Mugak
2011-02-27an emandako programa. Entzun hemen

O.C. siglak eta 36 urte. Ceutara Saharapetik etorritako gizon bat bere herrira bueltan joaten saiatu da, lehenengo aldiz. Gonak dardarka dituen Europa anderea utzi nahi zuen atzean, itxuraz.
Muga bat zeharkatu duena ez da pertsona mugatua. Muga bat ez da beste muga batzuk jartzeko zeharkatzen. Itsasoan muga bat arkatzarekin marraztea da jarri daitekeen mugarik sendoena.
I)
Jauzi bat egiten duzunean, argi izan behar duzu hankak non jartzera zoazen. Jauzi bat egitera zoazenean, oinen kokalekua kalkulatu behar duzu lehenago.
O.C. siglak eta 36 urte. Ceutara Saharapetik etorritako gizon bat bere herrira bueltan joaten saiatu da, lehenengo aldiz. Gonak dardarka dituen Europa anderea utzi nahi zuen atzean, itxuraz.
Muga bat zeharkatu duena ez da pertsona mugatua. Muga bat ez da beste muga batzuk jartzeko zeharkatzen. Itsasoan muga bat arkatzarekin marraztea da jarri daitekeen mugarik sendoena.
Muga bat mundu berri batera iristeko zeharkatu duenak ez du bere burua mugatzen. Mundu berritik bueltan, oinak non jarri badakiela, muga bera berriz zeharkatzen duenak, ez du bere burua mugatzen. Atzean uzten duen guztia mugatzen du. Atzean uzten duen guztiaren mugak uzten ditu agerian.
II)
Aspalditik dator gizasemeak bere ingurua mapa batean irudikatzeko zaletasuna. Ptlomeo greziarra izan zen kristo ondorengo bigarren mendean bere aurrekari izandako guztien jakintza batu eta koordenatuak meridiano eta paraleloen bidez adierazteko oinarriak ezarri zituena. Ptlomeok, Aristoteles eta Hiparkoren lanak baliatu zituen: Aristotelesek ekuatorearekiko inklinazio angelua neurtu zuen eta Hiparkok, mundua bezalako esfera bat, bi dimentsiotako plano batean irudikatzeko oinarri matematikoak ezarri zituen kristo aurreko bigarren mendean, hau da, lehen proiekzio kartografikoa egin zuen.
Mapen garapena, teknologian emandako aurrerapenarekin dago estuki lotua. Mapagintzak erdi aroan bizi izan zuen aurrerakada handiena, iparrorratz eta koadrantearen asmakizunarekin batera. Asmakizun berri hauekin, eguzki zein artizarrarekiko angelua neurtzea posiblea izan zen, eta horrela, mundu azalean, puntu baten kokapena zehaztea posible bilakatu zen.
Puntu zehatz bat, gure kokapen geografikoa posible egingo zuena. Mundu ikuskera sinplifikatu bat. Galdera ikur forma hartzen zuten kontinenteak. Haur baten eskuek desegindako puzzlea. Ameslarien utopia ziren itsasoak. Ozeanoen itsasertz bihurtutako ameslariak. Zeharkatu ezin ziren mugak, ikusten ez genituenak. Meridiano eta paralelo bakoitzaren arteko saltoak. Bestaldekoa hobea zelako ustea. Gorputzari joaten uztea bihurtu zen denborarekin. Mugak gainditzeak askeago egiten gintuen. Txori migratzaileen istorioei jarraituz abiatzen ginen hara, urrunera. Joan eta itzuli egiten ginen. Istorio harrigarriak kontatzen genizkien gureei, oroitzapen onak baino ez genituen gordetzen gure baitan.
Behinola mugak ekarri zituzten gure lurretara. Sailkatu egin gintuzten, zatikatu egin zuten gure geografia. Hemengoak eta handik etorriak hasi ziren agertzen. Ibaiak ekarri izan balitu bezala gertatzen zen dena. Eta orain, afrikar bat muga bestalderantz zeharkatu nahian harrapatu dutela jakitean, harritu egiten gara. Mugek gurean, norabide bakarra izan dutelako orain artean. Mapak norabide bakarrean ulertzera ohitu gaituzte. Iparrorratzak ez digu hegorik ematen.
III)
Edu Zelaieta, Mugaldekoak
Mugako jendea
Mugako jendeak bi alderdietako herriak eta parajeak
ederki ezagutzen ditu. Badaki
eremu bakoitzean bertze aldean arrotzak diren legeak
eta usadioak ohikoak direla bertan.
Mundu guziari arrotza zaion mugaren idurizko marra
mugako jendearen gogoan bakarrik aurkitzen ahal da.
Mugako jendeak dena behatzen du egonarriz,
ez du inolako presarik
ez agerian utziko duen deus egin beharrik.
Ongi aski daki ikusten duenaren arabera
jokatu beharra dela, eta noizbait
bertze mugakiderik ikusiko balu
biek ez ikusiarena eginen lukete, euren arteko
hitzarmenak isilpean segi dezan. Izan ere,
mugako jendea ezagutzen duen jendaki bakarra
mugako jendea bera da.
Mugako jendea betiko erbestean bizi da,
atzerrian, sartu-irtenak eginez.
Beren gogoan baizik ez den idurizko marra
ez da kartografoen mapetan ageri.
IV)
Ameslariak gara definizioz. Utopiazaleak. Errealitateari muzin egin eta bertatik urrun eraikitzen ditugu ametsak, desioak; eta handik ere egituratu geure gizarte perfektuak, gizakien arteko harreman idealak, antolamendu politiko ahalik eta demokratikoenak, eta abar. Pixkanaka, ordea, utopien eta errealitatearen arteko distantzia amiltzen dela ohartzen garenean, errealitatea teoriarekin neurtzetik errealitatetik teoria eraikitzera igarotzen gara, errealitate kolpe ugari jaso ondoren.
Teorian hegoaldea hegoaldean dago eta iparraldea iparraldean. Mapa batean ere irudikatu dezakegu, eskoletan erakutsi, logelako paretan itsatsi, aspertzen garenean bertan galtzeko. Mapa batean ordea ez da errealitaterik kabitzen. Mapa batean ezin dugu errealitatea irakurri eta utopiak norabide asko izan ditzake. Alde batetik zein bestetik begiratu diezaiokegu.
V)
Jauzi bat egiteko gogoa dugunean, gure oinen begiratu behar diegu lehenengo. Jauzi egiten ari garela gure oinak pausatuko diren lur zatiari begira egoten gara.
Zuhaitzak mugak direla esaten duena oker dago. Zuhaitzak mugaren bat badu, sustraiak sartu dituen lurra da. Zuhaitz bat jauzika irudika dezakezu, berarekin egin dezakezu amets. Baina zuhaitz baten muga lurra da.
Lurrera erori behar denean, mugara urreratzen ari denean, ez du dardararik egiten zuhaitzak: ez kexarik, ez hasperenik, ez du oihurik egiten. Zurrun dator mugara, lasai jartzen ditu oinak lurrean. Ausart jokatzen du.
VI)
OROITARRIAK Iñigo Aranbarri, 1998
Zoazen tokira zoazela
Ekarridazu harri bat
Ekarridazu harri bat
Hilobi musulman eder bana egin diezaiogun
Edonora zoazela
Gure bihotzen lubaki gorri bakoitzari
Ez dezaten nekarazten baino atsedenik hartu
Igitai eiteko ilbehera berdea
Mailua baino arinagoa izarra
Ihes guztietan lagun izanen dugun
Lurra arin dakigun
Uraren azalean edonora zoazela
Kolore biziz margotzeko nahi nituzke neuk ere
Hangoak eta hemengoak
Lauak eta akastuak
Margolari vudu baten mozkorraldia
Biluziegi zaizkidan harrien azala janzteko
Museo bitxi bat koronel guztien iraingarri
Baina motelduak ditut behar nituzkeen denak
Eta euriak bezain higaturik zikintzen naute
Zoazen tokira zoazela
Ekarridazu harri eder bat
Hodei oparo bat jar dezadan
Gure bakardadezko Boavista gorriaren gainean
Harri soil bat
Oroimen kolpe garratza
Ontzi harro bat egin diezaiodan gure egonminari
Zoazen tokira zoazela
Zoazen tokira zoazela
Etzazu ahantzi egundo nire harria
Hilobiak harrizko hodei baten beharrean dira
Hodeia eta harrizko ontziaren harrotasuna
Uhin beltzei branka gozo ematen
Inoiz ahantziko ez dudan argazki ederra
Inoiz azalduko ez dizudan hizkuntza
Ekarridazu harri bat
Inon ez diren herrietara zoazenean
VII)
Tennesse Williams. The night of the iguana
Olibondo adarrak zeinen lasai
ikusten duen zerua zurbiltzen
Lanturik gabe, erregurik gabe
Bere etsipenari traiziorik egin gabe
Gauak zuhaitza iluntzen duen bitartean
Bere bizitzaren gailurra
Historiara pasako da, betirako
Eta handik aurrera
Bigarren istorio bat hasiko da
Distira galdutako kronika berri bat
Hitzarmen bat urre koloreko behelainoarekin
Eta azkenean, erdibitutako adarra lurrera jausi da. Eta ondoren,
gaizki eraikitako bat-egite bat
Hain maila goreneko izakiek
Gaizki diseinatua
Eta bere berezko berdeak
Arku bat marraztuko du
Usteltzen duen maitasun
Lizun eta lurtarrean.
Eta hala ere, adarrak eta fruitu helduak
Zerura begira daude,
Eta negarrik egin gabe zurbiltzen dira
Bere etsipenari traizio egin gabe
Kuraia
Zergatik ezin duzu beste bizileku bat hautatu?
Ez bakarrik zuhaitz distiratsu hura
Baita zure eskean dabilen bihotz hau ere.
VIII)
LERRO BERDEA II Edu Zelaieta, 2004
Behobiaren alde batean: greziarrak
Behobiaren bertze aldean: turkiarrak.
Denak behobiarrak dira.
Nahiz eta turkiarrentzat
bertze aldekoak greziarrak diren.
Nahiz eta greziarrentzat
bertze aldekoak turkiarrak diren.
Ezustean ireki dituzte
muga zeharkatzeko guneak.
Behobia erdibitzen duen
lerro berdea ezabatzen hasia da.
Ehun urteren buruan
alde bateko nahiz bertzeko behobiarrak ez dira oroituko
iragan denboretan bazela lerro berde bat
Behobia erdibitzen zuena.
Ehun urteren buruan
iraganeko lerro berdeak
itsasoaren urdinaren gisa hartuko du.
Eta bertako mugalariak anfibioak izanen dira.
IX)
Tangerreko plaza batean, arrats herdoilduan, itsasoari begira. Desosegua eragiten duen hiri bat dela ari gara komentatzen. Tanger ez du inork erlaxatzeko aukeratzen, esan didazu. Muinoan gora inurri-zerrendak bezala igotzen ari diren auto zuriei begira jarri gara biok, itsasoari bizkar emanda.
Jendea multzokatzen da gure inguruan; bakoitzak bere eginbeharrak ditu. Bi puntu beltz besterik ez gara haien egunerokoan. Elkarrizketak ehunka dira plaza bakarrean. Hitz egitearen plazeraz hausnartzen dugu apur batez: hitzak elkartrukatzea elkar kontsolatzeko modu bat izan daitekeela esan dugu; hitz egitearen eta hitz egiten uztearen arteko muga lausoak non egon daitezkeen zalantzan aritu gara.
Bere bidean doa dena; itsasoa gorritzen hasi da itsasartean. Gasolina-ubera beltzak uzten dituzte ferry-ek. Zurbiltzen ari dira olibondoak arnasa hartzen duten bitartean, ilunkerarako prestatzen ari direla dirudi. Kontrako bidean joatea zeinen zaila den pentsatu dugu biok, tea hartzen dugun bitartean. Kontrako bidearen alde egotea zenbat kostatzen zaigun. Non, zein lur-eremutan jarri oinak. Norekin busti oinak.
X)
IHES EGIN ZIGUN TRENA Juan Luis Zabala, 2000
Noiz irten zen ihes egin zigun trena?
Urrutira eraman behar gintuena?
Nork abisatu behar zigun?
Nork zekien ordutegien berri?
Nola jakin zuten trena hartu zutenek
noiz joan behar zen geltokira?
Zein txokotan, zein egintza arrarotan
geunden gu, despistatuta?
Orain ez dugu erremediorik.
Hemen gelditu gara.
Etsita.
Aurrera baino atzera begira bizi gara.
Handiari baino txikiari begira.
Trafiko seinale hautsiei erreparatzen diegu,
baserri hondatuetako harri zaharrei,
espaloietan sakabanatutako zabor apalari,
leihoren bat edo beste hausten dugu,
teleaparatuekin kargajasotze saioak antolatu,
kale ahaztuetako asfalto gainean etzan
mozkor plantak eginez.
Kontzentratu egin ditugu
lehengo amets ederrak kapsula txikietan.
Gero eta trinkoagoa da gure hizkera.
Noiz irten zen ihes egin zigun trena?
Inork ez zigun ezer esan, ezer galdetu.
Izan al zen trenik?
Pena sentitu behar al dugu ihes egin zigulako?
XI)
Tanger, inoreneroni
Bidaiari bi
Bidaiatu, jakin ezean
itsasoaren beste aldeko irudi biluziari so
Denbora zegoelakoan
Tangerretik.
Ez Mediterraniar
ez Atlantikoar
biak batera baizik
Azken mendea ozta-ozta eutsiz
kai eta nasen ingurunean
artean bizitza
TANGER!! TANJAZZ!!
Turistak pasiatzen
Harat, honat
Etengabeko gorrotoa eta
ez naiz zurekin ari
zutaz baizik
Benwayren doktorearen
itzala, hits itzala
olerkariek goraipatutako
paradisu txikiak
beste batzuentzat baitira
TANGER!! TANJAZZ!!
Eta zein da bizitza honen isilekoa?
Galdetu zuen ezkurrena
Egonarria eduki
bana ezagutzeko
erantzun zion Zaharrenak
TANGER!! TANJAZZ!!
XII)
Mugaren alde honetan nago. Orain hemendik begiratzen diot munduari. Bestelakoa da nire zerumuga. Lurra beste norabide batean mugitzen zait oinazpietan. Koordenadak aldatu dituzte paretetan itsatsiriko mapetan. Munduak bueltaka jarraitzen du bere kasa eta mugek ez dute etortzear den lurrikararik jasango.