Irabazleak eta galtzaileak
2011-10-23ko saioa. Entzun hemen

Irabazleari ahaztu egin zaio zergatik irabazi duen. Galtzaileak, oraindik loa galtzen du, zergatik galdu zuen burutik kendu ezin duelako.
“Zenbat denbora galdu behar du irabazi nahi duenak, baldin eta irabazi nahi duen hori galdu duena baino gehiago izatea amesten badu esperoan?”
I)
Irabazle edo galtzaile ezizenez ezagutzen dituzte denak hemen. Ez dira oso orijinalak izan inoiz. Irabazle ez dena galtzailetzat dute. Galtzaile ez dena, bada zerbait beste guztien artean. Errugabe dena errudun jotzen da, errudun dena errutzaile. Dena idatzita baitago hemen, dena da idatzita dagoena. Beste guztia ahanzturaren putzura eroriko da denborak bultzatuta. Ate osteko arnasestua bezain ahul ailegatuko zaizkie gutxi batzuei hango oihartzunak, ia ez ulertzeko moduan, ia usteltzen hasita dagoen gorpu baten argazkia bezain hotz eta heze.
Irabazleak ez du paper zati txikietan idazteko beharrik bere izatea baieztatzeko. Berak kontatuta dakigu dena hemen. Zehaztasunez, konbikzioz, korapiloetan galdu beharrean.
Galtzailea, bizi duen historia idazteko gai izan ez dena da ezinbestean.
Irabazlea, oihu egiteko beharrik gabe ozenago entzuten duguna dena isildu ostean.
II)
Irabazle bat eta galtzaile bat elkartu dira gaur, noizbait gudu-zelai izandako parajean.
Ez zeukaten hitzordurik jarrita, baina biek sentitzen zuten barruan, nolabait, bertara heldu beharra zeukatela, eta bakoitzak aukeratu du bere bidea, bide ezberdin bat.
Iritsi dira iritsi behar ziren lekura, eta noizbait gudu-zelai izan zela oroitu dute biek. Ez dute ezpata-burdin apurturik ikusten lurrean sartuta, ez dago kanoi-balaz egindako zulorik zuhaitzen sabelean. Irabazleak eta galtzaileak, aldiz, erraietan dituzte ezpata-burdinak sartuta, kanoi-balaz egindako zuloak dituzte bularraldean. Gudu-zelaia igo zaie biei gorputzetara, sartu zaie biei sabelean barrura. Gudu-zelai bat erraietan.
III)
Zeozer irabazi nahi duenak, zeozer galdu beharra dauka lehenago. Esnezko hortzak doaz aurrena, datozen gero besteak haien lekua hartzera. Lurra uzten du salto egitera doanak, lurra hartzeko erori berritan. Lurra hartu diogu, galdu berri dugunaren tokitan. Daukagunari utzi beharra erortzen lehenengo, gertakizun dena jasotzeko astia izan dezagun gero. Agian ez da denbora falta duguna, agian ez da tren bat, momentu bat. Abiadura bizian doala askatzen den azken bagoia. Abiadura bizirik denaren seinale, askatutako bagoi baten talka urruna denboran. Zarata handia ateratzen du burdinak burdinaren kontra handik kilometro batzuetara. Isiltzen bada denbora. Geratzen bada isil. Alde bakarreko aldea. Handik bost minutura inor ez da galtzaile edo irabazleez mintzatuko. Handik bost minutura atseden hartu nahiko du bakarrik, gerra berri baterako prestatzen hasi baino lehen. Bakarrik da denbora. Zeozer irabazteko edo galtzeko duena. Errekaraino joan, hankak uretan busti eta itxaron. Galdu denbora esperoan. Irabazi denbora gertakizun denari. Begiratu noraino iristen diren iritsi, zure oinetatik abiatzen diren zirkunferentzia horiek uretan. Momentu bat da, gerra bukatzear dela esan dute bestaldean, hasi baino egin ez denean egin zirkunferentzia hau uretan zabaltzen. Zeozer galtzen, zeozer irabazteko.
IV)
EZIN (Vladimir Maiakovski)
Nik ezin dut
piano bat jaso
(are gutxiago
gotor-kutxa bat).
Baina bihotza,
ez piano
ez kutxa,
nola eramanen nuke, ostera?
Bankariek badakite:
«Mugagabe gara aberatsak,
sakelak aski ez direnean
kutxan sartzen dugu».
Maitasuna
ezkutatu egin dut
zurean
aberatsek burdinean bezala
eta banoa
Kresus bezain zoriontsu.
Eta menturaz
gogo handia baldin badut
irri eginen dut
irrierdi bat
gutxienik,
lagunekin gaupasa eginik
xahutuko ditut
berrogeita hamarren bat errublo lirika txanponetan.
V)
Galdu dugu denbora hainbeste, hainbestetan, hainbesterako. Itxaroten genion bitartean zerbaiti. Tren bat agian, hankak uretan busti berritan, zabaltzen ikusten ditugun zirkunferentziak kontrako noranzkoan urruntzen. Galdu dugun denbora, gertatzen ez bada hainbeste, geratzen dena hainbesterako. Irabazi diogu, arnasa diogu, gorrotoa eta maitasuna diogu, maiztasunez errepikatzen den dardara ahuldutako gorputzaren hezurretan. Ahots idorrez diogu busti diogu pareta erortzeraino. Mingain golpe batez botako duten beldurrez, loak hartu ezinda jarraitzen dute bestaldean. Irabazi diogu, galdu diogu eta ezin diogu utzi esateari, irabazle eta galtzaileak bakeroen pelikuletan ezagutu genituela lehenengo eta gero ulertu genuela nor zen nor gure inguruan. Gero jarri geniela aurpegia ordura arte, barrutik margotu gabe ematen zizkiguten irudiak bezalakoak zirenei. Galdu diogu, irabazi diogu, beldurra diogu egia deritzogunari.
VI)
Gudu-zelai izandako eremuan, elkarri begira jarri dira irabazlea eta galtzailea.
Irabazleak ez du diru arazorik orain; diruak ez dio axola, nahikoa daukalako.
Galtzaileak ere ez du diru arazorik, eta diruak ez dio axola. Baina ez dio axola, baduelako beste zerbait pentsatzeko, baduelako beste kezka bat. Galtzaileak gogoan du behinola galdutako gudua: gudu hartaz gogoratzen delako, gudu hura ezin duelako burutik atera, ez dio axola diruak.
Irabazleak ere oroitzen du bataila hura, justu une honetan dauden lekuan gertatu zen bataila hura. Baina memoriak lainotu egin dio oroitzapena: ez du ondo gogoratzen noiz izan zen, ez du ondo gogoratzen noren kontra izan zen, ez du ondo gogoratzen bera atera zela garaile ere. Izan ere, memoriak oso zehatz bereizten ditu irabazleak eta galtzaileak.
Galtzaileari lirika gelditzen zaio, memoriak tai gabe egiten dion mina sendatzeko. Irabazleak ez du minik: berak ere badu lirika, baina ez du hil ala bizikotzat hartzen; ez du lirikaren beharrik zoriontsu izaten jarraitzeko.
VII)
PENTSAMENDU BERRIAK mikel ibarguren
denok gaude geure garaien mende
eztul zaharrak eztarrian ditugula jaikiko gara
hondartza hezeak ferekatzera
ukatuko dizkiguten biharrak borrokatuko ditugu
iragarpen guztien kontra ekinez
bestelako norabideetara errendituko
egun honek arrotz hartu arren
asteak akatsez beteta datoz hilabeteen orrietara
beste nonbait sortu bagintez ere
herri honetara ginen noizbait jaio
begiak sortaldeari emanez
isilune guztien ibai ahotik bueltan
gogoramen soilak ez digu ezer bermatuko
ez digu ezer ziurtatuko
iraganean gatibu egoteko bada
pentsamendu berriak ereiten ditugu orain
eldarnioak sukartzen diren lekutik
zubi azpiko graffitietan berotasunak gozaro ditzagun
minari aurpegia ezarriko diogu
menturaz orbain guztiak ezagutuko
beldurrak galarazi zigun guztia
idatz dezagun
berandu baino lehen
VIII)
Olibondoa (Mahmud Darwish)
Olibondoak oroitzen badu
nork landatu zuen
malko du bihurtuko
olioa.
O, gure arbasoen jakinduria!
Zuentzat gure gorputza
izanen da babesleku!
Aterako ditugu ziriak
betileetatik
eta tristura segatuko dugu
eta lekutu eginen dugu gure herritik.
Olibondoak berdetasuna gordeko du
betirako
eta lurrera itzuliko da
arma bat bezala.
IX)
Umetan ere denok irabazle izan nahi genuen. Borrokarekin umotzen ginen, lehiarako prestatzen gintuzten. Bakeroak nahiago izaten genituen normalean. Egun batez indio izateak ere bazuen bere grazia. Helburua beti zen bera ordea, ondokoa baino gehiago izatea, ondokoa txikitzea ahal bezain azkarren. Batzuetan arauak errespetatzen genituen, beste batzuetan hori ere ez. Bakoitzak ahal zuen moduan egin behar zuen aurrera, atzean geratzen zena ez zen nor gurekin jarraitzeko. Onenek lortuko zuten helmuga, merezitako saria.
Umetan ere denok irabazle izan nahi genuen, gehienek galdu egiten zuten bazuten ere.
X)
Irabazlea lurrari ari zaio ostikoz, bertatik zer aterako. Hautsa harrotzen du gudu-zelai izandako lurrean. Irabazlea ez da erraz etsitzekoa, eta ostikoak ematen jarraitzen du. Irabazlea delako, badaki denbora luzez hala jardunez gero zerbait aterako duela.
Galtzailea gudu-zelai izandako lurraren beste ertzean dago. Zulo bat aurkitu du han, eta zulo barrura sartu da. Eskuez ari da bere gainera lurra botatzen. Bere burua zuloan sartu eta bertan estali nahi du. Uste duelako, galtzailea denez, gozo hartuko duela lurrak, negar egingo diola lurrak, altzoan hartuko duela galderarik egin gabe.
XI)
Zenbat denbora galdu behar du irabazi nahi duenak, baldin eta irabazi nahi duen hori galdu duena baino gehiago izatea amesten badu esperoan?
Zenbat aldiz errepikatu behar dugu mugimendu bera, egiten ari garena egiten ari garen bitartean pentsatzeko beharrik gabe egin ahal izateko? Nork ematen dio hitza, mutua ez zela jakin arren mutu jaio zela eta hala hilko dela sinestarazi diotenari? Nork dio gaur bere burua irabazletzat duenak bihar ez duela bere burua galtzeko arriskuan ikusiko, irabazi duen guztia galtzen ibili dena baino askoz gutxiago dela konturatzen bada azkenean? Zenbat denbora galdu behar du irabazi nahi duenak, baldin eta irabazi nahi duen hori galdu duena baino gehiago izatea amesten badu momentua ailegatzean?
XII)
Mahmud Darwish
Nire bandera beltza da
portua hilkutxa
eta nire bizkarra zubi bat.
O, gugan lehertzen den munduaren udazkena
O, gugan sortzen den munduaren udaberria
nire lorea gorria da
portua irekia
nire bihotza, arbola bat.
Irabazlearenak dira bandera beltza, portua hilkutxa, bizkarreko zubia. Galtzailearenak dira lorea gorria, portua irekia, bihotza arbola.
Irabazlearenak dira ipuinak, lirika, gauzak kontatzea. Galtzailearenak ere badira ipuinak, lirika, gauzak kontatzea. Baina irabazlearen eta galtzailearen lirikak ez dute balio berdina. Irabazlearengan lehertzen da munduaren udazkena. Galtzailearengan sortzen da munduaren udaberria.