Korrika egitea eta idaztea
2010-11-21ean emandako programa. Entzun hemen
Bizirik nago eta korrika noa. Zuhaitzak ikusten ditut sustraietatik ebatsirik bazterretan. Erori egiten dira banan-banan nire pasaeran. Bakar batzuek irautea lortzen dute, okerturik agian. Hitz egokiak aukeratu beharra dago, gero zapatilak jantzi eta abiatzeko.
I)
Korrika ari naiz. Korrika ikusten dut neure burua hemendik. Banoa eta banator. Arineketan galtzen naiz iluntzeko lanbrotan, paperean behera arreta galtzen duten hitzek jarraitzen naute. Marra oker eta luzea, ene urratsak paperezko lur gorritan. Erre egiten dizkidate oinazpiak. Bertan irakur nezake ene iragana. Zuritasunak inguruotako argi guztia beretzat nahiko balu bezala da. Beste guztia ez da ezer, ilunpean geratu da oro munduan.
Korrika ari naiz. Banoan ala banatorren jakin ezinda. Basoan barrena sartzen naiz. Egunak daramatzat horrela eta nekeak baino, aurrera egin beharrak narama berarekin, basoan barrena. Belaunak entzun ditzaket hemendik, tempoa markatzen duten hezurrak dira orain. Nire hezurrei bizitza darie. Esku bakarrez folioa txikitzen duzunean bezala da. Soinu bera ateratzen dute orain. Iraganetik datorren zerbaitek betetzen dizkit birikak eta eztul egin nahiko nuke. Baina erritmoari eutsi beharra diot. Zuhaitzek ere, nekaturik eusten diote udazkeneko haizeari. Udazkenak, hostoekin nahikoa ez eta zuhaitzak berarekin eraman nahiko balitu bezala. Biluztearekin nahikoa ez eta bertan hilobiratu nahi lituzke haizeak, udazkenaren esanetara makurtzen den korrikalariak. Izerditan dudan ileak astintzen ditut eta bizirik nagoela etortzen zait gogora.
Bizirik nago eta korrika noa. Zuhaitzak ikusten ditut sustraietatik ebatsirik bazterretan. Erori egiten dira banan-banan nire pasaeran. Bakar batzuek irautea lortzen dute, okerturik agian. Hitz egokiak aukeratu beharra dago, gero zapatilak jantzi eta abiatzeko.
Folioaren aurrean naiz, banoa eta banator. Merezi dutenek baino ez dute iraungo. Zutik geratu diren hitzak baino ez ditut nirekin eramango. Korrika aldentzen naiz, norbaitek korrika ailegatzen idatziko nauen esperantzaz.
II)
Teresa Zurichen dago, Pragatik alde eginda. Txekiarra da Teresa, eta soldadu errusiarrak etortzerakoan egin du alde Pragatik Suitzara, bere senarrarekin batera.
Teresak ez dauka korrika egitera ateratzeko ohiturarik. Paseatu egiten du. Korrika egitea ihes egitearekin lotu izan du beti. Korrika egiten duena, nahiz eta ez daukan ezer segika, zerbaitengandik ihes doa beti. Korrika egiten duenak gutxitan begiratzen du atzera. Inor segika ez duela seguru dagoen arren, gutxitan begiratzen du atzera, ezustekoren bat hartzeko beldurrarengatik edo. Korrika egiteko arrazoirik ez duenak ez du arrazoirik bilatu nahi. Arrazoi bat aurkitzeak beldur ezin jasanezkoa ematen dio.
Teresak paseatu egiten du, txakurrarekin. Paseo luzeak ematen ditu, Suitzako arratsaldeko argia ostendu eta iluna Zuricheko teilatu gainetara abailtzen den arte. Bitartean, korrika egitearen inguruan hausnartzen du. Paseo luze horietako batean, etxera itzuleran doala, ilunak leku egin duenean bere inguruan, ohartu da bera ere ihesean ari dela, ihes geldoan, ihes pausatu batean, paseatzen ari den bitartean.
III)
Haruki Murakamik, bere korrikalari esperientzia kontatzen du, de qué hablo cuando hablo de correr liburuan. Tartean, 1996an egin zuen 100 kilometroko korrikaldi baten testigantza ere badakarkigu. Korrika egitera bultzatu zuten arrazoiez hitz egiten du, eguneroko jardun txikiaz, edo maratoi edo triatloietan parte hartu zuenekoaz.
Bi ariketen antzekotasuna azpimarratzen du beti: idaztean eta korrika egitean, garrantzitsuena helmugara heltzea da, ez du axola zenbat denbora behar dugun horretarako. Zeure burua gainditu behar duzu korrika edo idazten ari zarenean, bestela porrot egin duzu, ez dago beste aukerarik. Norberaren eta paperaren, norberaren eta helmugaren arteko norgehiagoka da, eta idazte prozesuan bezala ibilbide luzeko korrikaldietan, bidean gozamen uneak eta sufrimenduzkoak daude, dena albora uzteko gogoak eta nekatuta sentitzeko aitzakiak.
IV)
Milan Kundera, Izatearen arintasun jasanezina
(…) Tomasek egun osoak ematen zituen erietxean, eta emazteak etxean, bakarrik. Eskerrak Karenin zeukan eta harekin paseo luzeak eman zitzakeen! Etxera itzultzen zenean, aleman- edo frantses- eskuliburuaren aurrean esertzen zen. Baina triste zegoen eta gaizki kontzentratzen zen. Askotan bueltatzen zitzaion burura Dubcekek Moskutik itzulita irratian bota zuen diskurtsoa. Teresak ia ahantzirik zeuzkan diskurtsoan esandakoak, baina Dubceken ahots dardaratia entzuten segitzen zuen. Harengan pentsatzen zuen: soldadu atzerritarrek estatu burujabe baten buruzagia haren herrian atxilotu, eraman, eta lau egunez Ukrainako mendietan atxiki zuten; hogei urte lehenago Imre Nagy hungariar estatuburua bezala fusilatuko zutela aditzera eman zioten; gero, Moskura eraman zuten; bainatzeko, bizarra egiteko, janzteko eta gorbata jartzeko agindu zioten; jada exekutatu behar ez zutela iragarri zioten; bere burua estatuburutzat hartzen segi zezala agindu zioten; Brezneven aurreko mahai batera eserarazi eta negoziatzera behartu zuten.
Gero, makurrarazita itzuli eta nazio makurraraziari hitz egin zion. Hain zegoen makurrarazita, non ezin baitzuen hitz egin. Teresak ez ditu inoiz ahantziko haren esaldien arteko eten ikaragarri haiek. Hain unaturik al zegoen? Gaixorik? Drogaz pozoitu zuten? Ala etsipen hutsagatik zen? Dubcekengandik ezer geratuko ez bada ere, eten luze ikaragarri haiek iraungo dute, arnasarik hartu ezin zueneko, irrati-aparailuei atxikitako nazio osoaren aurrean arnasestuka ari zeneko eten haiek iraungo dute. Eten haiexetan zegoen bere herrian eroritako laztura osoa.
V)
GIZON BAT KORRIKA LUR HARTZE PISTAN (Harkaitz Cano)
Aireportuek duty freeak dituzte bakarti
konpultsiboen eskuak tabakoz betetzeko.
Dirukutxako zintzarri soinuak
damuari deitzen ote dion.
Irudipena. Duty Free.
Beti galdetu izan diot nire buruari
nor ote den Duty hori.
Aise imajina dezaket
import-export exekutibo gizen bat
Duty My Darling, Non Utzi Duzu
Atzoko Soineko Barruan Bizi Zitzaizun Keinua, esaten.
Horrelako zerbait esaten isilik ez geratzeagatik.
Patrikak eta maletak bete euri,
atzerapenari bizkarra emanda
eserita daude beren borondatearen kontra
irauntzaile izatera kondenatuak.
Hainbeste jende koldar, nor bere istripuaren bila.
Hegazkinen inguruan ez da ordea inor,
zementuzko hektarea hutsak baino ez.
Lur hartze pistak hegazkinendako dira
ez diete bidaiariei bertan geratzen uzten
berehala gidatzen dituzte
itxarongela eta korridoreetara,
oxigeno maskarak behar balituzte lez
hegazkinen inguruak fumigatu berriak baleude lez.
Baina egon behar du tribu bat
aireportuetan desagertu eta
aireplanoen sabeletan bizi dena.
Radarretan ez agertzeko
beti makurtuta dabilen Nôtre Dameko konkorduna.
Argia eta behelainoa ugazaba.
Axola zaizkidan lekuko guztientzat ikusezin
aireportuetan beti esnatzen naiz amesgaiztoetan
bere burua xake taulan atzematen duen
zaldi gorria lez
bakarrik eta korrika eta izututa
irteerarik gabeko lur hartze pistan
itzulbiderako seinalerik eza
eta sukarra.
VI)
Korrika ari denean, gorputzaren soinuetan jartzen du arreta, idazteko gizarteko hotsetan edo etxeko elkarrizketetan jartzen duen modu berean. Gizatasun oro ukatuta gorputza gizarte bat balitz bezala ulertzen du, bere artikulatzeko modu, bere adierazpen eta min. Funtsean, korrika egitea gorputzeko labirintoan barneratzea da, haren funtzionamendua ulertzen saiatzea. Agerian geratu denez, korrika egitea ez da azkar mugitzea, giharrei indarra eskatzea, edota nekea eta izerdia bakarrik. Ariketa espirituala ere bada, izan: «Korrika egitea ariketa metafisikoaren mugan dago. Bizitzako lehentasunen artean zegoen Murakamirentzat, ezinbestekoen artean. Korrika egiten dut, beraz banaiz».
VII)
Gauza batez hausnartzea besterik ez zaigu gelditzen: Teresak dituen beldurrek gure barruan kabia egingo balute, zer egingo genukeen guk. Teresak egiten duen ihes pausatu hori gu egiteko kapaz ba ote garen. Zein den ihes eraginkorragoa, nola egiten dugun azkarrago ihes: paseatzen ari garenean burua zuri uzten dugularik, edo korrika egiten dugunean izerdia botatzen dugularik.
Izerdia botatzen dugunean beldurrak berarekin batera doazela pentsa dezakegu. Gorputzetik askatzen dugula nahi ez dugula, garbitu egiten dugula gorputza eta burua. Beldurrez bizi baldin bazara, ez dago gauza hoberik sasoi onean egotea baino. Hala, korrika asko egingo duzu, distantzia luzeak korrituko dituzu, eta bidean utziko dituzu zurekin eraman ezin dituzun gauza guztiak.
Teresak ordea, jakin badakigu ezin dituela beldurrak atzean utzi. Lubcek buruzagiak esalditik esaldira egiten zituen isiluneak itsatsi egiten zaizkio azalera, sikatutako izerdia bezala. Paseatzen ari dela ezin du burutik kendu irudi bat: gizon bat, gau beltzean begiak zapi batez estalita eta eskuak lotuta, arbola artean korrika, ihesean.
VIII)
Korrika egitea bezala da idaztea, nobela bat amaitzea mendi zorrotzenak iragaitea den bezala. Azken helburua zein da? Ezarri zaizkigun mugen baitan, norberaren ahitzea: horixe da korrika egitearen esentzia, eta baita, aldi berean, Murakamiren ustez, bizitzaren metafora ere.
IHESLARIAK PAISAJEAREKIN (Iñigo Aranbarri)
Harriak mudatu eginen ditu gure izenak
Leihoan inoiz itzaltzen ez den argia geratzen da
Giltza gorde horma arrakalan eta irribarre egiten duzu
Bihar gaitzituko zaigun orainaren hortz zuriak
Gerizondoak ez du fruiturik eman aurten
Hil hurran da. Ondo erakutsi diogu
Eta inoiz beldurrez adierazi nizun ikara hura:
Niri min kristal ehoak zure begian
Argia dago oraindik autobus geltokian
Ezaguna zaigun bidea. Berriro erratzearen beldurra
Gesalak itzulera eder baterako orrazten zaitu
IX)
Baldosa bustien gainean zoaz korrika
Izerditako gris batekin
Burua txanoan sartuta
Zirrikitu bat besterik ez duzu ikusten aurrealdean (pare bat metro edo)
Baldosak zapaltzen dituzu korrika zoazen bitartean,
irudipena duzu piztu egiten direla zure oinen presioarekin, piano teklatu bat bezala
Izan daitezke Pragako baldosak, edo Zurichekoak
izan daitezke urruneko paradisu ezkutu bateko baldosak
aurrera zoaz, korrika zoaz
Zakur batekin paseatzen ari den emakume bat ikusi duzu erdizka, abiada bizian pasatzen
Baina ez dira, baldosak ez dira urrunekoak
Zure herrikoak dira.
Beste leku batekoak izatea gustatuko litzaizuke.
Zapaltzen duzun baldosa bakoitzak
beldur-baldekada bat igoarazten dizu hanketan barrena
eta bazirenik ere ez zenekien tunelak erakusten dizkizu.
X)
Korrika jarraitzen dut. Birikak saihetsen kontra nabaritzen ditut honezkero. Arnasak hezurrak kraskatzeraino egiten dit barrura. Barre egingo duzu, baina ez dakit ailegatzear nagoen ala abiatu berri naizen. Belaunen erritmora urrutiratzen naiz. Korrika ari naiz eta norbaitek su eman die eroritako zuhaitzei.
MEDIKUARENEAN (Xabi Borda)
bularraldearen erradiografia
atera dit medikuak
argitara eraman eta
zati belatuak seinalatu dizkit
asfixia zantzuak
antzematen omen dira
saihetsartean
birika zatiak falta zaizkit
XI)
Korrika egiten dugunean, bi hankak airean izaten ditugu une askotan. Are gehiago: korrika goazela denbora gehiago egiten dugu lurrik ukitu gabe, lurrean pausoa ematen baino. Konparazio bat egitera, esan dezakegu pausoa ematen dugun uneak puntuak direla, eta airean egiten ditugun une luzeago horiek marrak.
Lehenengo luzaketak egin. Gero korrika hasi. Lehenengo pausoa eman. Hasteko puntua, gero marra, gero puntua, gero marra. Pausoa eman, airean egon, pausoa eman, airea egon. Horrela egiten dira sareak ere: puntua lotu, haria jarri, puntua lotu. Hala hitz egiten zuen Txekiako presidenteak ere; zerbait esan, isilune luzea, zerbait esan totelka, isilune luzea. Teresak, txakurrarekin paseatzen ari dela, korrika egiteko beldurra badu, horregatik da. Isilune luzeek ematen dioten izua gaindiezina delako. Nahiago dituelako bere pentsamenduak entzun, eta iluna Zurichen gainean nola abailtzen den ikusi.