Autopsiarako frogak
2011-02-06an emandako programa. Entzun hemen
Aste guztian ordeztu gabe eduki du eraztuna eskolako umeak. Agotaren belarria, juduaren izar horia, izurriteak kutsaturiko izugarria da euskalduna eskolan, marka hori, bestek jakin beharrekoa nor, bazterketarako identifikazioa, nortasun kriminal bat. Anormaltasunaren kontzientzia sortzen dio eraztun horrek. Etxeko hizkuntzak zigorra besterik ez dakarkio. Haurrak bere burua gorrotatuko du gero, aski euskalduna ez bada, euskalduna izateagatik.
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak (2010)
I)
Beñat Sarasola, Kaxa huts bat
URRUNEKO HIZKUNTZA
Urruneko hizkuntza batean
«zuhaitz» hitzak tristezia esan nahi du
«tristezia» hitzak loria
«loriak»k txorimalo
«txorimalo»k kuku
«kuku» esaten zaio epaitzeari
«epaitu» da hemen ikusi deitzen diogun hori
«ikusi» diotenean sorgindu esan gura dute
«sorgindu» diotenean laboratu
«laboratu» entzuten baduzu sinetsi uler ezazu
«sinetsi» entzutean baloi
«baloi» entzunda gizen
«gizen» erabiltzen dute exodoaren ordez
«exodoa» da beraientzat
guk denbora neurtzeko erabiltzen dugun gailua
Baina han ez dute epailearen aurrean
hizkuntza horretan hitz egiteko batere oztoporik
urruneko lurralde hartan ez dituzu «diglosia»
edo «normalizazioa» bezalako hitzak entzungo
ez dituzte euren hizkuntzaren aldeko
jaialdi erraldoiak antolatzen
han ez dago inor hizkuntza horren alde
ez dituzte irrati eta egunkariak zigilatzen
Urruneko hizkuntza hartan
«hizkuntza» hitzak hizkuntza esan nahi du
II)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Euskaraz hitz egitea, bizi garelako froga ematea da. Honainokotu garela, oraino ez garela hil esateko modua da euskaraz goraki aritzea, ez dakienari egitea. Minoria bat garela ari gara erakusten, eta zergatik garen ez ginena: ez dakit dakizun, ez baldin badakizu utziko dut neurea, gauza naiz zurean, baina jakin ezazu, jakin ezazu ni zer, nik zer. Nahiago nukeen.
Itoan eta baztertuan bizi den hiztunak badu mintasun bat barruan. Eta noizetik noizera kontatu beharra dauka, botatu beharra dauka, goitiko batean bezala, zer hori. Mintasun guztiek eskatzen duten terapia da, eramangarriak izanen badira. Hizkuntzarena hitz eginez eztitzen da, berbatzea bera dugu sendagarri. Gordea azaltzeak dakarren lasaitu larria. Larria, frogak ematen bizi beharra ez delako samurra.
Gure hitza potakar higuingarria delako normaltasunaren espaloian.
III)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Letra dotorez sinatzen ikasi zuen Zeraingo eskolan gero sendalari ospetsua izanen genuen Petrikillok, Jose Frantzisko Telleriak. Real Junta Superior de Cirugía erakundeak, Gipuzkoako ordezkaritzaren bitartez, hainbat salaketa eta debeku ezarri zizkion titulurik gabe ziharduelako medikuntzan. Probintziak Gorteetan zeukan diputatuak erregu egin zion Madrilgo erakundeari, 1827, Petrikillo euskaraz azter zezan dislokazioetan eta hausturetan.
Petrikillo ez omen zen makurtu azterketara. Dena dela, eskaera horrek berak kondenatua zeukan: nondik jasoko zuen zientzia gaztelaniaz jakin gabe?
Egun posible da zientzia euskaraz jasotzea.
Euskal Herriko Unibertsitatea izeneko erakundean, adibidez.
Adibidez Farmaziako Fakultatean, Gasteiz 2004. Hirugarren mailakoek baja hartuta daukate irakasle bat, ordezkoa etorri zaie. Euskaraz ez dakien irakaslea bidali diete karrera euskaraz egiten ari direnei. Azalpenik ez, argibiderik ez. Eta halako batean, ikasleen kexak entzuten aspertuta, honelaxe mintzo da Hezkuntza:
¿Vosotros qué queréis, aprender en euskara o aprender farmacia?
Leku librerik ez buruan, dena zientziak hartua die.
Gaztelaniak ez dio lekurik kentzen zientziari, euskarak bai.
Euskara adoskaitza da zientziarekin.
Sorburu ulergarria dauka askotan intelektualen eta profesionalen eta irakasleen euskarafobiak: badakite, zientziarekin batera, «beste zer edo zer» transmititzen dela euskararekin, eta horrek estatus bat jartzen duela kolokan.
Euskarak irakaskuntza neutroaren mitoa apurtzen du.
Erdararekin ez, erdararekin ez dute uste «beste zer edo zer» transmititzen dutenik, euskara baztertzen dutenik. Zientzia hutsa transmititzen dutela uste dute, edo hala sinetsarazi nahi digute. Horretarik oharkabean bezala datorren ondorioa da euskara menostea biologia matematika termodinamika literatura elektroakustika irakastea dela.
2004ko irakasle hori, zer duda egin, 1827an titulatu zen Madrilen.
Badaki, horixe dakiela, euskara altxagarri kultural eta profesionalerako erabili ahal izateak kordokan duela jartzen gaztelaniaren ezinbestekoa.
IV)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Aste guztian ordeztu gabe eduki du eraztuna eskolako umeak. Agotaren belarria, juduaren izar horia, izurriteak kutsaturiko izugarria da euskalduna eskolan, marka hori, bestek jakin beharrekoa nor, bazterketarako identifikazioa, nortasun kriminal bat. Anormaltasunaren kontzientzia sortzen dio eraztun horrek. Etxeko hizkuntzak zigorra besterik ez dakarkio. Haurrak bere burua gorrotatuko du gero, aski euskalduna ez bada, euskalduna izateagatik.
Euskaraz entzuten zuen hurrenari pasatu behar dio. Salatzailearena egin behar du haur euskaldunak eskolan. Salagarria, euskara da. Gaiztakeria. Salatzekoa euskalduna. Gaizkilea.
Eta lagunen bat euskaraz entzuten duelarik, hari behar dio, eraztunarekin batera hizkuntza bera eman: eraztuna kentzen duelarik, euskara kentzen du gainetik.
Dibortzio linguistikoaren zeremonia da eraztunarena.
V)
Metal hotzezko ohatzearen gainean luze etzanda dago gorpua. Gelara sartu denean ikusi du, izarapean. Betiko erritua bete du mahaira hurbiltzerakoan: dantza-pauso batzuk egin ditu, baltseatuz apur bat, gorputz imajinario bati helduta. Heriotzaren ospakizun makabroa egitea gustatzen zaio lanean hasi aurretik, trantzeari pisua kenduko diolakoan. Eskularruak jantzi ditu, zartada eragin die eskumuturren parean, hastera doa.
Izara aireratu duenean harria bezala gelditu da. Inoiz ikusi duen gorpurik ederrena. Inoiz bisturiz zatituko duen gorpurik erakargarriena. Biluztasun hila, heriotzaren estetikaren edertasun jasangaitza.
Goizeko laurak dira. Telefonoak jo du. Telefono deia erantzun beharrak galarazi dio aurrean duen gorpua txiki-txiki egitea.
VI)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Zapalketa gogor bat ari gara kontatzen euskaraz egiten dugun aldiro. Monotematikoak izan gintezke, langabetuari biktimarena jotzen duela esaten zaion arinkeria berdinarekin eransten ahal digute negartiak garela. A, ez! Gure hizkuntzaren historia hagitz bestelakoa da ondoan dauzkagun handietarik.
Hain zuzen, gure hizkuntzaren historia eta egoera ez dira konprenitzen ez bada kontuan hartzen gure gaineko hizkuntzek eduki duten rola errealitate linguistikoaren eraikuntzan.
Ondokoa genuena gainekoa bihurtu digute. Gu azpiko.
Errealitatea ez da hor egon delako egon dagoen zerbait. Eraikitzaileak ukan ditu errealitateak, eta begiak ezin harrapa lezakeena erakusten du hitzak.
Gatazka sozial baten barruan dago gure hizkuntza, eta aberatsak egunean baino egunean aberatsago egiten diren bezala da geroz eta handiagoa hizkuntza handien eta hizkuntza murriztuen artean dagoen aldea.
VII)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Santo Tomas bigarrena, Donostian dute saioa bezperan Azpeitian kantatu duten Xalbador Mattin Uztapide Basarrik. Nafarroa Beherekoa eta Lapurdikoa gipuzkoarren artean, aho-belarriko euskara batua egina zen 1950-60 urte urrun haietan bertsolarien artean.
Bar Tiburtzion daudela hamaiketakoa egiten, Donostiako bertsolari bat azaltzen zaie:
—Hara hemen frantses zerri hauek. Bertan askoz bertsolari hobeak egon eta Frantziako zerriak ekarri. Ez zakiat hemengo agintariek burua non duten!
Territorio bat markatu behar du mediokreak, multzo mugatu bateko izan behar du, horretan dauka leku, ez hizkuntzaren lurraldean. Ez du hizkuntza librean nahi, ez zaio komeni kulturaren, artearen zirkulazio librea, hitza zazpian zazpi.
Euskara, ordea, territorialitatearen gainetik dago.
Ez balego, ez litzateke hizkuntza bizia izanen.
Hizkuntza biziak insekuritatea sortzen dio pentsamendu bakarrari.
VIII)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Euskal Herria terminoa geografia bati lotzen zaio. Hiztunek egiten dute euskara herri eta herria euskal. Non egiten den euskaraz, han dugu herri bat, euskal herri bat. Gure lurra ez da hizkuntza, baina hizkuntzarena da lurra..
Lur hau, aldi berean zaigu handiegia eta murritzegia. Handiegia, erdaldunen artean bizi garelako. Murritzegia, gaitza zaigulako euskaldunen artean bizitzea.
Halako batean ordea Euskal Herria esan genion euskaldunok zapaltzen genuen lurrari, eta honenbestez ahalmen berezi hori hartu zuen lurrak, berton sortu edo bizi denari zertasun bat ematearena. Hizkuntzak lurra landu eta lurrak hiztunak emanen balitu bezala.
Hizkuntzak ematen digu euskalduntasuna, hala da, baina hiztunak multzotan bizi dira, multzoetarik sortu dira hizkuntzak, eta euskalduna edonongoa izan baliteke ere, hizkuntzari bizia bermatuko dion multzoak lurralde bat behar du, hots, euskara entzun eta ikusgarri izanen den geografia politiko bat. Lurrak hiztunak eman ditzan. Hiztunak mundua landu ahal izan dezan.
IX)
Bidasoari zauri izaera eman zion Pedro Mari Otañok, ameriketatik jarritako bertsoetan. Min ematen duten gauzak atentzioa ematen dutenak ere badira.
Euskararen egoera gehiago lotu daiteke, zauri batekin baino, metraila zati txikiz osatutako ukaldiekin. Alde guztietara zabaltzen diren metraila zatiak, edozer jo dezaketenak. Bizitzaren aurpegi denetan zauri txikiak, ia ikusezinak, eragin ditzaketenak.
X)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Bagenituen basoak, ez ginen basodunak izan. Bagenituen mendiak, ez ginen mendidunak izan. Bagenituen zugatxak, errexalak, zuhamuak, haretxak, ez ginen zugaztunak edo haretxadunak izan. Gure izenak hizkuntzaren kontzientzia handi bat suposatzen du. Euskaradunak izan ginen, euskaldunak, gure multzoan hizkuntza zelako geneukan baliorik handiena, inguru eta tratabide amankomun bat ematen ziguna, geurea ez beste inorena.
XI)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Munduan beste asko bezala… Horrela hasten dira gure herri ipuinak. Ez gaude bakarrik munduan, eta beste askorena kontatzen dugu esanez ez gaudela munduan beste inor gabe. Mendiaren ostean, ibaiaz haraindian, itsasoaren harako ertzean badagoela beste lurralde bat, are usantza musika kolore ederragoak dauzkana, bestelako mintzaira bat.
Mundu horietakoak ere bagara. Munduko gara, munduaren kontzientzia dugu. Eta badakigu ez gaudela bakarrik munduan, beste anitzek ere osatzen duela mundua, beste mundu asko dituela munduak.
Eta badakigu ez garela bakarrak gure okerretan, gure okerrenetan. Munduan beste asko bezala: kontatu dudan ipuina munduan izateko modu bat besterik ez da.
Euskaraz munduko gara egiten. Leku bat baldin badaukagu, hizkuntzak emana da. Haren bitartez markatzen dugu muga eta lotura. Beste asko bezalakoa da gure mundua, anitz bestez egin dugu geure.
Horregatik daukagu leku bat munduan, geurea.
XII)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Frantziari hexagonoa esan izan zaio, forma hori dauka, forma geometriko bat, bizitza era arrazionalean antolatzen diguna.
Espainiak zezen-larruaren itxura omen dauka. Larruarena, hila izan behar baitu, zezenketaren batean menturaz, eta horregatik buru bakoa. Aldi berean zezen eta zezen hiltzaile dugu Espainia. Furia eta artea biltzen ditu bere idurian. Pablo Picasso.
Euskal Herriaren mapak bihotzaren itxura dauka. Ez zientzia ez furia da gurea. Sentimendu bat besterik ez.
Euskara ez da ezein ibairen artean kokatzen ahal. Zeren antza ote dauka bere soslaiak?
XIV)
Koldo Izagirre, Autopsiarako frogak
Lehen arrazaz mintzo zitzaizkigun, gero buru-hezurrez, orain genea aipatzen digute, euskaldunon genea, rh berri hori.
Aspaldi deskubritu genuen guk. Duela bost miloi urte hemen bizi ziren haien ondorengoak garela esatea, mito hutsa da. Odolak nahasi egin dira, populazioak migratu lekutu aldatu egin dira, elkar hil eta suntsitu dugu eta beti eman izan diogu elkarri hitza, belaunez belauneko katea.
Euskaldunok eduki dugun arbaso bakarra hizkuntza izan da. Euskarak osatzen du gure aintzinatea. Zertarako behar dugu mito sortzaile bat, kateatze genealogiko bat, hizkuntza baldin badugu euskaldunon koherentzia?
Euskaran bizi den orori herritasuna ematen dion leku politikoa da gure hizkuntza. Ez da deusen frogarik eskatzen. Inor ez du, ezer ez du, ez arrotz ez atzerriko. Malgutasuna duen identitatea ematen du euskarak: horregatik iraun du egundaino, horregatik iraun dezake beste horrenbeste.
