Sentimendu binarioak
2011-01-30ean emandako programa. Entzun hemen

(Helen Levitt-en argazkia)
Bitasunean oinarritu nahi duten existentzia da gurea. Bitan banaturik ateratzen gara kalera, orain alde bat erakusteko eta gero bestea. Ez baita komeni pertsona osoa izatea, osotasunean erakustea gure izatea. Zatiketa baten emaitza gara eta konturatu gabe, elkartzera kondenatzen gaituzte.
I)
Zer den zilegia eta zer ez erabakitzea gero eta zailagoa den garai hauetan, burua bitan zatitzea ondo etortzen da zenbaitetan. Buruaren zati batean jarriko ditugu beste norbaiten hitzak; gerezi-landareak bezala landatuak. Beste aldean jarriko ditugu norbere hitzak, jaiotzetiko sustraietatik erauziak. Bitxia da: zaila egiten zaigu erabakitzea zer den gurea, eta zer ez. Sortutakoa eta ekarritakoa galbahe berean sartzen ditugu, eta forma gabeko zerbait ateratzen da ondoren.
Nikola Madzirov Strunican jaio zen, Mazedonian, 1973an. Balkanetako gerren ondorengotza du landatuta buru barnean, gerezi-landareak baino apur bat bortitzago. Harkaitz Canok euskaratu du, eta guregainaino iristen den ubera batetik hartu dugu guk.
II)
Azkenaldian, esnatu eta mundua bitan zatitu izan balute bezala ikusten dut. Marra batek erdibitzen du nire begi ninia. Alde batean onak geratzen dira eta bestean txarrak. Alde batekoen ongizatea bestaldekoen bizirauteko lehia bihurtzen da. Alde batean demokratak ditugu eta bestean terroristak. Ezkertiarrak eta eskuindarrak. Langileak eta enpresaburuak. Alde honetan gaua eta bestean eguna. Gorputz erdia maitasunerako erabiltzen dugu eta beste erdia gorrotoa mastikatzeko. Batzuek goian egon behar dutela besteak behean mantendu ahal izateko. Batzuek eman egin dutela eta besteek hartu. Bitasunean oinarritu nahi duten existentzia da gurea. Bitan banaturik ateratzen gara kalera, orain alde bat erakusteko eta gero bestea. Ez baita komeni pertsona osoa izatea, osotasunean erakustea gure izatea. Zatiketa baten emaitza gara eta konturatu gabe, elkartzera kondenatzen gaituzte.
III)
Nikola Madzirov (itzultzailea: Harkaitz Cano)
GU JAIO AURRETIK
Asfaltaturik zeuden kaleak
gu jaio aurretik, eta konstelazio oro sortuak jada.
Hostoak usteltzen ziren
espaloi ertzaren ondoan.
Zilarra beztu egiten zen
langileen azalaren kontra.
Norbaiten hezurrak hazi eta hazi
ametsaren luzera osoan.
Europa batzen ari zen
gu jaio aurretik, eta neska baten ile-adatsa
lasai arraio hedatzen
itsasoaren azaleran.
IV)
Bada Kenian, Afrikako bazter urrun hartan, ekuadorearen bidea marrazten duen lerro bat lurrean, edonork ikusteko moduan jarria, edonork zapaltzeko moduan irudikatua, desmitifikatua. Leku zehatza. Kokapen geografikoa. Ume batek tizas marraztu izan balu bezala. Kenian, afrikako bazter urrun hartan, mendebaldarron begietatik hain bestalde. Lurrean trenbide baten bidea jarraitzen duen marra bat da ekuadorea. Mundua erdibitzen duen lerroa. Sentimendu binarioen jaioleku. Munduaren erdia mutu, mundu erdia itsu, mundu erdia gor uzteko moduko aurkikuntza. Erdi baten itzalaren hasiera baino ez da. Mundu okerra erdibitzen duen lerro zuzena. Hemen uzten gaituena hangoez bestaldean. Hemengo egiten gaituena, hango izatea ukatuz. Bada Kenian, Afrikako bazter urrun hartan, ekuadorearen bidea marrazten duen lerro bat lurrean marraztua. Honaino ailegatzen den marra zuzena. Mundu oso bat komeni ez zaigunaren lekukotza argia. Denak behar baitu bere amildegia, gaur ilun eta bihar argia.
V)
Gu hil ondoren
Europak zatitzen jarraituko du
Orain zatitzen ari den bezala.
Arrakalak egiten dituzte beren pasieran
Hildakoen hezurrek
Eta zorionekoa
Estanbuletik kristalezko begiz
Guztiari begira dagoena.
Itsaso siku batean hilobiratuko naute
Hautsez estaliko didate azala
Ez lantururik, ez errosariorik
Zatitutako besarkada bat baizik
Atzera utzitako guztiaren lekuko
Izango den beso-biltze bapatekoa.
VI)
Bada Afrikan, Keniako herrixka batean. Gazte batek balde baten ondoan pasatzen du eguna turista despistatuen ehizan. Urez betetako baldea eta lasto bat baino ez du lanabes. Ekuadorearen ondoan jartzen du bere aulkia egunero, eguzkia irtetearekin batera han paratzen du bere lantokia, bere lanabes apurrak. Lerro zuzenaren ondoan, eguzkipean okertzen du bere gorputza egunez egun. Norbait hurbilduz gero, erakustaldia egiten dio txanponen baten truke. Ikuskizunaren prezioa aldatuz doa urteko sasoiaren arabera. Lastoari baldeko uretan erortzen uzten dio Keniako gazteak, mundu guztiak begira dezan norantz egiten duen bira idortutako belarrak. Gero mundua erdibitzen duen marra zeharkatzen du pauso gutxi batzuk ematearekin eta bestaldean paratzen ditu bere lanabesak, urez betetako baldea eta lastoa. Han delarik, lerroaz bestaldean, erortzen uzten dio lastoari berriz, urazalera itsasten da, hurbiltzeko esaten die inguruko despistatuei, mundu guztiak ikus dezan, nola han, ekuadorearen bestaldean lastoarekin batera, dena bestalderantz mugitzen den. Horrela, balde bete ur eta lasto batekin, justifikatzen da gure munduaren bitasuna.
VII)
Nikola Madzirov (itzultzailea: Harkaitz Cano)
NORBERE ETXEA
Hiri amaieran bizi nintzen
inork bonbillarik aldatzen ez dion
farolaren gisako.
Armiarma sareei esker eusten zieten hormek elkarri,
izerdiari esker ziren bakar geure esku ahurrak.
Baldarki pilatutako harrespilan
ostentzen nuen nire trapuzko hartza,
hura ametsetik babesteko.
Gau eta egun berpizten nuen ate-lerroa
etengabe atzean utzi duen lorera itzultzen den erleak legez.
Bakean zen etxea aldegin nuenean:
hozkatutako sagarra ilundu gabe artean,
etxe zahar ahantzi baten argazkia gutunean.
Espazio isiletarantz noa jaiotzaz geroztik
eta nire azpian trabatzen dira hutsuneak,
lurrarena edo airearena ote den
batere ez dakien
elurra bezala.
VIII)
Hemengoak garela esaten dugunean, hangoen aurka esaten dugu ala gure alde. Hemen kokatzen gara ala handik egiten dugu ihes. Hemen gara ala hango gaituzte. Han kartzelaratzen bagaituzte hemen aske garelako al da. Hizkuntza hau darabilgunean, elkartu ala urrundu egiten gara. Banatzeko ala biltzeko izan zen asmatua. Erakartzeko ala urruntzeko. Errudunak ala biktimak gara. Hiltzaileak ala hildakoak. Hemengoak garela esaten dugunean, hangorik ez entzuteko egiten al diogu erregu zeruari akaso. Marra bat zeharkatzea bezain erraza al da ez hemengo ez hango izatea. Mundutar bihurtzea al da soluzioa.
Lurretik sustraiak atera eta ibiltzen ikasi ez duten zuhaitzak garela esango dute, konplexuz beteak.
Hango nahi gaituztelako bihurtu gara hemengo.
IX)
Etxera itzuli naiz
Ilun usaina duen pauso hotsak entzun ditut sartzerakoan:
Nire oinek sortuak dira.
Garai batean atarian geneukan zakurraren zaunkak bezala
Datozkit oroitzapenak.
Nire buruari galdetzen diot
Orain egiten ari naizena zer den:
Askatasunaren galera hautatzeko
Konpromiso guztizko bat
Ala tristura errepikakor batek eragindako
Buztankada urduria.
Eskaileretan gora noa
Pausoek ilunak izaten jarraitzen dute
Eta hormek elkar eusten dute, mezu isilen bat esan beharrez
Hartzaileak lehergai bat bezala hartzen duen mezua.
Leihoak zabaltzeko indarrik ez daukat
Baina zerbait ari da mugitzen
Ez dakit ni naizen, edo beste norbait
Elurra ari du etxeko gela guztietan
Elurrak hoztu ditu
Telebistako irudiak eta
garai batean ingurukoek argazkitan hartutakoak
irudi berriak sortzeko garaia da.
X)
Gure burmuinak ere hemisferiotan banatzen dira. Alde batean pasatzen ditugu egunak eta bestean gauak. Itzalez betetako burmuinak darabiltzagu sorbalda gainetan. Pentsamendu onak eta txarrak bereizten irakasten digute umetarik. Egin behar ez ditugunak zehazten dizkigute, egin behar ditugunak baino. Pertsona zuzenak izaten. Keniako herrixka hartako lerro zuzenaren antzera, alde batean egotera ohitzen gaituzte, bestaldekoari beldurra dario. Kuriositate hori elikatzen dugu umetarik. Ezagutzen ez dugun horren konkistan irteteko prestatzen gara. Bestaldekoa ezagutzeko grinak, arinago edo beranduago, gu ere marra zeharkatzera garamatza, balde bete ur eta lastoa eskutan hartuta egiten dugu harainokoa. Behin han garela, konturatzen gara gauzak ez direla hainbeste aldatzen. Ez zela hain beldurgarria benetan. Hango usainak hemen ere errepikatzen direla, gezurra kontatu zigutela. Marraz bestalde ez dela infernurik zabaltzen. Marra zuzenak ez direla existitzen. Okerra dela lerroa gure muinetan. Ona eta txarra bereizi nahi dituenak, baduela zer ezkutatua bere itzalpeetan.
XI)
Nikola Madzirov (itzultzailea: Harkaitz Cano)
NORBAITEK ALDEGITEN DUENEAN, BUELTAN DATOR EGIN GENUEN ORO
Maryan K.-ri.
Kale-izkinako besarkadaren atzean igarriko duzu
norbait badoala norabait. Beti da horrela.
Bi egiaren artean bizi naiz
korridore hutsean zalantza egiten duen
neoizko argi dardaratia. Nire bihotzean gero
eta jende gehiago sartzen da, haiek jada ez baitaude hemen.
Beti izaten da horrela. Begiak kliskatzen ematen dugu
gaubeilaren laurdena.
Ahazten ditugu gauzak, haiek galdu aurretik…
kaligrafia koadernoa, adibidez.
Deus ez da berria. Epel dago beti
autobuseko eserlekua.
Eskuz eskuko ur-ontziak uda guztietako sutera legez
zeiharki doaz airean azken hitzak.
Bihar gauza bera errepikatuko da:
aurpegi horrek, erretratutik desagertu aitzin,
zimurrak galduko ditu lehenbizi.
Norbaitek aldegiten duenean,
bueltan dator egin genuen oro.
XII)
Amets egiten dudanean, ez dakit hemen edo han naizen. Kokagunea galduta ibiltzen naiz guztiz. Orientaziorik gabe. Amets egiten dudanean ez dakit zein hemisferio aktibatzen zaidan burmuinean, ez dut gorrotorik sentitzen, ez dut errukirik ziztatzen. Amets egiten dudanean ez dakit joan ala etorri egiten naizen. Ez dakit erdia ala osoa naizen. Amets egiten dudanean, gero ez bainaiz nire ametsez akordatzen.
XIII)
Konbikzio bat daukat:
Ez dakit nola egin aurre
Badatorrenari.
Kezkagarria da
Agur esaten hobeto moldatzea
Ongietorria ematen baino.
Zakar jarduten dut
Harrera txarra da
Zuhaitz azpietatik korrika joaten diren horiek
Zenbat arrazoi duten esaten diot nire buruari.