Funanbulista
2011-11-06ko saioa. Entzun hemen

La persévérance. Gilbert Garcin
Puntu beltz bat da han goian ikusten duguna. Espazio hutsa erdibitzen duen marra luzean zehar labaintzen den puntu beltz bat. Funanbulista bat izan zitekeen hiriko zerua alderik alde zeharkatzeko ahaleginean baina guk puntu beltz bat ikusten jarraitzen dugu, hiriaren aho sabaian ageri den puntu bat.
I)
Gaiztakeriaren bat egin behar duen bakoitzean horixe egiten du: ahal duen eta gehien disimulatzen saiatzen da, gauzak normaltasunaren barruan daudela adierazten saiatzen da (eta gero pentsatzen du zeinen zaila den normaltasuna adieraztea). Ez du isilegi edo hiztunegi egon nahi, azkarregi korri egin nahi edo polikiegi merienda jan nahi.
Gaiztakeria bat egiteak, gaur egun, honako esanahia du beretzat: bere buruarentzako arriskutsua izan daitekeen zerbait egitea. Ez du gustuko besteei kalte egingo dien zerbait egitea; ez du inor jotzen, ez da txakurren atzetik korrika aritu zalea. Bere buruarentzat arriskutsua izan daitekeena, ordea, tentazio handiegia da askotan, eusteko, gurasoen gomendioen kontra.
Egun osoa isilgordeka pasa ondoren, heldu da unea. Etxe-atarira atera da, oinarekin ukitu du asfalto hotza. Pauso batzuk eman ezkerretara eta lurrean jarri du soka, luze, metro batzuk harago luzatuz.
Oin bat jarri du sokaren gainean. Beste oina ere bai, eta bi besoak luzatu ditu ezker-eskuin, gurutze forman. Pauso bat eman du aurrera, beste bat. Balantza txiki bat egin du, izerditan hasi zaizkio oinak. Bat-batean haize bolada gogor batek jo du atzetik, eta ezkerretara bultzatu. Oina jarri du asfaltoan. Inguruko gauza guztiak (etxea, zuhaitzak, autoak, txakurra) ikusi ditu erortzen, abiadura bizian.
II)
Funanbulista bat ikusten dugu han goian, hiriko sabaian, marra luze bat desegiten. Ibilian ezabatzen du ibiltzeko balio dion sokaren hari bakoitza. Behetik begiratzen dutenek airean pausaturik ikusten dute gizona, ezerezari eusten, hutsean geldiro mugitzen. Hiru zentimetroko zabalerak eusten dio haren gorputzari, badaki hiru zentimetro horiek nahikoa direla bere izatea han goian iltzaturik uzteko luzaroan. Bi eskuekin eusten dio lau metro luze den makilari, oreka bilatzen du hiriaren gainean marraztutako marra luze eta zuzenean. Bidearen erdian da. Atzean utzi du alde bata, urrunegi ikusten du orain, han goian, buelta eman eta egindako bidea desibiltzeko. Aurrean duen eraikinera ailegatu beharra dauka. Segurtasun osoa du bere buruarengan. Sokaren gainean pausatzen du oin bat eta gero bestea. Orain oin bat eta gero bestea. Badaki zerbaitek huts eginez gero, gauzarik txikiena izanda ere, dena aldatuko dela, ez duela zutik erortzeko ahaleginik egingo.
Funanbulista da hiriko zerua pausoz pauso zeharkatzen. Lau metro zabal den makila eskuetan. Orekari eusten. Oreka bilatzen ibilian. Haizearen kolpe labainduak neurtuz. Behera begiratzeko tentazioari eutsiz.
Aurrera doa funanbulista hiriko sabaian. Indarrez tenkaturiko sokaren gainean pausatzen du bere gorputza urrats txiki bakoitzean. Badaki zentimetro horietan zalantzarik txikienerako ere ez duela lekurik izango. Badaki beldurra eta oreka ez direla soka berean kabitzen.
III)
Aita teilatura igotzen den bakoitzean, dela teila bat aldatzera, dela azkenaldian zaratatsu dabiltzan enaren kabi bat begiratzera, ez du ondo pasatzen.
Ondo pasatzea, gaur egun, beretzat, hau da: ideia txatxu itxurako bat egia unibertsal bat dela sinetsi eta barre egitea, belardietan zaldunen istorioak asmatzea, arrazoi on batengatik zangoak mindu arte korri egitea.
Aita teilatura igotzen den bakoitzean, ordea, ez du ondo pasatzen: sofan esertzen da, aitaren pausoak entzuten ditu teilatuan atzera eta aurrera, teilak nola mugitzen diren entzuten du. Eta aita berriro teilatutik jaisten denean, lotsatuta alde egiten du, kezka aurpegiak iraun egiten baitio oraindik, aurpegia aldatzea ez delako erraza, eta ez duelako nahi aitak beragatik kezkatu dela pentsa dezan.
IV)
James Marshen Man on wire filmean, Philippe Petit funanbulistak 1974an New Yorkeko Dorre Bikien artean emandako paseoa kontatzen zaigu. Philippek berak idatzitako nobelan oinarrituta egin zuen dokumentala James Marshek.
Dorre bikien arteko ibilbidea soka baten gainean eta makila luze baten laguntzaz burutzearen ideia nondik sortu zitzaion kontatzen zaigu pelikulan. Nola hartu zuen erabakia urte batzuk lehenago eraikitzekotan ziren bi dorreen planoak ikustean eta zenbat denbora behar izan zuen gero, egin asmo zuen hura behar zen moduan prestatzeko. Zehaztasunez azaltzen digu dena Philippek, nola lortu zuten oraindik eraikitze lanetan ziren Dorre biki erraldoietan sartzea, segurtasun neurri guztiak saihestuz. Zer sentitu zuen munduko dorrerik altuenak elkartzen zituen sokaren gainean zutik jarri eta inongo babesik gabe lehen pausoa eman zuen unean.
Puntu beltz bat da funanbulista pantailan. Haizeak eraginda kulunkatzen den sokaren gainean astiro mugitzen den puntu beltz bat, besterik ez. Lasaitasuna mantendu beharra dauka. Badaki bi dorreen arteko hutsunean balantzan ibiltzeak zer suposatzen duen.
Ordura arte inori bururatu ez zitzaion zerbait egitera ausartu zen lehena izan zen Philippe. Porlanezko eraikin erraldoia utzi eta sokaren gainean lehen oina jartzearekin batera, bazekien, gertatu behar zuena gertatuta ere, ezer ez zela lehengoa izango begiak irekitzerakoan.
V)
Teilatuetan lan egiten duen jendea. Harkaitz Cano
Zure agendan egonagatik sekula
ezagutu ez duzun jende hori da.
Gogoratzen saiatu arren arrotzak zaizkizun
izen eta zenbaki horiek guztiak.
Teilatuetan lan egiten duen jendeak
ez dizu sekula aitortuko, baina badaki
zerua ez dela urdina
samuraien izarekin egindako banderen zurrumurrua
bereizten badaki
haizearen menera dagoenean.
Teilatuetan lan egiten duen jendeak, jende horrek du
benetako bertigoa.
Teilatuetan lan egiten duen jendeak ezingo luke
gau-club batean edo
kafetxe bateko hormen artean lan egin.
Teilaren bat aske egon daitekeen susmoa dutenean
trazatu keinuak adierazten duen eran,
teilatuetan lan egiten duen jendea tango zalantzatien
irakasle izan zen
ez hain aspaldiko bizitza batean.
Teilatuetan lan egiten duen jendeak presa-orduak eta
jende pilaketak saihesten ditu
jendetzak eta autobusek eta leuzemiaren usainak eta
gehiegi hitzak
mundua bere buztinezko artesietatik
amilarazteko arriskua balego bezala.
Teilatuetan lan egiten duen jendea ez da fio
goizeko bostetan kale hutsez ere,
eta teilatuetatik jaisten den apurretan
espaloia utziz errepideko zebrabidea
zapaldu aurretik
oin bakar batez ziurtatzen du lehenbizi
asfaltoaren gogortasuna, zer gerta ere,
oinen pean ibai izoztu bat
hondoratuko zaion beldurrez.
VI)
Sokaren gainean ez da zalantzarik kabitzen. Burua soberakinez hustu eta garenaren kontzientzia hartzen hasten gara. Oreka neurtzen dugu pauso bakoitza eman baino lehen. Lasaitasuna mantendu beharra daukagu. Ezin dugu erortzeko beldurrik izan. Hutsunea erdibitzen duen marraren gainean puntu bat gara. Indarrez tenkaturiko bidea desegin asmo duen puntu bat baino ez.
VII)
New York, 1974ko abuztuaren 7a; World Trade Centerreko Dorre Bikien artean gizon bat ikus daiteke airean igeri. Phillippe Petit funanbulu frantziarra bi dorreen artean jarritako kablean aurrera doa hiritarren harrigarri. 60 metroko sokan egindako balentria izugarria bukatzean Poliziak atxilotu du Petit.
Petitek New Yorken egindako ikuskizuna benetan berezitzat jotzen dute han egon zirenek. Artearen alorreko mendeko krimen gisa azaltzen dute; prentsak oihartzun handia eman zion, berriki Oscar saria jaso zuen “Man on Wire” dokumentalak, Petiten erakustaldia jasotzen duenak.
47 urte pasa diren honetan, ez litzateke harritzekoa izango Petit-en zeharkaldia gogoratzeko saiakera egin nahi duen jendea egotea New York-en. Jendea horrelako gauzek mugitzen dute; nostalgiak, gauzak atzera begiratuz aldatzeko nahiak. Ez litzateke harritzekoa izango, horregatik, 0 guneko segurtasun-. dispositiboari itzuri egiten dion jendea egotea. Ez litzateke harritzekoa, diogu, jende horrek garai batean dorre bikiak egon ziren bi puntuen artean soka bat jarri, lurrean, noski, eta soka horren gainean zeharkaldia egiteko saiakera egitea. Ez litzateke harritzekoa, era berean, soka lurrean egonik erortzeko arriskurik izan gabe ere, bizitza galtzeko arriskua izatea jende horrek, gaur egun 0 gunea zaintzen duten polizien mirillapean.
VIII)
Salvador Espriu
Ez al duzu entzuten aitzurkada otsa
orma esi altuen gaiñekaldetik?
Deskantsu gabe, ta ala ere poliki-poliki ariz
denboraren segidako esitik aruntzago.
Mastiak atera zituzten, mats-aienak erre;
lur onaren gaiñetik zabaltzen zen bazter soilla.
Errekaren suge biurretik arrastaka
zarraren oin urduri auen pausoak.
Jakituriak oiu lugorrian,
aizeak mugitzen zituan kaiñabera legorretatik:
«Begira neregan zelan eltzen dan izatera
neronen eriotz lortua».
Itzalean makurturik, nekazariak aitzurka
neguko masti billutsietan.
Ez dago argirik zeruaren utsune guzian.
Aitzurkada batzuk bakarrik biotzaren izotzean.
IX)
Ibiltaria. Giuseppe Ungaretti
Lurreko
inongo
tokitan
ez naiz
erroztatzen
ahal
Aurkitzen dudan
eguraldi
berri
bakoitzean
adoregabe
sentitzen dut
jada
beste behin
atseginez gozatua
nintzela
Eta beti lekutzen naiz
arrotz
Beti sortzen naiz
gehiegi bizitako garaietatik
bueltatua
Hasierako biziaren
minutu bakarra
gozatzea
Kulparik gabeko
herri baten bila
X)
Philippe Petitek 1968an, Parisen, dentistaren itxaron gelan zela izan zuen lehenengoz New Yorken eraikitzekoak ziren World Trade Centerraren inguruko berri. Esperoan zela irakurtzen ari zen aldizkari batean ikusi zituen Dorre Bikien plano eta argazkiak. Geroztik, ideia harekin tematurik, urteak eman zituen prestaketa lanetan.
1974ko abuztuaren 7 batez, hegoaldeko dorretik irten eta zortzi aldiz lortu zuen altzairuzko kable batean zehar dorreen arteko ibilbidea burutzea. Kablearen bukaerara ailegatzear zela eta poliziak atxilotzeko itxaroten zituela ikustean, irribarre egin eta buelta erdia hartu zuen Philippek behin baino gehiagotan. Ordura arte hartutako arriskuak nahikoa ez eta ibilbidearen erdian zela, Manhattaneko lurzorutik 500 metrora altxatzen zen kablearen gainean eseri eta behetik begira zituen hiritarrak agurtzeko beta ere hartu zuen Petitek.
Berrogeita bost minutu eman zituen guztira han goian. Minutu batzuez zerua zeharkatzea posible bihurtu zuen kabletik jaitsi eta segituan, poliziak atxilo eraman zuen, denbora hartan zehar adarra jotzen izan zuten hogeita lau urteko gaztea.
Kazetariek egindakoaren zergatiaz galdetzean, laburra izan zen Philippe Petiten erantzuna; hiru laranja ikusten ditudanean malabareak egiteko gogoa sartzen zait, horrelako bi dorre ikustean alderik alde zeharkatzekoa.
XI)
Ibiltaria doa soka gainean. Amildegia dago sokapean, hutsa.
Soka ezagutzen du, ordea. Sokan ditu erroak. Soka besterik ez du ezagutu jaio zenetik; soka du bere etxea.
Ibiltaria doa soka gainean. Amildegia dago sokapean, hutsa.
Soka bukatu da, ordea. Sokaren muturrera iritsi da. Sokatik salto egin du, etxetik joan da.