Herdoildutakoak
2011-10-30ean emandako saioa. Entzun hemen
![]()
Antoni Tapies. Porta Marró (1972)
Nola pentsa dezakezu herdoila tristetu egiten dela? Zure begiak dira tristetu direnak, herdoilari begira.
I)
Sukaldean olioa irakiten daukan gaztelua da gurea. Maiz zeharkaezina, sarri desertua. Herdoilak jandako burdinezko ateen bestaldean mundua irudikatzen dugu, maiz desertua, sarri bukaezina. Minberak dira paretak hemen, ospelak ateratzen zaizkie eskuetan sartzea erabakitzen dutenei. Egurrezko zaratak kabitzen dira, ez hitzak, ez kanpai hots urrunak. Atea jotzen dute urtean behin. Egunak ematen dituzte kolpeka. Txoriak ikusten ditugu pasatzen handik gutxira, tximinietako keak ematen digu abisu. Sudurzuloak erretzen nabaritzen ditugu denok ilunkeretan, sukaldean olioa irakiten daukan gaztelua baita gurea. Maiz akitua, sarri ukiezina.
Herdoilak jandako munduaren zati bat da leihoaren bestaldea. Herdoildutako iltzeekin lotzen dira gure memoriak, kanpokoa eta barrukoa, atzokoa eta biharkoa. Sukaldean ematen dugu egunaren zatirik handiena. Ahaztua zaigu eskailerek nora daramaten, zer den pasabide amaiezinak bukaeran gordetzen duena. Isilean ibiltzera ohituak gara. Zaratarik atera gabe ikusiko gaituzue egurra biltzen negurako. Ez gara hotzez hilko. Ez gaitu herdoilak jango. Sukaldean olioa irakiten daukan gaztelua da gurea. Maiz kolpatua. Sarri zeharkaezina.
II)
Federico Garcia Lorca hil zuten pistolak herdoilduta daude aspaldi. Lasa eta Zabala hil zituzten pistolak ere herdoildu egin dira. Oxido-usaina dago hilotzen inguruan.
Zer gertatzen da, ordea, herdoildu gabeko burdina badago oraindik? Bizi-bizirik dagoen burdina, eguzkipean distira egiten duena, begiak mintzen dituena, burdin goria. Ez da ezer gertatzen, denok gaude konforme, irabazlerik eta galtzailerik ez dagoela badakigu, lasai gaude.
Ez da ezer gertatzen. Baina zer gertatzen da gure begiak hartzen dituenean herdoilak? Oraindik gutxiago gertatzen da. Haien begiak eta gureak ez dira begi berak, baina begi berdinak dira. Zer gertatzen da haien begiek herdoila dutenean? Gure begiek herdoila dute, baina badakigu. Haien begiak dira herdoila izan eta ez dakitenak.
III)
Xabier Gantzarain
Mundua hotza duk, esan zidan amak. Igande gaua zen, indarka ari nintzen malkoei eusten, ez nuen nahi aita-amek negarrez ikus nintzaten. Hitzetara ekarri ezinda ari nintzen bakardadea.
Zu saiatzen zara zeure buruarekin zintzoa izaten, ahalik eta ondoena azaltzen, hitzak neurtzen. Zu saiatzen zara barruan duzun korapiloa ateratzen, baina huts egiten duzula daukazu beti irudipena, ez duzula ondo azaldu, ez dizutela ulertu, ezinezkoa zara, ez da inor sartu zure baitara, sukaldean olioa irakiten daukan gaztelua da zurea, muturrean pozoia dute geziek, etsaiak uste dituzu denak, min egingo dizutela, eta ez da hala, ez dute zure gaztelua nahi, ez daukazu merezi duen altxorrik, albotik pasatzen dira begiratu ere egin gabe, haiek ere zu bezain izu, haiek ere zu bezain gaztelu, haiek ere zu bezain zeharkaezin.
Mundua hotza duk, esan zidan amak. Igande gaua zen, garbi ikusi nuen tartekoekin dudan tartea. Hitzetara ekarri ezinda ari nintzen bakardadea. Neuk bakarrik bizi izan dut orain arte bizitakoa. Neuk bakarrik biziko dut bizitzea egokitu zaidana. Bitartean haurrak hazi egingo dira, munduak bueltaka jarraituko du, tixertak egingo ditut poetari irakurri nizkion hitzekin: aberria eta hil.
IV)
POEMA INFINITU TXIKIA (Federico Garcia Lorca)
Luis Cardoso eta Aragónentzat
Okerreko bidea hartzea
elurretara iristea da
eta elurretara iristea
hogei mendez hilerrietako belarrak bazkatzea da.
Okerreko bidea hartzea
emakumearengana iristea da,
argiaren beldur ez den emakumearengana,
segundo batean hamar oilar hiltzen dituen emakumearengana,
eta oilarren beldur ez den argi
eta elurraren gainean kantuan ez dakiten oilarrak.
Baina elurrak okerreko bihotza hartzen badu
Austro haizea irits daiteke
eta aireak intziriei jaramonik egiten ez dienez
hilerrietako belarrak bazkatu beharko ditugu berriro.
Argizarizko bi galburu mingarri ikusi nituen nik
sumendizko paisaia bat lurperatzen zutenak
eta negarrez hiltzaile baten begi-niniak bultzatzen zituzten
bi haur ero ikusi nituen.
Baina bia ez da inoiz zenbaki bat izan
angustia bat eta haren itzala delako,
maitasunak etsitzen dueneko gitarra delako,
berea ez den beste infinitu baten egiaztapena delako
eta hildakoaren harresiak da
eta amaierarik gabeko berpizte berriaren zigorra.
Hildakoek gorroto diote bi zenbakiari,
baina bi zenbakiak emakumeei loak harrarazten ditu
eta emakumea argiaren beldur denez
argiak dardar egiten du oilarren aurrean
eta oilarrek elur gainean baino ez dakite hegan egiten
atsedenik gabe bazkatu beharko ditugu hilerrietako belarrak.
V)
Hotza da mundua oinazpietan. Leihorik zabaldu gabe zeurea arnasten duzunean luzaro. Herdoilak janda ikusten dituzu eremu abaildutik tximinietako keak hurbiltzen. Hotza da mundua oinazpietan. Minbera, paisaia herdoila. Ateratako orratz bakoitzeko zulatzen den lurra, zuloan geratu den lurra odoletan itaunka.
Hotza da mundua hemen. Oinazpietan zatitzen den izoztutako itsaso. Ospelez betetako begiak, sukalde zaharrean aulki bat.
Kristala lausotzen duen lurruna kendu gabe, iltze bakarrak eusten dio geroari. Hotza da mundua hemen. Herdoil tanta bat labaintzen zaio, beirazko munduari.
VI)
Okerreko bidea hartzea elurretara iristea da.
Nork dio herdoila tristea denik? Okerreko bidea hartzea elur herdoilduetara iristea da. Elur herdoildua ez da tristea, herdoila ez da tristea.
Eguzkiari aurpegi eman beharrean, elurretara iristen dena da zoriontsu. Elurrak estali egiten du, gorde egiten du. Gozo, negupean, gordeta dagoena da zoriontsu.
Zoriona behar al dugu? Eguzkiari aurrez aurre begiratzea ez da gozoa, horrek ez zaitu zoriontsu egingo. Begiak gorrituko dizkizu, herdoildu egingo dizkizu. Pozik ez dizu emango, mina emango dizu. Bizia barru-barruan sentitzeko moduko mina.
VII)
Antigualeko arragoa. Joseba Sarrionandia
Leitzako herri sarreran, Ezkurra aldetik helduaz gero, bada burdinola txiki bat.
Atea zabalik uzten zuten. Eta paretik pasatzen nintzen bakoitzean, barrurantz so eginik, han ikusten nituen aizkoragintza lanean bi gizon ilun, beso indartsuak biluzik, arragoko sutatik burdin goria atera eta ingudearen kontra mailu kolpeka txinpartak ateratzen.
Goizean goiz pasatu arren, han zeuden lanean. Ematen zuen, goizaldetik ezik, han bertan antigualetik ari zirela.
Batzutan gogoa izan nuen ea lanean noiztik ari ziren galdetzeko, goizeko lauretatik entzuteko edo, galdera beste zentzu batean ulertzen bazuten, duela ehun eta hamaika urte entzuteko. Baina ez nintzen sekula galderarik egitera ausartu, hitzak mailu kolpe bortitz eta txinparta izutuen artean ezabatuko zirelakoan.
Eta gainera, ordurako, igarria nuen olagizonen erantzun mutua. Arragoko sua piztu zenetik ari zirela.
VIII)
Kuarteletako patioetan eguzkiak indartsu jotzen du
Zenbat on egiten duen eguzkiak, zenbat on egiten duen eguzkiak!
Eta eguzkiak bi efektu ditu, bi efektu arrunt:
Bata, drogazaleei azala berotzea, zainak husten dituzten bitartean
Bigarrena, pistolei herdoila kentzen ari direnei animoa ematea.
Eguzki bera da denontzat, baina denok ez dugu eguzkia modu berean hartzen.
Nola ba?
Eguzki bera da denontzat, baina denoi ez digu efektu bera egiten.
Eguzkiak dakar korajea, dakar zer sentitu jakitea. Zer pentsatu ondo erabakitzea. Kalearte ilunenean dabilenari ere, eguzkiak eskainiko dio zeren alde oihu egin.
IX)
Ospelak dira hango haranak hemen. Minberak, irabazlearen gorpuzkinak. Beirazko munduan zentimetro bat da gure arnasa. Herdoil tanta bat, izotzezko gazteluan. Lurrunak hartua da kristala sukaldean. Aulkian eserita itxaroten dio ekaitzak barealdiari. Hodeia ala trumoia dator lehenago? Tximistak ala denborak joko gaitu lehenbizi?
Ospelak dira hango haranak hemen. Ibaiertza ez da memoriak utzitakoaren biltegi huts. Zamaontziak lurra jo du portura ailegatzean. Ez aurrera, ez atzera geratu da olatuen menean. Beirazko munduan zentimetro bakarra okupatzen du gure arnasak. Ez da ezer apurtu momentuz. Albo batera abailduz jarraitzen du zamaontziak, daraman guztia bertan isurtzeko. Hotza da mundua oinazpietan. Ospelak dira hango haranak gure begietan. Beirazko munduan zentimetro bakarra kabitzen da guretzat. Lurruna kendu diogu sukaldeko kristalari. Ez dugu leku gehiago behar, arnasa da falta zaiguna.
X)
Bilbaoko kaleak (Gabriel Aresti)
Bilbaoko kaleak,
gora eta behera,
errekatik mendira,
batzuk artezak,
gehienak zeiharrak,
lurra estali da
etxez eta gizonez,
gizonak leku batetik bestera
eramateko
makinez,
bizioz eta bekatuz,
karitatez eta krimenaz,
plaza biribilak,
zumardi zabalak,
zuek
niri
gogora
ekartzen didazue
nire asmo zaharra,
behin egin nahi ukan nuen
eta
inoiz egin ez dudana,
Autonomia,
Adiskidetasuna,
Bakea,
Libertatea,
Foruak,
maitatu ditudan gauzak,
Urkijo ministroa,
Gardoki kardinalea,
Mazarredo almirantea,
Egia jenerala,
Arrikibar ekonomista,
higuindu ditudan gizonak,
kaleak,
kale motzak,
kaleak hemendik, hortik,
handik,
edonundik,
Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean,
bertan organizatzeko euskeraren salbazioa,
baina hemen geratzen naiz,
kale arte honetan,
milagro baten zai,
egunero bizarra kentzeari uzteko
nahikoa kurajerik
ez baitut.
XI)
Aizkora zorroztu eta mendira irten zen.
Aizkolaria baso itxian sartu eta, aizkorakada zuzen indartsuz, arbola guztiak bota zituen. Denak, bat izan ezik.
Basoa ikusten uzten ez zion huraxe, hain zuzen ere.
XII)
Zer da herdoila errazen kentzen duen elementua?
Itsasoa da.
Okerreko bidea hartzen dutenak itsasora iristen dira, eta ez dira damutzen okerreko bidea hartu izanaz. Kontrakoa: harrotu egiten dira, poz benetako eta oso batekin, guztizko batekin.
Nork hartu du okerreko bidea? Bide zuzena hartu ez duenak. Bide zuzena hartu duena, ordea, metropolira doa bueltan, kuarteleko patiora, burdinari herdoila kentzera. Bide okerra duena itsasora iritsi da. Itsasoari begiratu dio, begietan herdoilik gabe.
XIII)
Ateak herdoilak jandako gaztelua zen gurea. Maiz agortua, sarri ulertezina. Pasahitzik behar ez zuen eremua. Kolpe bakarrean zabaltzen zen leihoa. Lurruna nahikoa zuen negua berotan hartzeko. Sukaldean aulki bat izaten genuen beti gordeta. Tximinietako ketan zenbatzen genituen mendeak joanean. Ospelak ziren hango haranak. Min ematen ziguten oinek ibilian. Ibaia zeharkatu behar izaten genuen hona ailegatzeko. Zaila egiten zitzaigun bidea. Herdoilak ateak jandako gaztelua zen gurea. Sukaldeko sua bizirik mantentzera eraman gintuzten honaino. Egurrak irauten zuen hurrengo negura arte. Leihoak ospelez betetako begiak ziren gureak . Nahikoa zuten zentimetro bat, gertatzear zen guztia asmatzeko. Haize kolpe bat, isilean datorren erauntzia gaurdaino.
Ateak zabalik dituen gaztelua da gurea. Gora begiratuz gero, argi bat ikus daiteke oraindik. Herdoilak ez digu atzoko tristeziarik suposatzen. Sukaldeko leihoaz bestaldean norbait ari da kantuan. Maiz isilean. Sarri ezin ozenago.