Zarata

2011-10-16an emandako saioa. Entzun hemen

HIRU DIMENTSIOTARA ISILTASUNA

Isiltasun zabalena

isiltasun luzeena

isiltasun sakonena

deiadar egin ostean

erantzunaren zain

geratzen denaren

barruan dago

                        igor estankona 


I)

 

Gauza bakoitzak du zarata bat. Gauza bakoitzak du bere zarata. Gauza bakoitza zarata partikular batek inguratzen du. Uki daitekeen zarata bat da, ikus daitekeena, usaindu daitekeena.

 

Hitzek badute zarata bat. Hizkuntzek badute zarata bat. Etsigarria egin daiteke, batzuetan, hitzek duten zarata, gortzeko modukoa izan daiteke. Hitzak inguruan duen zarata horrek hitzaren beraren zentzua kutsatu dezake. Hitzak bozgorailu bat ondoan balu bezala da. Hitza mututu egingo balitz bezala da.

 

Zerbait kontatzen duenak, hitzari zarata kentzeko saiakera egin behar luke. Hitzari berezkoa duen soinua aurkitzekoa. Hori egitearen antzerakoak izan daitezke, demagun, organo bat afinatzen aritzen denaren lana, edo 15 urtean garbitu gabe iraun duen lorategi bat sasiz husteko lorazainaren lana.

 

Hitzei zarata kendu behar zaie. Hori ulertzen dugu, behintzat, adibidez, Tomas Tranströmer edo Iñigo Aranbarriren hitzak irakurrita.

 

II)

 

Zaratetatik ihesi zentozela ulertu nizun. Ez zeneukala han, horrela, askoz gehiago irauterik. Gauez izaten zela okerrena, hiriak bere estalduretan lo hartzen zuenean. Behelainoarekin batera, zaratek itsutzen zutela teilatuetako biztanleen gogoa. Gotortu egiten zinela zu ere, ez zenuela inorekin hitz egiteko gogorik izaten. Tximiniren bat ketan han urrunean, itzaltzen sumatzen zenituen begiak egunen joanean.

Orain, hitzik egin gabe orduak ematen ditugu sarri, isiltasunak ito egiten zaituela aitortzen didazu gero. Lehengo zaraten bila abiatzen zarela iluntzetan.

Belarriak estaltzen dizkidazu bi eskuez, ikusteko, entzuten duzun horrek norainoko pisua duen inguruan. Oihu egin eta gero zabaltzen den isiltasuna  ikus dezaket zure begietan eta ez dakit bere oihartzuna barrurantz ala kanporantz ari den errepikatzen.

 

 

III)

 

¨Guztiak dauka zentzua poesia baten barnean. Hitzak, itsas funeral baten osteko loreen antza duten medusen modukoak dira: uretatik ateratzen ditugunean forma guztia galtzen dute, deskribaezina den egi bat isiltasunetik erauzten duzunean bezalaxe ¨.

 

Tomas Tranströmer Nobel saridun berriaren hitzak dira. Egia bat isiltasunetik erauzten denean, zarata kontsolagarri bat atera beharko luke: ardo botila bati estalkia kentzen zaionean bezala; unean bertan sortzen den desira bat iradoki behar luke. Egia bat isiltasunetik erauzten denean, zarata ateratzen du: baina ez ohituta gauden zarata. Zarata berri bat da: mundua hartua duen zarata noranahikoaren barruan bereizi daitekeena.

 

IV)

 

Hau ez da zarata, hau isiltasuna da. Zurrun zabaltzen dena espazioa okupatuz. Musika bihurtzen dena inguruko hotsekin nahastean. Hotz itxura eman dezakeena burdinazko denean. Bero senti dezakeguna zurezko pareten bestaldetik badator.

Hau ez da zarata, hau isiltasuna da. Hitzik egiten ez duen bizilagun mutua. Zapaldu gabe dabilen ibiliaren arrastoa. Mikatz geratzen zaiguna aho sabaitik zintzilik.

Hau ez da zarata, hau isiltasuna da. Baina berdin-berdin digu orain, aspaldi galdu baikenuen isiltasuna zaratetatik bereizteko gaitasuna.

 

 

V)

 

79. martxoa

Hizkuntza barik eta
hitzekin eta hitzekin datozen guztietaz nekatuta
elurrez estalitako irlara abiatzen naiz.
Basatiak ez du hitzik.
Izkiriatu gabeko orriak norabide guztietara zabaltzen dira!
Elurretan orkatz apoen urratsak topatzen ditut
hizkuntza, baina hitzik ez.

 

Tomas Tranströmer

 

VI)

 

Grabagailua hartu eta inguruko zaraten ehizan ateratzen zen Florence egunero. Eskolatik bueltan, ama agurtu, morrala logelan utzi eta kalera jeisten zen berriro. Kaleetako hotsak grabatzen zituen, parkeetako haurren durundak, supermekatu bateko zarata nahasiak, elizetako kanpaiak. Gero, etxera itzuli eta kasete bakoitzari bere izena jartzen zion boligafoz. Bilduma itzela osatua zuen ordurako Florencek ohe gaineko apalean. Hango eta hemengo soinuekin osaturiko bilduma. Umetan entzuteko gaitasuna galarazi zion istripuaz geroztik, kontu handiz gordetzen ditu bildutako zarata haiek denak. Orain ezin duela jakin arren, noizbait entzungo dituenaren esperantzaz.

 

 

VII)

 

Hizkera arazoak

 

Zein hizkuntzatara ekar zaitzaket hurbilago nahi bazaitut

Gozotasunik gabeko batean lotu natzaie orain arteko bihotzei

Ez dut adierazi gogo dudana esateko gaitasunik ukan

Ez dut adierazi gogo dudana esan nahi izan

Oso herrendu naiz mintzoz

Hautatu izan ditudan berbek ez dute kreole ilun bat baino erakutsi

Mintzo gaitzeko polizoi izan naiz inoizko itsasotan

Eta nik badakit badena beste mintzaera bat

Argiagoa hagitzez, gardentasunaren erreketan ulerterraztua

Baina mihia lodi dut, hamaika tristuraren basatzetan baldartua

Nireak ez diren gerretan gatibu

 

Mornarik ilunenean babestua bilatu zaitut

Hizkuntza zilar batean maita behar zintuzket

Baina nire berbek ez dute dorpe hau baino ikasi

 

Eta nik badakit beste mintzaera bat badena

 

Iñigo Aranbarri

 

VIII)

 

Zaratak entzuten ditugu Gazan, Japonen, Albaniako zelaietan, eta ez gara inoiz han izan. Zarataka datozkigu hango irudiak burmuinera. Ulertzen ez ditugun hizkuntzetan errepikatzen diren hots astunak. Ikusi gabe entzuten ditugun aurpegietan gure orbainen zantzuak. Zaratak ailegatzen dira honaino, munduko beste leku batzuetatik arrastaka. Lubaki hauek zeharkatzen ditugunean, belarriak estali behar izaten ditugu. Urrunetik datozen zaratek, denbora gehiegi eman dute bidean, oihartzun bakarrean harrapatu ahal izateko. Lubaki hauek sakonegiak dira denboran, hain urrutira so egiteko.

 

IX)

 

Oroitzapenek begiratzen didate

 

Ekaineko goiz batean, goizegi da

Esnatzeko, baina beranduegi berriz loak hartzeko.

 

Belardira joan beharra dut, oroitzapenez

Beteta dago, eta begiradarekin jarraitzen didate.

 

Ezin dira ikusi, ezin hobeki nahasten dira

Hondoarekin, kameleoi perfektuak.

Hain hurbil, arnasa nola hartzen duten entzun diezaieket

Hegaztien txioak gortzeko modukoak diren arren.

 

Tomas Tranströmer

 

X)

 

Ondoko gelatik hasi ziren zabaltzen zaratak. Hemen, paretaren alde honetan, eroritako zerbait zela antzematen genuen. Norbaitek lurrera botatako gauzak pilatzen zituela bestaldean. Zarata txiki solteekin hasi zen dena, gerra baten hasierak merezi duen apaltasunez.

Egunak aurrera egin ahala, gero eta ozenago entzuten genituen hots haiek gugan sortzen zuten ezinegonera ohituak ginen jada. Azken eztandaren esperoan hartzen genuen loak begiak zabalik. Bagenekien gutxi falta zela eta hala ere, isilik eta geldi jarraitzen genuen, minutu bateko atsedena belarriak estali eta ihes egiteko nahikoa izango genuelakoan. 

 

XI)

 

Oihu egiten diguzue belarrira. Nor garen, nondik gatozen, zenbat denbora daramagun hemen esateko.

Zarataka errepikatzen diguzue zuen ahoa gure belarriaren kontra jarrita. Zer ezin dugun izan, non bukatzen den gure denbora, zenbat aldiz okertu garen bidean.

Hitzak baino, zaratak dira zuen hizkuntza gure belarri zuloetan barrena. Hasieran min ematen ziguten. Orain, sentitu ere ez ditugu egiten. Isiltzen denak baino ez daki zenbat gauza esan daitezkeen zarata ateratzeko beharrik ez dagoenean.

 

XII)

 

Hegaztien txioak gortzeko modukoak diren une horretan buelta ematen du munduak. Zarata gehiegi dago elkar ikusteko: belarriak estaltzen dizkigu oihal lodi batek. Arrainek urpean hartzen dute arnasa, guk zarata artean egiten dugu bizitza.

 

Zarata guzti honetatik ihes egin eta atseden hartzea proposatu diogu elkarri. Hankapean lurrak dardara egiten digun arren, zelai zabaletara joan nahi dugu, eta hankak busti.

 

Baina zarataren seme-alabak gara. Zalantza ikusi diogu elkarri begietan. Ez dugu inora joan nahi. Zarataren alargunak gara.

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENyAnXp-t