Ezer gehitzeko laburregi
2012-02-12ko saioa. Entzun hemen

Harriaren atean jo dut.
— Neu naiz, utzi sartzen.
— Ez dut aterik —dio harriak.
Wislawa Szinborska
I)
Wislawa Szinborskak gauza asko egin zituen:
Ferrokarriletan egin zuen lan batxilergoa bukatu ondoren.
Poloniar hizkuntza eta literatura batetik eta Soziologia bestetik ikasten hasi zen unibertsitatean, baina ezin izan zituen ikasketak bukatu arrazoi ekonomikoengatik.
Egunkari eta aldizkarietan hasi zen poemak argitaratzen, beste asko bezala.
Bere lehenengo poema bilduma 1952an argitaratu zen, hiru urtez zentsuraren linboan egon ondoren.
Geroago bere hasierako liburu horri eta beste batzuei uko egin zien, “errealismo sozialistarekin” zuten atxikimendu gehiegizkoagatik.
Eta apur bat geroago Nobel saria eman zioten.
II)
Erretzaile amorratu zen Wislawa Szymborska, birikietako minbiziak jota hil da azkenean Krakovian, negurik beltzenean, birikiak lehortuta, Wislawa Szymborska idazle poloniarra.
Elurra ari du izotzaren gainean ordutik, geruzaka osatzen da dena hemen, ezer ez da atzokoa gaur eta alderantziz; ezer ez zen gaurkoa atzo. Geruza geruzaren gainean pilatzen da gure betazaletatik barrurantz, prest dira kamioiak gatzez beteta, tentuz zapaldu ditugu espaloiak ogia erostera joateko, gaziago nabaritu dugu azala goizean, heriotzaren berri eman digute irratian.
Beldurrari beldurra diogula zioen, nahiago dugula etxeko berotan geratu erortzera arriskatu baino, izutu egin gaituzte, zainduko gaituen norbaiten beharra sortu, negutu egin zaigu begirada denborarekin. Isilagoa da munduaren oihartzuna izotzetan, zarata guztiak xurgatzen ditu elurrak barrurantz, orain badugu zertaz hitz egin, zertaz kezkatu, dena estaltzen du zuritasun honek, gatza zabaldu du baten batek etxeko lurzoruan, alfonbra azpian ezkutatu gara, ikusten ez den izotza dela arriskutsuena errepikatzen digute, Siberiatik omen zela etortzekoa frontea, eta han imajinatu ditugu geure buruak alderrai, metro koadro gutxiren barruan, idazle poloniarrarekin tabakoa pipatzen, polikiago ibiltzera ohitu behar izan gara, eskertzen da pausaldia barrurantz begiratzeko, barrukoak dira konpondu beharreko lehen itoginak, negua behar genuen eta negua da daukaguna. Elurra ari du izotzaren gainean, kaleetan bizi direnekin gogoratzeko salbuespena egin dugu egun batzuez, zarata gutxiago entzuten da bazterretan orain, badugu etxe bat, beldurrari beldurra diogu baina babestuago sentitzen gara, badakigu euriak ez duela denbora gehiegi beharko dena urtu eta lehengora itzul dadin, prest dira kamioiak gatzez gainezka, dena desizoztuko da laster eta lehengora itzuli, elkarren beroa baino ez dugu eskatzen, entzungo gaituen norbait ondoan, maite gaituztela sentitzea.
Urtuko da elurra euritan, desagertuko da azpiko izotza eguzkitan, denak berdin jarraituko du bihar-etzietan. Elurrak ez baitu ezer aldatuko, aldaketa ez baitago gugan, ezerk ezin baitio aldatzeari utzi, geu baikara aldaketa posible bakarra.
III)
Beti begiratzen dugu atzera gure begiekin: begirada bat luzatzen dugunean iraganera, begirada kutsatua da; egunerokoan bizi dugun horrek kutsatzen du.
Kutsatutako begirada batek esan dezake, joaten ari den, badoakigun mundu zahar hartako biztanleen bizimodua sinpleagoa zela. Harriak bezain sinplea, edo, agian, egurra bezain sinplea.
Kutsatutako begiradarik ez bagenu, agian, pentsa genezake badoakigun mundu horretako bizimodua lotuago zegoela bizitzarekin, benetako bizitzarekin. Ikutu eta usaindu daitekeen horrekin. Eta gu, bitartean, bagoazela aurrera, izarrez osatutako mapa batean galtzera.
IV)
NORK BERE BURUA GUTXIESTEAREN LAUDORIOA
Zapelatzak ez dio bere buruari ezer leporatzen.
Ez du kezkarik erakusten pantera beltzak.
Pirainek ez dute inoiz euren jokaera zalantzan jartzen.
Eta kriskitin-sugeak bere burua onesten du etengabe.
Ez da mundu zabalean txakal autokritikorik.
Otia, kaimana, trikina eta ezpara
euren larruan gozo bizi dira.
Ehun kilo pisatzen du orkaren bihotzak,
baina, funtsean,
arma da luma bezain.
Eguzkiaren hirugarren planetan,
kontzientzia garbi lasaia
aberekeriaren zantzu argiena dugu.
V)
ARBASOEN BIZITZA LABURRA
Gutxi heltzen ziren hogeita hamar urte betetzera.
Zahartzaroa zuhaitzen eta harrien pribilegioa zen.
Haurtzaroak otsoa otsoko den aldi laburra irauten zuen.
Presaka ibiltzea ezinbestekoa zen bizirik izateko
ilunabarrean,
lehen elurren garaian.
Hamahiru urteko erdiberriak,
ihien artean habi bila lau urterekin,
hogeikoak ehiztarien buru ziren,
bazeuden duela gutxi eta jadanik ez daude.
Infinituaren ertzak berehala batzen ziren.
Sorginek araoak esaten zituzten ahapeka
hortzak artean gazte.
Semea gizondu egiten zen aitaren begiradapean.
Aitonaren begi lausotuek ilobaren jaiotza ikusten zuten.
Ez zituzten, ez, urte beteak inoiz kontatzen.
Sareak, eltzeak, txabolak eta aizkorak, bai ordea.
Denborak, zeruko izarrekin eskuzabal,
esku-ahur ia hutsa eskaintzen zien
eta berehala ukatu, damuturik.
Beste urrats bat, urrats bi
ilunpeetan jaio eta ilunpeetan hiltzen den
ispiluzko ibaian zehar.
Denbora galtzerik ez zuten,
ezin utzi galderak biharko,
ezta ezagutzak berandu hartu ere, goiz baino.
Jakituriak ile urdinei hartzen zien aurre,
argi egin baino lehen argi ikusi behar zuen,
ahotsa entzun behar hots egin baino lehen.
Ongia eta gaizkia.
Gutxi zekiten bi horiez eta dena zekiten:
gaizkia gailentzean, ostentzen da ongia;
ongia agertzean, zelatan da gaizkia.
Bata zein bestea garaitezinak dira,
itzultzerik baden lurraldeaz haraindi ezin erbesteratu.
Horregatik, ez da pozik izu itzalik ezean,
ez-eta etsipenik itxaropen izpirik ezean.
Bizitza, luze izanagatik, beti da labur.
Ezer gehitzeko laburregi.
VI)
TORTURAK
Ez da deus aldatu.
Gorputza mingarria da,
jan egin behar du, arnasa hartu, lo;
leuna du azala eta, azpian, odola,
hortz eta azkazalen erreserba ona du,
hezur hauskorrak, artikulazio luzakorrak.
Torturatzeko, han guztia hartzen da kontuan.
Ez da deus aldatu.
Gorputzak dar-dar egiten du
hala Erromaren fundazio aurretik nola geroztik ere,
hala Kristo aurreko XX. mendean nola ostekoan ere.
Torturak berdin dirau, lurra txikitu den arren,
dena hementxe bertan gertatzen dela ematen duen arren.
Ez da deus aldatu.
Biztanle-kopurua handitu egin da soilik,
erru zaharrei berriak gehitu zaizkie,
benetakoak, balizkoak, une batekoak, baliogabeak;
baina oihu gorputzak jaurtikia
errugabearena izan da eta izanen;
betidaniko izari eta neurrien arabera.
Ez da deus aldatu.
Agian moduak, zeremoniak, dantzak,
baina burua babesteko, eskuek
keinu bera egiten dute beti.
Gorputza uzkurtu egiten da, libratzeko borroka egiten du,
luze erortzen da lurrera, belaunak tolesten ditu,
ubeldu egiten da, puztu, lerdea eta odola dario.
Ez da deus aldatu.
Ibaien bidea izan ezik,
baso, kosta, desertu eta glaziarren muga izan ezik.
Leku horietan zehar errari dabil arimatxoa,
desagertzen, itzultzen, hurbiltzen eta urruntzen da,
bere buruari arrotz, eskuragaitz,
orain bere izaeraz seguru eta gero zalantzakor;
bitartean, gorputza bada, izan eta izanen da,
eta ez du inon babeslekurik.
VII)
ONGI ETORRIA HIRI SOZIALISTAREN ERAIKUNTZARA
Kaleen zabalera asfalto
eta borondate saiatua izango da.
Eraikuntzen altuera adreilu
eta harrotasunaren kuraiazkoa izango da.
Zubien arkuak burdinez
eta kontzientziaz egingo dira.
Zuhaitzen berdea itxaropenarena izango da.
Igeltsuztatutako zuri freskozkoa izango da poztasuna.
Hiri sozialista,
zorte onaren hiria.
Kanpoalde eta kalezulorik gabea.
Pertsona bakoitzaren laguna.
Ditugun hirien artean gazteena.
Izanen ditugun hirien artean antzinakoena.
Gazteena gertu den biharrerako.
Antzinakoena bihar urrunerako.
VIII)
Galdetu zure buruari bizitzen hasi zinen une hura
benetan oroitzen duzun.
Ez zilborrestea moztu zizutenekoa, lehenengo arazoa ezagutu zenuen une zuri hura
baizik eta benetan bizitzen hasi zinenekoa
bizitza honetan merezi duen gauza bakar hori
ezagutu zenuenekoa.
Buruko ahots galdu horrek esaten badizu baietz, gogoan duzula,
garbi oroitzen duzula, egon ziur galbidean zoazela.
Argazki baten aurrean egongo baitzara,
zure buruari kasu egiten badiozu.
IX)
IKUSI ORDUKO MAITASUNA
Biak ere sinetsirik daude
bat-bateko sentimendu batek elkartu dituela.
Ederra da ziurtasun hori,
baina ziurtasunik eza ederrago.
Imajinatzen dute ezen, elkar ezagutzen ez zutenez,
ez zela lehendik ezer gertatu beren artean.
Zer esan, baina, behiala ausaz elkar gurutzatu zuteneko
kale, eskailera, pasabideez.
Nahi nieke galdegin
ez ote diren oroitzen
—buruz buruko topaketa bat, akaso,
noizbait ate jirakari batean,
edo “barka”ren bat
edo “oker markatu duzu” esapidea telefonoan—,
baina badakit erantzuna.
Ez dira oroitzen.
Harrituko lirateke
jakinik aspaldi dela
berekin jolasean dabilela halabeharra;
beren patua bilakatzeko
artean erabat prest ez zegoen halabehar bat,
zeinak hurbildu egiten baitzituen eta urrundu,
zeina bidera irteten baitzitzaien
eta, barreari eutsiz,
albora baztertzen gero.
Izan zen zeinurik, seinalerik,
baina zer egin, ez baitziren ulergarriak.
Ez ote zen hegaldatu
hosto bat baten sorbaldatik bestearenera
duela hiru urte
edo are joan den asteartean?
Gertatuko zen noski zerbait batek galdu eta besteak aurkitzea.
Haurtzaroko sasietako
pilotaren bat, batek jakin.
Ba bide zen maratilarik eta txirrinik
zeinetan baten ukitzea
besteari gainezarri baitzitzaion.
Maletarik, bata bestearen ondoan egokituak kontsigna batean.
Menturaz gau jakin batean amets bera,
esnatu eta berehala desagertua.
Hasiera oro
ez da jarraipen baino,
eta gertakarien liburua
beti erditik irekia dago.
X)
“Idaztearen poza” poeman, idazlearen eta irakurlearen arteko harremanaren funtsezko kontraesan bat deskribatzen du Wislawa Szinborskak. Hitz egokiak aurkitu, eta arazo egokia kontatu; soluzio bat aurkitzeko inolako asmorik gabe, ikusarazteko asmoarekin, besterik gabe.
Idazleak, edo hobe esan, idazlearen asmoak, irakurlearen asmoarekin egiten du topo, borroka: Szinborskaren hitzetan, irakurleak erabaki dezake idazlearen intentzioa ebaki edo ez: irakurleak begiak testutik altxatzen dituen bakoitzean eternidade txikitan zatitu dezake testuan dagoena, testuak kontatu nahi duen hori. Balak airean zintzilik, geldi, geratzen direnean bezalaxe, hitzak orrian geratzen duira, mugitu ezinik. Irakurlearen esku dago interpretazioaren boterea.
Eta hala ere, arrisku hori aurrean izanda ere, Szinborskaren hitzetan ezer ez dago idaztea bezalakorik: idazleak, idazten duenean, poza sentitzen du. Idaztea une bat betikotzearekin lotzen du. Eta, dio, idaztea esku hilkor baten mendekua dela: urte batzuk geroago hauts izango den esku batek eternidadeari ematen dion oparia, opari pozoindua askotan.