Negroak gara
2011-11-04ko saioa. Entzun hemen

Negroa gorrotatzen hasten naiz, harik eta negroa naizela konturatzen naizen arte. Gatazkatik alde egiteko bi soluzio daude. Edo eskatzen diet besteei nire larruaz ez ohartzeko, edo ohar daitezela eta ondo gainera.
Frantz Fanon (via @hasier)
I)
Edo eskatzen diet besteei nitaz ahazteko, edo bestela eskatzen diet ni gogora nazatela, eta ondo gainera. Zure bila datozenean zer egin, azken finean: zer jarrera hartzen duzun. Gatazkatik nola alde egin. Kanoiaren aurrean jarri, edo behelainopean alde egin.
Aukeraketa amildegiaren aurrean.
II)
Negroak gara behelaino artean. Ez diogu inori itzalik zor. Konkistatuaren lekua okupatzen dugu munduan. Konkistatuaren lekua da gurea, lekurik gabe geratzen ari den munduan.
Mendebaldeko negroak izan gintezkeen haien begien kabietan. Apurtu ezin den harria, apurtuegi dagoenaren eskuetan. Min ematen duen arantza, barrurantz hazten dena kanpoko eulien beldurrez. Lurra eurite berri baterako prestatzen den bitartean, ez iezadazu nondik natorren galdetu, oinazpiak urratuegiak ditut ibilian erantzuteko. Lanbrotan galtzen den itzala baino ez gara. Behelainoak egiten gaitu ikusezin, inongo. Negroak gara behelaino artean. Zurrumurru bat zaratetan. Ulertzen ez den pare bat esaldi, kontsonante eta bokal gutxi batzuk hor zehar barreiaturik.
Lehen tanta erortzen denean ez dezala inork korrikarik egin. Behelaino artean itzuliko gara, behin erortzen ikusi gintuzten amildegietan gora.
III)
“Eskerrik asko, lehenengo, euskaraz bezala beste hizkuntza guztietan hain ederra den esaera, eta baztertuek laguntza eskertzeko erabiltzen dutenean are ederrago egiten dena. “
Baztertu baten, negro baten hitza, ederra da, baina batzuentzat bakarrik. Besteentzat, bestaldekoentzat, ez da ederra: mingarria da, desosegua sortzen du. Eta desosegu handiagoa sortzen du, gainera, negroak segurtasun osoz, eta are harrotasunez, esaten duenean hitz hori. Bestaldekoak haserretu egiten dira, urduritu, lehenago arriskutsu zirenak arriskutsuago bilakatzen dira. Eztanda egin dezake zerbaitek, hondamendia gerta liteke. Autopsia egitera, norbait ausartu beharko da ondoren.
IV)
XX.mendea gerlen mendea izango zela esan zuen Friedrich Nietzschek, eta ez zuen hutsik egin.
Apocalypse Now Joseph Conraden nobelaren bertsioa da, XIX.mendetik XX.mendeko gerla Vietnamera eramanik, Nong ibaira. Willard kapitaina Kurtz komandantearen bila doa ibaian gora, Jim Morrisonen ahotsez eta Ricahrd Wagnerren musikaz, helikopteroetatik bonbardaturiko herrixka suntsituak atzean utzirik.
Marlon Brandok Thomas Stearns Elioten The Hollow Men poema errezitatuko du, Willard eta Kurtz elkartzen diren batean:
Gizon hutsak gara
Beterikako gizonak gara,
Elkargainean finkaturik,
Kaskoa lastoz beterik.
Ume kantu zaharra errepikatzen da poemaren amaieran:
Hona hemen nola amaitzen den mundua
Hona hemen nola amaitzen den mundua
Hona hemen nola amaitzen den mundua
Ez eztanda batez, kexa batez baizik.
V)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Adineko emakumearen ondoko aulkian jesarri da muttikoa. Lau bat urte ditu. Urrunagoko beste aulki batean ama, bularreko haurra besotan duela.
Ezin dio behakoa kendu. Ilea ukitu nahi lioke, laztan egin, musu eman, adineko emakumeak. Sartu direnetik bi geldialdira altxatu dira ama eta muttikoa, atzetik joan zaie adineko emakumea, galdetu egin dio bere burua zutik eta bularrekoa besotan eusten nahikoa lan daukan amari:
—¿Cómo se llama?
Muttikoa alegia.
—Ekain.
Maitekiro behatu dio ostera adineko emakumeak, eskua eskainiz.
—Dame la mano, Ekain, que te puedes caer al bajar.
Ekainek ez du heldu buru parean daukan eskua, eta autobus osoan entzun da bere erantzun ozena:
—Ez!
Eta erorikorik gabe utzi ditu autobusak espaloian adineko emakumea bere frustrazioarekin eta ama-seme-alabak beren ile eder, azal dotore eta begi-hagin zuriekin, ezpainetan irriño bana daukaten bidaiariak inoiz baino euskaldunago eramanez.
VI)
Hona hemen non hasten den mundua herdoiltzen, kabitzeko lekurik uzten ez dion zulo baten sakonean. Hona hemen hasiera baterako lehen nota, zirrikitu bat ilunetan urratua. Gauez ere ikus daitekeen lanbroa leihoetatik hedatzen. Beti ez ginen itsu izan, beti ez ginen laino artean mutu. Beti ez gintuzten ulertezin eta gor idazten. Inoiz izan gara gu ere hitzezko eremu, adreilu arteko ahots orube arrotzen belarri nagietan.
Hona hemen kontakizun bakarrerako mila istorio aukeran. Ez du ardura zer, nork hautatu baino.
Oinez dabilenaren bidesaria dugu behelainoa hemen. Hona gure esku ximurrak, norabide bat seinalatzen, ibilitako bideen marrak deslotzen.
VII)
Mutikoak ezin du gauza handirik erabaki, mutikoa delako: umea da, helduen esanetan ez daki zer dagoen ondo eta zer gaizki, amak agintzen duenari egin behar dio kasu. Mutikoa negroa da, zentzu horretan. Negroa da, erantzuten duenean zer erantzun duen ingurukoei ez zaielako inporta. Negroaren erantzunak ez du besteenak bezala balio, negroari berari erreparatzen diote, ez erantzunari.
Baina negroak, mutikoak, baztertuak, espero ez den erantzun bat ematen duenean, erantzunari berari begiratu behar zaio ezinbestean. Arraroa egingo zaigu, arreta deituko digu. Negroa izateari utziko dio harritu gaituenak, instante batez, gero berriro negroa dela gogoratuko dugun arren.
VIII)
ZERU AMAITU GABEA Tomas Tranströmer (1962)
Etsipenak eten egin du ibilera.
Larritasunak eten egin du pausoa.
Putreak eten egin du hegaldia.
Irauli egin da ilargi nekaezina.
Tragoa jo dute mamuek ere.
Azkenik ikusgarri bihurtu dira gure koadroak,
izotz garaietako lantegietako animalia gorriak.
Biraka hasi da dena.
Ehunka goaz eguzkitara.
Gutariko bakoitza
gela handi batera eramaten duen
ate bat da, intzirrituan.
Gure oinpean, lur infinitua.
Zuhaitzen artean uraren distira.
Lurrera zabaltzen den leihoa da urmaela.
IX)
Baztertuak lilura sor dezake, erakargarri egin daiteke; negroaren larruazala izan daiteke irrikarako akuilu, batzuetan.
Zure etxean zaude, esnatu egin zaitu zerbaitek. Leihora hurbildu zara, eta baztertu bat, negro bat ikusi duzu zure ortuko zuhaitzean gora igota, zuk jaso beharreko fruituak beretzat jasotzen. Baztertuak, negroak, mutikoak, ikusi egin zaitu. Baina ez du ihes egin, ez da eskapatu: agurtu egin zaitu, zu ikusteaz poztuko balitz bezala.
Negroa dela badakien batek, aspaldi onartu duen batek, gatazkatik alde egiteko modu bakarra du. Ingurukoak bultzatzen ditu bere larrua nolakoa den gogoratzera, sekula ez dezaten ahaztu, ondo gogoratu dezaten betiko. Gorrotoa destilatzeko modurik zilegiena da. Hala egiten du gereziak osten harrapatu duzun mutikoak harrapatzen duzunean, egiak esaten harrapatu duten idazleak harrapatzen dutenean. Galdera, ondorengoa da: zer egingo duzu zuk, harrapatzaileak?
X)
Zulo batean kabitzen gara. Ez dugu haragoko mundurik behar. Ibilian ikasi ditugu laino eta lanbroen izenak bereizten eta oraindik, gure izenez deitzen digutenean, erantzuteko gai izaten gara.
XI) Gerezi lapurra. Bertolt Brecht
Behin batean, goizean goiz, oilarraren lehen kanta baino lehenago,
txistu hotsak iratzarririk, leihoratu nintzen.
Gerezi arbolara igota —egunsentiz beterik zegoen gure baratzean—
prakak adabakiz jositako gaztetxo bat gainean eserita
gure gereziak alaiki hartuz. Ikustean
buruarekin agurtu ninduen, esku biekin
arbola adarretik gereziak patrikaratzen zituen artean.
Luzaroan, berriz etxe barruratu ondorenean,
bere txistu alaiaren doinua entzuetan jarraitu nuen.
XII)
Behelainoa gorrotatzen hasten naiz, harik eta behelaino artean bizi naizela konturatzen naizen arte. Lau pauso eman ditzaket edo argitu dezan esperoan geratu. Minutu gutxiren kontua izango da.
Eguzkia maitatzen hasten naiz gero, harik eta maite ditudanak behelaino artean daudela konturatzen naizen arte.