Amildegia

2011-11-27ko saioa. Entzun hemen

Doug Glovaski. Precipice 1

Aukeratu gabe hautatu nahi izatea, amildegi baten aurrean isilik geratzea bezala da, haizeak nondik joko, nondik eroriko lehen harria.

I)

 

Sergi Pámiesen TXANGOA ipuin laburrak oso gauza arrunta kontatzen du: badago bizitzan goitik behera aldatzen garen une bat, nolabait ume izatetik heldu izaterako jauzia emanarazten diguna. Umeak ez dio bizitzari, munduari, helduak begiratzen dion begi berekin begiratzen. Lehenago edo beranduago badago aldaketa gauzatzen den une bat. Pámiesen ipuinak une hori laburbiltzen du, eta “Belaunaldien Arteko Gatazka” deitzen dio.

 

Interesgarriena Pámiesek aldaketa horren sinbolo gisara aukeratzen duen elementua da. Aldaketa amildegi baten aurrean gauzatzen da. Amildegia ez da “erabiltzen”: amildegitik ez da inor erortzen, baina hor dago. Eta, nolabait, amildegia da aldaketa umearen erraietan iltzatzen duena.

 

II)

 

Hautatzen duenak zerbait aukeratzen du eta beste zerbait baztertu aldi berean. Zerbaiti baietz esaten dio, bestearenganako ezetza agerian utziz. Bata argitan geratzen da, bestea gerizpetan ezkutatzen den bitartean. Hautatzen duenak begiratu egiten du, ikusi egiten du, aztertu, arreta eman, azkenean erabaki bat hartzeko.

 

Badago pentsatu gabe hautatzerik. Hau askoz errazagoa da, kasu guztietan. Ez daukazu begiratu beharrik, ez daukazu zertan ikusi, aztertu, arretarik eman. Hautespen naturala deitzen diote batzuek.

 

Halabeharrak erabakitako zerbait dela pentsa dezakegu. Gertatu behar zena gertatzea, besterik gabe. Mutazio guztien konbinazioak hori eskatzen zuelako edo gauzen norabidea aldatzeko aukera izan duen bakarren batek erabakitzeko imintziorik egin ez izanaren ondorioz horrela gertatu delako. Aukeratu gabe hautatu nahi izatea, amildegi baten aurrean isilik geratzea bezala da, haizeak nondik joko, lehen harria noiz eroriko zain geratzea, atzetik salto egin ala bertan geratuko garen erabakitzeko ausardiarik ez izatea.

 

III)

 

TXANGOA (Sergi Pámies)

 

            Inoiz ez dut ahaztuko nire aitak “Belaunaldien Arteko Gatazka” ikustera eraman ninduen eguna. Nik hamahiru urte nituen, eta oroitzapen txar bakar bat ere ez; neurri batean nire gurasoen izaeragatik eta eman zidaten arretagatik. Txangoa egin baino astebete lehenago, bidaiari buruz hitz egin genuen bazkalorduan, eta txango-eguna eta ordua gogoratu genituen. Joan aurreko gauean gutxi eta gaizki egin nuen lo, bideoz grabaturik edo argazkitan jasorik ez zegoen fenomeno batek asaldatuta. Ikusia zutenen erreferentziak eta isiltasun nabarmenak bakarrik ezagutzen nituen. Joanaldia sekulako festa izan zen. Nire aitak laneko edo gerrako pasadizoak kontatzen zizkidan, edo garai hartako artista eta kirolari ezagunen imitazioak egiten zituen. Ni irribarretsu nengoen, jakinik, partekatutako poz hura guztia beste zerbaiten atalase izan behar zela. Paisaia, ordura arte nik ondo ezagutzen nuenetik gehiegi aldatu ez zena – zumarrak, palmerak, hautsa, okupatutako eraikinak eta uralitazko zabalguneak – lehorragoa bihurtu zen, kilometrotako zelai ia mortuak eta ordenik gabeko ostertz gorabeheratsu bat ikusten nituen.

 

IV)

 

Amildegi baten aurrean zaudenean eta erabaki bat hartzeko eskatzen dizutenean, ez da erraza. Pauso batek bereizten du dena eta ezereza, izatea edo ez izatea. Amildegi baten aurrean zaudelako gertatzen da hori. Arnasa hartzea kostatzen zaizu. Zure buruak ez dauka han behean aurkituko duzuna irudikatzerik, ezin duzulako imajinatu zure gorputza marruskadura indarrarekin lehian beherantz erortzen. Ez dakizu gorantz egingo duen haizearen eraginez edo uste baino denbora tarte laburragoan desegingo zaion mundua, bata bestearen atzetik datozen irudiak betazaletan pilatzen zaizkion bitartean.

 

Amildegi baten aurrean zaudenean ez daukazu pentsatzeko denborarik, hautatu beharra daukazu, gelditu ala joan. Pauso batek bereizten du dena eta ezereza, izatea edo ez izatea.

 

Aukera bakarra daukazu baina hautatu dezakezula pentsatzeak salbatzen zaitu.

 

V)

 

TXANGOA (jarraipena)

 

            Bihurgune luze baten ondoren hasten zen igoera. Gora iritsi ginenean, aitak autoa gelditu zuen zelai itzel baten erdian, eta jaisteko esan zidan. “Oinez jarraituko dugu”; esan zuen. Jarraitu egin nion. Lurrean bidexka antzeko bat zegoen marraztuta, eta ez genuen inor aurkitu bertan. Noizean behin, eskuz idatzitako seinale batek helbururako norabidea erakusten zigun.  Hesi bat ikui genuen, urik gabeko iturri bat zuen ondoan, eta banku bat ere bai. Eseri egin ginen. Gatazka metro bat aurrerago hasten zen, amildegi batean. Ikusmira itxuraz sinple samarra zen, baina ezinegon, hondamendi eta erru-sentimendu mugaezin bat sortzen zuen. Denbora luzean egon ginen bertan, isilik, eta, bukaeran, aitak zaplada amultsu pare bat eman zizkidan sorbaldan, eta esan zidan: “Goazen. Dagoeneko ikusi duzu”. Itzuleran irratia jarri zuen, eta 40 principales entzun genuen. Gasolindegi batean gelditu ginen eta neska bat ikusi nuen txiklea mastekatzen. Etxera iritsi ginenean, ni zerbait aldatu zela ohartua nintzen, baina ez nion garrantziarik ematen. Alde batetik asfasdfasdf. Nire aitak nigandik urrunago zirudien, nire amak zaharragoa, eta gorengo apalak hain altu ez zeudela iruditu zitzaidan. Jangelan ez nuen telebistarik ikusi nahi izan. Lotara joan aurreko musua eman beharrean, “Gabon” esan nien hortz artean, hori esateak lotsaraziko banindu bezala. Begiak itsi aurretik burua abiadura bizian zihoakidala sentitu nuen, eta nire pentsamenduak ezin nituela ordenatu. Ordutik aurrera inoiz ez nuen aita berriz kantuan entzun, eta oroitzapen txarrak izaten hasi nintzen.

 

VI)

 

Hautespen naturalaren formulazio klasikoak dio inguruneko baldintzek espezie bateko kide jakin batzuen biziraupena bultzatuko duela, eta beste kasu batzuetan, ezaugarri jakin batzuk oztopo izango direla ingurunean bizirauteko. Bizirauteko aukera gehiago izateak, jakina, hauek ugalketarako aukera gehiago edukitzea dakar, eta hauen ezaugarriak ondorengo belaunaldietan agertzeko probabilitatea handitzea. Darwinek, begi kolpe bakarrean, hautespen naturala proposatu zuen eboluzio biologikoa azaltzeko.

 

Jirafen adibidearen bidez azalduko daiteke modu simple batean:

 

Duela milaka urte, lepo luzedun eta lepo motzagoko jirafak existitzen omen ziren munduan. Lepo luzea zutenak hobeto egokitzen ziren haien ingurunera, zuhaitzen hostoak errazago harrapatzen baitzituzten lepo motza zeukatenek baino.

 

Ondorioz, lepo luzeko jirafak hobeto elikatzen ziren lepo motzekoak baino, eta gehiago bizi eta ugaltzen ziren. Hautespen naturalak haien ingurunera hobekien moldatutako banakoen (lepo luzekoen) aldeko hautaketa egin zuen, eta horiek izan ziren nagusitu zirenak, gaur arte iritsi diren jirafa bakarrak. Inork ez digu kontatu zer gertatu zen lepo motzeko jirafekin. Historiak ere badaki hautespen naturalaz zer edo zer.

 

 

VII)

 

Garrantzitsuena ez da jausaldia

baizik eta lurreratzea

 

zer gertatzen da, ordea, erortzen ari garen bitartean

buru barruan darabilgunarekin?

Putzu bat ura galtzen ari dena

bisonte-saldo baten itxurako ideia-bola bat, badoakiguna.

 

Erortzen goazela, trostan dabilkigu bihotza

lurreratzean geldituko dela badakielako

 

lurreratzen den unean hasiko dela bizitzen badakielako

 

VIII)

 

Hautespen naturala biziraupen eta birsorkuntzan dauden ezberdintasunak direla-eta sortzen da. Mutazioak eta jito genetikoa ausazkoak dira, hautespen naturala ordea ez . Normalean hobekuntzak aurkezten dituzten mutazioak aukeratzen dira, hauek dira, zientziaren arabera beti ere, hobesten direnak.

Adibidez, dado bat jaurtitzen badugu, dado horrek erakutsiko digun zenbakia ausazkoa izango da, baina bi dado bota eta bien arteko zenbakirik altuena hautatzen badugu hau ez da ausazkoa, hautazkoa baino.

Hautespen naturalak lehia aldarrikatzen du. Onenen bizirautea. Ez du salbuespenetarako lekurik uzten, hautatzen ez duenaren auto-suntsitzea dakar. Balio ez dutenak amildegi batetik behera erortzen imajina ditzakegu, ia betazalak ixteko beharrik gabe.

 

IX)

 

Gure bizitza irauli behar duen zerbaiten aurrean egotea, amildegi baten aurrean egotea da. Eta iraulketa hori, egin al dezake beste norbaitek? Sortu ahal diezaguke beste inork, gu ez garen beste inork?

 

Bizitza oso bat damu, beldur, ongi egindako, samin, plazer, maitasun bilduma bat da. Amildegian behera goazenean, maitasun, plazer, samin, ongi egindako, beldur eta damu-ibai bat uzten dugu atzean, eta airean galtzen da dena. Prest gaude, amildegiaren bukaeran dagoen horrek bere altzoan har gaitzan. Bizi bat has daiteke altzo berri batean.

 

X)

 

Hautespen naturalaren prozesuarekin organismoak euren ingurunera hobeto moldatzen dira denboran zehar. Hala ere, ingurunea aldakorra izan daitekeenez onura horiek beti egongo dira zalantzan eta momentu batean hobekuntza bat dena etorkizunean zailtasun bihur daiteke.

 

Zalantza horren aurrean, munduari begiratzeko bi modu eskaintzen zaizkigu. Bata amildegitik munduari begiratzen dion horrena litzateke. Bestea, erortzen ari denaren begietan birformulatzen da.

 

Garrantzitsuena ez da saltoa, lurreratzea baizik.

 

 

XI)

 

EZ, DEUSTAZ EZ (via Andreas eta Gudrum)

 

Ez, deustaz ez, ez, ez naiz deustaz damu

ez egin didaten ongiaz, ez gaizkiaz

berdin dit horrek guztiak

ez, deustaz ez, ez, ez naiz deustaz damu

ordainduta dago, erraztatuta, ahaztuta, bost axola iraganak

Nire oroitzapenekin sua piztu dut

nire saminak, nire plazerak,

ez dut haien beharrik gehiago

erraztatuta maitasunak eta haien tremoloak

erraztatuta betiko

hutsetik hasi naiz

Ez, deustaz ez, ez, ez naiz deustaz damu

ez egin didaten ongiaz, ez gaizkiaz

berdin dit horrek guztiak

ez, deustaz ez, ez, ez naiz deustaz damu

ze ene bizia, ze ene pozak

gaur dira hasiko zurekin

 

Michel Vaucaire

 

XII)

 

A eta B ez dira leku berean bizi baina espazio eta denbora bera konpartitzen dute elkarren berri eduki gabe. Egunero hautatzen dute zer ordutan esnatu, zer ordutan jan, zer ordutan hartu loak berriz esnatu eta berriro hasteko.

 

Probabilitatean artean, Ak ez du Bk baino aukera gehiago izango bizirik irauteko. Baina badago Bk badakien eta Ak asmatuko ez duen arrazoi bat historia aldatuko duena. Zalantzaren aurrean, historiak salbuespenak alboratu ohi ditu. Zientziak ez du zalantzarik onartzen. A eta B amildegiaren aurrera ailegatzen diren egunean batak salto egingo du, besteak ez du hautatzeko ausardiarik izango.

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENyCaKW_s