hala Bedi irratian, igandero, Celosamente gordea entzun ahal izango duzue, 22:00etatik 23:00etara. Eta bestela, nahi duzuen ordu eta lekuan, baita podcast-ean ere. Lehenengo harria: Fosbury.

2011-10-02an emandako saioa. Entzun hemen
“Salto egitera goazenean atzerantz begiratzen badugu, geure buruak erortzen ikusteari diogun beldurragatik da. ”
Richard Douglas Fosbury
I)
Dick Fosburyk 60 urtetik gora ditu gaur egun. Ile urdineko gizon heldua da, Idahoko etxalde batean bizi den bide-injeniaria. Mendiko bizikletan ibiltzea eta snowboard-a egitea dira gaur egungo bere afizioak.
Youtuben ari gara ikusten, orain dela ia 40 urte, 1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan, nola salto egin zuen. Kamerak bere gorputz luzangari begiratzen dio behetik gora: oinetatik hasi, eta bururaino. Lastoz egindako gorputza duela dirudi. Oinetakoetan izoztu da planoa segundo batzuez: beltza dauka adidas zapatiletako bat, bestea zuria. Gora doa kamera, eta fraka motzen gainetik ageri zaizkio eskuak. Ahora eraman ditu, eta badirudi hotza duela: arnasarekin berotu ditu esku ahurrak. Ondoren, hatzamarrak gogor estutu, eta bere buruari hizketan hasi zaio. Bukaeran, salto egin du.
Ordenadorearen aurrean gaudela, galdetu egin didazu: “nola da posible horrelako pertsona bat erakargarri ez suertatzea? Nori ez zaio atsegin gizon horren izateko era? Ezinezkoa iruditzen zait.”
II)
Mapa batean koka dezakegu geure burua orain. Bagara nor eta badugu zer. Musuzapiak poltsikoetan nola, itsasten dira gure akorduak barruko paretetara. Bizitzari heltzen diogu eta ez bere hondakinei. Hiru bat metroko makila eskuetan hartu eta salto. Oztopoz beteriko bidean behera agurtzen dugun momentua da atzokoa eta ez diogu luzaroan diosalarik egingo. Pareta batean indarrez idatzirikoa irakurri dugu gero; hau hasiera baino ez da. Eta eman dezake denborak geldi egotearen sentsazioa horrelakoetan, makila mehe batean zeure pisu guztia jartzera ematen zarenean adibidez. Han goian ikusten duzunean zeure burua, hutsari helduta, erortzeko prestatzen. Izan dezake norbaitek denboran ezkutatzeko tentasioa, saltoa minutu batzuez atzeratzeko desira. Bere burua mapa batean kokatzeko beharra daukanak, barrura begiratu beharko luke lehenago. Salto egin aurretik erabaki nola eta non erori nahi duen. Zerbaiten hasiera izango den ala atzetik jarraika duen amaierari egin nahi dion ihes oraingoan.
III)
“Nire estiloaren egungo ospea sari bikaina da, hasieran, inork gogoko ez zuen estilo batekin jasan behar izan nuen guztiagatik. Bizkarreko jauzia jada praktikatzen nuen institutuan, eta guztiek nitaz barre egiten zuten, erotzat hartuz, eta, batzuk “snob” ere deitzen zidaten, arau ezagunak alde batera uzteagatik. 1968an Mexikon garaile izan nintzen arte, orduan heroi bihurtu bainintzen”.
Biok batera irakurri dugu liburutik esaldi hori. Gaztetan “snob” deitzen ziotela. Eta orduan zuk esan didazu: “bere saltoa ere ez al da apur bat snob-a? hau da, ausarta izan behar da mundu guztia begira duzula inork ordura arte egin ez duen salto bat egiteko. Hori bada apur bat snob-a, ezta? Zer ariko zen pentsatzen, atletismoaren historia osoan lehenengo aldiz, bizkarrez, estadioan bildutako jendeari begira, aurrez aurre, salto egin zuen gizon hori? Zer izango zuen buruan?”
IV)
Dick Fosbury atleta estatubatuarra 1968ko Mexikoko Olimpiadetan egin zen ospetsu. Barra gaineko altuera jauzian teknika berri bat erabiliz lortu zuen munduko txapeldun izatea. Geroztik ia jauzilari guztiek erabili dute teknika hau, Fosbury Flop izenez ezagutzen dena.
Fosbury, 16 urterekin hasi zen salto egiteko modu berriekin esperimentatzen. Teknika berriak, barrarantz, zeharkako norantzan eta kurba bat eginez korrika joatean zetzan, behin barra ondora iritsita bizkarrez eta gertuen zuen besoa luzatuta jauzi egiteko. Modu honetan, jauzilariaren grabitate zentrua eta gainditu beharreko barraren artean tarte txikiagoa uztea ahalbidetzen da, egin beharreko saltoan altuera irabaziz.
Mexikoko Olinpiar Jokoetan, Fosbury sekula ikusi ez zuen jende asko harriturik geratu zen salto egiteko honek erabiltzen zuen teknika ikustean. Are gehiago urrezko domina irabazi zuela ikustean, 2 metro eta 24 zentimetroko errekor olinpikoa ezarriz.
Gaur egun, eliteko altuera jauzilari guztiek erabiltzen dute Fosbury Flop teknika, eta bere eraginkortasun handiagoa erabat frogatua dago.
V)
Bizkarrez egindako jauzi hura akats batetik, ezin batetik jaio zen: Dick Fosbury ez zen gai, ordura arte bezala, aurrera begira jauzi egiteko. Ez zeukan nahikoa gaitasun, nahikoa indar hanketan. Jauziari buelta emanda, gorputzaren grabitate-zentruari eman zion buelta.
Ederra izan behar du gorputzaren grabitate-zentruari buelta emateak. Ez duzu inpresiorik egunean hainbat alditan egiten dugula hori, eta ez garela ohartzen? Eta buruaren grabitate zentruari, ematen diogu buelta? Gai al gara? Nola ikasten da horrelako gauza bat egiten?
VI)
Fosburyk bere jauzia egin zuen urte hartan, 1968an, eskularru beltzez bildutako ukabilak zerura begira jarri ziren urtean, Parisen atzera bueltarik izango ez zuen zerbait gertatu zen urtean, Fosburyren jauzia ez zen olinpiar jokoetako nobedade bakarra izan. Atletismo modernoa jaio zen urtetzat dute historialariek: tartanezko pistak estreinatu ziren, beira-zuntzezko pertigak, eta baita salto egin ondoren lurreratzeko apar sintetikozko koltxoiak ere. Beraiek gabe, Fosburyk bizkarra edo lepoa hautsi izango zukeen, bere saltoa egiterakoan.
Bueltarik izango ez zuten hainbat gauza berri gertatu ziren, beraz, 1968an. Ordutik hona inor ez da ausartu, koltxoirik jarri gabe bizkarrez salto egiten.
VII)
Kokapenak berak erakusten du sarritan, erortzean inertziak norantz bultzatuko gaituen. Zenbat metro beharko dituen gorputzak abiadura zehatz bat harrapatzeko. Zenbat katu saiatu diren beraien buruaz beste egiten leiho horretatik. Zutik erortzen denak ere beldur baitio saltoari. Mundua mapa batean kabitzen da baina guk ez daukagu sartzeko lekurik. Tolesten ditugu geure buruak lau zatitan. Garrantziarik ez daukanari garrantzia emateaz damutzen gara beti. Besoak luzatzen ditugu gure lekua zein den galdetzen digutenean eta loak hartutako izterrari heltzen diogu bizirik ote den ikusteko. Lau pausok banatzen gaituzte ez den zerbait horretatik. Historia aldatu zuen saltoaz hitz egiten digu irratiak. Lau pauso eta bagoaz. Ezereza leku bat denean, kokapenak ez liguke hainbesteko beldurrik eman beharko.
VIII)
Beteranoek ondo gogoan dute: Fosburyren jauzia ikusi eta berehala, Donostian atletismoan zebiltzan gaztetxo guztiak Anoetara joan ziren korrika, bizkarrez jauzi egitera. Izugarri dibertitu omen ziren.
Entzun ditzakezu oraindik ere ume haien gozamen-oihuak, gaur egun kirolaren eremuko diziplina serio bihurtu den jolas hura egin bitartean. Etxera joango ziren gero, bizkarra ubelduraz beteta, hareak egindako zauri txikiz beteta.
Eta etxera bidean (bakoitza bere etxera bidean; Amarara, Grosera edo Ondarretako hondartza parera bidean), agian, grisak ikusiko zituzten beraiek baino zaharxeagoak ziren gazteen atzetik, zaldi gainean. Ikusiko zituzten agian zaborrontziz (gaur egungoak baino pisutsuagoak izango ziren zaborrontziz) egindako barrikadak, sua ikusiko zuten asfaltoa erretzen. Eta hori aipatu dizudanean, zuk esan didazu: “ikusiko zituzten gauza horiek, bai, baina ez zieten batere kasurik egingo. Ez zieten arretarik deituko”.
IX)
Ahaztua zuen ordurako bazuela tolestutako mapa bat poltsikoan. Ez zuen haren beharrik norantz zihoan jakiteko.Gurutzatu zuen azken herritarraren arabera, bideak han goian, lainoz inguraturik ikusten zen bazter hartan, ezkerretara hartzen zuen harkaitz artean galtzeko. Bekokian behera erortzen zitzaion urak hartua zuen haren gogoa iluntzean. Bazekien ezin zuela atsedenik hartu. Ailegatu beharra zeukan, lekua zuen esperoan. Harriek erortzean ateratzen duten zarata entzuten zuen apur bat aurrerago. Ilunak ez zion ikusten uzten. Lekuak gero eta hurbilago behar zuen. Eskuak lehortu zituen praketan eta mapak okupatzen zuen espazioa nabaritu zuen bere izter lokartuaren kontra estutzen. Hezetasunak paper zati hartako tinta bere gorputzean zehar zabaldua izango zuen ordurako. Gero eta hurbilago entzuten ziren zarata astunak, hurbil behar zuen lekuak. Harkaitz artetik agertzen ziren ibaiak zeharkatu zituen, ertzei helduta egin behar izan zuen aurrera zati batzuetan eta hala ere, ez zen mapa poltsikotik ateratzera ausartu. Bazekien behin mapa izandako hura, musuzapi bat baino ez zela ordurako. Lekuek ez dutela tintak bustitako paper batean baino gehiago irauten esperoan.
X)
68ko Mexikoko olinpiar jokoak bukatu ondoren, Fosbury Estatu Batuetara itzuli zen. Fakultatera joan zen, eta bertako dekanoak aukeratu egin behar zuela esan zion: edo atletismoa, edo injeniaritza karrera.
Atletismotik erretiratu eta karrerarekin jarraitzea hautatu zuen. Injeniaria izan da erretiratu arte. Mendiko bizikletan ibiltzea eta snowboard-a egitea dira gaur egungo bere afizioak.
Altura jauzia egiten duten atletek publikoari begiratzen diote, aukera hori daukate, 1968tik.
XI)
Erortzeko beldurrez nagoenean barruko harkaitzari heltzen diot eskuez. Begirada bakarrean imajinaturiko bideak etortzen zaizkit gogora. Orduko sute ezezagunak. Elkarri esan gabe utzi genizkion gauza guztien zamak hondoratzen nau labarrean behera doazen lokatzezko uholdeetan. Zugana hurbildu eta erortzeko beldurrak kokatzen nau orain distantzia honetan. Erortzen diren harriak entzuten ditut hurbilean. Lekuaren bila nabil, sua piztu eta tintaz zikinduriko gure azalak lehortzeko. Seinale bat baino ez dizut eskatzen. Erortzen lagunduko nauen esku bat. Bustitako mapa batean kabitzen ez den arrazoi bat, begiak itxi eta salto egiteko.
XII)
Nahikoa da salto bat historiaren norabidea aldatzeko. Pentsa zenbat txinatarrek galduko zuten bizia harresi erraldoiaren bestaldekoaren bila. Pentsa ze garrantzia izan zuen Fosburyren saltoak humanitatearen eboluzioan. Galtzeko prest dagoenak baino ez du irabaziko. Leihotik bere burua lehenengoz botatzen duen katuak ere ez dauka zutik eroriko denaren segurantzarik. Salto egitera goazenean atzerantz begiratzen badugu, geure buruak erortzen ikusteari diogun beldurragatik da. Bustitako mapa batean gordetzen da gure lekua. Noizbait piztutako suak lehortzen du tintaz zikinduriko azala. Inertziak ez garamatza aurrera, aurrez zapalduriko bideetara baino. Lekua gu gara eta ez puntu bat espazioan. Saltoa egin eta gero konturatzen gara, zutik erortzea leku berean erortzea dela. Alferriko ahalegina.
-
darbie-allison ha rebloggato questo post da celosamentegordea
-
postato da celosamentegordea