Madril

2010-10-31n emandako programa. Entzun hemen klik eginda

Recoletosetik behera pasieran goazela, argi ikusten dugu: distantziak gizakiak dira. Oinez neurtzen dugu bizitza, begiez neurtzen ditugu espaloietako baldosen arteko marrak. Distantziak gizakiak dira. Pertsonak daude gu bion artean.

I)

Distantziak gizakiak dira.

Recoletosetik behera pasieran goazela, argi ikusten dugu: distantziak gizakiak dira. Oinez neurtzen dugu bizitza, begiez neurtzen ditugu espaloietako baldosen arteko marrak. Distantziak gizakiak dira. Pertsonak daude gu bion artean, pertsonen bidez neurtu dezakegu zenbaterainoko  urrun gauden elkarrengandik. Ez dugu ulertzen (eta hori da gure arteko konbertsazioa, Recoletosen behera goazela) nola ez duten oraindik asmatu eta ofizialdu distantzia neurtzeko neurri berri bat, denok hobeto ulertuko duguna, denoi barrurago iritsiko zaiguna. Gu bion artean, Recoletosen behera goazela, bi gizakitako distantzia dago. Baina berdin egon daiteke bi mila gizakitako distantzia.

Distantzia gizakiak dira. Distantzia gizakiak dira Madrilen.

II)

Orain laurogeita hamar urte ditu. Orduan ez zuen horretan pentsatu beharrik. Lau urte eman zituen han, soldaduskan, Aranjuez auzoko kuartel militarrean. Gerra osteko urteak ziren. Gose urteak, ilun urteak, ustel urteak, gazte urteak, isil urteak, mundu urteak el  vasco ezizenez ezagun zen harentzat, gure aitonarentzat.

 Txofer ibiltzea tokatu zitzaion. Lujoa, bere hitzetan. Soldaduak hemendik hara eraman autobus zaharra hartuta. Soldaduak hemendik hara eroan. Ez tirorik, ez bestelako betebehar latzik haren memoriaren dunetan. Txoferra zen el vasco Madrilen. Gizon zintzoa, bihotz onekoa, onegia orduko miserietarako. Mandoen gehiegikeriez nazkatu zenean, gasolina saldu eta diru apur bat egiteko aprobetxatu zuen egonaldia. Neska gazte madrildarrei eskutik heldu eta zinemara joaten zen gero. Irribarrez gogoratzen ditu han emandako urteak aitonak. Gehienetan, horrela gogoratzen ditu Aranjuezeko kuartel militarrean emandako lau urteak. Gorrotorik gabe, penarik gabe. Oporraldi bat izan zen gure aitonarentzat ordukoa. Horrela kontatzen dizkigu maiz, familian elkartzen garenean. Eta nik, begietara begiratzen diot, etortzen zaizkidan zalantza guztiak uxatu nahian bezala. Begietara begiratzen diot, gorroto arrastoren baten bila.

 III)

 Bitoriano Gandiaga

Autoen zarata urrundik
entzuten da hemen
gertutik ere ez ostera
gizonen ahotsik.

Urak bildu zituen hondarrak bezala
elkarren ondoan gaude elkar hartu gabe
hondarrak bezala elkarri kasurik egin gabe
piloan, beste lotukizunik gabe
gizona Madrilen
Madrileko giza hondartzan.

Hondarrak bezala dendara
barrara fabrikara
futbol zelaira zezen plazara
zinera teatrora
metrora.

 IV)

 36ko gerraz ere hitz egin dugu sarritan mahai bueltan. Berak, artean, ez zuen hogeita hamasei arte zenbatzen asmatuko. Ume harrapatu baitzuen gerrak aitona. Ume baten begietan geratu ziren hondarrak,  hori baino ez da gerra bere hitzetan. Zeharka pasatako aireplanoak. Urrutian entzundako tiroak. Hurbilean lehertutako bonbak. Etxe inguruko basoetan ezkutatzen ziren aurpegi belztuak. Baserria lotarako okupatzen zuen arrotz jendea. Etsaiak lagunetatik bereizteko gai ez zen umea. Gerraren gordina, ikusten ikasten hasia zen ume baten begietan. Itsu gogoratzen ditu ordukoak aitonak,  mutu ekartzen ditu akordura. Aurreko batean, gor geratzen ari dela onartu zidan baina oraindik entzun ditzakeela erortzen. Atzo balitz bezala entzun ditzakeela erortzen bonbak aireplanoetatik.

 

V)

 

Bitoriano Gandiagak gizakiaren gizakitasun faltaz idatzi zuen, eta Madrilen kokatu zituen bere pentsakizunak. Gaur egun, Bitoriano Gandiaga lurpean dago, baina lepoa egingo genuke, Recoletosen behera goazen bitartean, Gandiagak gauza bera idatziko lukeela gaur egun; baina ez Madrilez, baizik eta Arantzazuz, edo Altzuzaz, edo itsasoaz.

 

VI)

 

Aitarekin zegoen Otxandio inguruko larreetan iluntze hartan. Abioiak ailegatu zirenean. Andikona plaza gure historiaren orrialde ilun eta isilduetara pasatu zen egunean. Atzamarra luzatuz erakusten digu kokapen zehatza, puntu eternala. Orain oso aldatuta dago, badakizue… etxeak egin dituzte eta…, baina hemen urrean behar zuen. Hemendik ikusi genituen ailegatzen eta joaten. Danbatekoak ohartarazi zituen egoeraz. Hura ez zen propaganda. Hura ez zen jolasa. Aitak eskutik heldu zion eta baserrirako bidea egin zuten animaliak bertan utzita. Etxerakoa egin zuen aitonak birraitonaren eskutik. Jakin gabe, hegazkin haietatik norbait begira zutela. Irribarre egiten zuela aita-seme haiek han behean hain patxadatsu ikustean. Jakin ezinik, handik urte batzuetara el vasco deituko ziotela. Agian hegazkinean irudikatzen zuen soldadu berberak.

 

Umea zen gure aitona ordea eta autobus bat gidatzen imajinatzen zuen bere burua gau haietan. Bonben danbatekoen oihartzunak ekidin nahian ziurrenik. Autobus bateko txofer irudikatzen zuen bere burua, Madrilekoak izan zitezkeen kaleetan adibidez.

 

Azeleragailua zapaltzen zuen, urrutiratzeko, handik ospa egiteko, danbatekoak gero eta hurbilago entzuten zituen gau haietako batean.

 

VII)

 

Ezkonbidaia ere Madrilera egin zuten aititek eta amamak. Aurretik, Donostian gaua emanda. Trena hartu eta espainiara bidean jarri ziren biharamunean. Ez diet inoiz galdetu zergatik aukeratu zuten Madril. Ohikoa izango zen beharbada sasoi hartan. Mundu gizona zela erakutsi nahiko zion aititek amamari agian. Agurtu nahi zuen baten bat ere bazelako beharbada inguru haietan. Ez dago jakiterik. Ez dago jakiterik amamak ere el vasco deitzen zion Madrileko hotelean lehenengoz oheratzen ziren bitartean. Eskutik heltzera ausartzen zen frankismopeko kale haietan zehar. Ematen zion musurik inor begira ikusiz gero. Zinemara joan ziren zuri-beltzezkoren bat ikustera.

 

Oraindik ere, erreskadan botatzen ditu aitonak kale eta abeniden izenak. Oraindik ere memorian gordetzen ditu. Andikona plazako eztandekin batera, Madrilgo kaleak, lehen musuak, gure aitonaren memoriaren dunetan. El vasco, umetako ametsetan gertatu bezala, autobus bat gidatzen lur idorretan zehar.

 

 

VII)

 

Bitoriano Gandiaga

 

 

Madrilen
gauza asko dago
ikusteko.
Madrilen
gauza asko dago
ikasteko.
Madrilen
gauza asko ikusten ikasteko
asko dago.
Madrilen
asko dago asko ikasten
asko ikusteko.

 

 

            Metropolira noa, metropolira, esan baitidate han ezagutzen ez diren gauzak hartu eta ezagun egiten dituztela, esan baitidate han hautsez zikindua disdiratsu bihurtzen dutela, trapua pasatzen diotela memoriari eta etorkizuna eraikitzen dutela beren milaka esku txiki beltzekin. Esan didate han erabakitzen dutela zein kolore izango duen hemendik bost urtetara tomate-saltsak. Metropolira noa ez dudalako bizitza osoa etxe ondoko errekak errota nola mugitzen duen begira egon nahi, ez dudalako ni bakarrik izan nahi, izan nahi dudalako pertsona asko, eta munduaren erdian egon, eta txakurrak ikusi beste txakurrei begiratu eta kasorik egin gabe aldegiten.

 

VIII)

 

Gaur, gerraosteko urteetan oraindik, geure buruak imajinatzen ditugu Madrilera bidean. Furgoneta batean sartuta, lepoa hankarteraino makurturik. Gora begiratu nahi genuke. Aireplanotik agurtzen gaituen soldaduaren irribarrea ezabatu. Memoriaren dunak lausotu, gorrotoa akordu bihurtu. Kale haiek beldurrik gabe zeharkatu. Autobus bat gidatzen irudikatu geure buruak loak hartu nahi ez gaituenean. Amak erakutsitako abestiren bat ekarri bueltan, ozen abestu eta gero, lur idorretan desagertu. Mapa haietatik desagertu nahi genuke. Etengabe erortzen diren bonbak ezustean harrapa ez gaitzaten prestatu. Itsu izan, mutu iraun, gor zahartu.

 

Gaur, gerraosteko gauetan, atea giltzez ixten dugu. Ohera sartzen gara eta aitonaren begiak ekartzen ditugu gogora. Begi haietatik hasten gara ikusten, kontatu ez zizkigun gauza guztiak bata bestearen atzetik. Abioi bat pasatzen aurrena, soldaduaren irribarrea, lurraren kontra lehertzen den aireplanoa. Haurraren loa.

 

IX)

 

Bitoriano Gandiaga

 

 

Sakelak bete harri
ekarri nuen
eta jarri nintzen
harri horiez
Madrilen itxura egiten.
Ez zegoen
harri horiez Madrilen
itxura egiterik.

Harpiko batez
harriak
birlantzea otu zitzaidan.

 

Faltan suma dezakezu Madril, eta harrizko Madril bat eraiki dezakezu poltsikoan. Baina zaila da faltan sumatzea Madril. Gizakiz neurtutako distantzia dago gure buruarengandik Madrilera. Gizaki hutsalak dira, deformatuak, gardenak, haragiz gabetuak. Beranduegi itzuliko diren gizakiak.

 

XI)

 

Gaur, gerraosteko urteetan oraindik, geure buruak imajinatzen ditugu Madrilera bidean. Furgoneta batean sartuta, lepoa hankarteraino makurturik. Gora begiratu nahi genuke. Aireplanotik agurtzen gaituen soldaduaren irribarrea ezabatu. Memoriaren dunak lausotu, gorrotoa akordu bihurtu. Kale haiek beldurrik gabe zeharkatu. Autobus bat gidatzen irudikatu geure buruak loak hartu nahi ez gaituenean. Amak erakutsitako abestiren bat ekarri bueltan, ozen abestu eta gero, lur idorretan desagertu. Mapa haietatik desagertu nahi genuke. Etengabe erortzen diren bonbak ezustean harrapa ez gaitzaten prestatu. Itsu izan, mutu iraun, gor zahartu.

Gaur, gerraosteko gauetan, atea giltzez ixten dugu. Ohera sartzen gara eta aitonaren begiak ekartzen ditugu gogora. Begi haietatik hasten gara ikusten, kontatu ez zizkigun gauza guztiak bata bestearen atzetik. Abioi bat pasatzen aurrena, soldaduaren irribarrea, lurraren kontra lehertzen den aireplanoa. Haurraren loa.

 

XII)

 

Non ez dut entzun bertso hau?
Eta begiratzen dut. Non ez dut begiratu Madrilen?
Eta ikusi dut jenderik aski, jende-talderik aski,
jende talde handirik sobera.
Baina non dira handiak? Non dira jende handiok?
Non dira?
Ez dut ikusten jende handirik hainbeste jende arrunten
artean. Non bizi dira? Non ibiltzen dira?
Umetan, amari eta herriko gizonei,
etxean eta elizpean,
bazetozela ziotenean,
—Nondik datoz? galdetzen genien.
—Madriletik, esaten ziguten, amak ez ezik, gizonek.
—Nora dira joan? galdetzen genuen, aldegiten zutenean.
—Madrilera, erantzuten ziguten.
Eta Madrili jende handiaren paraje
zoragarri eder irizten genion.

Eta begiratzen dut Madrilen, eta Gernikan bizi daitezkeen
jendeak, Durangon bizi daitezkeen jendeak, Alzuzan bizi
daitezkeenak. Eta ikusten dut Madrilen,
jende handia nonbaiteko Madriletan biziko dela
Madril arruntean baino,
jendea erruz bizi den Madriletan baino.
Haurtzarora itzultzen naiz,
gure herrixka haietara, orduko amets hartara
eta, ilusioz irudikatzen dut Madril,
kotxe hain ederretan, hain handitasun airetan
ikusi ohi nituen Madrildarrei begira.
Eta orain Madrilen
bila nabilkie eta ikusi nahi nituzke,
eta ez dut ikusten
kalez kale dabilen jende arrunta besterik
lanera doan jendea, parkera doan jendea,
pasieran dabilena, presaka doana,
Durangon dabilkeena, edo eta Alzuzan.

 

XIII)

 

Gandiagak baino begi humanoagoekin ikusi dezakegu Madril gaur egun. Madril humanoagoa dela iruditzen zaigu, haragizkoagoa dela, muinak dituela asfaltoaren azpian. Norbaitek aukeratutako zerbait bezalakoa da, beste batek erabakiak gure partez hartuko balitu bezala da. Zulo beltz bat, non batzuk badoazen eta gutxiago bueltatzen diren, non txori bat iparraldetik sartzen den eta futboleko baloi bihurtuta ateratzen den hegoaldetik.

 

Zaila da Madril faltan sumatzea, gizakiak neurtzen duenean hutsunea.


Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENy1N6VjX