AZTNUGAL

2011-03-06an emandako programa. Entzun hemen

Egunen batean mundua leunagoa eginen da gure inguruan

Eta nahinorantza abiatuko gara

            Nahieran

Joseba Sarrionandia

I)

 

Mario Benedettiren Pedro eta Kapitaina antzerki laburrean ez da AZTNUGAL hitza azaltzen. Baina hala ere, Gabriel edo Fernando edo Magdalena edo Fermin azaltzen dira behin eta berriz. Torturatzaileak Pedrori esan ditzan eskatzen dion izenak dira. Torturatzailearen psikologiaz egin den lanik gupidagabeenetakoa da. Hitzek, batzuetan, ez dute elkar kontsolatzeko balio. Elkarri min emateko ere balio dezakete, atximurkadak izan daitezke azalean. Hitzen kontrako salaketa egiten du, hitzez, Benedettik.

 

II)

 

Laguntza eskatzen duena bakarrik dago. Ilargirantz aldentzen den xori itsuaren atzaparrak oratzen ditu. Kolpatutako eskua luzatzen du norbaiten bila. Bere baitara bilduz babesten da ondokoetatik, bakarrik dagoena, laguntza eskatzen ari dena.

Zaratak entzuten ditu inguruan. Gorputza utzi nahi luke gaztelu gotorrean eta ihes egin. Akitua da. Akabatua da. Horma haiek sendoegiak baitira berak bakarrik zeharkatu ahal izateko. Laguntza eskatzen duenak bere buruaz beste izan nahi luke han ez den beste edozein tokitan. Begiak ireki nahi lituzke eta amesgaizto bat izan dela sinetsi. Laguntza eskatzen duenak ez daki non dagoen. Ez daki zer ordu den, nondik datozen kolpeak behin eta berriz. Nork oihukatzen dion belarrira, non gorde daitekeen hainbeste gorroto bere aurka.

Laguntza eskatzen duena bakarrik dago. Paper bat jarri dute aurrean. Sinatzeko agindu diote gero. Xori itsuek inguratzen dute laino artean. Ez du nahi baina badaki arinago edo beranduago sinatu egin beharko duela. Momentu horretan, ezleku hartan, inor ez dela sinestera heldu den unean, zarata eta kolpeak amaitzea baino ez du desio. Boligrafoa hartu eta pentsakor geratu da hustasunaren aterpean, astiro idatzi du jarraian; aztnugal.

Alderantziz mugitzen den munduan, zortzi hizki horiek ez dute laguntza eskatzeko balio. Zortzi hizki horiek ez dute ezer esan nahi bere horretan. Hitz horrek ez du handik aterako, baina askeago egingo du minutu batzuez. Zortzi hizki horietan hizkuntza bat gordetzen baita. Alderantzizko mundu batean baino ulertzen ez den berba horrek historia bat biltzen du bere baitan.

Folio hartan aztnugal idatzi zuenak laguntza eskatzearekin batera, gauza asko esan zituen. Aztnugal ordutik, paretan zikin eta gris haietan egindako zulo bat baino ez da.

III)

KAPITAINA. Hara, Pedro… edo nahiago duk Romulo esatea, klandestinitatean ezagutzen hauten bezala? Ez, Pedro esango diat, hemen egiaren orduan bai gaude, eta nire estiloa batik-bat zintzotasuna duk. Hara, Pedro, nik ulertzen diat hire egoera. Ez zegok erreza hiretzat. Bizimodu normal bat huen. Normal esaten diat, garai hauek zer diren kontsideratuz. Andre polit eta gaztea. Mutiko sano bat. Hire zaharrak, oraindik sasoikoak. Enplegu ona Bankoan. Heure ahaleginez egindako etxe polita. Etxe polit hori dela eta, zergatik ote dugu hi eta ni bezalako pertsona erdi-mailakoak nork bera etxetxoa izateko asmo hori? Baina pentsatu ote zenuten horrezaz jabego pribaturik gabeko gizarte bat sortzekotan hasi zinetenean? Horretan, behinik-behin, nork bere etxetxoarenean, ez duzue inor alde izango. Hortaz, bizimodu apal baina betea huela. Eta halako batean, tipo batzuk hire etxeko atea goizaldean jo eta betetasun horretatik ateratzen haute, eta horrez gainera izugarrizko jipoia eman. Nola ez naiz jarriko hire egoeran? Ez nindukek gizakorra izango, hura ulertuko ez banu. Eta ez nauk gizakortasunik gabea, ez horixe. Halare, garbi esaten diat badirela hemen bertan ia gizatasunik bat ere ez daukatenak. Oraindik ez dituk ezagutu, baina ezagutuko dituk agian. Ez nauk ari bart gauean aurreratze bat eman ziatenengatik. Ez, badituk beldurgarriagoko beste batzu. Aitortzen diat nik ezingo nukeela lan likits hori egin. Borrero izateko, borrero jaio behar duk. Eta ni besterik jaio ninduan. Baina norbaitek egin behar. Gerraren parte bat duk.

III)

Inoiz ez naiz ados egongo prozedura horiekin, erabat sinesten baitut gizakiak beste gizaki baten aurrean duen pertsuasio-ahalmenean. Are gehiago, iruditzen zaidak, mutil elektrikoek beren pertsuasio-ahalmenean nahiko konfidantza ez dutelako erabiltzen dutela elektrodua. Eta gainera presoa objetu bat dela uste diate, prozedura mekanikoen bidez mazpildu beharreko gauza bat, bere zuku guztia atera dezan. Nik, berriz, inoiz ere ez diat bistatik kentzen detenitua ni bezalako gizaki bat dela. Ekibokatua, baina gizakia! Hi, adibidez, hor hagoen bezala, isila eta geldia, bakarrik izan haiteke gauza bat. Agian, heure burua gauza bihurtzen saiatzen ari haiz nire aurrean, baina zein ere geldi eta mutu hagoen, nik bazekiat ez haizela objetu bat, nik bazekiat gizaki bat haizela, eta batez ere puntu sentiberak dituen gizakia. Noski, puntu sentibera horiek gauzek ez dituzte.

IV)

Kirofanoa. Joseba Sarrionaindia (1990)

 

Izugarri gogorra izan zen. Mahai gainean biluzik etzunarazi zuten, gerritik gorakoa ertzetik kanpora, eta polizia bat bere belaunen gainean eserita.

Orduan urdailean kolpeka, barrabiletan kolpeka, saman karate kolpeka, buruan telefono listin sendoaz kolpeka.

Gero poliziek zigarro bana piztu eta keetik keera oin zolak erre zizkioten, zangoarteak erre zizkioten, eta lau zigarrokinak bere bularrean amatuta zituzten.

Gero listinaz buruan joka hasi ziren berriro eta burua handitu zitzaion, ezin zuen arnasarik hartu, begiak itxi zituen enano saldoek bere gorputz gaztelua asaltatzen zuten artean, mendetako lurrikarak, katu hilak zainen laberintoan, egunsenti zurbilak odola galtzen…

Hilargirantz aldentzen zen xori itsuaren hatzaparrak oratu zituen.

Behin eta berriro jo zuten orduan, eraman ezinezko moduan

 

Eta oraindik ere

Gaur egun

Gupidarik gabe jotzen dute.

 

V)

Ez da gozoa bat traidoretzat sala dezaten. Baina bada hemen elementu bat agian hiretzat ezezaguna. Hi bezala, begiko zaigun jendeari bakarrik ematen diogun tratu bat da, mutil. Laguntzeko aukera ematen diagu eta hire lagunekin gaizki, horraatik ez geratzekoa. (…) Abisatzen diat, egiatan ezin espero dezakeala, proposatzen ari naizen hau baino soluziobide hobea. Kontutan hartu orain arte ez dela sekula usatu, beraz hiri buruzko susmoak ez ditek aurrera egingo. Areago ere, izen ona eta aginpideari dagokionaz, indarturik irtengo duala uste diat. Eta, bide bataz, zerrikeria guzti honetatik libratzen haiz. Oso gaztea haiz besterik gabe heure burua galtzeko, hondatzeko. Aurorarekin eta mutikoarekin itzul hinteke. Ez al zaik ahoan ura egiten? Aurorak heroi bat bezala hartuko hinduke, eta, noski, hasieran izango huke bihotz-zimikoak. Hori bai, erantzun egin behar didak. Orain arte jasan diat ezer ez esatea. Detenitu gutxik ditek, ordea, hain proposamen eskuzabalean parte hartzeko pribilegioa. Zergatik iruditzen ote hatzait hain mutil argia? Beraz, erantzun egin behar didak. Hik eta biok jakin dezagun non gabiltzan. Konkreta dezagun, ba; proposamen hau dela eta, prest al hago izenik emateko, prest al hago eskatzen diagun informazioa emateko? (Isilune luzea. PEDRO geldirik dago orain are. KAPITAINAk tonua igotzen du). Prest al hago izenik emateko?

(PEDROk buruko zanoa mugituz, eza ematen dio).

VI)

 

Paretaren aurrean jarri naute. Ez mugitzeko esan. Ez kezkatzeko errepikatu, bidaia luzea izango dela artean. Mendetako lurrikarak, katu hilak zainen laberintoan, egunsenti zurbilak ezer egin ezinda odolusten…

Eserita naukate, begiak estali dizkidate trapu batez baina badakit pareta bat dudala aurrean. Nire azalean nabaritzen dut ertzez ertz, ikusteko beharrik gabe, gaztelu gotorra nola hazten den nire aurrean. Ahots ezberdinak entzuten ditut inguruan. Aurretik entzundako berdinak direla esango nuke. Hurbildu eta urrundu egiten dira nigandik. Han nigatik elkartu baitira denak. Tabako beltza erretzen du norbaitek konpultsiboki. Pareta irudikatzen dut neure buruan. Zulo bat egiten diot begiratuarekin. Zulo bat aurkitzen dut izkina batean eta harantz noa. Aurpegia jartzen dut paretaren aurka. Begi bakarrarekin begiratzen dut bestaldera. Nahikoa dut begi bakarrarekin hangoak ikusteko; teilatu gorri eurituak ageri zaizkit lehenengo, aurpegi ezagunak bata bestearen atzetik. Nirearen bila luzatzen den eskua, barruraino sartzen zaidan usaina, basoan galtzen den bidezidorra. Min emateraino zabaltzen dut begia zuloaren kontra eta ematen du inor ez dela ohartzen. Momentu batez handik ihes egitea lortu dut eta inor ez da ezertaz ohartu. Aulkira bueltatu naiz ondoren. Paretari begiratu diot berriro. Zuloaren ondoan, nik baino ulertzen ez dudan hitz bat irakur daiteke orain. Ihes egin nahi duenaren bide seinalea, mendetako lurrikarak, katu hilak zainen laberintoan, arrats erituak odolusten…

Ihes egin nahi duenaren ihesbidea hitz bakarrean kabitzen baita, pareta hartan, zulo bat baino ez da, bestaldea.

 

VII)

Pedro zu hilda zaude eta ni ere bai. Heriotze diferenteengatik, noski. Nirea tranpazko, enboskadazko heriotzea da. Enboskadan erori nintzen eta honez gero ez dago atzera egiteko biderik. Tranpan harrapaturik nago. Esango banizu ezin dudala utzi hau, zuk esango zenuke naturala dela, hori konforta, bi autoak eta abar uztea izango litzatekeelako. Eta ez da hala. Hori denori bihotz-zimikorik izan gabe utziko nuke. Ez badut uzten, beldur naizelako da. Zurekin egiten duten, egiten dugun gauza berbera egin dezakete nirekin ere. Eta zuk seguraski esango zenidake: «Beno, ikusten duk, jasan daiteke». Zuk bai jasan dezakezu, zer sinestu, zeri heldua, baduzulako. Nik ez. Baina nire salbatzeko ezintasun horretan, tarteko soluziobidea geratzen zait. Badakit Ines eta neska-mutilek gorrota nazaketela egunen batean, jakiten badute xehetasun guztiekin zer egin dudan eta egiten dudan. Baina hau dena ezer lortu gabe egiten badut, gainera, ez dut litekeen justifikaziorik. Datu bakar bat ere eman gabe hiltzen bazara, niretzat erabateko bentzutzea da, erabateko lotsa. Zerbait esaten baduzu, berriz, bada zerbait ni justifikatzen nauena. Nire krudeltasuna ez da horrez gero, debaldekoa izango, hala bere helburua beteko baitu. Horixe bakarrik eskatzen dizut, horixe erreguz eskatzen dizut. Ez lau izen-deitura ere, baizik bat besterik ez. Eta aukera dezakezu: Gabriel edo Fernando edo Magdalena edo Fermin. Bat bakarrik, zuretzat gutxien balio duen hura; gutxien maite duzun hura; baita garrantzirik ttikiena duena bada ere. Ez dakit ulertzen nauzun: hemen ez naiz ari regimena salbatzeko informazio eske, baizik ni salbatuko nauen datu bat, edo hobeki esanda, neronetaz zerbait salbatzeko. Efikaziaren justifikazio eskasa ari natzaizu eskatzen, Ines eta neska-mutilen aurrean alferrikako sadikoaren moduan ez gelditzeko, baizik gutxienez azterkari efikaz bat bezala, errentagarri den profesional bat bezala. Dena galtzen dut bestela.

VIII)

Batzuetan norbaitek esan nahi duguna ulertzea nahi ez dugunean alderantziz idazten ditugu gure mezuak, aldrebestu egiten dugu gure diskurtsoa, sakabanatu egiten ditugu hizkiak nahasian emanez, behar duenak deskodifikatuko duenaren esperantzaz.

Beste batzuetan norbaitek esan nahi duguna ulertzea nahiko genuke, saiatzen gara ahal dugun modu argienean azaltzen eta hala ere, ez dute inoiz ulertzen. Deskodifikatutako mundu bat kodifikatzea langintza zaila baita pertsona bakarrarentzat.

Oker asko, hizlariari hitza kentzen ez edo gutxitan kentzen zaiolako sortzen dira. Osotasun engainagarri bat sortzen da horrela, zeinak, osotasuna den aldetik inork zalantzan jartzerik ez daukanez, bere osagaietan ere egiazkoa dirudien, nahi eta osagai bakoitza osotasun horrekiko baino ez den egiazko.

Ohitura kaltegarriak bazterturik ere, berean ohi dirau beharrizanak, eta hari ordezko iraunkorregia ematen zaiolako sortzen dira eragozpen asko eta asko. Gozamenak berak sortzen du beharrizana. Irudi batez esateko: Ahul direlako denbora luzez eserita egoteko beharra sentitzen dutenentzat elurrezko eserlekuak egin beharko lirateke neguan, hartara udaberrian, gazte jendea sasoiko eta zahar jendea hilik denean, berez eta besterik gabe, desager litezen eserlekuok.

IX)

Pedro, denbora gutxi dugu, oso denbora gutxi. Zuk eta nik. Baina zu bazoaz eta ni geratzen naiz. Pedro hau ezteusturiko gizon baten erregua da. Zu ez zara gizatasunik gabea. Zu gizon sentibera zara. Zu gai zara jendea maitatzeko, jendeagatik sufritzeko, jendearen alde heure bizia emateko. Pedro, erregu egiten dizut: esazu izen-deitura bat bakarrik. Honetaraino etorri da nire eskakizuna. Garaitzapena berdin izango da zurea.

X)

Egunen batean mundua leunagoa eginen da gure inguruan

Eta nahinorantza abiatuko gara

            Nahieran

Eta maite ditugun lagunak besarkatuko ditugu,

Eta den edaririk bizigarriena edanen dugu,

Eta legeaz landako gure mintzairan solastuko gara,

Eta munduko andere guztiekin oheratuko gara,

 

Eta hamaika urteren ondoren lehenengoz

Gorrotoaren gortesiaz

Diosala eginen diegu gartzelan utziko ditugun funtzionarioei

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENy3STwot