Urpekoak

2011-12-11ko saioa. Entzun hemen

Jason de Caires Taylor

Urpera sartzen naizenean aldatu egiten naiz. Ez, urpera sartzen naizenean aldatu egiten da mundua.

I)

 

Sartu naiz uretan. Eragin diet hanka eta besoei ez hondoratzeko. Hartu dut arnasa sakon bi edo hiru aldiz. Min eman dit eztarrian behera doan aire poltsak. Begiratu dut zeru lainotua nola ari den mugitzen eskuinetara, nola ari den mundua mugitzen bere kabuz, nola irensten duen airea bere birikietara.

Utzi diot nire gorputzari joaten apur bat. Nabaritu dut zerbait azpitik tiraka, zatoz barrurago esanez bezala. Munduak egiten dit hitz urpetik. Ikusi ditut kaioak azkenekoz, harrapakinen baten bila ur azalaren azterketan. Hezurrak nabaritu ditut heze, barruraino sartu zait negua apurka. Amore eman diot begien irlan ingurukoari. Hondoratzen utzi dut neure burua. Mundua gerritik behera biluzik ikusteko gai naiz orain. Hitz emandakoa betetzera noa. Ez dago gauzak beste modu batera ikusteko beste biderik, urpean utzitako arrastoei jarraitzea baino.

Urpean naiz eta dena da aldatu dena. Begiak ireki ditut, alfonbrak oraindik bustita jarraitzen du. Ez dit inork eskurik luzatu. Zuk isilik jarraitzen duzu nire ondoan. Kristalaren bestaldetik begiratzen didan arraina irudikatu dut neure gogoan.

 

II)

 

Zure azalaren barrura sartzen naizenean, urpean bezala nabil.

 

kolore berriz tindatzen zait mundua

ustekabeko irudiek mozten didate arnasa.

 

Berria da dena, ezta?

Hala iruditzen zaie behintzat nire begi urtuei,

nire hatzamar punta beratuei, urez eta gatzez zigortuei.

 

Berria da dena zure azalaren barrura sartzen naizenean

geldoago doa dena, ilunago daude gauzak

norbait ezagunaren sabel barrura sartzea bezala da batzuetan.

 

Itsas-dortoka bat ikusi dut gaur

bere atzetik joan naiz

zurekin aurkitu naizen arte.

 

III)

 

Urpekontziak entzun ditugu ailegatzen. Bat baino gehiago dira urrunetik datozenak. Sirenak piztu dituzte portu aldean. Leihoak itxi ditugu, elkar besarkatu gara sukaldeko argitan. Azkenengo hitzak eman dizkiogu opari batak besteari. Egoerak ez du azalpen gehiagorik behar. Badakigu luze gabe hasiko direla gure kontra. Ez digutela denbora handirik utziko. Elkarri lotu gara halere, apurtezinak garela sinetsiz. Azken minutuak aprobetxatu ditugu, ur apur bat edan eta maletak egiteko. Etxean geratu nahi duzula esan didazu enegarrenez. Segundo batzuez geratu naiz zuri begira, behar-beharrezko gauzak hartu eta aterako bidea egin dut zure atzetik. Arnasa hartu dugu sakonki bi edo hiru aldiz. Alferrik esango dizut zerbait, badakigu zer gertatuko den, urpekoak gara honezkero.

IV)

 

Kanta batzuk urpean entzutekoak dira, zalantzarik gabe.

 

Musikak, edo kanta batzuek bederen, iraungitze-data dute. 10 urte eman ditzakegu kanta bera entzuten, eta zirrara bera sentitzen. 10 urtetan zehar astinduko digu bizkarrezurra kanta berak, erritmo berak. Baina une bat iritsiko da, egun bat iritsiko da non kantak ez digun ezer esango. Horrelakoak gara: olatuak badatoz eta badoaz.

 

Kanta hori berritzeko era bat urpean entzutea da. Garai bateko zirrara oroituko dugu, zirrara desberdina izango den arren.

 

Beste kanta batzuk, ordea, zuzenean urpean entzutekoak dira, zalantzarik gabe. Urpean entzunda hartzen dute zentzu betea, urpean ematen digute bere esanahi osoa. Kontua da, jakitea, zer aldatzen den urpean: kanta bera, edo guk kanta entzuteko dugun modua. Urpean sartzen garenean, aldatu egiten garen, edo gure ingurukoa aldatzen dugun. Guk sentitzen dugun zirrara aldatzen den, edo lehengo zirrara bera ulertzeko modu ezberdn bat dugun.

 

V)

 

Urpean elkartu ginen behin. Han ibili ginen hizketan luzaro. Arraro entzuten nizun, arraro begiratzen zenidan. Ezin genion elkarri heldu, hondoratuko ginen biok bestela. Begiak irekitzen zenituen indarrez, irri egiten zenidan masailak puztuz, ahoa airez beteta. Iraun egin genuen luzaroan horrela, urpean, arrastoei jarraika, elkarri entzungo bagenio bezala. Goiz batez, zinez zoriontsu izan ginen urpean, elkarri jarraitzen zioten arrain bi haien buruak zuloetan ezkutatzen.

Gauzak errazak dira uretatik kanpo, esaten zenidan hurrengo egunetan. Ez daukazu bestearena ulertzeko ahaleginik egin beharrik. Baietz esan nizun, ezetz pentsatzen nuen bitartean. Galdera bat egin nizun gero. Urpean ginen berriz, elkarri ezin helduta, hondoratzeko beldurrez. Bi arrain, gero eta txikiagoa den arrainontzian gatibu.

 

VI)

 

Zein irudi erabilia den, ondorengoa: norbait, bere kabuz, bere pausoz, itsasora oinez sartzea, berriz inoiz ez bueltatzeko.

 

Zinemak eman digu, XXI. Mendeko pertzepzioa dugunoi, gure iruditeria historikoa osatzeko aukera behinena. Norbait itsasora ez itzultzeko sartzen ikusten dugunean, film bateko irudiak etortzen zaizkigu; pauso segurudun emakume bat, soineko zuriz jantzia, edo ibilera urduria duen mutiko bat, bainujantzian; dena  zeluloidezko ehundurarekin.

 

Zer iradokitzen digun irudi horrek; hori da kontua. Itsasora zuzen, zalantzarik gabe doan lagunaren segurtasunak izua eragin diezaguke; heriotza seguru baten aurreikuspena izan daiteke gure begietara. Askatasun-sinbolo ere izan daiteke; ingurune itxi, itogarri batetik ihes egiten duen pertsona da itsasora doana, erredentzioaren bila (leihotik begira dagoen emakumearen irudia dakarkigu burura, neurri batean). Dena dela, izan daiteke, ikuspegi mistiko samar batekin, berriro amaren sabelera doanaren irudia ere: olatuek hartuko dute, amultsu, garai batean beste inork bertatik erauzi zuena. Gozo sartuko da uretara, baina, hala ere, gonbidatu gabe iristen denaren desoseguarekin ere bai, akaso.

 

VII)

 

Arnasa falta zaizu batzuetan. Arrainontzi baten barruan irudikatzen duzu zeure burua. Zu zara kristalaren bestaldetik begira dagoena orain. Mundua, kaleak, herriak, urez gainezka ikusten dituzu. Ez zara konturatzen, baina urpean dagoena zu zarelako da. Horregatik ikusten duzu mundua horrela, urez estalita. Uholde baten osteko hondarretan geratu zara ez aurrera ez atzera. Hitzen bat beharko zenuke, eskuren bat zugana luzatzen. Gero eta gehiago kostatzen zaizu arnasa hartzea. Ez dakizu urpean zauden edo birikiak txikitu zaizkizun. Denborak bustita gehiago pisatzen du. Gehiago pisatzen du denbora bustiak. Eguzkitan hedatutako maindireak bezala lehortu nahi zenuke. Denbora, mundua, arnasa hartzeko leku bat, arrainontzitik kanpo.

 

VIII)

 

Munduaren ederra kolokan beti

zikina ta zatarra nonahi ageri

 

munduaren ederra tokitan beti

gizonaren eskuak horri ezin eutsi

 

Edertasunak erraz egiten du alde, erraz eskapatzen zaigu, Xabier Montoiak hala diosku. Gauza arraroa da estetika: garai batean ederra dena, hau da, edertzat duguna, zatarra izan daiteke hurrengo garaian. Gure gustua benetan gure arabera dagoen edo ez pentsatzera garamatza horrek. Ederra dena, guk edertzat dugulako da ederra, ala benetan ederra delako?

 

Sagar gorri lerdenak usteldu egiten dira lurrera erortzen direnean. Zaborrez betetzen dira kostaldeak, plastikozko poltsak argitzen dituzte faroek. Gauza arraroa da edertasuna: olatuak datozen eta doazen bezala, era desordenatuan, egingo digu bultza, edo egingo digu tira.

 

IX)

 

Dortoka baten arrastoari jarraika heldu naiz hona. Denbora batez urpean mantenduz, noizean behin ur azalera atera eta arnasa hartuz. Dortokaren bidean noa, itsaso zabalerantz. Gero eta sakonago ikusten dut mundua, gerritik behera biluzik. Ilunagoa da hemen itsasoaren sakona. Lasaitasuna ematen dit dortokaren arrastoari jarraika noala pentsatzeak. Ez dut itzuleragatik kezkatzeko astirik hartzen. Joatea beti da itzultzea, pentsatzen dut. Itsasoa gero eta sakonagoa bada, zer gertatzen da han beheko izakiekin. Ikusten al dute zerbait ilun horretan. Itsu jaiotzen al dira itsas sakoneko arrainak mundura. Zenbat denbora behar izan dute honaino ailegatzeko. Jakingo al dute dortokaren arrastoaren atzetik natorrela. Joatea beti da itzultzea, pentsatu dut. Itsasoaren zabalak, ez dit lurrik erakusten oraino.

 

X)

 

Joseba Sarrionandia. Urazala

 

Bi lagun eta hirurok itsasora irten ginen, txalupan. Edanda zeuden biak. Batak esan zuen:

 

-         Sekula halakorik! Ikusi duk inoiz horrenbeste ur?

 

Eta erantzun zuen besteak:

 

-         Eta hori, urazala baino ez dugula oraindino ikusten…

 

Urez inguratuta gaude, eta hala ere aske sentitzen gara. Hainbeste urek gu inguratzeak izan behar du, derrigorrez, gugan eraginen bat. Munduari begiratzeko dugun eran izan behar du, eraginen bat.

 

XI)

 

Sartu naiz uretan. Eragin diet hanka eta besoei ez hondoratzeko. Hartu dut arnasa sakon bi edo hiru aldiz. Utzi diot neure gorputzari joaten. Munduak beherantz egiten du indar. Zerua orain, hor behean ikusten dudan hori izango da. Lainoak beti eskuinetara mugitzen dira hemen. Zuk isilik jarraitzen duzu nire ondoan, arrainontzia nondik hasiko den apurtzen asmatu nahian. Enbor bat azaldu da ur azalean. Begiratu egin diozu. Heldu egin diot bi besoez. Ez azalean mantentzeko, enborrarekin bat

 

XII)

 

Zure azalaren azpira sartzen naizenean, urpean bezala nabil

 

itsaso azpian galdu ziren guzti horiekin gogoratzen naiz orduan

harea bihurtu zirenekin.

 

Ez digute guri begiratzen

nahikoa dute beraien buruak zaintzearekin

itsaspeak deskantsurik gabeko lekuak dira, benetan.

 

Ahaztu dezagun, beraz, urpeko hondamendia

begira dezagun elkar gure begiekin

eta nahi dugun bezala ikusi.

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENyDC2_Lj