Hartutakoak eta emandakoak
2011-10-09an emandako saioa. Entzun hemen

Constantin Brancusi, “Musua”. 1912
Bada zerbait eman dizudana, baina ez dakit noraino den, eman dizudan hori, beste bati hartutakoa.
I)
Norbanakoen artean erlazioak daude, eskuz eraikitako zubiak, esan dezagun. Erlazio horiek eraikitzerako orduan norbanako batek zerbait jartzen du, zerbait ematen du. Besteak zerbait jartzen du, zerbait ematen du. Eta era berean, biek hartzen dute zerbait, jasotzen dute zerbait.
Bakoitzak zenbat jartzen duen kalkulatzea baino, kontsolagarriagoa da erlazioak giza-pasioaren arabera antolatzen direla pentsatzea. Eta pasioa, noski, ezin da neurtu, ezin da zenbakitara edo ehunekoetara ekarri. Sentimenduak, pasioa edo ametsak zinta-metroz neurtzen dituena krudela da, arrazionalegia da. Ez du jendearengan sinesten.
II)
Ez gaude bakarrik eta hala ere, bakarrik gaudela errepikatzen diogu geure buruari sarri. Jendez inguraturiko mapa batean orratz bat. Orratz bat da hor ikusten dena, sakonean ziztatzen gaituen beharra. Bakarrik ez gaudela sinestea. Ingurutik elikatzeko gai garenaren froga bizia. Etengabe nahasten dira gure barruko urak. Hartu eta eman egiten diogu elkarri. Kendu eta oparitu. Galdera beraren luzapen asimetrikoa, laburdura batean gatibu geratu den batura. Zerk marrazten gaitu hobeto denboran, inguratzen gaituen horrek ala gure barruko kobazuloetan gordetzen den aparrak? Nor gara gure hurbilekoen begietan? Zer pentsatzen dute guri buruz urrunekoek? Zenbat pausok bereizten du gure bidea beste batzuen bideetatik? Non dago ahulago bihurtzen gaituen muga hori? Zenbat denbora pasa beharko dugu albora begira, hurbiltzen ari den olatu erraldoiak harrapa ez gaitzan? Gu al gara benetan irudikatzen dugun hori ala ni naiz gu horretan beste zerbait ikusten ari dena? Nor jarriko da gurekin harremanetan jendez inguraturiko mapa batean orratz bat bagara? Zenbat aldiz deitu beharko diogu elkarri egunean, ulertzeko, ematen ari garena baino askoz gehiago dela elkarri lapurtzen dioguna?
Ez gaude bakarrik eta hala ere, geure buruak nahasteko beharra sentitzen dugu etengabe.
III)
Bada zerbait hartu dizudana
Baina ez dakit noraino den, hartu dizudan hori
Zuk emandakoa.
Nik hartu dizut, nire kabuz? Hala zuk erakutsi didazu hartzeko egokiera?
Nik hartu badut, nire kabuz, ondo egin dut? Ez dizut galdetu, hartu dezakedan edo ez. Nik nahi dudalako hartu dut, baina ez dakit zuk nahi duzulako hartu dudan.
Zuk emandako gauzek ere, nik hala eskatu edo nahi ezta ematen dizkidazun horiek, ihes egiten didan zerbait dutela iruditzen zait beti.
Zergatik ematen dizkidazu gauzak, nik eskatu gabe, nik nahi gabe? Nik nahi gabe, eskatu gabe ematen dizkidazun gauza horiek nire-nireak dira? Ala gordetzen dute oraindik zerbait zuretik?
IV)
Ematen ari garena baino askoz gehiago da elkarri lapurtzen dioguna. Ez gaude bakarrik eta ez gaitu bakarrak osatzen. Azal hau izara zati txikietan bereizten da sukaldeko argitan. Zati txiki horietako bakoitzari begiratzen diogu egunaren bukaeran, gurea den arrastoren baten bila. Gero telefono zenbaki bat etortzen zaigu gogora, nonbait ahaztutako argazkia, periodiko paperetan bildutako liburu bat, esku bat lokartutako gure eskuari heltzen, azazkaletan itsatsiriko haragi zatiak.
Hartu eta eman egiten diogu elkarri, horrela berrosatzen da gure biografia. Egunetan banatuz elkartu gintuen inertzia baten arrazoia. Egunetan bereiziz oihal zati txikietan bilatzen ditugu elkarren itzalak, ihes egin baino lehen gogoan hartzeko gure azal azpiko gatzetan. Azal gabeko hezurra miazkatuz ingurukoari. Ez gara ezer bere horretan. Ematen ari garena baino askoz gehiago da elkarrengandik hartzen duguna. Elkartuz osatzen den gure nia. Gure izan gabe niretzat gordetzen dudan beste guztiaren erdia.
V)
Goizetan kalera ateratzen naiz, eta espaloiak zapaltzen ditut. Halako garbitasun bat sumatzen da airean, eta “goiza delako” izango dela pentsatzen dut. Posible da, eguerditik aurrera, airea kutsatuago egotea; jendeak kaleak okupatu dituelako airea gizatasunez kutsatzea, geldigaitza den lizun berde baten gisan.
Goizetan, kalera ateratzen naizenean, zaila egiten zait ohartzea ikusten dudan pertsona bakoitza ezberdina dela besteengandik. Esku erraldoi batek egindako patroi beretik ateratako kartoi zatiak iruditzen zaizkit. Pausaje berdina dute denek, arropa antzerakoak janzten dituzte, aurpegiera igualtsuak eskaintzen dizkiote espaloiari, burua jaitsita. Goiza delako pentsatzen dut hori, nire ustez.
Eguna aurrera joan ahala, ezberdina da dena: airea gizatasunez kutsatuta dagoenean, kalean doan bakoitzak asmo berezi bat duela iruditzen zait, lurralde ezberdin bat duela ariman iltzatua. Egunean zehar emandakoen eta hartutakoen emaitza erreala, begietan islatua.
VI)
Gu ez gara gu, eta hor hasten da arazoa. Ni ni izan naiteke baina inoiz ez gu, zuek bezala. Zuen ondoan bizi behar duen erdia naiz. Baldin eta bizi banaiz, orduan zuen menpeko. Baldin eta aske, orduan egarri. Baldin eta zeruko, orduan hegazti. Baldin eta galtzaile, orduan lotuta. Baldin eta sinesgaitz, orduan kontakizun bakar. Baldin eta zur, orduan lur. Baldin eta neguan, orduan eguzki itsu. Baldin eta eskatu, orduan gor. Baldin eta margo, orduan itsu. Baldin eta maite, orduan debeku. Baldin eta damutu, orduan herio. Baldin eta biluzik, orduan hotz. Baldin eta haizea, orduan putz. Baldin eta hitza, orduan egurra. Baldin eta denbora, orduan ahanztura. Baldin eta berbako, orduan mutu. Baldin eta egin, orduan desegin. Baldin eta gu, orduan zuek. Baldin eta bagara, orduan arazo. Baldin eta izan ez, orduan bake. Baldin eta isildu, orduan errugabe. Baldin eta hartu, orduan eman. Baldin eta eman, orduan hartu.
Gu ez gara gu, zuek bazaretelako. Eta hor bukatzen da arazoa.
VII)
“Elkar ezin ikusiz, su-amorruz bete,
oiek gorroto naute ta ez ditut maite:
ezin al nitzazk’ eran bizi naizen arte,
nere soin-aragiak iaki baitituzte.”
Jokin Zaitegi, 1952
Jokin Zaitegik bazuen zezen-talde bat bere baratzean, poema batean kontatzen duenez. “Kozkortsu, orruzale, odola begian” deskribatzen ditu. Lotuta daude zezenak, eta Jokin Zaitegik lotu ditu. Lotura estua du beraiekin, eta zezenak berarekin. Hala ere, ezin dute elkar ikusi, ez dute elkar maite. Desosegua eragiten dio horrek Jokin Zaitegiri.
Eman al diote zerbait zezenek poetari? Zer hartu du poetak zezenengandik? “Harreman” deitu al dakioke zezen-saldoaren eta Jokin Zaitegiren artekoari?
VIII)
Zurian beltz. Xabier Gantzarain.
Itxia da behelainoa hemen, ez da ezer ikusten atzean, herria utzi nuen atzean, haurtzaroa, oroitzapenak berritzen ditut ibaiari begira orain, han ere bazen erreka bat, jauzi eta igeri egiten genuen, batek alde egin zuen, besteoi gogoa sartu zitzaigun, hemen ondo bizi zirela esaten ziguten, gauza ugari zutela, bazutela iturrian ura, edateko modukoa, bazutela janari nahikoa, era guztietakoa, han ez zegoen lanik, han ez zegoen ezer, iparralde zurian jarri genuen gure itxaropen guztia, telefonoz egoten naiz noizean behin gurasoekin, ondo nagoela esaten diet, badudala lan bat, badudala etorkizun bat, baina itxia da behelainoa hemen, eta aurrean ez da ezer ikusten, lana urritzen ari da, kaxkarrenak geratzen dira guretzako, gaizki ordaintzen dute, dagoena hartzera gaude kondenatuta, baldintzak eskasak dira, mehatxu egiten digute, topatuko dugu zuen lana zeinek egina, ondo nagoela esaten diet, badudala lan bat, lasai antzean bizi naizela, baditudala lagunak, futbola ikustera joaten garela lantzean behin estadiora, tabernan juntatzen garela bestela futbola ikustera, ez diet esaten etxerakoan beldurra sentitzen dudala.
Itxia da behelainoa hemen, baloi gorria eta beltzak ikusten dira ondo.
IX)
Etxe aurrean esertzen zen, beti ordu berean, beti postura berdinean. Arnasa hartzeko denbora apur bat baino ez zuen eskatzen. Han, behelainoa itxia zen egunetan. Pasatzen ikusten zituen haiek denak ezagutuko balitu bezala luzatzen zen bere begirada haragi zati ezezagunetara. Han, hanka zabalik eta besoak belaunetan pausaturik betetzen zituen birikak lantzean behin, hustu eta berriro hasteko. Ariketa perfekto baten argazkia. Han, hustutako espazio batean, irudikatzen dugun mugimendu errepikakorra. Zigarro bakarra pizten zuen eguzkiaren itzaltzearekin, birikak apur bat lainotu eta etxe barrurakoa egiteko. Han, behelainoa itxia zen egunetan. Hitzik egin gabe amaitzen ziren arratsak, bakardadeari bolondres emateko prestatzen ari zen hominidoa. Orratz bat mapa baten erdian, ingurukoari so, bere espazioa gero eta gehiago hustu nahian paretak soberakinez loditzen. Pasatzen ikusitako pertsona bakoitzaren txatalek osatzen dute han egunen bilduma, sukaldeko behelainotan. Emateko beldur denaren urduritasun nerabez, hominido bat bere burua elikatzen.
X)
Maitea besarkatzean
hezur multzoa irudikatu nuen,
itsu, ezjakin, gauzaki huts,
haren haragiaren barruan.
Urrutiratu egin nintzen
besarkadatik, maitearengandik.
Desartikulatu egin nuen unea.
Izate biluzian sentitu nintzen,
hutsean ilun amildua.
Indarrez, etsi-etsian,
bizia estutu nuen beso artean,
edo heriotza akaso, bizi-bizi.
Juan Luis Zabala. (Hautsia natza, 2000)
XI)
Konplikatuak dira harremanak betaurrekorik gabe begiratzen diezunean, kristalaz bestalde eta biluzik ikusten duzunean zure inguruko jendea hurbiltzen eta urruntzen. Maila bat gorago jarri nahiko zenuke zeure burua eta handik irudikatu sare berean bildutako milaka arrainen estuasunak, nola desegiten den taldea bata bestearen kontra. Nola ikusten duten beraien bizitza sare horretan harrapatuta, arnasarik hartu ezinda itotzen. Arrain hoien begietatik elikatzen dira gure dudak. Sare batean gaudela, zulo bat bilatzen dugu ihes egiteko.
Geu gara gugandik gehien ari garenak urruntzen. Eta hala ere, ingurukoari so elikatzen ditugu sustraiez haratago hasten diren konbikzio apurrak. Izate hutsarekin higatzen hasten da dena. Dena da ezereza. Atzera begira baino ez gara gauzak ulertzeko gai. Hainbeste ekidin eta beldurtzen gaituen lekuan. Beste norbaitena dirudien bizitza baten. Geu gara gugandik gehien ari garenak urruntzen. Zulo bat, sarea osatzen duten beste zulo guztien artean. Arrain bat, sarean harrapatutako gainontzeko arrainen kontra itotzen bere burua.
XII)
Ezer ematen ez badidazu, neuk hartuko dizut, lasai egon. Eroso egon zaitezen nahi dut, ez daukazu zertan gogoz kontra jokatu. Traizio txiki bat izan daiteke zuk eman nahi ez duzun hori nik neure eskuz hartzea. Baina seguru zaude ez duzula ezer eman nahi? Zer ginateke, bata besteari egindako inbasio txiki hauek gabe?
Bada zerbait hartu dizudana, eta orain badakit noraino den hartu dizudan hori zuk emandakoa. Neurtu egin dut, ez naiz lotsatu, eta ehunekoak ateratzea besterik ez zait falta. Zuri hartutakoa zuk emandakoa da, eta nirea da, zurea den bezala.