Inauteri eternala
2011-03-13an emandako saioa. Entzun hemen

Corrine with African mask. Bre Wucinich-en argazkia, Man Rayren “Kiki with African mask” lanean oinarritua
Ikusiko da gero fruiturik ematen dugun ala ez. Behien begietatik inausiriko irudiek osatzen dute gure karnabala. Irudiek ematen diote zentzua inausiriko gure bizitzei.
I)
NEGU GORRIA
EZ DA ORAINDIK BUKATU
UDABERRIA HURBIL DELA
IRAGARTZEKO
JOAREDUNEN ZINTZARRIAK
ENTZUTEN DITUGU
NEGUKO LETARGIA ASTINDUZ
itzalen desfile infinitu batean zehar goaz
Pausu bakoitzean zapaltzen dugu terreno berri bat
Biluzteko gogoa zerura begira ekiditen dugu
Azalpean zerbait dugula noizean behin oroitzen dugun jendaila besterik ez gara
HIL ZITZAIGUN LAGUN
BAKOITZARENGATIK
LANDATU GENUEN ZUHAITZA
hazten doan bitartean
Guk oinez jarraitzen dugu
Maskarada baten itxurako joanaldi makabroan
II)
Errepide ertzeko zelaiak ez dira lehortu oraindino. Behiek ez dute adarrik ageri pasaeran, moztu egingo zizkioten norenak diren ahaztu ez dezaten. Hezetasunak lerratzen du urtaro hau bere sustraietara. Lur umelaren usainak ematen digu bizi ditugun garaien berri egunero. Errepide ertzeko zelaietan sagarrondoak inausten ikusi dugu norbait. Adar antzuak erortzen, okela zatiak nola denboraren kurban. Behiek atsekabez begiratzen digute, lokatzez inguraturik etzanda daudenean. Adarrek ez dute sustrai berririk emango zelai umeletan. Usteldu egingo dira, edo erre. Urtaroak betiko eraman ditu adarrak lurrera, gelditzen direnek errazago izan dezaten aurrera egitea. Inon ez da kexarik entzun. Gutxi batzuk uzten dira urtero sasoi honetan, fruitu gehiago eman dezaten, alferrik neka ez dadin, bizitza errepidean aurrera doala, adar bat erortzen denean bezala, okela zatiak inausi ditugu gure buruetatik. Behi adarrez osaturiko multzoak izkinetan. Mozorrorik gabeko inauteriak bizi ditu gure azalak. Errepide ertzean pilatzen jarraitzen duten odoldutako adarrak, bizitza eramangarriago baten froga dira egun.
III)
Juanjo Olasagarreren T eleberriak gaur egungo modaren eta jantzigintzaren erreferentziak ditu bata bestearen atzetik. Argumentuan bere lekua dute Pradak eta Jean Paul Gaultierrek. Probokatzailea da askotan, baina marka komertzialak behin eta berriz aipatzeak ematen dio halako faltsutasun aire bat, ikutu histrioniko bat. Sentimenduak plastikozkoak bihurtzen dira lipar batez, fashion diren gauzei garrantzia ematerakoan. Maskarada-efektua deitu diezaiokegu horri: benetan gertatzen ari denaren krudeltasuna kosmetikarekin gordetzea.
IV)
Mozorrorik gabeko inauteriak bizi ditu gure azalak. Mintzez mintz, gero eta sentiberagoak gara, horrela nahi gaituzte, errepide ertzeko lokatzetan etzanda jarrai dezagun behiak bezala. Garaian garaiko azalaren bila jarraitzen dugu alderrai. Erraietan itsatsita daramagun zama umela, neguak utziko gaituenaren zalantza, inausi beharreko galderak, bestela hezurrak usteltzen baitira errepide ondoko enborretan. Bestela ez baikara mintz bat gehiago irauteko gai izango. Inauteri eternalean eman digute su, hautsez estali dituzte gure bekokiak, batzuk hil beste batzuk jaio ahal izateko. Odoldutako adarren orbanak gure azal lehorretan. Horrela doa denbora enborrean gora, erortzen diren adarren testigu isila. Horrela behartzen gaituzte erabakiak hartzera, hau moztu, honek aurrera egin dezan. Adarrik gabe ahulagoak izango gara ezinbestean. Bizitza inauteri bat bihurtu digute, mozorroa aukeratzea baino ez zaigu geratzen. Ikusiko da gero fruiturik ematen dugun ala ez. Behien begietatik inausiriko irudiek osatzen dute gure karnabala. Irudiek ematen diote zentzua inausiriko gure bizitzei.
V)
Juanjo Olasagarre, T (pasarteak)
Kaskamotzak bultzaturik sartu naizenean, Barrutia leiho-koskan bermatuta dago, kontrargitako itzaletan aurpegi kara ikusezin. Alde egiteko gogoa sortu zait ez dakit zergatik. Aitagatik beharbada, pentsatu dut. Itzuli egin naiz. Kaskamotza dut atalasean, hankak zabal. Atzerantz egin dut urratsa, hura ukitzeraino. Garondoan nabaritu dut haren arnasa epela. Destiny koloniaren irudia etorri zait gogora. Kaskamotzak halako bultzadatxo bat eman dit gela barrurantz.
Eguzkiak marraztutako lauki baten erdian gelditu naiz, gorputzaren beheko atalak argiturik, nire bota luze beltzetako ferraje metalizatuek distira egiten didatela. Beldurturik nago. Eta aitaz akordatu naiz. Baina ez al du ezer esan behar!
Ate hotsa entzun dut. Bakarrik utzi gaitu Kaskamotzak. Barrutia ez dela zintzoa pentsatu dut, ez dagoela aurreko larunbateko El Mundoko artikulua irakurtzea besterik. Beldurra berritu zait baina baita ere desioarekin nahasi zaidan halako jakin-min bat.
Barrutia leiho-koskatik altxatu eta mugitu egin da mahairantz.
Armairura hurbildu eta plastikozko poltsa bat bota dit. Lurrera erori da halako hots gor bat eginez.
-Jantz ezazu hori -agindu dit lehor-. Nik agindutakoa egin beharra duzu -jarraitu du.
Kuzkurtu, poltsa hartu eta ireki egin dut. Kamiseta more marguldu bat, jeans higatu batzuk, forro polar arrosakara zabar bat. Dena atera dudanean, kulero zuri batzuk agertu zaizkit kirol zapatila batzuen artean.
Arropak eskuan, ez ulertuarena egin diot Barrutiari eskuak altxatuz.
-Jantzi.
Eta itzuli egin da bizkarra emanez nire intimitatea gordetzeko.
Bota altuen kremailerak laxatu ditut. Punta metalizatuek distira egiteari utzi diote, eguzki laukitik kanpo utzi ditudanean. Galtza beltz pitilloak kentzen hasi baino goikoa kentzea hobetsi dut.
VI)
Anjel Lertxundi. Hausterre (Berria)
Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai, hauts hartatikan uste gabean noizpait ginaden gu ernai, kantatzen zuen Xabier Letek, gure bizitzako nekeak eta lihoaren penak zentzu kosmiko batean ardaztuz. Jaio ginen hautsa bilakatu zelako bizigai. Katolikoek hausterre eguna deitu zuten, eta liturgiak dituen errito berezienetako bat berrituko dute elizetan, tokian tokiko apaizak errauts pixka bat jarriko du eliztarren kopetan, bizitzaren misterio kosmikoa gogoraturik: hauts haiz eta hauts bilakatuko haiz.
Hautsa gure baitako sekretuen gordailu: etxeko sua etxeko hautsez estali behar omen da. Iragana ahaztu nahi zela adierazteko, sandalietako hautsa astintzen zuten plaza publikoan… hautsa pilatzen da abandonatzen diren eremuetan, ganbaran, memorian, sentimenduetan… Bihotza hausten zaigunean, hautsi edo hauts bihurtzen zaigulako da.
Hautsa jaiotzaren sinboloa. Hautsa, heriotzarena ere.
VII)
Juanjo Olasagarre, T (pasarteak)
Beroki beltz luzea utzi dut mahai gainean, Jean Paul Gaultier etiketa agerian duela. Gero elastiko pikodun beltza kendu dut, atorra zuria. Haragia agerian dagoela ohartzean, lotsatu egin naiz, nahiz eta Barrutia beste aldera jiraturik egon. Kamiseta beltz marguldua hartzera jo dut lurreko poltsara, hautsi-apur. Kamiseta handi gelditzen zait, sorbaldetan zintzilik, luzeran izter pareraino, mahuka motzak ukondotik behera.
Lehenagoko lotsa bilatzen saiatu naiz, baina ez dut aurkitu. Beharbada, pentsatu dut, desioa, beldurra, urduritasuna eta libertsioaren arteko zer bat.
Galtza beltzak jaitsi ditut izterretaraino. Eseri egin naiz gero.
Oinetatik pasatu bitartean, Prada dioen etiketa gorriari erreparatu diot. Amaren dendakoa.
Jeans zabalak hartu ditut.
Barrutiak tragedietara jolastu nahi ote duen otu zait. Nola jolasten da tragedietara? Bai ote? Destiny. Parfum.
Galtzak janztean, laxo-laxo datozkidala ohartu naiz.
Barrutia mintegiaren beste aldera mugitu da. Larruzko poltsa batean miatzen ari da. Itzuli denean, irribarre maltzur bat duela ohartu naiz. Arrandiaz atera du larru beltzeko makila bat. Distira egin du une batez. Muturrean larru uhalak ditu eta, larru uhalen muturretan, metalezko bolatxoak. Zer ote den galdetu diot nire buruari.
VII)
Hautsez estaltzen ditugu gure azalak eta kalera atera. Hautsitako arimak estaltzen ditugu, mozorroturiko gorputzak uzteko agerian, sasoiak horrela eskatzen duelako. Azalez barrura sartzeari beldur diogu orain. Hobe azalean geratzen bagara, sakonegi sartu gabe. Gero berriro azaleratzea zailagoa baita beti, heltzeko denborarik gabe ito egin baikaitezke. Mozorroturiko gizartea da gurea, maskaradun norbanakoz osatzen den inauteri eternala. Itxurak salbatzen gaitu porrotetik. Eta porrota eraman ezina bihurtu digute. Hobe azalean geratzea, hortik aurrerakoa ezezagunegia da gauza onerako. Eskua barruregi sartzean azaltzen diren gauzak arriskutsuak dira hautsez estalitako errealitatearentzat. Horregatik komeni zaizkigu adar gabeko behiak, zauriak sakonegiak izan daitezke gauzek beste norabide bat hartuz gero. Inausitako pertsonak gara, irudiaren gatibu. Zer garen baino, zer erakusten dugun guretik. Azalean geratzen diren galderak, sakonera joateko beldur diren urratsak. Orain hautsez estaltzen ditugu gure azalak, hautsitako arima bana mozorroturiko gorputzetan. Elkar ezagutzari beldur diogu eta aldi berean, elkar biluzten dugunean lasaiago sentitzen gara. Azaleko harremanak bilatzen ditugu, sakoneko bideak ibili beharrean. Errazagoa zaigu azalaz gozatzea, sakonean gordetzen ditugun sekretuen bila galtzea baino.
VIII)
ZERBAIT GARRANTZITSUA
Aitortu zidan:
Zerbait garrantzitsua
esan gura dut,
aintzat ez nauzuenok
isilarazteko bestekoa,
azkarrenak moteltzeko modukoa,
belarririk gabeko eztabaidan
arrazoiak musututs uztekoa.
Garrantzitsua zaizuen zerbait
esan gura dut,
ezen
zuetako inork ez nau maitatu behar? galdetzean
oihartzunak ihardesten baitit,
ezen
lagunak eta egunak eskutik desagertzen zarete?
itaundu orduko
etxerako tenorea egiten baitzaizue.
Zuentzat garrantzitsua zer den
jakin gura dut,
zerk artegatzen dizuen gogoa,
zenbatekoa den arretaren balioa.
Halakorik baduzu,
gorrak minduko dituen
berbaren jabe bazara,
utzidazu edo mailegatu
astebetez, ez gehiago,
osorik itzuliko dizut.
IX)
Inauteri eternalean preso hartu gaituzte. Azalez mintzo den estalduraz bestalde, ez da ezer interesekorik gertatzen. Adar erori berriez eraikitako itxidura. Marru artean entzuten ez den azalpeko arrazoiren bat bila abiatzeko. Hezur arteko hutsunea baino handiagoa behar du izan, esku bat kabitzeko beste. Buztinezko bihotz bat agian, nahi dugun eran mozorrotzeko. Hautsez estalitako bizitzak, hautsez estalitako hezurren kutxa berean. Adarrak lurrera erortzen, odol arrasto bat utziz bidean. Nondik jo, barrurago heltzeko ez bada biderik. Eskua luzatuz agian, hutsune bera irudikatu. Mozorrorik gabe, biluzik, elkarren berotan hautsi. Adarretatik sortuko diren sustraiak. Batzuk moztu, beste batzuk aurrera egin dezaten. Hautsa, jaiotzaren eta heriotzaren lekuko. Hautsa, ginenaren eta izango garenaren oinordeko. Hitz hori asmatzea baino ez duzu behar azalez beste irauteko, barrunbetan gotortzeko. Zu, orratzez jositako zubian barrura. Itxura baino sakonagoa den irudia. Odoldutako adarrak lur umeletan pilatzen. Sakabanaturiko bideak enborrean gora doan denboraren lekuko. Han goitik ez da lanbrorik ikusten baina erortzeko beldurrak gehiago pisatzen du adar meharretan pausatzen zarenean. Hautsez estalitako azalak inauteri eternalean. Behi adarrez hesitutako lur eremua da gurea. Goitik begiratuz gero buztinezko begi baten forma duela esango zenuke. Irudi batean ez da gure osotasunik kabitzen.
X)
Errepide ertzeko zelaietan su txikiak piztu dituzte gaur. Adarrak dira hautsitako lainoak osatzen. Ketan agurtzen ditugun momentu xumeak, azkar biltzen zaizkigun irudiak begi bakarrean gorde ezinik. Azalez barrura mintzo den momentua, momentua baino ez da hautsez estaltzen. Buztinezko begietan sortu dugun hutsunea. Moztu gabe iraun duten biharko irudiak. Errepide ertzeko zelaietan su txikiak. Lur umeletan barrura gorde ditugun adarrez elikatzen dira gure esku hautseztatuak.