Nor dugun guarda (II): Jon Benito

2011-01-15eko saioa. Entzun hemen

(informatikak eragindako arazoak gaindituta, Celosamente gordea badator berriz. 2012ko lehenengo emanaldian, “Nor dugun guarda” ataleko bigarren gonbidatua: Jon Benito. Gozatu)

Mutil meharra biluztean, haur izua ikusten da. Haur izuaren azpian animalia lokartua gotortu da. Animalia lokartuaren baitan buru bihoztua dago.Buru bihoztuan inork aurkitu ez duen irla bat.

Irla hartan gehiegi biluztu behar ez duen mutila bizi da.

Ez da lehena, bere aurretikoa da dena, historia hau matriuskaren barruan gordetako beste historia batekin hasten da.

Matriuskaren barruan bilatuko dugu, nor dugun guarda; gaurkoan, Jon Benito, celosamente gordean.

I)

HASIERA (BULKADA, JON BENITO, 2010)

 

Historia nirekin hasten da.

 

Lehenagokoak dira ibaia eta mendiak.

Aspaldikoak lurra eta bidea.

Antzinako bizitza salatzen dute harresi kondarrek.

Nork erabaki zuen hau zela tokia?

Nork jaso zuen aurreneko babeslekua?

Ze izar dirdirak zehaztu zituen koordenadak?

 

Ez du kalerik lehendabiziko etorkinak.

Nondik heldu zen? Ez baitzen bertakoa.

Bera hemen kokatu artean inor ez zen hemengoa.

Zer ikusi zuen? Lur mina, lur zatitua, lur ezina,

ozeano lehorra, negu epela, kare gazia, zuloan harea.

Irudikatuko ote zituen platanerak,

frankismo amaieran eraikiko ziren etxeak,

parkea eta nire gurasoen bizilekua?

 

Joan ziren nomadak, galdu ziren erromatarrak,

garai ilunetan eliza jaso zuenetako inor ez dago.

Bizidunen ongarri dira hilak,

adarretara egiten dute sustraiek,

jendearekin lotzen ditut galderak, nire kaleetan.

Nork eman zien harriei jendetasuna?

Nork egin zuen trenbidearekin muga?

Nork izendatu azken portua?

 

Atzoak egungoaren ur azalera tenkatzen nau

erantzunik gabeko amuekin.

Ez naiz lehena, nire aurretikoa da dena,

baina historia hau nirekin hasten da.

 

 

 

 

 

II)

 

MANIFESTU ATZERATUA (JOXE AZURMENDI, 1968)

 

Gure herriak ez dauka kondairarik.

Pobrea da. Ez dauka

pirata koxkor pare bat

langile sofritu batzuk,

muga zentzugabe asko,

mila zorigaizto

besterik. Ez da gutxi.

Euri gortina batek ixten du

gure kalendarioa.

Ez, ba, bilatu kondaira unibertsalen

liburu handietan gure inperiorik.

 

Aginako zero bat zen

gure inperio guztia.

 

Ta euskalduna konforme zegoen.

Ta libre izan nahi zuen.

 

Baina libre izatea

gauza ikaragarri zaila da

Marx bat

edo 1789 bat izan ez duen

herri zorigaiztokoarentzat.

Zerekin pagatu behar du?

 

Ikaragarri zaila da.

Ze guk ez daukagu

pirata pare bat, langile on batzuk,

muga txar gehiago eta holako zerbait

besterik. Kalderilla hutsa.

 

Baina libre izan nahi dugu,

zer kulpa daukat nik.

Eta txeke zuri faltsu baten antzean

Gernikako arbola bat asmatu diguten arren

libre nahia bekatu balitz bezala,

aitzakiaren bat beharko bagenu bezala,

guk, guztiz xinple, libre izan nahi dugu.

Nahi dugu, besterik ez.

Hauxe baita gure engainu azkenekoa:

libre izan nahia justifikatu behar dugula

pentsarazi digute

lehen kanpotik eta barrutik orain.

 

Eta San Inazioren, Xabierren, Txurrukaren

eta Elkanoren eta Habeas Corpusen

eta nik dakit noren

gomendio guztiak biltzen

eta banatzen

saiatu zaizkigu gure kausaren

abokatuok. Libre izateko

inoren baimenik beharko balitz bezala.

Herri izateko inoren gomendiorik

beharko bagenu bezala.

Horiek libertaterik

ekarriko baligute bezala.

Ta ez horiengatik, ezpada

guzti horien kontra

nahi dugu libre izan

kondaira guztiaren kontra.

 

Oi, libre izatea eta handi izatea

nahasi diguten gureak!

Libertatea handitasunarekin

edo kondairarekin

edo ta agian norbaitek (oi, bi aldiz gaixo!)

moralarekin

defendatzen digutenak!

 

Poema txar batean

deklaratu behar diot

gure gauari ezetz.

Goizaren kontra,

Gernikako arbolaren kontra

eta herriaren alde.

Deklaratu behar diot kaleari

gure jauntxoak ez direla

sekula gure herria izan ta izango.

 

Gure jendea pobrea da, trixtea da.

Gure jendea ez da poesia batean kabitzen.

Gure jendea ona da. Kulpa gabe

hiltzen da, handitasunik gabe

bizi da, sekretuan maite du

(tabuak errespetatzen ditu),

errezatzen du (tradizionalista da)

engainatu egin dute,

ez da asko fiatzen. Gure jendea

bulgaritate hutsa da.

Inpresionistek bakarrik pintatu dute.

Edozein etnologoren armario batean

dago, eskuliburu batean

deskribatzen da.

 

Hau zen nire Gernikako arbola guztia.

III)

ABERRIAZ ZELAN AHAZTU (JOSE LUIS OTAMENDI, ERLOJUEN MEKANIKA, 2007)

 

nik ere aberriaz nahiko nuke ahaztu

eta neure herrian ibili

eguneroko poz-nekeei indar guztiak emanda

lagunarte xume bateko hitzak defenditu

gure arteko hitz horiek balira bezala

defendi daitekeen azken eremu librea

plaza bat aurpegi bat

norbaiten arropa artean hazten diren hitzak

edota akordura ez datozkizun zaurien baitan daudenak

 

nik ere bizi nahiko nuke

nor naizen etengabe galdetu beharrik izan gabe

apalago bizi neure buruaz ahazturik

nik hau eta nik beste hori jardun gabe beti

apalago bizi ni ere

gogoa eta adimena erantzun txikiei emanda:

gizaki bati dagozkion neurriko kezkekin

 

baina errepidea galdera izan daiteke hemen oraindik

argi piztua gauean galdera da

gauzek etengabe interrogatzen naute

nor naizen zer naizen

nola mintzo garen zelako lagunak ditudan

eta modu txarrean hartzen naute gauzek

ez didate bakerik eman nahi

traban jartzen zaizkit zangoen tartean

galdekatu egiten naute errukirik gabe

zer egiten dudan hemen

zergatik etorri naizen gaur hona

itxitura han hesia hemen

 

nik ere munduko beste bazterren batean

nahiko nuke bizi

denek ulertzeko eran mintzatu

ezentzunarena egin gauzen itauntze errime horri

gauzen tematze deserosoari ez ikusia egin

hiri jendetsuetan ibili bestelako jendea agurtu

akaso munduko beste hainbat lekutan

ariketa errazagoa izango da

aberriaz ahazteko hori

baina hemen beti ari zaizkizu gogora ekartzen

zapaltzen duzun lurra ez dela zurea

bizi zaren herria eta auzoa

norbaitek aldi baterako utziak dizkizula

eta gutxien uste duzunean etxerik gabe utz zaitzakete

bat-batean ez kalerik ez herririk

ez ordurik gabe gera zintezke

eta zeure hitzen erresuma gozo hartan

hartzen duzu aterpe

maite dituzunez oroitu eta joko duzu aurrera

baina apal mintzatu arren

ez dago aberriaz erabat ahazteko modurik horrela

 

nik ere aberriaz ahaztu nahiko nuke

eta bestelako lanei lotu lehenbailehen

aberria baino lehenagoko kontuetan jarri arreta

gerta ez dakidan

goizean jaiki eta herri mozorrotu batekin topo egitea

gerta ez dakidan

etengabe nor naizen galdezka jarraitu beharra

noraezean bezala beti…

baina existitzen ez dena nola ahaztu

zelan atzendu ez den hori

 

nik ere aberriaz ahaztu nahiko nuke betiko

ez balitz gu gabe ere badirelako

azkeneraino zaindu beharreko hitzak eta jendea

ez balitz gu geu agian inoiz iritsiko ez garen lekuetara

helduko direnentzat gorde behar dugulako

sekula narriatuko ez den sentimendu bat

sekula galduko ez den sentimendua

bakarrik gaudenerako

urrun daudenerako

badaezpada

 

neure herritarrekin batera

ahaztu egin nahiko nuke aberria

aberriaz ahaztekoa zama

gaitzegia baita bakarrean eramateko

baina denon artean aberri hau

behin betikoz ahazten dugun arte

nire herrian bizi nahiko nuke

eguneroko poz-nekeei indar guztiak emanda

apalago bizi

gizaki bati dagozkion neurriko kezkekin

gure arteko hitzak

azken eremu librea balira bezala defendituz

geure herrian bizi sentimendu bat gordean daramagula

bakarrik gaudenerako

urrun gaudenerako

badaezpada

IV)

ABERRIA NAHI DUGU (ITXARO BORDA, BESTALDEAN)

 

Aberria nahi dugu haize hegoaren hegaletan

dudatzen pairatzen ikaratzen edo

fresnesko patioetan paseiatzen

gerontokrata manatzalerik gabe

egunkaria tabakoarekin batera erosten eta

haurrak ikastolara laguntzen

leihorrak edertzen dituzten brumetan.

 

aberria nahi dugu lurraren desiraz hantzen

oheak alargun geldi ez ditezen edo

zizare pikatzen antzera ferratzen

amorezko baratzean azak landatzen

trenetan auhenez lehertzen baina

mendeetako larderiari ez obeditzen

gailurrak berotzen dituzten brumetan.

 

aberria nahi dugu lanbroaren azpilduretan

miseria ontasun komuna delarik edo

karriketan barrikadak eraikitzen

ostatuetan munduaren oraina margotzen

zigarretak biltzen oldartzen

nahi dugu egunkaria eta tabakorik

merkeena globoa sutan jartzeko

ibaietarik altxatzen diren brumetan.

V)

KRETAN IDATZIA (IGOR ESTANKONA, ANEMOMETROA liburutik)

 

Zuon estatuak botatzen ahaleginduko gara beti

baina horrek ez du esan nahi

borondatez egiten dugunik.

Gure hizkuntzan guduak

beste era batera kontatzen dira

eta ia beti irabazle atera ohi gara.

Estua da gure hiria itsasertzean

ahula gure flota

baina badakigu ausartak izaten,

badakigu gure hilobiak omentzen.

Ez dio ardura nondik zatozten

edo ze mezu dakarzuen.

Gudu zelaia berdin bihurtuko da

infernurik beroena

denontzat.

Horregatik bidali dizuegu mezulari hau

papiro honekin.

Arrantza, garia eta dantza maite ditugu

baina badakigu oinazea jasaten eta zabaltzen,

zuon emazteak alargun utziko dituzue hona bazatozte

zuotako bat soilik itzuliko da

hemen ikusitakoa konta dezan

bake garaian uzta zaintzen duten jainkoek

armak hartuko dituzte

eta sua eta ura

amilduko dira.

Zazpi ilargi iraungo ditu zigorrak.

Erretira zaitezte.

Sentitzen dugu baina ezin dugu

txikiagoak izan,

bestela historiaren galbahetik behera

eroriko gara.

 

VI)

 

ARTEAREN POETIKA (ROQUE DALTON)

Itolarria hemen da.

Gizonak bere porrot zaharrak ditu ispilu.

Ilunsentitik ordubetera,
gizonak bere egunaren hondar zaurgarriak biltzen ditu,
beldurrez bihotzaren ondora ekartzen
eta izerditan, etsi gabe,
logela bakartietan hondoratzen da.

Han gizon horrek erre egiten du
sabaiko armiarma sareak asmatuko lituzke
lorearen freskura gorroto du
bere azal larritik erbesteratzen da
bere oin okerrak begitantzen ditu
ohea eguneroko hilobia dela uste du
patrikan ez du kobre bakar bat
gose da
negar egiten du.

Baina gizonek, gainerako gizonek,
bere bularra eguzkitara zabaltzen dute
edo kaleko hiltzaileei
eta ogiaren aurpegia erakusten dute sorbaldetatik gora
gosearen aurkako bandera bat bailitzan
aireak min duen arte barre egiten dute umeekin
zorionekoen sabelak urrats txikiz betetzen dituzte
bere handitasunean gotortutako fruituak bezala erdibitzen harriak
biluzik abesten dute ur baso pizgarrian
txantxetan aritzen dira itsasoarekin adarretatik heltzen dute jostari
mortu melodiatsuetan argiaren etxeak egiten dituzte
jainkoen modura horditzen dira
euren ukabilak etsipenaren aurka jartzen dituzte
su mendekatzailea krimenaren aurka
sustrai amaiezinezko amodioa
gorrotoaren sega ankerraren aurka.

Itolarria hemen da, bai.

VII)

ZUEI (VLADIMIR MAIAKOVSKI)

 

Zuei, orgiaz orgia zabiltzatenoi,

Komuna epeldua daukazuenoi!

Nolatan ez zarete lotsatzen Jorge-ri aurkeztuez?

Beha egunkarietako zerrendetan!

 

Zuek ez al dakizue, koldarrok,

Sabela nola bete beste ardurarik ez duzuenok,

Orain bertan menturaz Petrov lietenantari

Bonbak zangoak erauzi dizkiola?…

 

Bera, hiltegira eramana,

Ustegabean azalduko balitz, zauritua,

Ezpainak zikin kroketaz

Severianinenak likits kantukatuz!

 

Merezi ote du bizia galtzea zuengatik,

Lilitxoak eta ongi jatea maite duzuenongatik?

Nahiago dut piña zukua zerbitzatu

Tabernetan putei!

VIII)

GAZTEA DA ETA EGUZKI BAT BEZALAKOA (JOAN SALVAT-PAPPASEIT)

 

GAZTEA da eta eguzki bat bezalakoa

orain zorabiatu egiten da nire besoetan;

bekainetan baldin badarama heriotza eta dolua

betiletan darama sendagarria.

 

Baldin badakar harribizi bana bularretan

gutiziak esaten dit: ebatsiko nizkioke.

—Niretzat bakarrik gorde zituen Berak,

orain nahi banitu, orain hartzen ahal nituen.

 

Belaunetan jartzen banuen

zabaldu egiten zen arrosa zen.

 

 

IX

AMODIOAREN ARTEA (MANUEL BANDEIRA)

 

Amodioaren zoriona senditu nahi baduzu, utzi egizu zure arima alde batera.

Arima da amodioa alferrik galtzen duena.

Arimak jainkoaren baitan baino ez du atsegina aurkitzen.

Ez beste arima batengan.

Jainkoaren baitan bakarrik — edo mundutik kanpora.

 

Arimak elkar ezinak dira.

 

Utzi egiozu zure gorputzari beste gorputzekin moldatzen.

 

Ezen eta gorputzek ondo elkar hartzen dute, baina arimek ez.

X

GURE HITZAK (Jon Benito, Bulkada, 2010)

 

hiztegietan ez diren arren

zure hitzak niretzat

asmatuak zoroak konplizeak

nire hitzak zuretzat

 

esan berriz esan

ez daitezela ahaztu

ez daitezela gal

 

kode zifratu intimo bat

zentzurik gabea elkarrentzat ez bada

lotsagarria gu ez beste inorekin baliatzeko

 

zineman lo geratu nintzenean

pantailako pertsonaiak oihukatzen zuen izenaz

deitzen nauzu biok autoan biok etxean gaudenean

nik diminutiboak eta bustidurak ditut zuretzat

 

esan berriz esan

ez daitezela ahaztu

ez daitezela gal

 

hitz horiek hondartzako gauez ari dira

hitz horiek gu esan nahi dute samur

hitz horiek elkarrekin gauden artean iraungo dute

 

XI

EGIA (Castillo Suarez, 2006)

 

Poema batek mingarria dena

eder bihurtzen du.

Memorian iltzatu ez zaizkigun oroitzapenak

dakartzagu gogora, egiazkoak izan ala ez.

Edertasuna krudela da, ordea.

Horregatik poetak ez gara

erabat sintzeroak.

Horregatik ez dugu erabat sintzeroak izan nahi.

 

 AMAIERA

Jon Benito. 1981, Zarautz.

 

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENyEs89KT