Nor dugun guarda (I): Hibai Iztueta
2011-11-21ean emandako saioa. Entzun hemen
I)
Celosamente gordetakoak dakartzagu hemen. Guk gordeta ditugunak dakartzagu azalera.
Baina batzuetan, ondo datorkigu jakitea nor dugun guarda. Nork gordetzen gaituen gu, nork begiratzen gaituen gu. Ispilu bat aurrean jartzea kanpora begiratzeko aitzakia izan daiteke. Nork zaintzen gaituen gu, nork guardatzen gaituen.
Nor dugun guarda.
II)
Hibai Iztueta bada gure guarda. Eta izan daiteke beste gauza askoren guarda ere. Adibidez, izan daiteke Londresen Thamesiaren guarda, edo Herrialde katalanetan Juan Peruchoren guarda, edo bizi-bizi badabil, interesatzen zaion norbaiten gonapera sartu eta bere galtzariaren guarda. Baina, batez ere, gu zaintzen gaitu: gure guarda da.
Hona hemen, berak gu zaintzeko daukan modua.
III)
Zalantza arrastorik gabe, kilkerren kontzertu udatiarraren eta bizitzaren arteko nolabaiteko txirikordatzea iradokitzen duen iritzia, arinkeria harrigarritzat baino ezin daiteke jo. Izan ere, mundu guztiak dakien bezala, kilkerren kontzertua, txikia, umila eta ironikoa da eta, bizitza, berriz, eztia eta seriosa. Bi gauza, arras diferente, arras diferente, arras diferente. Hala batari zein besteari hertsiki dagozkion izenondoen izaera hain nabarmenki ezberdina izanik, beraz, gisa horretako nahasketa nola litekeen galdetzea, lehen mailako ardura dugu.
IV)
Hain zuzen ere, zenbait jendek dioenez, bizitzari buruzko bi izenlagunak Ruben Dario poeta ertamerikarrari zor zaizkio, eta Donostiako autobús-geltoki pareko eraikinaren paretan irakur daitezke. Halaber, beste informazio iturri batzuen arabera, kilkerren kontzertua hiru izenlagunen bidez definitzeko era estranbotikoa kataluniar idazle baten lana da, poltsikoko edizioan argitaraturiko zazpirehun orrialde baino gehiagoko liburu batetan galdurik dagoena. Idazle kataluniar hau ez da Joan Perucho. Eta, egia esan, zinez tamalgarria da bera ez izatea, gaurko gure asmoa, izan, Joan Perucho idazle erraldoiaren kontakizun misteriotsu baten berri ematea baita. Zer egingo diogu ba. Jarraian ezagutaraziko dugun Joan Peruchoren kondakizunaren izenburua, hau da: SHERLOCK HOLMES-EN ABENTURA BAT
V)
Joan Peruchok kontatzen digunez, Sherlock Holmes-ek, bere bizitza profesional luzearen une jakin batean, sakonki ikertu zuen andereñoen azpiko-arropen jatorria. Moriartyrekin izaten zituen borrokaldi basati eta amaigabeetako batetan zebilela jazo zen, hain zuzen ere, detektibe handiak “galtzariaren kasu iluna” izendatu zuen gertakari hura. Eta, halaxe jakinarazi zion, urriko ilunabar batez, Baker Street-eko bere bulegoan pipa erretzen ari zela, seriotasun osoz eta adi-adi begiratuz, bere adiskide min, Watson doktore leialari. Watsonek, zeina ezkondu berria baitzen, begiak neurrigabe ireki, eta eztul egin zuen, era hipokrita samarrean.
VI)
Joan Peruchoren aipatzen du, orduko hartan, Sherlock Holmes, sofan zegoela etzanda, nagikeriak jota. Eta bere lagunak, ostera, arreta “Sharp” ereduko pistola zeharo arraro baten azterketan zeukala jarria: 22 kalibre eta 5,5 mm.ko lau kanoi birakaridun pistola, zeinaren bidez egin baitzuen bere buruaz beste Indiatik ailegatu berria zen koronel esperantista batek. Sherlock Holmesek, une hartan bereziki hiztun sentiturik, artean British Museum-ean gordetako Salisburyko Alizia kondesaren galtzariaren lapurretaren historia kontatu zuen; detektibe handiaren etsai mortal Moriarty´-ri leporatu beharreko gertaera ezin higuingarriagoa, huraxe.
VII)
Joan Peruchok gogorarazten digun bezala, uste aski hedatua zen galtzari hauxe bera zegoela “Galtzariaren ordena” ospetsuaren jatorrian; hala ere, Moriartyren lapurreta zela medio burutu behar izan zituen ikerketa sakonetan oinarriturik, Sherlock Holmes baino ez zen izan gauza iritzi honen zuzentasuna frogatzeko. Mister Holmesek baieztatu ahal izan zuen, hain zuzen ere, galtzariak modan jarri zituena Salisburyko Alizia izan zela, eta honi, 1345ean, ospakizun handi batean Ingalaterrako Eduardo III.arekin dantza ari zelarik, galtzaria zangosagarrean behera erori zitzaiola; erregeak berehala jaso baitzion, eta gortesau maltzurren esamesak gezurtatu behar zirenez, bere asmoen garbitasuna adierazteko, erregeak hantxe bertan Galtzariaren Ordena fundatu zuen, zeinak dibisatzat galtzari bat izan baitzuen eta goiburu gisa Honni soit qui mal y pense esaldia. Alegia: izorra dadila gaizkipentsatua.
VIII)
Holmes mundurik mundu ibili zen lapurtutako galtzariaren aztarrenen baten bila, Europa eta Asian barrena etengabe bidaiatuz, tokirik ezberdinak bisitatu zituen, hala luxurik handieneko hotelak, nola kafe-etxerik kirastun eta desatseginak. Berak propio asmaturiko eskafandra autónomo bat jantzi eta Tamesis ibaiaren sakoneneraino jaitsi zen, non, guztia esan behar bada, Fu-Mantxu ospe tristekoaren gordelekeu ugarietako bat aurkitu baitzuen; baina, une hartan interesatzen zitzaiona, ez Fu Mantxu, sartaldeko alproja ero hura, baizik eta galtzaria zenez, berriro ibaiaren azal oliotsu eta okaztagarrira irten eta Parisen jarraitu zuen bere ikerketekin.
IX)
Joan Peruchoren bidez dakigu Holmesek, azkenean, Parisen aurkituz zuela, karmin-koloreko belusezko gortinajez gainkargaturiko Saint Honore kaleko pisu batean, galtzari gutiziatua, zeinaren behaketari baitzegoen emana, une hartan, atsegin lizun eta likitsez, bere etsai mortal, Moriarty doilorra. Bizia galtzeko zori-zorian izan zen gure detektibe ausarta, zeren Moriartyk, in fraganti harrapatua izan zelarik, galtzariarekin urkatu nahi izan baitzuen, borroka ikaragarri bat eraginez. Hala eta guztiz ere, Watsonen esku hartzeari esker (zeinak armairu baten atzetik irten baitzuen Moriarty maltzurrari errebolberrarekin apuntatuz) guztiak akabera zoriontsua izan zuen eta Salisburyko Aliziaren azpiko-arropa intimoa ohore guztiekin izan zen itzulia British Museumera.
X)
Kasua itxi ondoren, Sherlock Holmesek, mundu guztiak goraipaturiko liburuxka bat argitaratu zuen, bere detektibe ospe loriatsua handiarazteaz gainera, erudito entzutea ere eman ziona, barne-erropen modaren adar zail eta zorrotzean. Eta puntu honetan interesgarria da ohartzea nola, liburuxka hartan esandako egia asko borobilak zirela aitortuagatik ere, Joan Peruchok bere buruari baimena eman zion zer eta dedukzioaren genio unibertsalak idatzitakoak apurtxo bat zalantzan jartzeko. Honela, Joan Peruchok azpimarratzen digu galtzariak Alizia Salisburykoa jaio aurretik ere ezagutzen zirela, herria zein, halako izenez: senogildes edo genogildes, ligagambas, cinyell de cuixa, atapiernas, jarretires etabar. Gazteleraz, esaterako, ondorengo bertsoetan entzun dezakegun gisan, “apretaderas” ere esaten zitzaien:
Soltó Inés con mano breve
Las finas apretaderas,
Para descubrir la nieve
De sus piernas hechiceras.
XI)
Fenelon teólogo, poeta eta idazle frantziarrari egiten dio erreferentzia Joan Peruchok, ohartarazteko Goi Erdi Aroaz geroztik datorkigula azpiko erropekiko zaletasuna, eta zaletasun honek, azken batean, “fetitxismoaren” esnatzea iragartzen zuela, alegia, sentiberatasunaren eboluzioari jarraitu zion ondorengo etapa berria. Nahiz eta galtzariaren simbolismo erotikoak gaur egun arte iraun duen, lorifikaziorik gorenena bereziki XIX. mendean zehar eskuratu du, ordukoak ditugularik fantasiarik bikain eta morbidoeneko prototipoen konfekzioa. Antza denez, sasoi hartan, luxuz betetako korteetako andereñoek maitasun harremanaren izena eta data brodaturik zeuzkaten galtzariak oparitu ohi zizkieten bere maitaleei. Honek, galtzariaren fetitxismoa eta, ezin bestela, noski, bildumagileen kleptomania ekarri zituen, Coquericaud de Martiniere baroiaren kasuan argi ikus daitekeen bezala, zeinak errekorra hautsi baitzuen gau bakar batean berrogeita hamar galtzari ebatsiz, denak ere Theatre des Italiens-en aurkeztu zen emanaldian zeuden goi-sozietateko andereño lirainei. Eragin zuen eskandaluaren ondoren, baroia auziperatua eta zigortua izan zen, baina ez gertaera harrigarri hauengatik, baizik eta berari egotzi zizkioten bertso hauengatik:
O jarretiere noire a la boucle argentee,
Diademe lascif dune jambe sculptee
Poru les etreints du plaisir.
XII)
Gaur egun galtzariaren erabilera eta ahalmen iradokitzailea nabarmen erori dira, gona motx eta ehun itsaskorrek lekua kenduta. Ordea, denak izaten du itzulera; eta sasoi baten ondoren beste bat iristen da. Hala bada, litekeena da galtzaria bueltan izatea, besterik ez bada ere, revival erromantiko baten zeinupean.