Memoria
2010-11-28an emandako programa. Entzun hemen
Joxe Arregik esan zituen, torturatu eta gero, lau hitz: “Oso latza izan da”. Ondoren hil egin zen. Hitzek zertarako balio duten pentsaraztera garamatza horrek. Zein den benetan duten eraginkortasuna. Ahoan ebakitzen ditugun hitzek ba ote duten zerupera ateratzeko eskubiderik, lau hitz horiek entzun eta gero. Literaturarik egin litekeen, lau hitz horiei buruz. Gure buruei min emateko tortura-bide zorrotz bat ote den memoria. Erantzungo ez ditugun galderak dira denak.
I)
Joxe Arregik esan zituen, torturatu eta gero, lau hitz: “Oso latza izan da”. Ondoren hil egin zen. Hitzek zertarako balio duten pentsaraztera garamatza horrek. Zein den benetan duten eraginkortasuna. Ahoan ebakitzen ditugun hitzek ba ote duten zerupera ateratzeko eskubiderik, lau hitz horiek entzun eta gero. Literaturarik egin litekeen, lau hitz horiei buruz. Gure buruei min emateko tortura-bide zorrotz bat ote den memoria. Erantzungo ez ditugun galderak dira denak.
II)
Memoria disekatuen garaia. Garai disekatuen memoria. Apalak akorduan geratu zaizkion txatalez betetzen dituen agurea. Begiak ixten ditugun moduan ixten ditugu akorduaren liburuak ere. Eta orduan hasten da memoria bere kaxa ibiltzen, osatzen, handitzen, horitzen. Zientoka dira honezkero bete ditugun kartoizko kaxak. Gedar egin digu amak, ea noiz aterako ditugun etxetik. Memoria, paper horiztatuak. Umetatik geure geurea izan dugun ohitura, gauzak gordetzearena. Noizbait, etxeko zapatilak jantzita, eskutan hartuko ditugu berriz; egunkarietatik moztutako orriak, argazki eta folioak, umetako marrazkiak, han eta hemen bildutako harri bitxiak, idatzi eta igorri gabeko gutunak, idatzi eta jasotakoak. Gure memoriari ebatsiriko txatalak dira denak. Tranpa eginez berreskuratu ditugunak. Memoria disekatuak, kartoizko kutxetan ondu diren gure bizipen asimetrikoen bilduma. Hara hor, agurearen pauso motela, apalak betetzen egunez egun. Herri baten memoria nola osatzen den.
III)
GLADYS (Beñat Sarasola, Alea)
Balentria handiek zentzurik zuten garaietan bezala
Proletarioek beren izana galdu dute. «Aldatu egin
Dira!» esango dute soziologo baikorrenek. Linea
Horiko bagoiak aldatzekotan direla irakurri dut
Doako egunkari batean, errepidea noiz libratuko
Esperoan nintzela. Ez da udaberria ailegatu oraindik
Baina 80ko hamarkadako herrialde komunista
Batean bizi naizela iruditzen zait estazio honetan
Sartzen naizenero. Eta aurrera ekiteko kemena pizten
Zait zenbaitetan halaber, gezurra badirudi ere, dena
Ez baita horren dohakabekoa. Eta orduan Gladys del
Estalekin akordatzen naiz, nola Guardia Zibilak
Garbitu zuen gupidagabeki 1979ko ekainaren 3an.
Eta jendeak kantatzen zuen: «Fuera yankees de
Navarra» eta eguzki antinuklearrak negar egin zuen
Estreinakoz. Iragana ez da harro egoteko motibo bat,
Eta orainaz, etengabe gorroto eta maita dezakegun
Orain horretaz, zer esan? Zenbat bider ez ote dugu
Exijitu bake apur bat? Bakea gaztetatik egotzi
Dizkiguten arduretatik, galdetu gabe egokitu
Dizkiguten zametatik. «Adiskidea», esan diot,
«Egin dezagun minutu baterako baino gogoangarri
Izango ez den ekintzaren bat». Serioski begiratu nau
Eta zurrut epel bat eman dio kafeari. Ez du deus
Erantzun. Eta beste behin alde egin beharrean, susmoa
Eduki arren hori ilusio bat gehiago baizik ez dela
Azkenean. Hiri honek bere mugak ditu, beste edozerk
Bezalaxe. Bihar, elkar agurtuko dugu desertuko
Errepide zatar batean. Parke eder batera joango naiz
Eta, belarretan eserita, kargu hartuko diot munduari.
IV)
Munduak ez du zertan gutaz gogoratu. Munduak ezin baitu gutako bakoitzarentzat memoria bana gorde bere artxibategietan. Eremuko dunen atzetik dabil, zulo urdin guztiak miatu ezinik eta euri zitalari esker bizi da. Ikusi zituen gurpil sutsuak arranotu zaizkio orain, amuratu eta bazter batean aurkitzen da. Desafinatzeke, nahasirik habil, agure. Leiho itxura eutsirik gauaren pareta spraytu duzu. 17 urteak, 17 zuri dira Ezekiel. Mingotsaren mekromina Ezekiel. Ibar labur bat zara, hari xingle bat betiko.
V)
ISILDUTAKOAREN ORDAINA (Gotzon Barandiaran, Arrakalak)
Kale kantoian batu dira
gudaren batean mezulari izan zirenak.
Azken mandatuaren zain daudela diote,
baina sasoi hobeak goratzeko
bildu direla ematen du.
Besarkadetan falta direnak
gogoratu dituzte lehenik
eta alegiazko balentriez hasi dira gero,
zaldi gaineko haiez.
Errusiako enperadoreari gutun puta bat ematearren
bizitza eta ohorea nahastu zituenaren antzekoak dira,
nahiz eta ondo dakiten ospea
memoriaren apeta baino ez dela.
Sekretuak inork baino hobeto
kontatu dituzte,
gabardinetako poltsikoetan
ezkutatu dira morteroetatik,
ezelango hiztegik ulertu ezinezko
pasahitzetan lubakitu dira.
Zortzietan, afaritarako kanpai hotsak
jotzearekin batera, zin egin dute
bihar ere azpilanetan jarraituko dutela,
ez direla hiletetako sermoilariez fidatuko.
Isildutako guztiaren ordainez
egin ziren mezulari.
VI)
Bisturia eskuetan duela ikusten dut nigana hurbiltzen. Etzanda nago, izara zuri batez estali dute ene gorputza. Besoak eta hankak lotu dizkidate ohera. Ezin naiz mugitu eta bisturiarekin ikusten dut nigana hurbiltzen. Ziztada labainkor bat sentitu dut kopeta gainean, hortik aurrera ez dut ezer gogoratzen.
Gauero errepikatzen da azkenaldian. Berdin-berdin. Pausoz pauso errepikatzen den gertaera bera, gauero nire logelan. Goizean esnatu eta ispiluaren aurrean naizelarik, ez dut inongo arrastorik ikusten nire gorputzean. Zerbait lapurtu izan balidate bezala gertatzen da baina nik ez dut inon ezeren arrastorik aurkitzen. Memoria zatiak eramaten dizkidate, lapurtu egiten dituzte. Plastikozko poteetan gordetzen dituzte, hozkailu erraldoietara eramateko gero. Eskerrak kartoizko kutxak ikusi ez dituzten, eskerrak barrukoari erreparatu ez dioten. Bestela alferrik idatziko nuke memoriaz, nirea ez den mundu bat kontatzeko. Herri honetan, idazleak baino arkeologoak behar ditugu memoria berreskuratzeko.
VII)
ARKEOLOGOAK (Jon Benito, bulkada)
Zeure puskak bildu eta alde egin ondoren
min eta erruak salagarri daudenean ailegatuko dira.
Egunaren lehen eguzki printzek agerian utziko dituzte
ohe gainean bihurritzen zineneko zimurrak.
Zeren seinale direla esango dute?
Zer aurkituko dute azpiko geruzak aztertzean?
Zenbat amesgaizto, zirri, zauri miazkatze?
Urrezko aroa aspaldi igaro eta, ordutik gainbeheran,
izurri batek ihesera bultzatu zintuela idatziko dute?
Zer besterik froga dezakete arkeologoek
bizikidetza adiskidetsua aspaldi akabatu zela baino?
Desagertutako zibilizazioaren arrastoak orraztuko dituzte
geratzen denak hutsuneak harramazka ditzan.
VIII)
Andu Lertxundi
Idazleek asko jarduten dute errealitateaz, haien egitekoa omen da gertatzen dena kontatzea. Asuntoaz jardutea, bai hurbilekoaz, bai orokorraz. Errealitatearen ertz ugariak harrapatu, errealitatearen zoko ilunenetan argi egin, errealitatea islatu. Hori esaten dugu behintzat. Saul Bellowen gutun bateko aipuaren ur hotzak brastakoan esnatu nau eta zein lañoaK garen ikustarazi:
“Nobelagileek (baita poetek ere) beti jakintzat eman dute badakitela inguruko errealitatea deskribatzen. Zein uste oker patetikoa! Zelako harrokeria! Munduak gainditu egin gaitu eta proportzio astronomikoetan derrotatu gaitu. Ezin dugu izan haren galgan egoteko esperantzarik. Idazleen imajinazioak ez du sekula lortuko hogeigarren mendeko historia politikoaren perbertsio maila”.
Ados baina idazleak ez dira perbertsioaren lekuko soil. Badira parte ere. Hortik abiatu gabe, gure begiradak balio gutxi izango du memoriaren atzaparretan.
IX)
GERRATE ONDORENA (Mikel Lasa)
Altsasu, gerrate ondorengo isilunea.
Pagadietan atzeman diat gotorkeria.
Bihotzean hildura. Bidegurutzetan
ikusi dizkiat gizonak bakanduak,
mutu geldiak,
estrapuzko kapusaiaz buruak estaliak,
mendiari buruz arrapaztaka gora doazela
pausaldirik gabe, oi arraza galdua,
madarikatua.
No-man’s-land bihurtua hakusagu
Oi, enea zinen lurraldea. Ze ausardia,
ze argibide egarria, milaka urtetan
etenik hengoen mintzaira hirekin lokarritzea.
Hemen herri batek bere buruarekiko oroitzapena galdu bide du, lurra kiskali da, gizona mututu, adimen izpia iraungi, ziurki. Hemen euria ateri gabe ari da joan deneko mendeetan. Bisutsak zorabiatzen ez duen lur barruko hilerriaren isiltasun pisua dario. Hemen formaren arrastorik ez dut ikusten. Dena zaigu xahutu, erraustu, ezeztu. DESHISTORIAREN ERREINUA DA GURE HAU.
X)
Lekukoen txanda iritsi zen. Epaileak beste guztiak isilarazi zituen. Lekukoen txanda zen. Zuzenean egin zion galdera beltzez jantzitako epaileak. Justiziaren izenean mintzo baitzen beltzez jantzita, apur bat gorago eserita. Isildu egin ziren denak gelan. Hitza hartu zuen lekukoak. Memoriaz hasi zitzaion. Epaileak isildu zuen arte, memoriaz hitz egin zuen lekukoak. Beltzez jantzitakoak nahikoa zela esan zion goitik. Hura ez zela memoriarentzako unea. Justizia egin behar zutela han, memoriarik gabeko justizia. Burdin eta egur zaporeko justizia. Memoria disekatuen mendeko justizia. Lekukorik behar ez duen mendea.
XI)
ANDONI TOLOSA (Satorrak)
Ez omen dik mendeak lekukorik behar
nahiago dik bonbilen isiltasuna
horregatik omen gaudek hiltzera kondenaturik
argizarizko tximeleten antzera
kristalezko laberintoetan igarotzera
gure egun bakarra eta
estoldetan erori baino lehen eguzkitan urtzera
argizarizko tximeleten antzera
ederregiak omen ginen
hegaletan otoi egiteko
harroegiak
tximeleta ezinduen antzera
XII)
Gaur ere etorri zaizkit gauez, bisturia eskuetan hartuta. Lotu naute ohera, beso eta hanka. Sentitu dut betiko ziztada bekoki gainean. Erori naiz lotan. Ibili naiz eremuko dunen atzetik. Hari xingleak lotzen eromenerako. Zulo urdin guztiak miatu ezinik. Euri zitalari esker iraun dut esnatu bitartean. Ibar labur bat naiz, mende baten lekuko. Baina memoria hori baino sakonago ezkutatzen den zerbait da gurean. Kartoizko kutxa batzuk baino zeozer gehiago. Memoria gurean.