Bunkerra
(10-11-07an emandako programa. Entzun osorik hemen)
(Mikel Lizarralderen argazkia)
Bunkerrean gara. Lurra itsasotik, memoriak zabaldutako mapa baino ez da. Alferrik marraztuko dugu lerro zuzenik ailegatzeko. Ilun da eta lanbroak hartu ditu inguruotako urak. Korrontearen eskuetan gaude eta ez dakigu urruntzen ala hurbiltzen ari garen.
I)
Zapatak dira inportanteena, esaten du behin eta berriro aitak. Hartu itzazue ahal duzuen eta pare gehien, ondo etorriko zaizkigu edozertarako zapatak, zapatillak, botak, etxeko oinetakoak, sandaliak, apretak. Han azpian ez ditugu soberan izango, har itzazue kabitzen zaizkizuen denak. 15 minutu izan ditugu ahal dugun guztia hartzeko, 15 minutu. Zer egin behar den horrelakoetan, behin eta berriz pentsatu dut ondorenean. Hausnartzen eman 5 minutu, eta ideiak ordenatu ondoren gauzak biltzeari ekin, ala hasieratik ahal duzun guztia bildu, eta gero joan gauzak botatzen, globo batetik pisua kentzeko gauzak botatzen direnean bezala. Norbere buruaren zati txiki batzuk uzten joan, oroitzapenezko erreka bat sortu.
Ez dakit oso ondo azkenean nola egin dudan, 15 minutu oso denbora gutxi da. Familiako denak ikusten ditut poltsak betetzen, motxilak metatzen, eta aita atzetik denoi esaten “ez ahaztu zapatak, zapatarik ez utzi, hartu denak”. Nik bi pare zapata bakarrik hartu ahal izan ditut, ez zaizkit gehiago kabitzen. Aitak gorrotozko begirada lauso batekin begiratu dit etxetik atera garenean.
II)
Bunkerrera bidean goazen bitartean, zuri beltzean ikusten dut dena. pelikuletan bezala, brontzezko ezkutu baten gainean hegan noala dirudi. Boteretsu sentitzea ezinezkoa den momentu horietan sentitzen zara boteretsuen. Beldurrak hanka azpiak erretzen dizkizun une horretan sentitzen zara indartsuen. Bi metrotara begiratzen diozu lurrari, bat batean erraldoia bazina bezala.
Korrika goaz, bideari zuzen begiratuz, bazterretatik etorri daitekeenari muzin eginez. Ni noa azkena. Pauso bakoitzarekin inoiz bizi gabeko hura uzten dugu atzean. Zeru urdin bat, gozokiak arratsaldetan. Maitasun apur bat noizean behin. Jendeak estropozu egiten du, erori eta altxa egiten da behin eta berriz, kanikak ditu begietan, globo hustuak. Eta hala ere, badugu gudaroste baten itxura, pikak goian, bulartsu, adorez, errepidean aurrera. Inoiz izan ez den gerra bateko gudarostea, bulartsu, adorez, begirada errepidearen bukaeran.
Helburua argi, pausoa sendo, estropozuren bat noizean behin, odol tanta batzuk asfaltoaren gainean, burua zuri daraman gudaroste indartsua.
III)
Ez dut gogoratzen oso ondo noiz hasi zen dena. Noiz izan zen lehenengo erasoa. Txikia izan zen, gutako batzuk bakarrik konturatu ginen, eta ez zigun ezer txarrik egin, dardara apur bat bakarrik eragin zigun gure gorputzean. Histerikoenak bakarrik hasi ziren oihuka, ahulenak bakarrik joan ziren ohera, nekatuenek hartu zuten deskantsua beraien maitaleen besoetan.
Handik gutxira beste bat etorri zen, eta gero beste bat, eta beste bat. Denbora erasotik erasora neurtzen ikasi genuen. Geure buruak kontsolatzeko armak ahitu zitzaizkigun. Itzal bihurtu ginen, mamuak bezala genbiltzan etxe barruetan, etxeetako atarietan. Elkarri begiratu eta kartoia besterik ez genuen ikusten.
Erasoa jasaten genuen bakoitzean gure etxean biltzen ginen denok. Apenas zegoen lekurik: lagunak sukaldearen gainean esertzen ziren, pareten kontra estutzen zituzten gorputzak, txikienak tximiniaren barruan sartzen ziren. Begiak ixten genituen ukaldirik indartsuenetan, geure baitara biltzen ginen, okerragoa zela ohartu gabe.
Erasoa amaitzen zenean, kalera ateratzen ginen, geure burua ispiluetan ikustera.
IV)
Elkarrekiko harremanak laster hartu zituen ozpinak. Banaka jaten genuen, bakarrik egiten genuen lo, erasoetan bakarrik elkartzen ginen geure etxean. Bestela, elkarrekiko begiradarik ez, irribarrerik ez, konplizitate keinurik ez. Gero eta alferrikakoagoa iruditzen zitzaigun elkarrekiko miresmena. Gero eta ohituago geunden bakarrik egotera, bakarrak izatera.
Elkarrekiko ozpinak iraun egin digu gaur egun arte. Galtzaileen gudaroste ausart honi begiratzen diot atzetik, nola erori eta berriro altxatzen diren, nola egiten dioten elkarri oihu era garratzean. Kopetak zakartzen dizkie izerdiak, haragia zartatzen die haizeak, bidea egiten dute oso aintzinako agindu batek senean ukabilkadak emango balizkiete bezala. Gudaroste beroa da hau, zainak punpaka dituena, inondik ez datorrena, dena ahaztea elorri bat errotik moztea bezalakoa da hauentzat, ez zaie ezer axola. Ez zaigu ezer axola.
V)
Gaur goizean izan da dena. Dena oso azkar gertatu da. Gazte batek esan digu denoi: gaur izango da. Kalean zehar azaldu da oihuka, deabruak hartuta izango balu bezala. Gaur izango da, gaur izango da, gaur izango da. Aitak harrapatu du lepotik, isilarazi egin du kolpe lehor batekin. Bildu ahal duzuen guztia 15 minutuan eta etorr nire atzetik, esan digu. Zuri gelditu gara, zerura begira, lerdea dariogula. Oihu egin du aitak, mugitzeko. Bakoitza gure etxera joan gara, gauzak biltzera.
Aitari begiratzen diot taldearen buruan doala. Gudarosteko burua da, gidaria, gauzak argi dituena. Itsu-itsuan jarraitzen dio jendeak. Itsu-itsuan jarraitzen diot neuk ere, ezker-eskuin estalkiak jarrita dituen behorrak bezala.
VI)
Ez dut inoiz salbazioan sinestu itsu-itsuan. Bakoitzak era ezberdinean begiratzen dio norbere minari. Eromenak jotako artaldeak bezala elkarren babesa bilatzeak beldurra ematen dit. Aritmetika ariketa batean bezala biderkatu daiteke oinazea. Goazen, esaten didate, entzuten dut behin eta berriz. Bakoitzak era ezberdinean begiratzen dio bere minari. Aizkorari kirtenetik heldu eta buru biluzien gainetik botatzea pentsatu dut behin baino gehiagotan. Ez naiz inoiz ausartu.
VII)
Presa daukagu. Badator azken erasoa. Ikusi egiten dugu, usaindu, sentitu egiten dugu bizkarrean bere arnasa. Korrika ekin diogu, gudaroste pauso irmoz, errepidean zehar. Hortxe da, esan du norbaitek. Bagoaz, ez da ezer falta, bagoaz, denok batera bagoaz.
Bunkerraren atera iritsi gara. Beste zerbait espero nuen, egia esan. Norbait segurtasunaz arduratzen, berun urtuz egindako alimalezko zerbait… Makurtuta pasa behar den ate txiki bat da, goroldioz erdi estalia. Nire aurretik sartu dira denak, aita nire aurrean. Ni azkena gelditu naiz. Makurtu denean, barrutik begiratu dit aitak. Ni kanpoan gelditu nadila desio duela iruditu zait. Burutik pasa zait ideia, kobrezko bala bat bezala. Ezin dut mugitu, ez dut ezer sentitzen. Aita joan da barrura. Kanpoan gelditu naiz apur batez, nire zapatei begira, itsaso moduko batek inguratzen nauen bitartean.
VIII)
Memoriaren mapak zabaldu eta abiatu egiten gara. Hurbildu eta urrundu egiten gara gure bizitzetatik. Lanbroak hartutako ozeanoetan galtzen diren belaontziak dira egunak gurean. Geratzen zaizkigun itsasertzetatik bakarra aukeratu beharrak itotzen gaitu. Bakarra aukeratu beharrak itotzen gaitu batez ere, horrek eta ez ahokadetan irensten ditugun ur gazizko litroek. Horrek eta ez ozeanoaren handitasunak. Portu bakarrera arribatu beharrak itotzen gaitu. Memoriaren mapak zabaldu eta abiatzeko ordua dela gogorarazten digutenean. Galduta ikusten ditugu gure buruak urazalean. Marrazten dugun uberak ez gaitu inora bueltatuko. Bunkerrean gara. Memoriaren mapak zabaldu eta duda egingo dugu. Hitzak bilatuko ditugu eta esatekoak gorde, isiltasunak egin dezan lan gure ordez oraingoan. Izan dadin behingoz isiltasuna inguruetan entzungai. Ur gazia ahobetean. Portura arribatzen den belaontzia. Norbait ikusten dugu zain. Ez dugu ezagutzen. Itsasoan denbora luzea daramagulako izango da agian. Bunkerrean gara. Lurra itsasotik, memoriak zabaldutako mapa baino ez da. Alferrik marraztuko dugu lerro zuzenik ailegatzeko. Ilun da eta lanbroak hartu ditu inguruotako urak. Korrontearen eskuetan gaude eta ez dakigu urruntzen ala hurbiltzen ari garen.
IX)
Bunkerrean jarraitzen dut. Igandea da. Leiho eta pertsianak itxi eta zain geratzen naiz. Iluntasunari baino ez diot utzi sartzen. Bunkerrean nago eta telefonoak itzalita jarraitzen du. Euli asperturen bat edo beste hurbiltzen da espazioa okupatzera. Besteak ez dira ausartzen. Besteak ez dira gu bezalakoak. Besteak ez dira bunker honetan sartuko, ez dute zain egoteko ausardiarik izan egundo. Haien gogoak ez dira hemen kabitzen. Ez dira inoiz, beso zabalik esnatuko. Noizbehinka itxi egiten bainaiz berriz zabaltzen ikasteko. Itxi egiten ditut begiak, ateak, portaleak, memoriak. Bunkerrean sartu eta han irauten dut. Ahaztu nahi ditudanez gogoratzen naiz. Gogoratu nahi ditudanak ahazten ditut eta berriz hasierara. Porturen bat irudikatzen dut neure buruan, ailegatzen ikusten zaitut. Nigana zatoz, txikia ematen du belaontziak nasatik begiratuz gero. Txikitu egiten dira distantziak hemendik so egitean. Hala ere, ziur nago, ikusi beharrik gabe ere banekien zu zinela, utzitako uberaren jakitun aurrera zihoan ontzia. Denbora zeramana itsasoan geldi, haizeren batek porturantz noiz ekarriko.
X)
Itsasoan zaudenean ere seinaleak bilatzen ikasi beharra dago, esaten zuten herriko eskarmentudun arrantzaleek. Seinaleak ikusten ikasi beharra dago. Ekaitzik ikaragarrienaren aurrean nola jokatu jakiteko. Portua beti gogoaren koordenadetan gorde. Koordenada zehatzak buruz ikasi eta gero, zoaz, zoaz itsasora nahi baduzu eta galdu. Itzali begiak, begiratu urazalari. Ikusten duzu orain nola esaten nizun. Portuak, gauez, jendez betetako zoologikoa dirudi eta niri berdin dit jendeak. Hurbil zaude, ia ukitzen duzu portua atzamar ugerrez. Zure begietan itsaso hau osorik kabitzen baita. Koordenada hauetan hartzen nau loak seinaleren baten bila abiatzean. Beso zabalik esnatzen naiz biharamunean, gatzetan gordetako arimak portura ailegatzen. Gero, belarria paretaren kontra itsasten dut adibidez, kanpotik datorren seinaleren baten bila. Mundua desagertu bada, jakin dezadan noiz eta zergatik. Kontinente berriren bat aurkitu badute, jakin dezadan non eta zenbat izan diren aurkikuntzaren lekuko. Zein ordutan egingo duen mareak gora, berriro beherantz hasteko.
Bunkerrean jarraitzen dut. Isilik eta gora begira. Kanpotik, norbait, ate joka hurbildu da urduri. Atea ireki nezakeen baina bunkerrean jarraitzen dut. Adarrak lurperantz hazten dituen zuhaitza naiz, portutik ere ikus zaitzaket ailegatzen.
XI)
Han egon denaren gogoa hona itzultzen da beti
Egun arteko keak
Laino arteko eguzkiak
Haurra portuan
Adio luzaroan
Itsasoari so
Amari galdetuz ezustean
Itsasontzia gero eta txikiagoa bada ortzemugan
Zer gertatzen da bada orduan barruan doazenekin?
Amaren aurpegia
Erantzunik gabe badoan itsasontzi bat gehiago da orduan
Gu munduarenak baikara
Geure baitakoak garen hein berean
Baina mundua ez da gurea
Ez dugu altxorrik txikiena ere gordetzen
Ainguraren bat han hemenka
Aieneka
Amaren isiltasunak ere bazekien ordurako
Maldan behera desagertzen den itsasontzia
Ez da inoiz umearengandik hain hurbil egon
XII)
Azkenaldian ez nau loak behar bezala hartzen. Zerbaitetan hasi eta eramateaz nekatzen den umea ikus dezaket han urrunean. Abiatu eta ia segituan uzten nau erortzen, hasierako lekura bueltatzeko berriz. Pareta zuriei begiratzen diet loaren arreta eskatuz haien besoetan. Urruneko lurraldeez gogoratzen naiz. Portu bakarrarekin nahikoa ez duten marinelez. Lerro zuzenak gorroto dituen jendeaz. Bizirik irauteko eraiki ziren bunkerrez. Igande euritsuek uzten duten uberaz. Paretari begiratzen diot baina loak ez nau lehen bezala hartzen. Nasatik ikusten duzu ailegatzen. Betidanik ezagutu izan bazenu bezala geratzen zara han, bere zain. Behin lehorrean dela, bere izenez deitu diozu. Harrituta geratu zaizu begira. Portuak gauez, enkontru urdurien aterpea izan dira aspaldidanik. Mugimendu azkarren biltegi. Usain sarkorren topagune.
Portuan dela oraindik, etortzen ikusi du. Besotik heldu eta eraman egin du azkenean, loak, portura ailegatu berri den ameslariaren etorrera.
XIII)
Bunkerrean nago. Hemen daramat denbora geldoaren pisu guztia nigan, osoa, hezea, haizeak bildutako usain berrien etorrera. Hemen daramat gainean, ezer eranzterik ez. Ezer erantsi beharrik gabe jotzen dute atea goizaldean. Ustekabeko enkontruen atzetik abiatzen dira gure gogoak. Hemen natza, hemen naukazue. Bunkerrean nago, oihartzun bera entzunez etengabe. Ohiturazko erritualen bazka naiz. Pareta zuriak, oihartzun bera belarri zuloak xerkatzen. Ezusteak harrapatuko nau lau pareten estuasunean. Lau pareta eta mundu bat bestalde, zein ederra den egunsentia mendate bat jaitsi eta gorriz jantzita agurtzen zaituenean.
XIV)
Ezinbestekoak dira bunkerrak gerretan. Bunkerrak behar ditugu, gerrak behar ditugun modu berean. Etsaiak asmatzen ditugu, lagunak bigarren plano batean uzteko. Garbiketa ziklikoa deitu izan diote. Bunkerrak eta gerrak. Lagunak eta arerioak gara. Gudarosteak eta bakealdiak bizi gaitu aldi berean. Babesa eskatzen dugu. Bunkerrak behar ditugu, babesik gabe sentitzen garenean ere, esperantza mantendu ahal izateko.
XV)
Pertsianak igo ditut eta leihoak zabaldu. Heldu da bunkerretik ateratzeko eguna. Bukatu da gerra eta ez dakigu irabazi ala galdu egin dugun. Beste pelikula hartan bezala. Bizitza normalera desohituak gara. Heldu da bunkerra utzi eta zure bila abiatzeko eguna. Abian gara. Portu bera aukeratuko dugun jakin ezinik, atzean utzi dugun uberak baino ez gaitu salatuko. Lerro oker horrek baino ez dizu esango nondik egin dudan ihes zure bila, bunkerretik atera eta beste bat naizen honetan.
