Emakumea leihotik begira
2011-03-20an emandako saioa. Entzun hemen

Western motel. Edward Hopper (1957)
Barruko emakumea da bizirik dagoen gauza bakarra, gauzak bizirik egotea posible baldin bada.
I)
Emakume bat leihotik begira. Kanpoan dagoenari begira edo kanpoan egon daitekeenari begira. Kanpoan egotea posible denari begira, kanpoan dauden balizko gauza berriei begira, kanpoan dauden deskubritu gabeko bazterrei begira. Kanpoan dagoen guztiari begira, leihoak uzten dion zatian barna. Kanpoan dagoen guztian barna barruan duenari begira. Bi leiho emakumearen aurpegian kristalezko leihoan zehar begira. Leiho bat emakumearen begien eta kanpoan dagoenaren artean itxita. Kanpoan paisaia zati bat emakumeari begira. Kanpoan mundu oso bat emakumearen begiei begira. Kanpoan balizko beste emakume bat leihoz bestaldeko benetako emakumeari begira. Kanpoan itzal bat, kanpoan begi bi. Kanpotik begira.
II)
Duela ordu bete atertu du kanpoan. Asfaltoari lurruna dario oraindik eta maleta ireki gabe jarraitzen duzu ohean etzanda. Gortinak ireki dituzu bizitzak norantz egiten duen alde ikusteko. Noranzkorik gabeko bideak errazago ibiltzen direla esaten diozu zeure buruari. Azala zeharkatzen dizun hotzikara morea da gelan leiho erdi irekia. Usain hura ez den beste bat ikusi nahi zenuke ispilu aurrean biluzten. Telefonoari jotzen utzi diozu. Bitan saiatu dira zure bila. Bitan baino ez pentsatu duzu gero. Eta konturatu ez bazara ere, euria ari du kanpoan berriro. Leiho irekian barrena sartu da zaratarik atera gabe. Putzua osatzen ari diren tantei begira geratu zara. Arropa guztiak erantzi eta putzu horretan urperatzearekin egin duzu amets. Asfaltoari bezala, lurruna dario zure gorputzari orain. Begiak itxi dituzu ohean. Negua bukatzen ari den honetan, ez dago ezagutzen duzun usain horretan loak hartzea bezalakorik.
III)
Emakume bat leihotik begira. XIX. Mendeko sinbolo grafiko bat da, ia ia, lehenengo begiratuan horren sinple eta egunerokoa izan daitekeen eszena hori. Ezin konta ahala koadro eta filmetan ikusitako irudia da: sinbolo bat bihurtu dela esan dezakegu, baduela, eszenak berak bakarrik, esanahi bat.
Paisaia era askotakoa izan daiteke, baina esanahi indartsuagoa du paisaia zabal bat bada, zeruertza urrun badu. Itsasoa izan daiteke, desertua izan daiteke, baina izan dadila ikusmira paseatzeko modukoa. Izan dadila begiek ahalik eta distantzia handiena egin dezaten uzteko modukoa.
Leihoaren barruan dagoena emakumea da, eszenaren esanahi osoa aldatzen da bestela. Askatasun desiratuaren gauzatzea adierazten da horrela. Leihoz kanpora eta barrura dagoenaren arteko kontraste itsua, nahia, desioa, gogoa. Kanpoan dagoena jatea, ezezagunarekiko mira.
IV)
Autoa gidatzen zoaz eta errepideak ispiluarena egiten du neguko eguzkitan. Denboraz galdetzen dizut, zenbat falta dugun ailegatzeko. Zaldiak ikusten ditugu bazterretan. Hesitutako itxidurak sortzen digun itolarria egarri egin zaigu eztarrian behera. Aspaldi abiatu ginela ematen du, irten berri garela sinetsi nahi genuke. Gasolindegi batean geratuko garen galdetu dizut.
Pasatu ditugu hiruzpalau gelditu gabe, hizketan jarraitu dugu bidean aurrera. Lupeztutako itxiduretan biltzen diren zaldiez mintzatu gara, koloretako etxe batek etorkizunaz jakin dezakeenaz biluztu. Eskua luzatu dugu elkarrengana errepidea bihurgunean sartu denean askatzeko. Negua da oraindik, gutxi geratzen zaio bereak emateko. Beldur ematen digu gelditzeak barruan, gurea ez den gasolindegiren batean, itxidurek sortzen duten itolarria eztarrian behera. Gelditzeak atzera begiratzea esan nahi du neguaren bukaeretan. Itsasertzetik barrura egin du errepideak iluntzean, paisaia ere arras aldatu zaigu begietan. Ailegatzen ikusiko gaituzten bi ezezagun, bi ezezagun baino ez gara. Bata bestearen azala beldurrez hesitu dugu, maletan sartuko genuena erabaki gabe abiatu ginen nolabait, ailegatzen ikusten gaituzte zaldiek, lupeztutako eremuan gara. Gelditzeko lekuren bat ezagutzen duzun galdetu dizut azkenean. Irribarre egin didazu eta kotxeko argiak piztu. Gauez gidatzea arriskutsua iruditu izan zait beti. Abestu egiten nuen horrelakoetan lehenago. Autoan jarraitzen dugu, isilik, aurrera doan bideari arnas eginez.
Neguaren bukaeretan, elkarren gorputzak buztinez estaltzen ditugu, udaberriko eguzkitan lehortuko dira gure azalak. Neguak alde egiten duenean nabarituko dugu nola egiten duen krak gure azal buztinezkoak, barruranzko itxiduretan etzaten garenean, gureak ez ziren gasolindegi guztiak banan bana pasatzen ikusi eta gero.
V)
Rikardo Arregi Diaz de Heredia, 1998
Oasiak basamortuan
Ez daude basamortuan errepideak seinalaturik
anitz dira bide posibleak, anitz irteerak.
Izarretan bilatzen dut oasi ametsa,
atsedena hartzeko leku mazala,
palmondo berdeak eta ur eztiak,
gorputz nagiak eta amodio nahiak.
Ehun mila palmondoak,
usain gozoko bidezidorrak.
Nola bizitzaren zorionak
hala oasiak basamortuan.
Adreiluzko etxoletan sosegua kausitzean
ahanzten da karabanak egunsentian joanen direla
eta dendaren samurrak babesturen
hurrengo gauen ametsak.
Ez da deus ehun mila palmondo
hondarraleñoak zenbatzean.
VI)
Edward Hopperrek 1957an margotu zuen “Western hotel” izenburudun koadroa, 6 hilabeteko egonaldi baten erdian, Kalifornian.
Bertan ondorengoa ikus dezakegu: emakume batek koadroaz bestalde dagoenari (hau da, guri) begiratzen dio zuzen-zuzen, koadroaz bestaldekoa (hau da, gu) berari argazki bat ateratzeko puntuan balego bezala. Soineko gorri luze bat du jantzita, eta sofa baten bizkarrari heltzen dio esku batekin, eserita dagoen bitartean. Ez du inolako segurtasun faltarik edo lotsarik adierazten bere begiradan; ez du ematen ezer sakona pentsatzen ari denik, edo hausnarketa ilunen baten erdian dagoenik. Emakumea nahi gabe, gehiegi pentsatu gabe bezala dago guri begira, ondoan dituen maletak desegin, edo leihoko gortina itxi, edo beste edozer gauza egitera jaikitzeko gogoz balego bezala. Badirudi une batetik bestera egin behar duela hori.
Leihotik bestaldera Estatu Batuetako paisaia ohiko bat ikus dezakegu: muino lehor batzuk, zeru urdin hiltzaile bat, ertz guztiak ondo mugatzeko moduko argia. Badirudi beste koadro bat dagoela leihoz bestaldera. Errepide bat eta auto baten kapota ere ikus daitezke kanpoan.
Barruko emakumea da bizirik dagoen gauza bakarra, gauzak bizirik egotea posible baldin bada.
VII)
Lurrikara txikiak errepikatzen dira ilunetan, elkar bilatzen dugunean. Lurra arrakalez bete da inguruotan. Ailegatu gara azkenean. Bide luzearen nekeak jota ohean sartu gara buztinezko larruazalak erantzita. Beso batez heltzen didazu atzetik. Lurrikara txikiak errepikatzen dira zure gorputzean. Gure azalean zehar doazen zaldien pausoak dira, lurrikara horien erantzule. Zure eskuari heldu diot isilean. Lurrikarak errepikatu dira apur batean, gure gorputzak estaliko dituen olatu erraldoia noiz etorriko estutu dut nire gorputza zure kontra. Zaldiek ez diote arranguraz begiratzeari uzten.
VIII)
Edward Hopperrek badu beste koadro bat, ezaguna, agian ezagunegia. Bertan, gasolindegi bat ikus dezakegu koadroaren erdigunean. Gasolindegi zaharra da, garai bateko surtidore horietakoak ditu, eta gasolindegiko langilearen soslaia somatzen da surtidore baten atzean. Mobilgas marka adierazten duen seinale bat dago gasolindegiaren gainean. Denda barrutik argi luzanga bat ateratzen da, eta zerua iluntzen ari dela dirudi. Ilunabarra da.
Lasaitasun itxura osoa ematen du eszenak, baretasuna dakarkigu. Ez du hotzik egiten, ez du bero larregikorik egiten: gasolindegiko jabea gustura dago. Bada, ordea, ezinegona sortzen duen zerbait: gasolindegia eta ondoko errepidea inguratzen duen baso itxia, sarria, iluna. Mehatxu bete-bete bat dirudi, edozein unetan gasolindegi gainera erortzeko prest, irensteko prest. Gasolindegiaren eta gasolindegiko jabearen gainera salto egin behar duen olatu erraldoi bat bezala. Adarrez, hostoz eta sustraiez osatutako olatua.
IX)
Gortina artetik sartzen den argiak esnatu gaitu goizean. Leihoa erdi irekita hartu gintuen loak bart. Maletarik ere ez genuen desegin. Putzu bat ikusi dugu ohe ondoan. Euria egingo zuen nonbait. Toalla batekin lehortu behar genuke, esan didazu. Ohean kanpora begira geratu gara apur batean. Denborak han ez du pisurik guretzat. Zaldiekin egin dut amets, esan dizut toallarekin putzua lehortzen nuen bitartean. Isilik geratu zara, lurrikara osteko lasaitasunean. Leihoa ixteko eskatu didazu handik gutxira. Olatu erraldoiak eraman ditu gauean ekarri genituen beldur guztiak, zabaldu gabeko maletak bakarrik geratu dira gelan. Hondartzari begiratu diot beiraz bestaldera, zaldiak harea artean korrika ikustea iruditu zait eta ohean sartu naiz berriro.
X)
Gospel meza bat (Koiotearen alde)
Harkaitz Cano: “Norbait dabil sute-eskaileran”
Ez dut sekula jasan izan Korrekaminosen irribarre
iraingarria. Ateen azpietatik zapal-zapal eginik
pasatzen ikustea, ihesa gauzatu bezain pronto
bere ohiko itxura berreskuratzeko
edo basamortuko arroken artetik ziztu bizian
Koioteak jaurtitako harritzar oro saihestuz,
edo erraztasun ikaragarri batekin
hormak bertikalki igotzen.
Odolik ez,
lehortzen jarritako izararik ez
leihoetan.
Bizitza biolinen musika eta
kandelen inguruko tximeleten hegaldia
balitz bezala.
Koiotearen aldekoa izan naiz ni beti.
Beti amestu izan dut Korrekaminos
chicken-grill bateko biraderan
samurtu eta kurruskatzen
ikustearekin.
Koiotearen aldekoa izan naiz ni beti.
Horregatik sortu dit errukia zebrabideko eszenak:
oraingoan ez zerion Koioteari
mendeku eta aiher nahiaren lerderik,
ez zuen begietan gauzatzear den ehizaren aiduru
distirarik.
Lexington abenidako semaforo baten kontra
ukalondoa bermaturik
bere larruarekin xukatzen zituen begiak,
ez zen gehiago indarrik bere oin behiala gorietan,
ahiturik zen, ahuldadearen mende erabat.
Baina gehien hunkitu nauena
ez da izan Koiotearen negar zinezkoa
ez eta jabeek hedez lotuta zekartzaten zakurrentzat
inbidiazkoa zen begirada bat edukitzea ere.
Gehien hunkitu nauena
Koiote fedegabea belaunen gainean
errezatzen ari zela ikustea izan da.
Ez zuela bere haginetan ere sinesten.
Abenidan gora eta behera zebilen jendeak ordea
ez zion koadro patetikoari
aparteko arretarik eskaintzen.
Odolik ez,
lehortzen jarritako izararik ez
leihoetan.
Hiru dolarreko zinema areto baten beroan ezkutatua
Korrekaminosen lorratza ez zen inondik inora ageri.
Udazkena joana zen, eta negu bortitza iragartzen zen
zumezko otarreen gainean
kizkurtzen ziren
dinamita-saltzaile klandestinoentzat.
XI)
Definizio bat
Jon Benito. Bulkada
Esnatzea eta begiak zure bila hastea,
atzoko barreak oroitzea
eta unea galtzeko beldurrez besarkatzea.
Balkoiko landareak ureztatzen ikustea,
dutxan eskuak besteren gorputzean galtzea
eta ispilu lurrunduan mezuak uztea.
Ilea lehortzean kantari entzutea,
joateko geratzen zaizkizun orduak zenbatzea
eta berriz biluzik irudikatzea.
Isiluneak telefono elkarrizketetan,
promesak eta zalantzak:
«Sentitzen dut, zain nazazu».
Afaritarakoa prestatzea,
beldurrak partekatzea
eta gaueko argiak eta kontsolamendua.
XII)
Barreneko boza
Jon Benito. Bulkada
Isiltzen dudana
esan gabekoa
gorde nahi nukeena.
Kontrolagaitza da
bizi gose
nirea izan gabe nirea.
Erantzun batzuen galdera
naizenetik nintzenera:
nola izango naiz lehengo berbera?
Isiltzen dudana
esan gabekoa
itxi nahi nukeena.
Bizigarria da
min iturri
nirea izanik gurea.
Plazer, amorru eta pena
aspaldikoa eta azkena
ni ez naiz nintzena.
* * *
(Nintzenari buruzkoak
hasi behar nuke kontatzen
aurrerantzean hirugarren pertsonan)