Atzo da beti
2012-02-19ko saioa. Entzun hemen

Fernando Pessoa
Atzo da beti: ez dago aurrera begiratzerik. Dakigun guztia atzo da, joandakoa daukagu iltzatuta burmuinetan. Gaur esku artean dugun guztia atzo da. Iraganean eraikitako dorre txikiak zapaltzen ditugu oinez goazela. Atzo delako beti.
I)
Atzo da beti: ez dago aurrera begiratzerik. Dakigun guztia atzo da, joandakoa daukagu iltzatuta burmuinetan. Gaur esku artean dugun guztia atzo da. Iraganean eraikitako dorre txikiak zapaltzen ditugu oinez goazela. Atzo delako beti.
Kontsolatzeko, asmakizunak txertatzen dizkiogu etorkizunari. Ipuinez goldatzen ditugu biharko egunak. Oraindik ezagutu ez duguna nolakoa izango den irudikatzeak lagundu egiten digu. Oraindik guztiz eraikita dagoen eraikin bati begiratzea bezala da: badakigu oraindik bukatzeke dagoela, zerbait falta duela, zerbait dagoela bertan egiteko. Geure esku dagoela bertan zerbait egitea.
Aldiz, gaur egungoari begiratzen diogu, gure inguruneari, eta eraikita eman dizkiguten gauzak ikusten ditugu, etengabe. Itxitako ziklo guztiak dira itxi gabekoak, gaur atzo delako beti. Beti da atzo, beti da ispilu bat. Bihar ez da ispilu bat izango, gure ustez. Ispiluak apurtuz sinestarazten diogu hori, gure buruari.
II)
Bukatu du diskurtsoa, itzali dira argiak, elurra elurraren gainean ari du oraindik eta ez dakigu noiz ari garen zapaltzen, hustuz doa gela, piztuta geratu dira mikrofonoak, ez dakigu noiz ari garen zapaltzen eta izotzak zeharka ezin bihurtu ditu pasabideak, gatz gehiago bota beharko dute hurrengoan gogoratzeari utz diezaiogun.
Itsaso bete gatz beharko genuke, ahanzturan itotzeko gure penak. Penaz bizitzea baino gauza penagarriagorik ez dela esaten zigun herriko apaizak nerabetan. Inportantea da non zapaldu adostea lehenago, akordatzeari uztea komeni bazaigu ere, elurrak elurra egin dezan bihar azal, mikrofonoek elkarren berri izan dezaten abisu eman aurretik, inor ez dezan istripuak ezustean harrapa, munduan zaratak isiltasunari lekua hartzen dionean, mikrofonoak itzaltzen badira derrepente, itsuak mutu izateari uzten ez diolako izango da, ez gara egindakoez damutuko behintzat, tiro bat entzun da kontzertuaren erdian, etortzeko esaten didazu, hemen naukazula errepikatu nizun mikrofonoak itzali aurretik, hau ez dela atzo gertatu, hau bukatu den diskurtso baten hasiera da.
Lorratzari jarraika ibili gara aspaldion eta atzo da beti, hor dago amildegia, arnas zuria zerurantz lerratzen da gure ahoek uzten dituzten zirrikituetatik, ikus dezakegu kasik behean zer ari den gertatzen, inor ez da honetatik salbatuko, inor ez da onik aterako, maitasunak ezin ditu gure gorpuak luzaro ur azalean mantendu, hor da amildegia, lorratzari jarraitzea baino ez zaigu geratzen, elurra elurraren gainean ari du, ez dakigu noiz ari garen zapaltzen, aspaldi bukatu zen diskurtsoa.
III)
![]()
Beharbada, seguraski. Edu Zelaieta, 2004
Beharbada
oraindik ez dituzu zure seme-alabak ezagutzen,
ez eta hamabi urteren buruan
bizia salbatuko dizun laguna ere.
Beharbada
ez duzu seme-alabarik izanen.
Beharbada
atzo pozarren ikusi zenuen umetxoak
labankadaz josiko du bere bikotea 2027an.
Segur aski
heldu den astean berean ezagutuko duzu
egunen batean sos batzuengatik salduko zaituen adiskidea,
hagitz une berezian sostengua emanen dizuna,
arras mozkorturik gidatzeagatik
lankide baten bortz urteko mutikoa harrapatuko duena.
Segur aski
atzo mutur beltza eskaini zizun emakume xaloari
noizbait ebatsitako bizipoza itzuliko diote
hiru urteren buruan.
Non ote dautza oraindik ezagutu gabeko momentuak?
IV)
Maiteminduak. Xabier Gantzarain
Plaza batentzako izen ederra da Syntagma, adostasuna, iraultzarako deia zabaldu da sarean, Europa, altxa gaitezen, baina hurrengo eguneko berripaperek ez dakarte ezer, ezkutuan geratu da, elkarri bultzaka egin du lekua jendeak metroan, pantailetako argietara begira egin dute lurrazpiko bidaia, lanera doaz, zorrak dituzte ordaintzeko, Europa, altxa gaitezen, irakurri zuen sarean, gaur astelehena da, haginlariak adeitsu hartu du, hortzak usteltzen ari zaizkizu gizona, tratamendu gogorra jarri behar zaizu, astero etorri beharko duzu, guri lana ondo egitea gustatzen zaigu, aurrekontua eman dizu gero, elkarri bultzaka egin du lekua jendeak metroan, lanetik datoz, haginlaria dute ordaintzeko, Europa, altxa gaitezen!
Plaza batentzako izen ederra da Syntagma, bat etortzea, erakusten ote dute oraindik ere eskoletan, izen-sintagma eta aditz-sintagma, maite zaitut, nik ere bai, zein da izen-sintagma, poliziak negar-gasa bota dio Mikis Theodorakisi, 88 urte, zein da aditz-sintagma, elkarri bultzaka egin du lekua jendeak munduan, Europa, altxa gaitezen!
Plaza batentzako izen ederra da Syntagma, elkartzea, baina oinazpiek munduaren azalarekin osatzen duten tangentean bizi gara zazpi mila milioi.
V)
Atzo da beti
jada ez gara atzo bezalakoak, baina atzokoak bilduta egin gara geu
jada ez gara atzo bezalakoak, baina atzo ikusitakoekin osatu dugu gure burua
jada ez gara atzo bezalakoak, baina joandakoen bilduma bat da gure gorputza
atzo da beti
baina ez dakigu bihar zein atzotatik etorriko zaigun haize-ukaldi bat
ez dakigu bihar zein atzori jango diogun eskutik
zorte bat baldin badugu, horixe baita:
kontzientziak dioskuna baino gehiago bizi izan dugula
memorian iltzatuta daramaguna baino gehiago daramagula bizkar gainean
eta hautaketak beti ditu zirrikituak
beti datoz aurpegi eta liburu berriak
edo berri ustekoak, gutxienez.
VI)
Tower of song. Jatorrizkoa: Leonard Cohen / Itzulpena: Irati Jimenez
Joan zaizkit lagunak, urdindu ilea
Minduta ditut aspaldiko olgeta-lekuak
Badut maitasun egarri eroa, baina ez naiz bila ari
Egunero ordaintzen dut abestien dorrreko nire alogera.
Honela jaio nintzen, ez zidaten hauturik eman
Urregorrizko ahotsaren opariarekin.
Eta haratago dagoen handitasunetik etorritako hogeita zazpi aingeruk
Mahai honetara lotu ninduten, hementxe, abestien dorrean.
Sartu, beraz, zure orratz ttikiak budu panpina horretan
Sentitzen dut, laztana, ez du nire batere antzik.
Argiak bete-betean jotzen duen leihoaren ondoan zutik nago.
Emakume batek ezin zaitu hil abestien dorrean.
Esan dezakezu mingoztu egin naizela baina zaude ziur:
Aberatsek haien kateak dituzte txiroenen logeletan,
Eta boteretsuen epaiketa dator, edo akaso erratuta nago.
Badakizu, ahots estrainioak entzuten dira abestien dorrean.
Ikusten zaitut beste aldean zutik.
Ez dakit nola datorren ibaia hain zabal.
Maite zintudan, maite zintudan aspaldi
Eta zubi guztiak sutan dira, zeharkatu genituenak, akaso,
Hurbil sentitzen naiz, oso, galdu genuen guztitik
Sekula, sekula ez dugu berriz galdu beharko.
Agurra eskaintzen dizut, beraz, ez dakit noiz itzuliko naizen eta.
Lekuz aldatuko gaituzte, bidean beherago dagoen dorrera.
Baina entzungo nauzu, laztana, ni joan eta gero
Hitz egingo dizut goxo, abestien dorreko nire leihotik.
Joan zaizkit lagunak, urdindu ilea
Minduta ditut aspaldiko olgeta-lekuak
Badut maitasun egarri eroa, baina ez naiz bila ari
Egunero ordaintzen dut abestien dorrreko nire alogera.
VII)
Bizitza honek lau ertz ditu. Mikel Ibarguren, 1996
Bizitza honek lau ertz ditu
Lau ertz ditu ene pentsamenduak ere
Eta denboraren diktadurak
Geroaren aldabak apurtu dituelarik
Zure ametsaren sabelean bizi nahi nuke
Gaulehenaren abaraska batean bezala
Astunak dira hitzezko katebegiok
Eta ene hatz joriak oihu egiten dizu
—Ez da izanen oldar gehiagorik—
Min du ene garrasi leunak
Eta egunsenti urratu berriak
Gau iluna zauritu du
Leiho-burdina herdoilduek
Ene sentimenduak atzamarkatu dituzte
Eta jada ez gara atzo bezalakoak
VIII)
Oroitarriak. Iñigo Aranbarri
Zoazen tokira zoazela
Ekarridazu harri bat
Ekarridazu harri bat
Hilobi musulman eder bana egin diezaiogun
Edonora zoazela
Gure bihotzen lubaki gorri bakoitzari
Ez dezaten nekarazten baino atsedenik hartu
Igitai eiteko ilbehera berdea
Mailua baino arinagoa izarra
Ihes guztietan lagun izanen dugun
Lurra arin dakigun
Uraren azalean edonora zoazela
Kolore biziz margotzeko nahi nituzke neuk ere
Hangoak eta hemengoak
Lauak eta akastuak
Margolari vudu baten mozkorraldia
Biluziegi zaizkidan harrien azala janzteko
Museo bitxi bat koronel guztien iraingarri
Baina motelduak ditut behar nituzkeen denak
Eta euriak bezain higaturik zikintzen naute
Zoazen tokira zoazela
Ekarridazu harri eder bat
Hodei oparo bat jar dezadan
Gure bakardadezko Boavista gorriaren gainean
Harri soil bat
Oroimen kolpe garratza
Ontzi harro bat egin diezaiodan gure egonminari
Zoazen tokira zoazela
Zoazen tokira zoazela
Etzazu ahantzi egundo nire harria
Hilobiak harrizko hodei baten beharrean dira
Hodeia eta harrizko ontziaren harrotasuna
Uhin beltzei branka gozo ematen
Inoiz ahantziko ez dudan argazki ederra
Inoiz azalduko ez dizudan hizkuntza
Ekarridazu harri bat
Inon ez diren herrietara zoazenean
IX)
Atzo da beti
eta orain hilko banintz, gustura hilko nintzateke
orain dena erreala delako, eta dena agerian dagoelako
orain dena delako atzo, dena egiten zaidalako ezaguna.
Atzo da beti, baina zer den udaberria:
atzokoari begira jaten ditugu biharkoak oro
eta eztandak ikusten ditugu gure begietatik harago.
Udaberria etor dadinean etorriko da
eta agian dena izango da betikoa, ezaguna, erreala
agian dena izango da atzokoa, betikoa, egunerokoa
baina besteek bizitakoa guk bizitzea egokituko zaigu
guk sortutakoak egingo digu abegi etorkizunean, zorte ona badugu
eta ez dago hori baino kontsolamendu handiagorik
betidanik dator, eta betirako iraungo du
X)
Hizketari utzita. Juan Luis Zabala
Hizketari utzita,
poema hautsiak idatzi behar dira.
Liburuetako orriak askatu
eta elkarrekin kolatu behar dira nahasian,
leihoak karrikaratu behar dira,
eta errepide bazterretan ezarri.
Herrenka ibili behar da,
zaborrez betetako maletak eskuan hartuta.
Ondo jantzi behar da,
arropa guztiak dotore urratzeko.
Erori egin behar da, beti,
dardarka eta kontrolik gabe,
automatiko,
inoiz gelditu behar duenik ez dirudien tren bihurri baten antzera.
Epilepsia txikiak askatu behar dira,
hausturari hitza emateko,
hizketari utzita,
ispilu berriak kraskatu behar dira
hausturak bere burua ikus dezan.
Ezinezkoa da hitz egitea
eta poemak idatzi behar dira
haustura honi jaten emateko,
haustura honek jan ez gaitzan.
XI)
Udaberria etor dadinean. Fernando Pessoa.
Udaberria etor dadinean,
Ni hila banintz,
Gisa berean loratuko dira loreak
Eta zuhaitzen berdetasuna ez da aurreko Udaberriarena
baino ttipiagoa izango.
Errealitateak ez du nire beharrik.
Nire heriotzak bat ere inportantziarik ez duela pentsatzean,
Egundoko poztasuna dut sentitzen.
Bihar hil nintekeela jakingo banu
Eta udaberria etzi izan litekeela,
pozik hilko nintzateke, etzi izango litzatekeelako.
Bere sasoia hori bada, noiz letorke bere sasoian ez bada?
Dena erreala izatea eta dena agerian egotea dut atsegin;
Eta atsegin dut horrela delako, nahiz eta gustatu ez.
Horregatik, orain hilko banintz gustoz egingo nuke,
Dena erreala delako eta dena agerian dagoelako.
Nahi badute, latinez erreza dezakete nire zerraldoaren gainean.
Nahi izanez gero, dantza eta kanta egin dezakete beraren inguruan.
Preferentziarik ez daukat preferentziarik izango ez dudan ordurako.
Izango dena, izan dadinean, izan izango da.