Atzera utziak
2011-01-23an emandako programa. Entzun hemen klik eginda

Ahate basatiak iristen direnean zarata ahul bat entzuten da lehenbizi, norbaitek zeruan oihal umel bat astindu izan balu bezala. Berehala entzuten dira karrankak eta basoaren bukaeran azaltzen dira, hasieran errenkadan, ondoren V bat eginez.
(Ricardo Pigliaren egunerokotik. El País, Babelia, 2011-01-16)
I)
Q eleberria Luther Blissetek argitaratu zuen 1999an.
XVI. mendean gaude, eta protagonistetako batek Europatik alde egin behar du ezinbestean. Harrigarria da nola azaltzen den, garai horretan, protagonistaren iruditerian, Europa. Osotasunean ulertzen du, bizitzeko modu bat balitz bezala. Eta Europa atzera uzten duenean, munstro bat atzera utziko balu bezala sentitzen da: libre, aske. Estanbulera doa: Estanbulen lege berriak daude, bizitzeko modu berriak, ohitura eta erlijio berriak. Europako aurrejuzku eta establishment multzoari ihes egiten dio. Berdin dio beste aldean zer aurkituko duen, zein izango den errepresioak hartuko duen aurpegi berria. “Itsasoa gelditzen zaigu oraindik, eta itsasoa libre da nabigatzeko”, diosku. Europa atzera uztea, bizi berri bat hastea bezalakoa da.
Gaur egun Europa atzera uztea ez da hain erraza. Mendebaldeko bizimoduak izain bat azalean bezala jarraituko dizu planeta osoan zehar. Etxetik alde egitea, nahiz eta etxea ez gustatu, ezinezkoa da.
II)
IDURIAREN MUGA (Koldo Izagirre, Non dago basque´s harbour)
Ez naiz exiliatua ez naiz atzerriratua ez naiz iheslaria
Ez naiz gerlaria baina umea itsasoratu egin zen
Montevideo berritarako joalea naiz
Eta metaforari bizia ematen ikasi nuela esanen banu
Ez zenukete zertan zuzendu behar
Ez naiz itzuliko ezin dut itzuli
Aditz honen adiera guztiak dira onak zuen bertsioan
Egokia izanen da labirintu gaziari buruzko oin-oharra
Borgesen aipamen baten emaitza zarete denak
— This is not the Plymouth ferry !
Portu bat dudala aberri esanen dut adibidez
Zerbait galdu nuela kairen batean
Niregandiko zerbait gelditu zela
Despedidarik gabeko abiatze batean
Ez dakit zer ez dut inoiz jakinen
Eta hau ez da mehatxu liriko bat
Maitale ukatua bezala sasitartzera noa hondoratuz
— This is not the Plymouth ferry !
Idazten ahal dut ez zela hau nik espero nuen ontzia
Kritikoek maite duzue heterodoxia
Itzul ezazue itzul ezazue lotsarik gabe
Hondora doan ontzian
Hondora doalako noa
Ni porturik ez duten Montevideotarat
Menturaz ez dut inoiz helburu joko
Nik dakita nora naramaten ez
Zuzen ezazue mesedez nora noan
Itsasoratu egin nintzen behintzat eta ez naiz gelditu kaian
Betiko kopla epela gogoan ontziratuko banintz
Bezalako hasperenak eginez
— This is not the Plymouth ferry !
— This is not the Plymouth ferry !
III)
Euskalduna revisited (Edorta Jimenez)
Behiolako nasa eta baporak:
horditurik datza hemen denbora
eta likenez laru eta berde
bedarrentzako aho berri dira
harrien begiak.
Erreka alboan, garabiak:
iharturik eta lerden.
Historiak berton ditu eten
—horditurik— bere hariak:
odol-hautsetan doazen burdin-haragiak
herdoilezko gernuetan ditu itsasoak
edaten.
Behiolako baporak eta nasa,
zapatetatik hartu behar dut arnasa
ahoak egin dezan heiagora —nora!—
harrien begietara, argiaren
ahora,
lerden iharturik
saurioen metalezko hezurduretan
beren bakardadean gaua zaintzen duten
garabien itzaletara.
(Euskalduna
gure esklabu samak betirako
suz eta burdinez markatu dituzun
eraztuna)
IV)
IRAGANAREN SAUDADEA (Koldo Izagirre, Non dago Basque´s harbour)
Itzuli naiz
Poema baten protagonista bezala
Ez jolasen karrikara
Ez asaben baratzara
Itzuli naiz
Ume bakarti bat izatera
Poemak itzuliko duen portuan
Hemen nire gerlaontzia itsasoratu nuen
Metafora bati bizia ematen niola jakin gabe
Hemen mekanikoen takiletan aurkitu nituen
Besteri ezkutatzeko gozoak
Hemen lehen zigarroa hemen lehen liburua
Hemen lehen hildakoa
Hemen lehen
Kartzelatik irten zenean
Eskua ematera etorri zitzaizkion umeari kalafatariak
Hemen koplaka ikasi nahi izan nuen
Hemen gezurretan ikasi nuen
Hemen bagoi batean egin nuen behin lo
Zamaontzi batean sartuta
Mundua korri joanen nintzelako mehatxua betez
Hemen holandar hordi batek burezurraren banderari mun ematen behartu ninduen
Hemen ibiltzen zen gauero ume bat
Bitaz bita estatxak askatu nahian
Ontziek ametsak bete ahal izan zitzaten
Hemen Gineako enborretan zankalatraba nindoan zerrategiraino
Hemen zoratu egiten nintzen ahurretarik fuel usaina hartuz
Hemen morse zeinuak egiten nizkion Simbadi
Hemen neukan hemen zegoen lotua
Abandonaturik aurkitutako urpekontzi alemana
Portu hau zen nire aberria
Orain galegoz entzun behar nuke
Orain soldadoreak sopletea pizten utziko lidake
Orain karabineroek bart zer ikusi dudan galdetuko lidakete
Orain Mariak bularretan estutuko ninduke
Orain beheko tabernara noa
Esan behar lidake Mañuel daiberrak murgil egin baino lehen
Orain neu nago eskolari piper eginda
Ume batek itsasoraturiko ontziak azaldu behar luke
Matzakuko konbatetik itzulian
Amoreari maitasunik eman gabe
Hemen orain monumentu bat egin diote bakeari
Aingura baten idurian
Hemen orain kaioek arte berriak ikasi dituzte
Milia luzetan doaz lehor barna
Sasikoak gordeak geneuzkan zabortegiraino
Orain kostazaina museoren batean omen dago
Eta ofiziala Galiziako hilerri batean
Espainiako banderan bilduta
Urpekontzia pikategira izan omen zen eramana
Eta nik sinetsiarena egiten dut
Hemen orain draga zaharra lotua dago
Oroitzapenetan harrotzen unatua
Ez dizkit itzuliko hondora utzi nituen biziak
Lau zopa egin ditut itsasgoran txatar pusketa batekin
Estekarien aurka posturan ibiltzen nintzenean bezala
Uhinei beha gelditu naiz triste
Idatzi nahi ez dudan kopla bat marmarikatzen
Hemen ez nau inork maite
Ez naiz geldituko
Faroak nagiak ateratzen hasi arte
Ez dut baimenik behar portu itzuli hau ahazteko
Itzuli noa
Poema baten protagonista bezala
V)
RICARDO PIGLIAREN EGUNEROKOTIK (El país, Babelia, 2011-01-16). IGANDEA
Azkenean ezagutu dut detektibe pribatu bat. Ralph Anderson, Ace Agency. Kathyk 6 urterekin abandonatu zuen bere ama aurki zezan kontratatu zuen. Ralphek Atlantan aurkitu zuen, Georgian. Izena aldatua zuen, hiriaren erdigunean bizi zen, modari buruzko aldizkari batean egiten zuen lan. Kathy ez zen bere amari bisita egitera ausartu, baina detektibearen laguna egin zen. Detektibearen bezero asko galdutako senideen bila aritzen dira, eta gero ez dira aurkitzera ausartzen.
Ralph Washington Squaretik hurbil dagoen apartamentu batean bizi da. Behean, eraikinean sartzerakoan, kontrola atarian, metal-detektagailua, kamerak. Ralph gure zain dago igogailutik atera garenean. Hogeita hamar bat urte izan behar ditu, betaurreko beltzak, azeri aurpegia. Sabai altuko geladun pisu batean bizi da, ia hutsik dagoena, leihate handiekikoa. Lau ordenagailu ditu idazmahai baten inguruan zirkuluan jarrita; piztuta daude beti, artxibo batzuk zabalik eta webgune zenbait ikusgai. “Jada ez dago kalera irten beharrik”, diosku. “Bilatu behar den guztia hemen dago”. Marihuana-zigarretak erretzen ditu bata bestearen atzetik, ginger ale edaten du, bakarrik bizi da. Irakera bidalitako infanteria batailoi bateko hiru soldadu beltzen heriotza ari da ikertzen orain. Batailoiko ofizial eta ofizialordeen gehiengoa Texasekoa da. Soldadu afroamerikarren senideen elkarte batek kontratatu du ikerketa egin dezan. Seguru dago erail egin dituztela. Frogatzea lortzen badu, tribunaletara joango dira. Soldadu gazteen argazkiak erakusten dizkigu, kamerari begira daude hirurak, ez dago irribarrerik. Ondoren, jatetxe txinatar batera goaz afaltzera.
VI)
RICARDO PIGLIAREN EGUNEROKOTIK (El país, Babelia, 2011-01-16). LARUNBATA
Egunero ikusten dut agurea, nola ateratzen den etxetik eta nola doan elur gainean oinez urmaelaren ertzera. Bere arnasaren lanbroa behelaino-izpia bezalakoa da, aire gardenean. Behin baino gehiagotan hitz egin dut berarekin, sarrerako bidean gurutzatu garenean. Fisika irakatsi zuen hemen, Princetonen, berrogeita hamarreko hamarkadan, eta orain erretiroa hartuta dago. Bakarrik bizi da, bere emaztea iaz hil zen, ez dauka seme-alabarik, Karl Unger du izena eta alemaniar erbesteratu bat da.
Ahate basatiak iristen direnean zarata ahul bat entzuten da lehenbizi, norbaitek zeruan oihal umel bat astindu izan balu bezala. Berehala entzuten dira karrankak eta basoaren bukaeran azaltzen dira, hasieran errenkadan, ondoren V bat eginez. Urmaelaren gainean bi itzuli egiten dituzte eta izoztutako uraren kontra botatzen dute beren burua. Iristen direnean, hegoak zabalik eta lepoa izotzaren kontra labaintzen dira. Baldarki zutitzen dira oinen gainean, irrist egiten dute, eta batzuk geldirik gelditzen dira, hankak hildako hezurrak bezala antzigarraren gainean. Orainaldi hutsa bizi dute, eta goizero harritzen dira izotzaren kontra talka egiterakoan. Orientazioaren zentzua galdu dute. Lur beroagoetarako migrazioa hasi beharko litzatekeen ur epelen bila dabiltza.
Irakasle zaharra lorategira irteten, elur gainean joaten eta urmaelaren ertzera hotzez hiltzen ari diren ahateei jaten ematera iristen ikusten dudan bakoitzean, badakit atzokoaren berdina izango den egun berri bat hastera doala.
VII)
Atzera utziak
Garai bateko karentziak
Goiz bateko kerentziak
Karentziek kerentziek
Ez dute azalean marka bat baino gehiago balio
Xaboiak garbitzen du kea
Eta begiek badakite zein itzali kasurik ez egin
Lasai egon daiteke bat, eta beldurrik ez izan
Atzera utziak autopistan
Zentzu bakarreko bideak dira.
VIII)
METAFORAREN ONTZIA (Koldo Izagirre, Non dago Basque´s harbour)
Lehorreratzen baldin banaiz ate guztiak
Joko ditut galdezka bide hartuko dut basoan
Barrena abiatuko naiz gailurrak iganen ditut
Oihanetan eginen dut lo basamortuan
Fosilduko da nire hezurdura
Lehorreratzen baldin banaiz
Lehorreratzen baldin banaiz
Ez nauzu ulertuko mito zahar
Guztiak suntsitu behar genituela oroitaraziko didazu
Eta horregatik hain zuzen
Lehorreratzen baldin banaiz
Malato zuhaitza aurkitu arte zoratuko zaituztet
Aurkituko dut aurkituko dut eta
Aizkora kenduko diot enborrari
Aizkorak emanen dit haren bihotzaren berri
Aizkorak bakarrik daki
Lehorreratzen baldin banaiz
Itsasketa hau jarraituko dut