Kartografiak

2011-12-18ko saioa. Entzun hemen

Subjective cartography. Leonard Daniels, 2008.

Mapa: lurralde zati jakin baten errepresentazio grafiko eta metrikoa. Kaosa ordenatzeko erabiltzen duguna. Bide zuzenena, bide egokiena aukeratzeko, mugak ezartzeko eta ezezaguna ezagun bihurtzeko giza talde guztiek betidanik baliatu izan dutena. Galduta sentitzen garenetan eskuetan hartu eta non gauden jakitearen itxurak egiteko ere erabili dezakeguna. Mapa.

I)

 

Mapagileari deitu diot gaur, arazo bat baitaukat. Aspalditik ezagutzen dut bera, eta ondotxo dakit nekez lagunduko didala orain dudan arazoarekin, edo beste edozein arazorekin. Baina deitu egin diot hala ere; beti egiten dut gauza bera. Telefonoaren bestaldetik, ahots lasaiez, bere etxera joateko esan dit.

 

Bidean nire buruari galdetu diot zergatik egiten dudan beti gauza bera. “Mapagileak badu gaitasun bat, badu zerbait”, entzun diot esaten nire buruari, erantzun gisa. Gaitasun hori oso ondo zein den ez dakidan arren, badu gaitasun bat, hori egia da.

 

Bere etxera sartu naiz, eta kafea eskaini dit. Ondo daki bizitza osoan ez dudala kaferik hartu, higuina ematen didalako. Ezetz esan diot, adeitsu. Ondoren, begira gelditu zait. Ondo dakit ahaztu egin zaiola zergatik egin diodan bisita, ahaztu egin zaiola arazo bat dudalako joan naizela berarengana.

 

Azkenean, hizketan hasi da, beti egiten duen bezala. Ia egunero deitzen baitiot nik mapagileari, egunero baitut arazoren bat. Eta egunero ahazten du berak arazo bat daukala, eta egunero hasten zait hizketan, honetaz eta hartaz.

 

II)

 

Mapa bat esan nizun. Non nagoen erakutsiko didan kartografoaren eskua. Norantz goazen argituko digun iparrorratzaren hasperen herdoila. Mapa bat esan nizun, zurea ez zen gainazalen batean irudikatu ahal izateko mundu zati bat, gure lekua, gure denbora, bien arteko bidegurutzea. Mapa bat esan nizun, behar zenuen moduan tolestua, behar zen neurrietara egina. Mapa bat esan nizun, eskuetan hartu zenuen momentuan. Kartograforik zuhurrenak egingo lukeen eran begiratu zenion instantearekin batera.

Mapa bat esan nizun eta han ez zela dena sartzen erantzun zenidan zuk, handia zela munduaren zati hura han sartzeko, ez zuela paperak nahi genuen gauza guztietarako ematen. Ikusten ez zen hura zela hain zuzen ere inportanteena. Erroreak markatzen zuela biderik zuzenena, isiltasunak gerizpea, gerizpeak hutsunea eta berriro errorea.

Lerro zuzena esan zenidan, ezinezkoa zela gainazal irregular batean bide bat irudikatzea. Mapa bat esan nizun, isiltasuna apurtuz gerizpetan. Lerro zuzenak ez zuela zertan biderik laburrena suposatu behar.

 

 

III)

 

Mapagileak esan dit buru-belarri dabilela sartuta lan berri batean. Mugen mapa bat egin nahi omen du. Arrapaladan hasi natzaio hori ez dela nobedadea, mugak gaur egun mapa guztietan azaltzen direla, irudikaezina dela mapa bat mugarik gabe.

 

Aspertu aurpegiarekin begiratu dit, erretolika hau  entzuten duen enegarren aldia balitz bezala. Ez erratzeko esan dit: mugen mapa bat egin nahi duela, baina mugena bakarrik: banaketen mapa bat, zer banatzen duen adierazi gabe. Zaurien mapa bat, zer zauritu den adierazi gabe.

 

Arraro begiratu diot (egunero errepikatzen dudan aurpegiarekin, bide batez esanda). Hori ezin dela egin esan diot: mugak, zer mugatzen duten adierazi gabe, kontzeptu huts bihurtzen direla, zerbait abstraktua, izaterik ez duena. Mapa batean erakusteko oso zaila, beraz. Oso zaila, edo hobe esanda, ezinezkoa.

 

Mapagileak bere atzeko armairua zabaldu du, jada mekaniko bihurtu den keinu batekin, eta mapa berri bat erakutsi dit, arkatzez egina. “Hau da egin dudan azkeneko zirriborroa”, esan du berak, nire aurpegi sinesgogorraren aurrean.

 

IV)

 

Mapa: Lurralde zati jakin baten errepresentazio grafiko eta metrikoa.

Zinez definizio eskasa mapa bat zer den eta zer izan daitekeen deskribatzeko.

 

Duela bost mila urtekoak dira ezagutzen diren lehenengo mapak. Gerora, Greziarrak izan ziren beraien bidaien berri emateko teknika hau hobetzeko lanik handienak hartu zituztenak.

Mapek kaosa ordenatzeko balio izan dute ordutik, bide zuzenena, bide egokiena aukeratzeko, mugak ezartzeko, ezezaguna ezagun bihurtzeko, egindako bideak gogoan hartzeko zein gerra baten erdian etsaiaren posizioak irudikatu ahal izateko.

Hau guztia lortzeko, mapa batek ulergarriak behar du izan eta horretarako unibertsalak izango diren arau eta neurri jakin batzuk bete behar ditu.

Harea artean, airean, elurretan edo maitalearen azalean behatzarekin marraztutako lerrotik hasi eta google earth-ek eskaintzen digun anai handiaren begiradara arte, mapa moldeak eta motak anitzak dira. Mapa horiei begiratzeko moduak eta manerak ere bai.

Ez gara gu munduan non gauden jakiteko beharra sentitu dugun lehen gizakiak izan. Gure ingurua ulertu eta ezagutzeko beharra betidanik existitu izan da.

Azal honetan marraztutako marrek bost mila urte dituzte, jakingura hau aspaldikoa da. Zalantzak marraztu du beti bidearen beharra.

 

 

V)

 

Castillo Suarez. Muga ondoko herri batean

 

Muga ondoko herri batean bizi gintezke

Eta elkar maitatzen ikasi

Horrela ez ginateke atzerritar sentituko

Kotxe alokatua gida genezake

Eta bidean idatzitako txostenak desagerrarazi

Damua atzendu eta sentimendu berriak eraikiz

Ipuin berriak idatz genitzake

Zer naizen dioten sententzia orriak

Atzeko aldetik erabiltzen beti ere.

 

VI)

 

Mapagileak dioenez, Ulises da mapa guztien aita. Berak egin zuen lehenengoa: ez babiloniarrek, ez kartagoarrek edo aztekek.

 

Beste keinu mekaniko batekin zabaldu du armairua berriz, eta mapa berri bat zabaldu dit begi aurrean. Zer den galdetu diodanean (ezin baita zehatz jakin zer den, ondo begiratu arren), Ulisesen aurpegia dela esan dit. Ez dela zirriborro bat gaineratu dit: bukatuta dagoela. Harro dago egindakoaz, igarri egiten zaio.

 

Dena dela, baduela buruhauste bat mapa horrekin, esan dit. Bi bertsio egin beharko dituela ari omen da pentsatzen. Ulisesen aurpegiaren mapa ezin omen da berbera izan bidaiara, Itakarantz atera zenean, eta ondoren, Peneloperen altzora bueltatu zenean. Nik esan diot, normala dela hori, mapek beraiek ere bertsio ezberdinak izaten dituztela, denbora joan ahala. Haserretu egin zait orduan, eta kartografiaz berak dakiela esan dit, ez nik. Isildu egin behar izan dut, apur bat amorratuta.

 

VII)

 

Mapa bat esan zion, leku bat seinalatuz munduan. Puntu bat gezurrezko lautadan. Begiak itxi eta ilunetan, atzamarrekin bizkarraldean marraztutako bidearen zirriborroa. Nora heldu bat itsu denaren begietan. Mapa bat, inguruaz ahaztu eta barruak hustutako erliebeak elkar jateko tentazioari eusten. Norberaren eta bestearen marren arteko oreka kamustua. Isilean ibiltzeko lerro bat, tolesduren arteko gatazka, gerizperik ezagutzen ez duen lautada, behe lainoak estali ezin dezakeen azalpena. Mapa bat esan zion. Non galdu zen seinalatuz isiltasuna, haren azala, atzamar puntak egur zati bat zizelkatzen. Mapa bat, gure buruek irudikatuko duten lekua behe lainotan. Erredurek utzitako arrastoa, ketan orrazten dugun bidezidorra. Ukimen hutsez asmatuko dugun heldu lekua.

 

VIII)

 

Augusto Monterroso. Peneloperen oihala edo nork nori egiten dion iruzur

Antzina bazen Grezian Ulises izeneko gizon bat (jakintsu samarra izan arren oso sotila bera), Peneloperekin ezkondua, berau emazte eder eta dohaintsua, zeinaren akats bakarra oihalgintzarako zaletasun larregizkoa baitzen; ohitura honi esker, denboraldi luzeak eman ahal izaten zituen bakardadean.

        Kondairak dioenez, Ulisesek, bere zuhurtasunez, emaztea, bere debekuei axolagabe, oihal bukaezinezko horietako bat hastear zegoela ikusten zuen bakoitzean, gauez ikus zitekeen gizona ezkutuan botak eta txalupa ederra prestatzen, gero emazteari ezer ere esan gabe mundua zeharkatzera eta bere buruaren bila abiatzeko.

        Honela, emazteak senarra urrun mantentzea lortzen zuen bera amoranteekin lausengukerietan aritzen zen bitartean, berauei sinetsaraziz oihalgintzan aritzen zela Ulisesek bidaiatzen zuen bitartean eta ez Ulisesek bidaiatu bera oihalgintzan aritzen zen bitartean, Homerok imajinatu ahal izan zuen modura zeren, jakina denez, batzuetan lokartu eta ezertaz ere ohartzen ez baitzen.

IX)

Inuit herriak, beste giza talde guztien moduan, bere ingurune geografikoa ezagutzeko joera eta ezagutza hori gordetzeko beharra izan du betidanik. Jakintza hori, belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho transmititzeaz gain, mapetan bildu izan dute beraien historian zehar. Inuiten mapek primeran erakusten digute, idazkerak edo marrazkiek lekurik ez duten muturreko ingurumenetan ere, gizakiak bere ezagutzaren transmisioa arrakastaz gauzatzeko estrategiak garatu dituela. Inuiten kasuan mapak, egurrean zizelaturiko kartografiak dira.

Laku eta itsas adarretan barrena kaiaketan barneratzen direnean, egurrezko mapa hauei esker kostaldeko orografia ezagutu dezakete. Egurrezko mapa hauek, inguruneari egokitzeko gaitasunaren froga dira. Elurteek, behe lainoak, eguzkiak edo haizeak dena zuri bihurtzen duten hutsune momentuetan,  mapa hauen hiru dimentsioei esker, begiratu beharrik gabe, ukimenari eskerrak jakin dezakete non dauden, non kokatu beraien burua zuritasun infinituaren erdian. Egurrezkoa izanik gainera, uretara eroriz gero ez da inoiz hondoratzen. Hau da, Darwinismoaren adibide bat mapei aplikatua.

 

X)

Mapagilea eta biok luze hitz egin dugu azkenean. Arraroa da, kaferik hartzen ez dugunontzat, luze hitz egitea: kafeak euskarri bat eskaintzen du; norbaitek zer esan ez dakienean kafe-hurrupada bat hartzen du. Hala ere, mapagilearekin erraza da luze hitz egitea.

 

Ilunabarrero bezala, bere etxetik atera naiz, lauzpabost mapa besapean. Tartean daude mugen maparen bigarren zirriborroa, eta Ulisesen aurpegiaren mapa definitiboa. Eskuzabala da mapagilea, opari ederrak egiten ditu.

 

Etxera joan naiz, neguko arratsalde hotz honetan, oinez. Arratsalde hasieran nuen arazoari lauzpabost mapa gehitu zaizkio orain.

 

XI)

 

Mapa bat esan zenidan. Ukitzeko beharrik gabe ezagutu dezakegun norabidea, nora ailegatua. Puntu bat gure azaletan. Aurrekorik ikusten ez dugunean, nondik gatozen jakiteko balioko digun egur zati zizelkatua. Mapa bat inuitaren begietan, ikusteko beharrik gabe marrak luzatzen jarraitzen duen kartografoaren eskuak.

Mapa bat, kokaleku posible bat baino ez da behe lainotan dabilenarentzat baina hala ere, bada zerbait, abiapuntu bat zuritasunaren erdian.

 

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENyDTEfi9