Joxe Azurmendi. Manifestu atzeratua eta beste

2010-02-20an emandako programa. Entzun osorik hemen

(Xabier Egañak Hitz Berdeak libururako egindako irudia)

Baldin gure herriak ikasten ez badu Gernikako arbola haritz normal bat zela eta euskal herria edozein herri bat. Ta gure langileek ikasten ez badute gizon direla eta ez kasta sakraturik ezta madarikaturik ere, ta euskal nekazariak enteratzen ez badira aspaldian hil zela Virgilio ta gure poetek ta idazleek ikasten ez badute hizkuntza ez dela Orfeoren flauta…


I)

 

Koldo Izagirreren begietatik ikusi dezakegu nola jaisten den Joxe Azurmendi Arantzazun behera, “garbiaren garbiz eri”: goi arnasak, hau da, Jainkoak, ito du, eta oxigeno kutsatuaren bila dator behera, hilkortasunaren bila.

 

Azurmendiren poesiagintzan behin eta berriz ageri da bere bizitzaren zati handi bat burdin goriz markatu zuen horren gaineko zalantza. Behera jaisten denean, zikinkeriaren bila doanean, berarekin batera darama mindura hori guztia. Ez dago modu hoberik poesia baino, hori dena adierazi eta galdera berriak sortzeko.

 

Manifestu atzeratuan, gure herrian sortu den askatasunaren aldeko oihurik xeheenean, Jainkoa azaltzen da. Baina baita beste gauza asko ere. Zalantzak sortzeko eta galderak ereiteko balio duten ziurtasunak dakartza bere irakurketak.

 

 

II)

 

Joxe Azurmendik 1968an panfleto bat idatzi zigun, kondenatu nahi badugu, injustiziarik kometa ez dezagun.

 

Manifestu atzeratua. Joxe Azurmendi

 

Gure herriak ez dauka kondairarik. Pobrea da. Ez dauka pirata koxkor pare bat, langile sofritu batzuk, muga zentzugabe asko, mila zorigaizto besterik. Ez da gutxi. Euri gortina batek ixten du gure kalendarioa. Ez ba bilatu kondaira unibertsalen liburu handietan gure inperiorik. Ze guk ez daukagu pirata pare bat, langile on batzuk, muga txar gehiago eta holako zerbait besterik. Kalderilla hutsa.

Baina libre izan nahi dugu, zer kulpa daukat nik. Eta txeke zuri faltsu baten antzean Gernikako arbola bat asmatu diguten arren libre nahia bekatu balitz bezala, aitzakiaren bat beharko bagenu bezala, guk, guztiz xinple, libre izan nahi dugu.

Nahi dugu, besterik ez. Hauxe baita gure engainu azkenekoa: libre izan nahia justifikatu behar dugula pentsarazi digute, lehen kanpotik eta barrutik orain.

 Eta San Inazioren, Xabierren, Txurrukaren eta Elkanoren eta Habeas Corpusen eta nik dakit noren gomendio guztiak biltzen eta banatzen saiatu zaizkigu gure kausaren abokatuok. Libre izateko inoren baimenik beharko balitz bezala. Herri izateko inoren gomendiorik beharko bagenu bezala. Horiek libertaterik ekarriko baligute bezala. Ta ez horiengatik, ezpada guzti horien kontra nahi dugu libre izan kondaira guztiaren kontra.

Poema txar batean deklaratu behar diot gure gauari ezetz. Goizaren kontra, Gernikako arbolaren kontra eta herriaren alde. Deklaratu behar diot kaleari gure jauntxoak ez direla sekula gure herria izan ta izango. Gure jendea pobrea da, trixtea da. Gure jendea ez da poesia batean kabitzen. Gure jendea ona da. Kulpa gabe hiltzen da, handitasunik gabe bizi da, sekretuan maite du, errezatzen du (tradizionalista da) engainatu egin dute, ez da asko fiatzen. Gure jendea bulgaritate hutsa da. Inpresionistek bakarrik pintatu dute. Edozein etnologoren armario batean dago, eskuliburu batean deskribatzen da.

 

III)

 

Joxe Azurmendi

 

Hau ez da poesia.

Ez zaidazue arren

poesia denik esan.

Euria da arbola hiletan

eta orbel tristeak parkean

eta herriaren negarra

jendearen arduragabezia

eta esperantzaren arratsaldea.

 

Ez zaidazue hau

poesia denik esan.

Ibai lizunaren zubipetik doaneko

intziri hotsa da

—ez dut nik asmatu—

eta eskuotatik daridan

tristuraren iturri zimela.

 

IV)

 

Manifestu atzeratua. Joxe Azurmendi

 

Nik ez dut bakerik nahi, ze bakea ez da libertatea (kasi ahantzia neukan zaharraren zaharrez). Baina prosaiko aurkitzen dut hiltzea. Ez nuke hil nahi Termopilako heroi bat bezala. Ezta korda eman gabeko erloju zahar bat bezala ere, zer esanik ez. Prosaiko aurkitzen dut nola edo hala. Ta nork askatuko digu herria? Zaharrak zahar dira, gazteak gazteegi. Libertatea baino nahiago dute ezkerra intelektualek. Langileak eskolara ez baino klasera hots egiten dituzte. Artistak ederra sortzeko daude. Baina libertatea ez da eder, ez dago sindikatzerik, ez dago ezkerrean. Etorkizunean dago.

 

 

V)

 

Joxe Azurmendi

 

Porta San Giovanni

Ezin dut ezer ikusi

baina argiek liluratzen naute

Donibane Ateko gau argiek.

 

Begiok ixten ditut.

Hobe dela ezer ez jakin

pentsatzen dut, pentsatu edo…

Deus ez ikusi

eta aulkietan eseri

arima nekatua

nire bizitzaren ondoan

bakardadez egoteko.

 

Gozoa dela ihes egitea

munduari, gozoa batez ere

ihes egitea norberari,

eta oro ahaztea

lo bigun batean.

 

Ezer axolagarri bakarra,

agian, orbelak

antsigabeki adarretatik

erortzen

ikustea

da

begiak altxatu gabe

parkean jarrita.

 

VI)

 

Manifestu atzeratua. Joxe Azurmendi

 

Libre izan nahi dugu. Guk, haragi honek, esperantza honek nahi du libre. Alferrik pasiatzen dira gure filosofoak xinpletasun xinple hau sublimatu nahirik abrakadabra baten bila, misteriotsu asko, ideologien jardinetan. Haragi honek nahi du libre, ez filosofia batek, ez klasetasunak, ez teologiak. Pinua pinudiak definituko balu bezala, goardasolak euria, morena batek eguzkia. Edo gurutzean ebanjelioa hil balitz bezala.

«Ni naiz esperantza» bat hil zen gurutzean. Pertsona ez da ideia bat. Pertsonak ez dira eskubide sorta bat. Eskubideak ez dira argumentu bat edo deklarazio bi. Pertsonak dira. Baina libertatea ez merezi, irabazi egin behar da, ez kondairaren, ezpada gizonaren eta etorkizunaren aurrean. Eta gure herriak ezin du irabazi. Ta ezin irabaziko du ere, baldin eta gure filosofoek ikasten ez badute ez duela eguna erlojuak egiten. Edo ta gure ibarrak Arkadia dirala uste badugu ta gure errealistek garaiz aurkitzen ez badute errealistago zela Printzea Machiaveli baino eta Jesukristo bainoago Judas, ta errealitatea Marx dela eta ez haren liburuak eta Iparragirre ta ez kitarra.

Baldin gure herriak ikasten ez badu Gernikako arbola haritz normal bat zela eta euskal herria edozein herri bat. Ta gure langileek ikasten ez badute gizon direla eta ez kasta sakraturik ezta madarikaturik ere, ta euskal nekazariak enteratzen ez badira aspaldian hil zela Virgilio ta gure poetek ta idazleek ikasten ez badute hizkuntza ez dela Orfeoren flauta. Ta nafarrak enteratzen ez badira bi Nafarroa daudela, honezkero hiru eta lau ez badaude eta eta eta (etcetera esan nahi dut noski) zahar eta berri ta denok bat Erromako zubi koloretsu batean. Orduan bai, eguzki zaharrak argi berria emanen du. Astronomoak ez dira enteratuko, ezta eguzkia bera ere, baina gu bai. Eta nahikoa dugu hori.

Hau guztia esan ta gero ez da faltako oraindik, ez dugula maite aberria botako digunik. Aberriaren maitasuna poltsikoan eramango balitz bezala.

 

VII)

 

Joxe Azurmendi

 

Agian hotza da Helsinki

nire poltxikotik ateratzen den

tango hausi batekin

aspertuta parkerik parke

nabilenean.

Berandu da, ta gauak

ez du zeru bustian

oraindik argia txukatu.

 

Sibeliusen Puisto-n

ez da gelditu enamoraturik,

arbolak ere lo.

Agian hotza da Helsinki.

Zer da hotza,

arima hotzarentzat?

 

Azkenean ez du bihotzak

nekerik.

Helsinki hotza da.

 

Pinu arteko ainuberaino

sartzen da argi zuria.

Nire begiok libre,

antsiarik gabe:

lago zuriak,

zeru izar gabean argia zabalik.

 

Lamiak pinupean,

uretatik urten berri,

maitetan ari dira agian,

Otaniemi-ko basoetan.

Zerua libre dago,

zu ta ni.

 

Arima hotzarentzat

Helsinki-ko lagoak

ez dira hotz.

 

VIII)

Euskal Herria euripean. Itxaro Borda, 1982

 

Eder da Euskal Herria euripean

busti eta distiratsu,

ura hosto legorretan

urre eta zilar

kantaka

ttanttaka lerratzen da

eskainan, urrian

Euskal Herrian

euripean

hor gaude.

  

Ahantzi nahi dugu ez garela beharrezkoak,

zainetan buru gibeletik

sua bezala erretzen gaituen heriotzerako gutizi nagia.

 

Euskal Herrian

hor gaude

euripean,

kafe azkarregiek aho zokoan uzten duten gustu beltzean

eta caporal tabakoaren usain segitzaleen lainoan galduak

adiskidantza baino gehiagoko zorotasun debaldezko batean,

hor gaude

Euskal Herrian

euripean.

 

 

IX)

Joxe Azurmendi

 

Apokalipsiko zaldi errenak

(Prometeo hilezkorra)

 

Hondamendira ei doa rmundu hau

zoroa dalako.

Antxinako tradizinoa du

horren zor ta bildurti ta zentzugabe

izatea. Agian beste mila edo

mila bi urte pasako dita ba lasai

zubipetik honda dedin arte.

Mundu honek ez du hondamendirik merezi.

 

Zaldi errenak datoz apokalipsian.

Edo agian bidea erratu dute.

Nahi ez zituzten umeekin erditu dira

ama guztiak munduan.

Poliziak ez du metafisikarik ixturiatu.

Bazkariko indibabak gatzik gabe zeuden.

Gauza handirik ez, okerreria vulgar bat.

 

Tabuz harmaturik datoz begietaraino

zaldiak.

Enamoratuta dago,

ta arrats batean dana hondatu zuen,

herriko atari guztiek dakite nola.

Mixeria hutsa, besterik ez.

Gizona ez da gaiztoa.

 

(Agian ezta ona ere)

Total, azkenean

gurutze batean hil zan Jesukrixt,

egiaren egarri zan-eta

pozoia edan zuen Sokrate-k,

urdai txar bat janda

joan omen da Buda Nirvana-ra.

Mixeria hutsa. Hogei ejenplo

multiplikatu beharko nituzke.

 

Zaldi tisikoak

datoz munduaren apokalipsian.

 

X)

 

Aberriaz zelan ahaztu. Jose Luis Otamendi, 2007 

 

nik ere aberriaz nahiko nuke ahaztu

eta neure herrian ibili

eguneroko poz-nekeei indar guztiak emanda

lagunarte xume bateko hitzak defenditu

gure arteko hitz horiek balira bezala

defendi daitekeen azken eremu librea

plaza bat aurpegi bat

norbaiten arropa artean hazten diren hitzak

edota akordura ez datozkizun zaurien baitan daudenak

 

nik ere bizi nahiko nuke

nor naizen etengabe galdetu beharrik izan gabe

apalago bizi neure buruaz ahazturik

nik hau eta nik beste hori jardun gabe beti

apalago bizi ni ere

gogoa eta adimena erantzun txikiei emanda:

gizaki bati dagozkion neurriko kezkekin

 baina errepidea galdera izan daiteke hemen oraindik

argi piztua gauean galdera da

gauzek etengabe interrogatzen naute

nor naizen zer naizen

nola mintzo garen zelako lagunak ditudan

eta modu txarrean hartzen naute gauzek

ez didate bakerik eman nahi

traban jartzen zaizkit zangoen tartean

galdekatu egiten naute errukirik gabe

zer egiten dudan hemen

zergatik etorri naizen gaur hona

itxitura han hesia hemen

  

nik ere aberriaz ahaztu nahiko nuke betiko

ez balitz gu gabe ere badirelako

azkeneraino zaindu beharreko hitzak eta jendea

ez balitz gu geu agian inoiz iritsiko ez garen lekuetara

helduko direnentzat gorde behar dugulako

sekula narriatuko ez den sentimendu bat

sekula galduko ez den sentimendua

bakarrik gaudenerako

urrun daudenerako

badaezpada

 

 

XI)

 

Joxe Azurmendi

 

Maite dut nik mundua

ezin banau poztu ere.

 

Goragoko zerbaiten

hots ulertu ezinak

lausotzen du

nire bihotzaren maitasuna.

 

Eta dardaraz jartzen,

adi, nahikundez ta izuz.

 

Izartegien betiko

jira-bira huts ondogabeak

pentsamendua hustutzen

duen bezala.

 

Gauzak ez dakite

begiratu ez arren

maite ditudala.

Nola dudan goibel bihotza.

Haien barrenetik beretik

norbaitek deitzen nau-eta,

ez dakit nik nora.

 

Eskua sartzen badidazu

hezur igar bat aurkituko zenuke,

egarriz aituta,

bihotzean, ausaz ez bihotzik

baina maite dut mundua.

Nire antsiak

narrutu du-eta.

 

Eta gauzak ez dute

sekula jakingo,

maitatu arren, zergatik

ez natzaien

begiratzen oldartzen.

Diran bezalakoak

ikusteko bildurrez.

 

 


Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENy3Buz74