Ilargia eta astronauta

2010-11-14an emandako programa. Entzun osorik hemen

Espazioan zehar doazen zaldizkoak, lauhazkan

oxigeno bonbonak eta nitrogeno likidoa zainetan, zabor-ubera bat utziz atzean

autobus barrutik zeinen bare ikusten den dena, zeinen hilda dagoen mundua

eta nolako bizi-usaina darion aldi berean, zein erraza den gauzak irudikatzea

I)

Autobusak uste baino denbora gutxiago egin du hiritik ateratzen

Metropoliaren garro odoltsuei indarrik geldituko ez balitzaie bezala izan da

Inolako trabarik gabe goaz aurrera, indar ezkutu batek bultzatzen gaituela dirudi

Gero eta bakanagoak dira eraikinak, putetxeen argiek atentzioa deitzen dute

Olibondoek hartuko diote laster lekua hormigoiz eraikitako ustezko paradisu honi

 

Ba al da momentu hoberik hau baino, munduan non kokatuta zauden konturatzeko

 

Bakardadea itzela da autobusaren barruan, lauza bat bezala erortzen zaigu gainera

Gure aurreko eserlekuan arabiarrez idatzitako liburua irakurtzen ari da gizon bat

aurpegia hoztu zait, leihoaren kontra denbora luzez izan dudalako

gidariaren gainean dagoen pantailak argi-txinpartak jaurtitzen ditu

 

eta uneoro, mundu honetatik kanpo dagoen norbait begira daukagulako sentsazio hori

samurtasunezko begirada bat, espaziotik bare-bare isurtzen zaiguna

eta ez da fedea, ez da erlijio kontu bat, ez da sinesmena, ez da tesi bat

galdutako astronauta bat geure buru barnean sartu izan balitz bezala da, alderrai dabilena

Bukaerarik ez duen maitasun baten sintoma argia da, suabea den zerbait

eta norbait bere bila dabil, izar artetik begira.

 II)

Astronautak dira lurrera ailegatzen. Banderak. Ongietorriak. Ilargiak ere ikusi ditu honezkero heltzen, hemen dira. Badakite han goitik, ertzik gabeko espaziotik, begira dutela zelataria. Sabaian itsatsiriko begia, talaiapeko agintari. Tronpeta zaharrari eman dio batek, banderak, ongietorriak. Astronautak etxean dira azkenean eta ez dute maletarik inondik ageri. Beti han bizi izan balira bezala gertatu da. Betidanik hangoak balira bezala begiratzen diete lurtarrei, senide eta kazetariei. Astronautak dira baina ez dute gure galdera eternalentzako erantzunik ekarri bueltan. Agian ilargia izan zen gure lehenengo astronauta. Eta arrastorik utzi gabe egin zuen alde teilatu gorrien insomniotik, zatika ahoratuko genuen beldurrez. Agian ilargia bera izan da esan diena, mehatxatu dituena; ez erantzuteko, isilik mantentzeko, ez dela momentua.

Ez dutela galderarik erantzungo adierazi dute astronauta akituek. Lainoak pilatzen hasi dira zeruan. Ilargiak betazal ximurrez estali du oro. Zalantzan diraugu eta gure oinek, indarrez zapaltzen badugu ere, ez dute lurrean arrastorik uzten.

III)

Ze bake sentsazio ematen duen, lurraren azala gauez zeharkatzeak

Gu aurrera goaz, mundua biraka dabilen bitartean, gu berarekin batera goaz

olibondoz betetako zelaiak zabaltzen dira, oihal leunen gisan, errepidearen alde bietara

eta ilea ikusten dizut, nola zirimolatzen zaizun sorbalden gainean

bizitza osoan soseguz lorik egingo ez duen animalia bat naiz, begiak zabalik

ilargia erori da piano baten pisu berberarekin zelai mortu siku hauen gainera

ilargiak egin ditu gau honetan hontzek egin  beharko ziuzketenak

 

eta sorbalda batean atximur egin dizut, ezin duzulako galtzen ari zaren hau galdu

kanpoan gertatzen ari den hori guztia ezin duzulako galdu, gaizki egindako delitu bat litzatekeelako

baina lehoi txiki batek egingo lukeen marru berbera egin didazu, kendu paretik

Gaizki egindako delitu bat da hau, ondo bukatu gabe gelditu den delitu bat.

 

IV)

 

Zulo arteko printzez eginak gara
hustasunari ebatsi ahal izan dizkiogun
iragan haragiztatuen taupada haziez.

Idatziz jasota jaio ohi gara duela zenbait mende
hari mendrez sostengatuta eta
zuhaitz izan ginena oroituko duten garaien bidean.

Bata bestearen begietara noiz etorriko
zatika osa daitekeen esperoa da gurea
ortzaizera begirako beiratea
sortzera egin duen mantala.

Josi ditzakegun urratuen historia da gurea
ilaje basa
amaraun beltz
handitzera eta sendotzera egingo duten itzalena.

Arnasa ematen diguten itzalak
itzala ematen diguten birikak
besteon goiza ernaltzera egin zutenak
gordeta gauzkatenak beren isilean.

Guk ere gorde gura ditugu
ibiltzen dugun bizitzaren oihartzunei lot gaitzaten
gaurkoa bailitzan behin betiko inauteria bakarra.

 

 

V)

 

Espazioan zehar doazen zaldizkoak, lauhazkan

oxigeno bonbonak eta nitrogeno likidoa zainetan, zabor-ubera bat utziz atzean

autobus barrutik zeinen bare ikusten den dena, zeinen hilda dagoen mundua

eta nolako bizi-usaina darion aldi berean, zein erraza den gauzak irudikatzea

zein erraza den irudikatzea emazteak etxeetatik aldegiten

zein erraza den irudikatzea hegoak apurtuta dituzten zikoinak hegan

 

batzuetan gogorarazi egin behar diot neure buruari nor zaren benetan

ondoko aulkian eserita, hankak lurreraino iristen ez zaizkizula, besoak loak janda

salda epela eztarritik behera doanean sentitzen dugun gauza bera eragiten didazu

 

zainduta gaudela iruditzen zait, aurpegian ispilua duen norbaitek zaintzen gaituela

ez da erraza etorkizuna asmatzea, baina gero eta gutxiago kostatzen zaidala badakit

 

VI)

 

(Pako Aristi, Hitzen Uberan)

 

Itsas mareen agintari

Katuen erole

Otso basatien baladak inspiratu zituen dama…

Ilargia izan zen gizakien irudimenean

Lehen argumentu borobila

 

 

VII)

 

ESAN EZ DIRENAK (Jose Luis Otamendi, Erlojuen mekanika)

 

etorriko da

esan eta idatzi ez dituzunak

esan eta idatziko dituen eskua

elkarrekin ahazteko beta izango da

baina beti norbaitek ezarriko du

harria harriaren gainean

eta ordurako axola gutxiago izango dute

esan ez zenizkidanek

elkarren arrastoari segitzen diogu

zer galdu handia duenaren arduraz

 

etorriko da nahitaezko esku hori

hatzez hatz berrituko da

inor tronpa ez dadin

inork pentsa ez dezan

berea zenik azken maitasuna

 

VIII)

 

Eskafandra jantzi eta kalera irteten naiz. Espazioa okupatzen dut intuizioz. Inguruari so elikatzen ditut nire begiak. Betazalak nabari ditut lehortzen. Atzamarrez kentzen diet izotz hautsa soinetik. Bidea egiten dut orri paperetan, entzun egiten dut abisu inportanterik bada. Irautera etsi beharrean eskafandra jantzi eta esploradore guztien moduan, beha geratzen naiz izpazterrean. Katigatutako itsasontziak ez du askoz gehiago iraungo. Olatuek gora eta behera kolpatzen dute ontziteria. Eskafandra erantzi eta uretara egin dut salto. Hotz da eta hasia naiz ziztadak nozitzen gorputzean. Ahal bezala egin dut aurrera, itsasora. Lortu dut ontziraino ailegatzea azkenik. Bertan naiz, olatuen kolpeei eusten diet brankari lotuta. Gora begiratzen dut azalpenen baten eske eta eskafandra kendu izanaz damutzen naiz. Gau luzea izango da gaurkoa eta ez dut begirik itxiko.

Bihar albiste izango dugu, itsasontzia eta eskafandra. Zerutik eroritako astronautaren gorpua. Galderak egingo dituzte han eta hemen. Arrantzaleen aurpegi zartatuak agertuko dira telebistetan. Erantzunak eman ditzakeen bakarra, mutu mantenduko da eta arrainontziak odolusten jarraituko du hari begira.

 

 

IX)

 

Jose Luis Otamendiren liburua itxi dut, hanketan dudan motxila barrura sartu dut

su-itzalgailu gorri bat dago nire buruaren gainean

buru barruan sartuta dudan astronauta erauzteko gogorik ez dut

muinak bere menera dituela sentitzeak sosegua sortzen dit

norbait han kanpoan bere bila dabilela eta aurkituko ez duela pentsatzeak sosegua sortzen dit

norbait han kanpoan espazio beltz bat mugatzen ari dela pentsatzeak sosegua sortzen dit

zailak dira harremanak, ezer ez dator eskutik emanda

ez gara inoren pentsutik bizi, geure buruak agintzen digu, autonomoak gara

geure burua zabaltzeko gaitasuna daukagu, geure buruari ideiak erauzteko modua zein den badakigu

 

Lo zaude hor ondoan eserita, sinesgaitza den postura batean

astronauta bana gure buruetan, olibondoak lerro zuzenetan kanpoan.

 

X)

 

(Bernardo Atxaga & Ruper Ordorika)

 

esploradore nekatu batek zer ikus lezake

tristeziaren metro koadro baten mugetan,

limoiondoz inguraturiko kaminoak ezpadira;

zer ikus lezake ardo usaineko muinoak eta

eskifaia eroek gidatu untzi gorriak salbu

 

Ikus litzake apika kristalezko irla batzuk,

urre edo zilarrezko ziutate bat goizaldean;

suge erraldoiak, tigreak eta, ikus litzake

bale urdinak ozeano epel batean murgiltzen;

ikus litzake bi emakume soineko laranjatsuz

eguzkiak sututako horma baten ondoan eserita;

 

Ikus litzake egun berreskura-ezin dituen guzti horiek

txori imajinarioen saldoak lez pausatzen, pasatzen

 

 

XI)

 

Eguna argitzen doa, eta harilkatzen doa iluna

gero eta pisutsuago ageri da su-itzalgailua nire buru gainean

eutsi egin behar zaio goitik beherako dardara sortu digun horri guztiari

esnatzen hasi zara nire ondoan, ilea bildu duzu, hankak ezarri dituzu lurrean

eutsi egin behar zaio goitik beherako dardara sortu digun horri guztiari

 

baina badoaz beldurrak, izuak, ezinegona

badakit ez doala ezer zakarretara

ez dugula ezer galtzen zikoinak zeruan solte askatuta

gau eternal soseguzko batean biziko garela, bi begi geuri begira

geure bi begi gauari begira, soseguz biziko garela

geure begietan hartuko duela gauak sosegua, su-itzalgailuari begira

ilargirik ez duen astronautarik ez dagoen bezala

ez garela galduko gauaren begi soseguzkoetan

modu eternalean

begiratuko diogula soseguari, gauez.

 

XII)

 

Espazioan dela, astronautak, txoriak ditu faltan. Txoriak ikusi nahi lituzke ailegatzen eta urruntzen. Biluzik agurtu nahi lituzke goiznabarrik gabeko esnaeretan. Espazioan delarik, astronautak, ez du besterik buruan. Ez zaio besterik kabitzen. Ez daukan horrek denak okupatzen du haren gogoa, espazioa, astronauta. Ailegatzen eta urruntzen ikusten zituen txoriak errepikatzen zaizkio irudimenean, eskafandrarik gabe haien atzetik abiatu nahi luke. Espazioan, astronautak, badaki ez duela txoririk ikusiko. Baina hala ere, ez da betazalak ixtera arriskatuko.

 

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENy1UCFqH