Negukoak

2012-01-29ko saioa. Entzun hemen

Wassily Kandinsky. Neguko paisaia, 1909

Eztabaida antzuetan sartu gaitezke; edo hobeto esanda, eztabaida antzuetan sartu beharra daukagu (zer ginateke, bada, bestela, eztabaida antzurik gabe). Adibidez, negua nahita datorren gugana, ala norbaitek edo zerbaitek agintzen dion neguari gugana etortzeko. Behartuta iristen den urtero negua gugana, ala gogoz, mendeen joanak agindu dion egitekoa betetzera.

Zeren eta, zalantza gutxi dago, negua indar betez sartzen denean, leihoetako kristaletan arrastoak uzteko moduko indarrarekin, gure ingurune ezaguna goitik behera eraldatzeko moduko bulkadarekin, neguak baduela zerbait iruditzen zaigu, nahita egiten dituela gauza batzuk…

I)

Neguko jantzi naiz. Neguko irudikatu dut neure burua eguna izara artetik biluzten; orain prakak, orain alkandora, orain kafeak txistu egin dit sukaldetik. Oinez noa euritarako zapatekin neguan, urtaroari zor zaion errespetuz uzkurtu zait gorputza barrurantz, tximinien arrastoei baino, barruko izotz begien lausoari jarraitu diot lainoak utzi gabeko hirian. Lainoak utzi gabeko hirian, saihetsak saihetsaren kontra berotuz. Neguari eman diot jaten teilapeko uxoentzat gordeta nituen ogi apurretatik, bihar beste leku bat aukeratu beharko dut paper hauek erretzeko, hemen ezagunegia naiz honezkero, kea darie nire eskuei poltsiko barruetatik. Neguan gaudela gogorarazten diguten gauzen zerrenda egin dut buruan, kale honetan ez zegoen supermerkaturik orduan, ondo gogoan dut akordeoia jotzen zuen gizona arnasestu zurietan ase, ez nago bakarrik baina neguak bakarrik marrazten nau hain zuzen, hain uzkurturik nagoenean. Belarri minberei eman diet arreta, ur hornidurak entzun ditut lehertzen kaleak bi egiten duen puntu honetan, bi kale zenbatzen ditut lehen bakarra zen lekuan, orain bi kale lehen bakarra zegoen tokian. Neguko aterkiak ikusi ditut ondotik pasatzen, jendeak bere burua babesteko neurriak hartzen ditu oraindik hemen, horregatik da isilagoa hiria urtaro honen sabelean, lotsatiago agertzen da bat erakusleihoek barruko hezetasuna agertzen badute haien beirazko aurpegietan eta inork ez daki oso ondo zergatik den, egunak dira gorantz begiratzera ausartu ez garela eta inork ez digu neguaz galdetzen, egunez baizik.
Zeru sabaia atzamarrekin ukitzeak inoiz baino errazagoa behar lukeenean, jendeak beherantz begiratzen du neguan. Azpian bilatzen diren azalpenak ez dira sakonekoak beti, neguko garenean, gorantz begiratzera ausartzen ez garenean, ikatzak bere horretan ez du ezer berotzeko balio.

II)

Eztabaida antzuetan sartu gaitezke; edo hobeto esanda, eztabaida antzuetan sartu beharra daukagu (zer ginateke, bada, bestela, eztabaida antzurik gabe). Adibidez, negua nahita datorren gugana, ala norbaitek edo zerbaitek agintzen dion neguari gugana etortzeko. Behartuta iristen den urtero negua gugana, ala gogoz, mendeen joanak agindu dion egitekoa betetzera.

Zeren eta, zalantza gutxi dago, negua indar betez sartzen denean, leihoetako kristaletan arrastoak uzteko moduko indarrarekin, gure ingurune ezaguna goitik behera eraldatzeko moduko bulkadarekin, neguak baduela zerbait iruditzen zaigu, nahita egiten dituela gauza batzuk…

III)

Neguak jota hil dira. Horrela diote hedabideek ere. Ez da adina, ez da osasun kontuengatik izan, ez da istripuz gertatu, neguak jo ditu eta barrutik lehertu.
Urak ere egiten du harriekin, zirrikituak bete, leku bat egin haien barrunbe zurrunetan eta neguko hotzen ondorioz izozterakoan, uraren bolumena handitzearekin batera harriak ere zartatu eta hautsi egiten omen dira barrutik, zartatu eta hautsi egiten dira harriak hotzak jotzean.
Neguko irten naiz kalera gaur ere, ur hodiak sentitu ditut lehertzen oinazpietan, eskuak poltsikoan gorde eta arnasa hartzeari utzi diot, barrutik izozten hasiko ote naizen beldurrez. Arnasa hartzeari utzi diot neguko naizen honetan, harrizko naizen honetan, ezerk barrutik leher ez nazan.

IV)

Negukoa. Bernardo Atxaga

Holaxe amaitu zen hamaikagarren hilabetea, hazila:
Hegora zihoazen basa antzaren kantuarekin.
 
Eta jarri zinen zeruari begira, eta esan zenidan:
Hegorik banu, ni ere saiatuko nintzateke
Lur berrien bila, jasoko nuke neure kanpamendua
Bandera beilegiz seinalatutako kostan;
Hobeto egin dezan denborak bere lana,
Ahantz nadin betirako
Hiri honetako murraila eta jendeaz.
 
Eta oroit zaitez, nik galdera bakarra egin nizun:
Zergatik ote gara hain zorionik gabeko?
Sikira apur bat beranduago hil izan balitzaigu
Ikusiko zukeen edurra atarian pausatzen.
 
Eta bien bitartean, aingeru ilunak etorri,
eta eraman egin zuten arratsaldea bera ere.
 
Holaxe amaitu zen hamaikagarren hilabetea, hazila:
Hegora zihoazen basa antzaren kantuarekin.
 
V)

Buztinezkoak ginela pentsatzen genuen eta harrizkoak gara urtaro honetan. Barrurantz begira harrapatu gaituzte, korapiloa nondik askatu asmatu nahian genbiltzanean, urez bete zaizkigu barruko zuloak nahi gabe. Buztinezkoak ziren gure begiak eta negua lehertu zaigu eskuetan. Ospelak dira egunak hemen. Zarata handi bat entzun dugu kalean, zirkua dela esan digute izkinako tabernatik, ume garaiak etorri zaizkigu gogora tupustean, negua lehertu zaigu esku artean, barrura begira harrapatu gaituzte geratzen zitzaigun zulo bakarretik, ez genuen nahi, harrizkoak ginen urtaro honetan, barruko zuloak urez bete zitzaizkigun gero, harrizkoagoak ginen orduan. Elkarren kontra tematzen garenean, aulki jokoan aritzen gara, nor azkarrago eseri, nor geratu zutik hotzari aurre egiteko, nondik hasi korapilo hau askatzen. Negua lehertu zaigu eskuetan eta zirkua ikusi dugu herriko harresietatik barrurantza sartzen. Ez dakigu zenbat minutu beharko dituen barruko urak izozteko baina badakigu zer gertatuko den gero. Negua lehertu zaigulako eskuetan, ospelak direlako egunak hemen, harrizkoak garelako barrutik, gu ez garen beste guztia ura delako, zirkua neguan, zutik geratu den aulki bakarra, barruko zuloak izoztutako ibaiez gainezka.

VI)

Arraroa da neguarena: neguan gertatu zaizuna neguan gertatu zaizula oroitzen duzu
Ez da hain deigarri esatea: “harako hura gertatu zitzaidan orduan. Bai, negua zen”
Hostoz biluztutako adarrak sartzen dizkigu neguak buru barnera
Busti usainarekin gogoratzen ditugu egun haiek, beti egun haiek.

Beste gauza bat da guk neguari zer eransten diogun
Bizitza osoan antzararik ikusi ez duenak ere badaki
Antzarak neguan joaten direla hegoaldera hegan.

Hori badakigunok, nahi gabe ere, hostoz soilduriko gure adarrak zabaltzen dizkiogu neguari
Berunezko putzu batean maukak jasotako besoak sartzea bezala da.

Neguak amultsu hartzen gaitu, maitasunez hartzen ditu guk eransten dizkiogunak
Guk neguan egiten ditugunak neguaren zati bihurtzen dira erraz
Guk nahi gabe ere.

VII)

Aspaldiko danborrak entzun ditugu baso aldetik ailegatzen. Orekari eutsi diogu, hitzei gehiago eman ezin diegulako. Aspaldiko danborrak mendi aldetik lautada osoan zabaltzen. Gorantz begiratu nahi izan dugu, baina ez gara horrelakorik egitera ausartu. Urtaroari zor zaion errespetuagatik, geldi geratu gara, korapiloari begira iraun dugu, aspaldiko danbor hotsak inguruan zabaltzen ziren bitartean.
Buztinezkoak ginen baina harrizkoak dira gure barruko zuloak orain. Zailagoa da neguan sua bizirik mantentzea, negua zugan bizirik mantentzea. Birikiak izoztu zaizkigu arnasa arnas egiteagatik. Airean irauteko gai izan ez garelako. Ahaztu zaigulako honezkero danbor hotsek gu bezala neguko direnean esan nahi digutena.
Aspaldiko danborrak entzun ditugu mendi aldetik lautada osoan zabaltzen eta ez gara gorantz begiratzera ausartu. Errua ez da gurea, belarri zuloak izoztu zizkigun haizearena baino.

VIII)

Neguko jantzi naiz, neguko irudikatu dut neure burua, neure begiak, neure lekua munduan. Barruko zuloei erreparatu diet, ez du ematen zauri sakonegiak direnik, aste gutxian lehen bezala egongo gara. Inoiz ez dago jakiterik noiz izoztuko den ura gure barruko arrakaletan. Zenbat jaitsi beharko duen tenperaturak ura izotz bihurtu ahal izateko. Ezagunegiak gara leku honetan orain, beste leku batean hasi beharko dugu sua pizten berotan sartzeko. Neguan gaudela gogorarazten diguten gauzen zerrenda daramat aldean. Aspaldiko danborrei entzungor, urrutiago egin dugu so.
Harriak ere puskatzen dira batzuetan barrutik, neguak hala nahi izan gabe. Kea darie nire eskuei poltsikoetan. Begiak itxi eta sutan erretzen garenean ere, negukoak gara.

IX)

Zuria, biguna, bustia. Leire Bilbao
 
Nire memoria elurra bezalakoa da:
zuria, biguna, bustia;
gutxien espero dudanean jausten da
gutxien espero dudanean urtzen da.
 
Zaila egiten zait aitortzea
nik ere miazkatu ditudala nikotina zaporeko hormak,
ni ere izan naizela behi bat kanalean zabaldua,
inoiz belar printzak aurkitu ditudala pubisean.
Hala ere aratz dago nire birjinitate emozionala.
Ez du balio barkamena eskatzeak
norbere buruari eman ezean.
 
Nik ere irentsi ditut euliak,
biluzik ihes egin diet tigreei,
lokatzetan marraztu dut neure gorputza.
Eta hala ere nire memoria elurra bezalakoa da:
neguan erortzen da, noizbehinka, abisatu gabe.
 
Inoiz berokirik gabe harrapatu nau
larrua gorritzeraino,
harrapakin errazen antzera
oinatzak utzi izan ditut etxeraino.
 
Nire memoria elurra bezalakoa izatea
biziraupen kontua da,
aldian-aldian erori arren
hotz mantentzen delako beti.

X)

Kanpoan izotza ari du gogoz: errepidea soroekin berdindu da, orain dena dago zuri. Gure etxerako bidea neguak jan du, ez dugu biderik inora joateko. Eta lasaigarria da hori: hemen egon behar dugu, berotan, ezin dugu inora joan. Lasaitu egiten gaitu horrek. Gure esku egon liteeen zerbait jadanik gure esku ez dagoela sentitzea terapeutikoa da.

Baina begiak itxi ditut apur batez, eta zabaldu ditudanean jadanik dena aldatu da: etxe barrua da izozten ari dena orain. Itzali egin da beheko sua, zuritzen ari dira ispilu guztiak. Elur maluta batzuk erori dira zapaten ahoetara; neguak jan ditu gure harridura, pentsamenduak, begirada inozenteak. Dardarka ari da etxeko zakurra.

Leihora urreratu naiz: eguraldi ederra dago, eta garbi garbi ikus dezaket gure etxetik aurrera, zuzen, landa zabalen artean, etxetik urrunera doan errepidea.

XI)

Beti ez dira hitzak, beraz,
Industria eremu bakartietan
Edo propaganda bulegoetan sortzen;
Sortzen dira barre artean ere
Txikori belarraren ilaunak bailiran:
Begira nola doazen zerurantz,
Begira nola ari duen elurra goraka.

Elurrezko perlaz beterik ditugu hortzak, goraka ihes egiten dute tu egiten dugunean, baita haizerik ez dabilenean ere. Denborak agintzen du hemen: esan berriz hitzak, elur maluta itsaskorrak bezala zabal daitezen ingurukoen haginetan.

Neguaren gela hotz batean hasiko da dena. Baina ez du neguak hasiko, ezin dugu neguaren zain egon: guk hasi behar dugu.

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENyFgMi95