Su-etena
2010-12-19an emandako programa. Entzun hemen
Lainoa izan zen behin, eta gero leihoak,
arbola batzu, eta errepideak.
Honela, kontsolabide apala,
hurrengo irteera arte itxarongo dugu lasai
edozein geltokitan.
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
I)
Umetan gerretara jolasten ginen eskolako lagunen artean. Ez genuen on eta gaiztorik bereizten. Taldeak egiteko bi pertsona aukeratzen genituen, altueraz antzekoak izango zirenak, indarrez pareko, liderrak behar genituen jolasarekin hasteko. Alde batean elkartzen ginen batzuk, beste aldean besteak eta korrika abiatzen ginen basoan barrena galtzera. Koadrodun bataz jantziriko miliziak ginen, bakoitza bere ezkutalekuaren bila. Ondo ezagutzen genituen zirrikitu eta zuloak inguru hartan. Gorde egiten ginen sastraka artean. Itxaron egiten genuen, besteak noiz hurbilduko zain geratzen ginen han, ia arnasarik hartu gabe, isilpean. Etsaia ezustean harrapatzeak emango zigun garaipena, ikasia geneukan ordurako. Irabazteak sortuko zigun zirrara, ulertezina da orain, ume baten gogoan ez bada.
Umetan, gerretara jolasten ginenean, benetakoak ginen. Sinetsi egiten genuen. Aurpegiak zikintzen genituen. Korrika irteten ginen zulotik. Batzuetan harrapatu egiten gintuzten eta beraiekin eraman. Besteetan guk harrapatzen genituen eta preso hartu. Ausartak ginen benetan, ez genuen harrien beldurrik izaten, ez genuen salto egiteko bitan pentsatzen. Atzera begiratu gabe egiten genuen ihes, ibaiak zeharkatzen genituen, hanka umeak busti, begi umeak zabaldu, esku umeak zartatu. Gure taldean harrapatuko zuten azkena izatea gustatzen zitzaigun batez ere, bakar batek salbatuko gintuen esperantza mantentzen genuen azkeneraino. Ez genuen inoiz etsiko. Azkena izateak indarrez betetzen gintuen, momentuari itxaroten genion. Ezkutuan gotorturik ikusten genituen besteak pasatzen, noraezean zebiltzan, azken taldekidea harrapatu nahian.
Umetan, gerretara jolasten ginen eskolako lagunen artean. Benetakoak ginen, sinetsi egiten genuen. Andereñok gedar egiten zigun lantzean behin, zigortu egiten gintuzten. Horrek baina, ez zuen jolasa geldiaraziko. Inportanteegia zen guretzat, denbora gutxi geneukan besteak harrapatzeko.
Umetan, gerra eskolako txirrinak jotzearekin batera bukatzen zen. Ez genuen irabazle eta galtzaileen beharrik izaten.
II)
HEMEN GERRAK DIRAU (Xabi Borda, birika zatiak)
beste noizbait izango da nire menia
beste nonbait desarmatuko naiz
hemen ez ezazu hurbiltze keinurik bila
dagoeneko barrura gordeak ditut
balkoitik zintzilik nituen arropa zuriak
kaleotan pizturik topatuko duzu sua
lurrean hego-haize batek barreiatuak
bidali ez zenizkidan gutunen errautsak
ez ezazu hemen tregoarik espero
esan gabe geratu ziren hitzen atzean
espero itzazu lubakiak
baliteke egunen batean
adiskidetze itunen bat eskaintzea
edo besterik gabe entregatze bat
baina beste noizbait
eta beste nonbait
III)
Kezko seinaleei jarraika egin genuen etxerako bidea. Bonba hotsak ez ziren gaurkoak, jaio ginenean ere entzuten genituen. Lubakiak gorpuztuz joan dira ordutik. Hizkuntzak ezpalak eman dizkigu, ezkurrak, negurako aitzakia bat. Gugana biltzen ginen, besteak arrotz genituelako. Ez baitzuten gure hitzik entzuten, eta entzuten ez den hitzik ezin ulertu. Ulertzen gintuztenekin ezberdina zen, hurbilago esertzen ginen, azkarrago urrutiratu. Kezko seinaleak egiten genituen auzokoentzat. Bazetozela, gordetzeko geratzen zitzaizkigun arma apurrak. Ez genuen ulertzen zergatik ginen txiki, ulergaitz, menpeko. Ez genuen ulertzen zergatik oihu, aldarri, egonezin. Uso disekatuen basoa zen gurea. Ehiztariak agertzen ziren zelatari. Aitona baserri atarian oinetakoak lotzen. Kezko seinaleei jarraika desagertu zen basoan, gordetzeko genituen apurrak lepoan hartuz. Ulertuko ez zuten hitzen bat ezpal artean. Inork ez aurkitzeko esperantzaz eman zien lur uso disekatuen baso idorrean. Kezko seinaleek inguruko bazterrak ezkutatzen zituzten egunean. Ikusteko beharrik gabe ere, bagenekien etxerako bidea josten.
IV)
CARA AL SOL (Oier Guillan, Eskuen sustraiak)
Eguzkia hartuko dugu elkarrekin
Espainiako hegoaldean.
Gustukoa dugu biok
turismoaren zakil eroriari eta
hipokrisia burgesaren alu bustiari
erreparatzea,
elkarri eskutik helduta
kate arrotzen
itzalean.
Lisboaren antzeko hiri
zaharkitu eta orbanduetan
maite dugun
Pessoa baten izena
jarriko diogu kale bakoitzari.
Gu bai inperialistak!
Gure gorputzen
erkidego sutsua
aldarrikatuko dugu ondoren
ortozik aurkitzen ahal dugun
ohe merkeenean,
non eta
Pension España
deritzon horretan.
Gure xedeak
burujabeak dira egunotan,
etorkin eta sekretupean bada ere.
Eguzkia hartuko dugu elkarrekin
Espainiako hegoaldean
eta
eguzkia hartu ostean
gauari itzuliko diogu.
V)
LUR EBAKIA (Jon Benito)
Nire herrian iragana bidegurutzeetan markatua dago,
Egutegian egunero da zerbaiten efemeride,
Aspaldikoaren memoria dauka.
Marea gora aldatu zaizkio mugak,
Lur okupatu eta eremu libretan zatitu da,
Harresi baino zubi gehiago ditu:
Errenditu arren ez da galdu.
Baina nire herria,
Paisaiaren koloreko bandera,
Emakume eta gizonez eginda dago,
Gaurko egunera arte heldu den abentura da.
Lurrez hustu eta jendez betetako zuloa
Ez da lur ebakia, hazi egiten da galerekin.
VI)
ALDAKETA ESTRATEGIKOA (Edu Zelaieta, mugaldekoak)
Ez dugu mugazainik behar
ez Bidasoan ez Pirinioetan.
Jakin baitakigu gaur den egunean
ez dela preziso Bidasoa ibaia
Cravanen gisara gurutzatzea.
Iragan garai bateko Bidasoa aldeko garitak
kostaldeko gotorleku bihurtu dira:
gu errazago pasatzen garen bitartean
bertze batzuk deusen truke hiltzeko.
Dagoeneko ez gara mugalariak
gure aitzinekoak bezala.
Mugalariak bertze batzuk baitira orain.
Mugak ere bertze nonbait paratu dira.
Eta mugazainak lau urtetik behin hautatzen ditugu.
VII)
Ez gara irauteko sortu baina iraun egin dugu
Ez gara geratzeko egin baina itzuli egiten gara ezinbestean
Joan egin nahi genuke batzuetan, ahaztu, urrutian galdu
Baina memoriak gatibatzen gaitu lur honetara
Ez gara bereizirik bizi baina bereizi egiten gaituzte egunero
Ez gara deserriz mintzo baina mintzoak garamatza deserrira
Hemen nahi genuke, izan eta sortu beste guztiek bezala
Ez gara armadun
Ez gara ausart
Ez gara garaile
Ez garen herri batean jaioak gara
Ikusten ez dituzun kezko seinaleek ekarri gaituzte honaino
Uso disekatuen kezko basoetaraino
VIII)
Espiek zerabiltzaten kode-liburuak
irakurtzen ditut aztarnen bila,
une egokiaren esperoan ematen dut denbora
Eta batzutan arratseko tolesdura beilegietan
antigoaleko oihuaren oihartzun ahula
somatzen da ororen gainetik.
Lainoa izan zen behin, eta gero leihoak,
arbola batzu, eta errepideak.
Honela, kontsolabide apala,
hurrengo irteera arte itxarongo dugu lasai
edozein geltokitan.
Rikardo Arregi Diaz de Heredia, 1995
IX)
Lorca hil zuten egunean, euria ari zuen gure lurretan. Bustita geneuzkan buztinezko eskuak gora. Lorca hil zuten egunean gu ez baikinen hemen. Ez ginen Manhattan, ez ginen aberri, ez ginen gu batek entzuten du orain haren ahotsa. Autoan goaz, negutik babesten ditugu gure gorputzak, bide bazterrera begiratzen dugu haren bila. Gero eta abiadura handiagoa hartzen dugu, negua da irristatzen den barruko arima bakarra. Izenik gabeko hezur multzoak dira denak bide izkinetan. Izenik gabeko gureak. Izenik gabeko gu batek gogoratzen ditu oraindik. Deitu zilborrestea, deitu memoria. Izenik gabeko gu batek sostengatzen du gure izatea. Lorca hil zuten egunean ere existitzen ginen beste poeta batzuen hizkuntzetan.
X)
HURRENGO IZOZTERA ARTE (Jose Luis Otamendi, Erlojuen mekanika)
helduko da gaurko egunaz inor
oroituko ez den sasoia
jaio gabeko gudariek azken aurreko porrotaren
emaitzak oharkabean jagongo dituztenak
iraganak ere mando egin eta zaputz dezake oraina
jakien gainera jausten den sabaia nola
eta izendegi eraman ezinak
monumentuak kale izenak kiroldegiak
betierean nondik gatozen gogorarazten
birrindutako poemak lokaztutako sukaldeetan
alde bakarreko menia azkenekoz
amaitu zen aldian bizi gara
bada denbora hozkailuan gorde nahiko lukeenik
ihes baten eran txerriki zatiak ahoratzeko manerak
inoren ilea berriro aspaldi atrakatutako barkua
urrunera doala ferekatzen duzuna
despedida handi bat itxaropenaren txirbil puskak
patrika barrenetan haztatuz
baliteke beranduegi izatea
urteak nekatu zaizkigunontzat
baina izozkailuekin pentsatzen
lokartzen ez direnentzat ez
gertatuak ez du ardura jende esklaboa jaiki
erloju saldoak datoz hormatutako amildegiei buruz
atzean uzten den oro traizionatu egiten den galdezka
eta hurrengo aro bateko
amorostea islatzen dute fiordo sakonek
XI)
Itzala ikusi genuen lehenengo, portu pareko etxeen hormetan zehar orbainik utzi gabe pasatzen.
Begirada altxatu eta pelikanoa ikusi genuen. Goitik behera, harriak jausten diren bezala jausi zen badiako kristal antzeko uretara. Urpean desagertu ondoren, arraina mokoan jaiki zen airean gora.
Orduan, harriak eskuan hartu eta gogor jaurti genituen. Harriak, badiako loak harturiko uretatik noiz irtengo ziren, zain geratu ginen.
XII)
NO TIME FOR LOVE (Jon Benito, bulkada)
Dardaraz galgatu dut España amaitzen den lerroan.
Jendarmeak bidean inbutua egiten ari dira
eta abiadura moteltzera behartzen dute.
Bidaiariak eta matrikulak zelatatzen dituzte
susmagarriak bazterreratu eta paperak eskatuz.
Galdetzen badidate, Baionara noa lanera:
«Elkarrizketak egiten dizkiet idazleei».
Aurreko autoaren atzeko leihotik
umeak keinu egin dit eskua kristalaren kontra:
Agur, agur, ez naiz ezeren beldur.
Baina ni ez naiz izu ez izateko moduan bizi.
Etorkizun da ilara, zer gertatuko.
Nondik nora doa susmagarriak
inozenteetatik bereizten dituen muga-lerroa?
Aterkia, liburuak eta jatekoa, bidaide arrarorik ez.
Jarraitzeko agindu didate eta
libre uste naiz miatzeko geratu dituztenei begira.
Gurpilek errepidea jaten dute, hegoaldera utziz
Larrun lainoak estalia. Garaiz behar dut hitzordura.
Aireporturako irteeran autobidetik aldendu
eta izena ahazten den tokietatik
ezezagunaren izulekuetan barrena
ni ere arrotz naiz nire herrian:
hodei beltz bat da eguraldiaren mapa,
denik ere ez dakidan jendez eta kalez egina dago.
Ez geratzeko egiten dut aurrera mendiko zidorretan,
atzetik jarraitzen nauten jakiteko ispilutik begiratuz.
Memorian geratzen ez den arrastoa behar nuke izan:
ez lokatzetan oinatzik ez edalontzian hatz markarik,
ikusezin eta usaingabe, belarriak erne eta ahoa mutu.
Elkartasuna ideologia eginda hilen lurra urratzen dut,
desagertuen galdez nabil aterpetxeetan.
Ate ezezagunean jo eta argi bat piztu da.
Ahazten ez duguna ezin da galdu.
—Esadazu mundua sentitzeko
modu baten azkenak garela.
