Lurrari buruzko galderak medikuarentzat

2011-02-13an emandako programa. Entzun hemen

En la cuerda floja, Pedro Meyer

Eri dagoenak medikuari galdetzen dio zergatik dagoen eri. Ontzia itsaso barrura doala ikusten duen marinelak aingurari esku hutsez bezala, heltzen dio gaixoak analisiari. Ziurtasun-dosi fin bat hartzen du, eta emeki zabaltzen zaio zainetan.



I)

Eri dagoenak medikuari galdetzen dio zergatik dagoen eri. Ontzia itsaso barrura doala ikusten duen marinelak aingurari esku hutsez bezala, heltzen dio gaixoak analisiari. Ziurtasun-dosi fin bat hartzen du, eta emeki zabaltzen zaio zainetan.

 

Jose Maria Arguedas idazle peruarrarentzat, medikuaren analisiak kriminalak dira. Doktore jaunak ez du analisirik egiten, doktore jaunak ez ditu gorputzetan hazten diren bostehun loreak ezagutzen.

 

Mikel Antzaren ospitalean medikuek ez dute zientziaren ordezkaritza betetzen. Intentzioak ordezkatzen dituzte. Ospitaleko horma berdeak dira egin behar ez litzatekeenaren lekuko.

 

Medikuari heltzen diogu aingurari bezala, esku-hutsik. Hutsik dagoen geure eskuari heltzea nahikoa ez bagenu bezala.

 

II)

 

Baratz honen erdian goseak nago. Harrizkoak ditut behatzak, bihotza, burmuinak. Eta harrizkoa den pentsamendurik ezin jan esku hauetatik. Bitan banatzen dut gaua, loak har nazan egunak bere ezpalen berotan. Marra bat ikusten dut begietatik. Alde batera makurrarazten nau. Loak har nazan egunak, gaurkoa eta atzokoa zulo berean lurperatu eta segituan. Ketan desegingo dira azalez mintzo direnak, eguzkirik gabeko arratsaldetan. Elkarri hitz egiteak ez dakar ezinbestean elkar entzutea.

 

Esaten dutenez, jadanik ez baitakigu ezer. Urak garamatza aldean. Enbor, hosto, adar luze eta bide amaigabeen ehiza da gurea. Gauza erabilien bila aurkitzen ditugu gure buruak, gure beste erresuma batean kabitzen diren kausak dira gureak. Gauza erabiliak. Bide ibili gabeak.

 

Baratz honen erdian, goseak nago. Makurka ta poliki, arrastaka bidean. Bizkar hezurra oker, zerbitzuko lanean, zerbitzuko lanean bururik altxa gabe, munduan zehar doan giza aberea. Bihotz bat eskuetan opari dakusagun agurea.

 

Begiak lurrean eta ezer ikusi gabe. Eskuak jaso eta haizerik heldu ezinda. Atzapar estuetan bizitzaren zatiak, otsoari borrokan garrasika kenduak. Amets bat berotzeko astirik izan gabe, iraungo duen egia bat erdituko du egunak. Baratz honen erdian, irauteko jaio den egia.

 

III)

 

DOKTORE BATZURI DEIA (Jose Maria Arguedas, 1966)

 

Esaten dutenez jadanik ez dakigu ezer, atzerakoiak gara,

burua beste hobeago baten ordez aldatu beharrean gara.

Esaten dutenez gure bihotza ez omen dagokio egoki garai

        hauei, beldurrez eta malkoz beterik omen dago,

        txirri-txorroaren gisa, zintzurra mozten zaion zezen

        handiaren gisa; horregatik erakaitz omen da.

Esaten dutenez doktore askok hori baieztatzen omen dute

        gutaz, gure lur berean ernaldu eta ugaritzen diren

        doktoreak, hemen loditu eta horitzen direnak.

Jarrai daitezela bada hizketan, berriketan ihardun daitezela.

Muinak zertaz daude osatuta? Nere Bihotz-haragia zertaz

        egina da?

Hibaiak sakonean marruka ari dira. Urek eta gauek, zilarrek

        eta iluntze beldurgarriek, haitzak eta hibaiek durundia

        haizeatzen duten amildegien hormak ere, osatzen dituzte:

        neure burumuina, bihotza, neure behatzak haitz hortaz

        eginak dira.

Zer dago, doktore, ibai horien ertzetan, ezezaguna zaizuna?

Zure betaurreko eta katalejuak atera itzazu. So egizu ahal izanik.

Zure begiek iristen ez duten amildegien balkoietan, gaua eta

        urrea, zilarra eta eguna nahasten diren lur gainean

        bostehun lore ezberdin hazten dira. Bostehun lore horiek

        neure burumuinak dira, neure haragia.

 

IV)

 

Alzateko jaun. Xabier Lete

 

Hor zaude nunbait zure lurrera itzultzeko zai.

Gure izatearen testigu zuzena

Makurtu gabeko zuhaitz lerdena

Desertuko haizeak lehortu ez zuen lorea

Itsasoaren kolorea, hor zaude zu.

 

Hamasei salbe ta hamalau kredo erderaz entzunagatik

Bazenekien hori ez zela sekula guretzat egin.

Urrezko daukat eta diruak ez dira engainu txarra

Bazter batera apartatzeko lehengo sinesmen zaharra.

 

Merkatarien aldamenera amildegian goitik behera

Oharkabean eroriko gara;

Baina guztiok jakin dezagun bidea nondik dihoan

Alzateko jaun, hor zaude zu.

 

Bide batetik okertu gabe kanta dezagun bertsoa

Isil-isilik esan dezagun euskaldunen sekretua:

Herri zahar baten oharpen haiek nola ditugun galduak

Zenbat itxura alda ditzakeen eguna hil zuen gauak.

 

Bidasoaren ezker eskubi udaberrian lore gorriak

Isilikako ur izkutua:

Mendeetan zehar kantu laguna, noizbait latinez lurperatua

Laster berpiztu behar duguna.

 

 

Larrun gainean sorgiñen dantzak nabaritzen ditut arratsaldean,

Lurrak badaki kontu horien berri

Eta hor dago isil-isilik.

 

V)

 

DOKTORE BATZURI DEIA (Jose Maria Arguedas, 1966)

 

Argia eta lurra gordetzen duten milaka arren taupada;

        xomorro hegalarien, iskanbila zaratatsua

        erakutsiko dizkizut, anaia, uler ditzazun lortu arte.

Abesten duten hegaztien malkoak eta egunsentiaren gisa

        laztantzen duen bere bularra, entzun eta senti ditzazun

        erdietsiko dut.

Nik dakidana, ez zuen inongo tresna zailek egin,

        munduaz bozkaria eta gozatu.

Lurraren gain, hezurrak apurtzen dituen elurtetik

        mendarteen suetaraino, zeru aurrean, bere borondatez eta

        neure indarrez hau dena egin genuen.

Ez zaitez ningandik alden, doktore, hurbil zaitez! Begira nazazu

        ongi, ezagutu nazazu; noiz arte itxaron behar zaitut?

Hurbil zakizkit, zure helikopteroaren kabinaraino jeiki nazazu.        

Mila sapa ezberdinen likoretara gonbidatuko zaitut,

        mendetan eta elurtepetik hartz basatiak beren kabiak

        dituzten basoetaraino landu nituen mila loreen bizitzetara

        gonbidatuko zaitut.

 

VI)

 

Mutu dirau lurrak. Eskuetatik erortzen zaizkigun egunak. Egunak, mutu lurperatu ziren hezurrak. Horman gora doazen sugelandarak. Neguko eguzki galdatan. Adarrak, gure oinak pausatzeko emanak. Mutu dirauen lurrak ortziari dio zor isila. Bila joan zirenen arrastoari jarraika datorren zantzo hurbila. Hezurrak berriz gure bila. Lurrak ez dio inori negarrik zor. Ortziak ematen dio kolore pentsamenduen ontziari. Horrela ikasi zuen haurrak oinezean. Erortzen ikasi zuen bideen oinazean. Estutzen zitzaion arnasean. Hezurren ezkutaleku dugun baratzean. Pentsamendu guztien atzean. Mutu dirau lurrak. Eskuetatik erortzen zaizkion egunak. Berez ernetako adar muturrak.

 

VII)

 

Ospitalekoak, Mikel Antza, 2010

Ospitale honetan ezagutu ditinat borondatezko bezeroak, ospitale arruntetan egon ohi ez direnak.

        Ospitale arrunteko gaixoa bertatik alde egiteko desiratzen dago. Ahal dela bere kabuz eta oinez, senda-agiria jaso ostean. Txarrenean, atarian zain duen taxiraino hurbileko senideren batek bultzatutako nahitaezko gurpil-aulkian.

        Aldiz, kartzela-ospitalera etortzea pagotxa izaten da preso arrunt batzuentzat. Errefuxiatzera datoz hona. Kartzela-agintarien eta medikuren baten laguntza behar izaten dute horretarako. Medikuak huskeria bategatik haren ospitaleratzea aholkatzen du aurrena. Ondoren, senda-agiria aspaldi jasotzeko moduan egon arren, kartzela-agintariekiko adostasunez, bertan egoten utziko dute.

        Ustezko preso-eri batzuek hilabete luzeak daramatzate bertan. Ustezko eriak, benetako presoak; inolaz ere kartzelako beren ziega-zulora itzuli nahi ez dutenak: kartzela-administrazioak beren salatari lanaren ordaina ospitaleko egonaldiarekin jasotzen dutenak dira batzuk; dibisio arruntean jaso ditzaketen jipoien arriskua ekiditeko isolamenduko hoztasun krudelean baino hemengo anonimotasun goxoan babesten diren bortxatzaileak beste batzuk.

        Ahalik eta gehien luzatuko dute egonaldia Moliereren Argan modernook, harik eta gaixotasun larriren batekin iristen den presoren batek beren ohea ezinbestean behar duela-eta lekutzen dituzten arte.

VIII)

 

Ni naiz

Erreka zikinen iturrri garbiak

Aurkitu nahi dituen poeta tristea

Ni naiz

Kaleetan zehar neguko eguzkitan

Lanera dihoan gizon bakartia.

Ni naiz

Lorerik gabe gelditzen ari den

Ardaska lehorra,

Ni naiz

Pasio zahar guztiak kiskali nahi dituen

Bihotz iheskorra

 

Ni naiz

Burrukaren erdian ilunpetan etsita

Amore ematen duen pizti beldurtia.

Ni naiz ezerezetik ihes

Munduaren erdian

Ezin aurkitutako amets urrutia.

Ni naiz irrifar bakoitzean

Gaztetasun hondarrak galtzen dituena,

Ni naiz itsasoko haizeak

Gogor astintzen dituen lainoen negarra.

 

Ni naiz

Beste asko bezala neguko eguzkitan

Hotzak hiltzen dagoen gizon bakartia.

Ni naiz hostorik gabe

Gelditzen ari den ardazka lehorra,

Ni naiz pasio zahar guztiak

Kiskali nahi dituen bihotz iheskorra.

 

Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordeaz,

Nora ote dihoan  denbora aldakorrak daraman bidea. Daraman bidea.

 

 

IX)

 

DOKTORE BATZURI DEIA (Jose Maria Arguedas, 1966)

 

Mendetan zehar gure odolaz itoarazi dugun heriotza,

        bide ezagun eta ezezagunetan dantzarazi izan dugun

        heriotzak ez gaitu ez, izutzen.

Badakigu bai gure aurpegiak buztinez desitxuratu nahi dituztela

        eta horrela, desitxuraturik, gure seme-alaben aurrean

        aurkeztu, beraiek erail gaitzaten.

Ongi ez dakigu zer jazoko den. Hurbil dakigula heriotza,

        ezagutzen ez ditugun gizon horiek etor daitezela.

        Erne itxarongo ditugu; mendi eta hibai guztien

        aitaren seme-alaba gara eta!! Jadanik ez al du munduak

        ezer balio, hain zuzen, anaiatxo doktorea?

Ez erantzun alperrik baita. Milaka urtetan ikasitako neure indarra

        baino sendoagoa; milaka hilabetetan, milaka urtetan

        neure lepoko giharrak baino bizkortuagoa da bizitza,

        betiko bizitza, atsedenik ez duen mundua, nekerik gabe

        sortzen duena; denborak lez erditu eta osatzen duena,

        hasierarik eta amaierarik gabea.

 

X)

 

Zaude isilik haurra, ez egin negarrik. Munduak ez du eta malkoen beharrik. Handitzen zarenean ikusiko duzu, isilik egoteak zenbat balio dun. Segi zure bidetik, hobe da horrela. Gauza guztien gainetik, haizeak bezela.

 

XI)

 

Badakigu gure aurpegiak buztinez desitxuratu nahi dituztela. Nor garen ahaztu arte eman nahi digute lur. Bustitako egurrez su gelditzen zaigun apurrari, lurrean ageri den adar muturrari. Badakigu keari darion dantza, mugitzen hasi den balantza, guk baino ezin dugula egin azal buztinezko. Erditzeko prest dagoen egur ikatza, goseak esnatu den baratza. Ailegatzear den azken guda dantza.

 

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENy343zuX