Hotza
2012-02-06ko saioa. Entzun hemen
Hotza da negua hemen. Zelaietako mantu zuria izotza ala elurra den egin dugu zalantza, kea ala arnasa den tximinietatik zerurantz luzatzen den hari hori, barruan ala kanpoan egiten duen hotzago. Laku izoztuaren erdian egindako zulo baten arrastoa da orban hau gure bularretan.
I)
Hotza zer den
Katilu bat hausten sukaldeko baldosa gainean
Zapatak apurtuta kalera ateratzea
Aspaldiko asmo bat errotik aldatuko duen zerbait bizi izana.
Hotzak piztu egiten gaitu
Sentitzen duguna itzaltzen duenean.
II)
Lekukoen guztien arabera hotzak ziren egunak orduan. Gorputzak estalita pilatzen ziren arima unatuak kafe usaina zerien tabernen kanpoaldeetan. Kea eta arnasa izoztuen zuria bereiztezinak ziren espaloi hormatuan. Hormigoizko palazioan bizi ginen. Ia ahaztua geneukan elkarrekin aurkitzeak sortzen zigun beldurra, geure buruak estaziotik ateratzen irudikatu genituenean. Geure buruak irudikatu genituenean hotzez, nor bere bidea egiten, kea eta arnasa izoztua bezala, nor lehenago eroriko elkarri eusten.. Aterpe baten bila deslai ibili ohi zen jendea kaleetan. Aterpe bat baino ez zuten eskatzen negurako euri zakurrek ilunpeko aienetan. Lainoak betetzen zituen hutsuneak hirian, hutsuneak betetzen zuen hiria laino artean. Hotzak ziren egunak orduan, begiak izozteko beldurrez ixten genituen gauak neoizko aterkiz. Hotzak ziren egunak orduan, ospelak ateratzen zitzaizkigun etxerakoan. Suak pìzten genituen azalpeko lubakietan, orduan orain bezala.
III)
Elurra arituko balu. Luis Garde
Elurra arituko balu
lurrak gure aztarnaren memoria gordeko luke.
Lurra, listua, gure jakak, buztinezkoak dira.
Argazki sepiaren argia du egunak.
Noren behatzek eusten diote?
Ilaran isilik goaz; ahoak irekita.
Hauts gorria: zintzurra jaten digun txori hotza.
Gaueko abelbide guztietan zehar ibili gara arnasestuka.
Ederrak eta hitsak izan gara batzuetan,
bertze batzuetan itsuki ankerrak.
Beldur zuria hartzitu zen ilunean.
Bihotzetako kaxoi itxietan
nork bere giltza.
Goizeko lehenengo distirak
aurpegiak itzuli zizkigun;
geure buruarekiko errekonziliaziotzat hartu genuen.
Etxeratuko gara irabazle
ezpainetako hauts gorria kendu ezinik.
Etxeko sua hauts gorri berberaz amataturik aurkituta
ez dugu berriz piztuko.
Hala erran ziguten.
Hala arituko gara.
Hala bedi.
IV)
Hotzak ditut ametsak neguan, betileak izoztuta esnatzen naiz. Hotzak naiz kalean heltzekoa den baina ailegatzen ez den zerbaiti itxaroten diodanean. Hotzak ditut oinak ibiltzen ez naizen urtaroetan, hotzak dira begietara begiratzera ausartzen ez diren pertsonen arrastoak nire azalean. Hotzak ditut erantzun guztiak barruan gordeta daramatzadanean, irauteko prestatzen dira horrela. Azal izotzezko lakuaren erdian egindako zulo baten aurrean ematen dut eguna, arrantzan, hondoratutako arrazoien ehizan. Bularraren erdian egin nizun zuloan barrena sartzen ditut nire eskuak berotuko dituen suren baten bila. Hotzak dira egunak, bazterrak, gatzez betetako errepideen bizkarrak neguan. Miazkatzen dizudan zentimetro bakoitza urtutako oroitzapen bat da. Laku izoztuaren erdian egindako zulo baten arrastoa da orban hau nire bularrean.
V)
Zintzurra jaten digun txori hotza. Izaren bilduratik atera eta leihoa zabaltzera joatea itsasoan ustekabeko bainu bat hartzea bezala da. Inoiz ez daki gorputzak, hain memoria ahula duen horrek, norainoko dardara eragingo dion goizak, egun berriak.
Ez dago min zaharrik, hotz zaharrik: mina eta hotza beti dira berri. Hain memoria ahula duen gorputz honek traizio egiten die gure asmoei. Inoiz ez daki gogoak, izara artetik atera aurretik, zenbaterainoko arrotz egingo zaion mundua, mundu berria.
Hotzak gorputz iragankorrari abegi egiten dionean, pauso bat ematen dugu aurrera eta begiak atzera doazkigu: hor dago, oheko bataila-zelai nahastua, lubaki izoztuen eremua, zerbait irabazi uste izanaren ilusio ebakia.
VI)
Lekukoak. Wystam Hugh Auden
Zu hiria zara eta gu erlojua.
Gu malkortegiko atearen zaindariak gara,
Biak.
Ezker-eskubi,
Gau eta egun,
Zelatan zaitugu.
Gure hitza desobeditu dutenei gertatutakoa
Ez galdetzea zuhurrago litzateke;
Horiendako
Gu zurrunbiloa ginen, gu haitzondoa,
Gu lokamuts formala, tristura
Eta zoritxarreko arrosa.
Igo mastan gora, ikasi marinelaren hitzak
Txoriez zamaturik irletatik datozen untziak
Porturatzean;
Kontatu arrantza eta beste gizonei buruzko istorioak,
Bizitza gatibuen amets zabalak, ostatu argituan.
Baina ez uste ez dakigunik,
Edo axoleza itxuraz gordetako hori so batez aurkituko
Ez genukeenik
Ez dugu ezer egin, ez diogu ezer,
Baina ez erratu hilik gaudelako ustez;
Ez nezakeen dantza egin.
Ordutan izan gaituzu zelatan lorategiko
Hormatik;
Zerbait erortzear da euria bezala,
Eta ez dira loreak izanen.
Betazalen antzera zelai berdeak irekitzean,
Estaltzea hobe zena errebelatuz—
Atsekabea:
Eta begira, zure atzean zaratarik gabean,
Oihanak hazten eta hedatzen ari dira
Kreszendo hilkorrean.
Maratila bere sarrailan ari da irristatzen;
Leihoz kanpo mudantzetako furgoi
Beltza
Eta orain bapateko larritasun azkarrez
Kaputxadun emakumea dator, zirujano konkorduna
Eta Guraiza Gizona.
Edozein egunetan gerta daiteke;
Kasu, beraz, esan eta egiten
Duzunarekin,
Izan garbi, izan apain, olioztatu sarraila,
Jorratu ortua, eman giltza erlojuari;
Gogoratu Biak.
VII)
Lagun Izoztua. Joseba Sarrionandia
Izoztu, hitzez hitz, gorputz edo substantzia batek barruan duen ura gogortu arte hoztea da. Goio Bluefields alboan bizi da, Josean Prinzapolkan, itsasbazter atlantikoan baina iparralderago. Goio izoztu egin dela eta, auskalo zer adierazi nahi duen Joseanek izoztu horrekin. Goio bakarrik bizi da, ia hamalau urte darama erbesteratuta eta paper faltsuekin, Escondido izeneko ibai zabalak itsasoratzean sortzen dituen irletako batean, ohol hormak eta uralitazko teilatua dituen etxe umelean. Edozein lizundu, gaixotu edo ustelduko da hemen, eta denborarekin ia derrigorrez lizundu, gaixotu eta ustelduko gara denok, baina izoztu, ez dago inor izozteko moduko hotzik tropiko sargoriotan.
VIII)
Gogoratu biak, izotzaldia eta urtzea. Pentsatu zenbat sufritu duten artikoko euliek neguan bizirik irauteko. Neurtu ematen duzun pauso bakoitza, zure azpian apurtzen den ezer izan ez dadin izotzezko irla hori baino handiagoa. Gogoratu biak, izotz zati erraria eta gainean daraman hartz zuria. Urtzen hasten denerako ez du arnasarik hartu ahal izango. Handia da ozeanoa inguru haietan, inork ez du igerian zeharkatzeko tentaziorik erakutsi momentuz. Gogoratu biak, urtzea eta izoztea garai bertsuan gertatzen direla gurean. Jarri zaitez hartzaren lekuan, noraezean doan izotzezko metro karratuen barruan. Bularraldean egiten dizudan zulo bakoitzeko askatzen diren izotz zati guztiez errukitzen naiz.
IX)
John Hustonen “Iguanaren gaua” filmean, Richard Burton abade anglikanoak Puerto Vallartako bere lagun baten etxean igarotzen du denboraldi bat. Laguna Ava Gardner da, baina ez da berau Burtonek inguruan duen emakume bakarra.
Tropikoak izerdiz bustitzen ditu aktoreak, eragin egiten die izateko eran. Badago beste neska gazte bat ere, badago emakume zorrotz samar bat. Richard Burtonek arazoak ditu alkoholarekin. Tropikoko lurrinek eta bero sapak inguratu egiten dute: landare haragijale batek jan nahiko balu bezala dabil Burton abadea, batetik bestera alderoka, ihes egin nahian baina aldi berean ihes egiteko gogorik gabe, heriotza eragin ahal dion pozoi batek erasanda bezala.
Pertsonak izoztu egiten dira, hotza sartzen zaie barruan. Ez izotza ari duenean bakarrik, edozein egoeratan gerta daiteke. Gorputza ez da hotzaren harri gogor eta garratzezkoa beti, baina hoztu egin daiteke, eta baita izoztu ere. Pertsonak pertsona izateari uzten dio horrelakoetan, ia objektu bihurtzen da.
Alderantzizkoa gertatzen zaio Richard Burtoni “Iguanaren gaua” filmean: objektu bihurtu nahi luke, izoztu egin nahi luke, hotza sentitu nahi luke barruan. Bere arazo guztien bukaera litzateke hori.
X)
Hiritik irten garenera arte ez dira autoko kristalak guztiz desizoztu. Gezurra ematen du hotz honekin nola ausartzen den jendea kalera irteten, nola har dezakegun kalefazio gabeko autoa bidea egiteko. Izkinetatik hasi dira leihoak beren onera bueltatzen. Motorra piztu eta berotu bitartean itxaron egin behar genuen badaezpada. Esku larruak kendu ditut zure azala ukitzeko. Berogailuak zarata gehiegi ateratzen du han barruan, ez dut esan duzunik entzuterik lortu. Artikoan bizi den pinguino familia bat imajinatzen duzu errepidea zeharkatzen. Eskuak lehortuta dituzula esan didazu, hotzak nekatu egiten zaituela. Itxaron egin behar genuen irten baino lehen. Izotz zatiaren gainean gatibu den hartz zuriaren irudia etorri zait akordura. Zelaietako mantu zuria izotza ala elurra den egin dugu zalantza, kea ala arnasa den tximinietatik zerurantz luzatzen den hari hori, barruan ala kanpoan egiten duen hotzago.
XI)
Tajori buruz. Eugenio de Andrade
Bai soldadu goibela euri hau
udazkeneko silaba ilunen gainean
Tajo ibaiaren gainean azken txalupak
txalupen gainean atzerriko argia.
Izana da, ahoa, maitasun bazterra Tajo ibaian
eskuak izanak ere erleen sutea
artean gorputza ez zen hotzaren harri
gogor eta garratza.
Linburtua da mantarren argia Tajo gainera.
Zuri adio esateko ordua da.
