Dardaren interpretazioa
2011-03-27ko saioa. Entzun hemen

Esan gabe gelditzen zaigun esaldi bakoitzeko kolpe txiki bat errepikatzen da gure barrunbetan. Kolpe txikien baturak dakartza gero lurrikarak atzetik. Egunak daramatzagu horrela, dardaren interpretazioa osatu ezinik.
I)
Loak bere altzoan hartua ninduen
Ohean sartu zarenerako.
Baina horrenbestekoa da ekarri duzun dardara
Elkarren kontra jarri eta biok dardar egin behar izan dugula.
Tximeleta-efektuan sinetsi dezakegu ondoren, eta pentsatu Gasteizeko dardara domestiko batek krisi diplomatikoa eragin dezakeela Norvegian, edo gure oheko jardun batek gereziondoen garaiz kanpoko loratze masibo bat ekar dezakeela Japonian.
Lo hartu dugu gero.
II)
Egunak dira dardara hauek sentitzen ditugula, ohituak gara ezusteko mugimendu hauetara, ez dakigu zer ekarriko duten atzetik, ez dakigu zer eroango duten aurretik. Gauez, oheratzen garenean adibidez, indartsuago nabaritzen ditugu gure kontra lehertzen. Mundua ez dago geldi, errepikatzen diogu elkarri. Mundua bizirik dago, bere taupadak entzun ditzakezu belarria lurrean jarriaz gero. Noizean behin hotzikarak izaten ditu munduak ere, guk bezala. Azala normalean baino sentiberago nabaritzen duenetan gertatzen da hau. Ez du ardura maiztasunak, ez du ardura elkarrengandik zer distantziatara lurperatzen ditugun gure birikak lurrez ase daitezen. Mintza mintzaren kontra hazten zaigu goroldio eta guzti. Olatu txikiek handiagoa izango den bat iragartzen digute lotsati. Maiztasun handiagoz errepikatzen diren mugimenduak ilunpetan. Lurrikara txikiak gure azal hezurretan. Esan gabe gelditzen zaigun esaldi bakoitzeko kolpe txiki bat errepikatzen da gure barrunbetan. Kolpe txikien baturak dakartza gero lurrikarak atzetik. Egunak daramatzagu horrela, dardaren interpretazioa osatu ezinik.
III)
Gizatasuna. Gabriel Celaya
Lurpeko trumoia, harria ezkutatua
eta erdian gu, soil-soilik gizakiak
Udaberri beltza, neurririk gabeko zerua,
eta erdian gu, umeok, ozen errezatzen
irakasten dituzten arauak errepikatzen,
irakasten baita zuzenbidez ohitzen
eta beste hainbat dituztenak jakinarazten.
Ume on gizakoiak garelako, garaiak…
jolasaldi zoro eta pozgarrietan izan ezik
eta bizi, noski, maisuari irri eginik.
IV)
Dardaren Interpretazioa. Harkaitz Cano
Tokion lurrikara batek hiria inarrosi duenean,
erraza da.
Gitarraren soka bat aske uzten denean.
Arropa jaso berri denean patioko soketatik.
Haurrak lo hartu eta ipuinaren zati bat kontatu gabe
uzten duenean zure ahotsak.
Edo ile-moztaile adintsuak bizarra kutxillaz
egin behar dizunean.
Partituran dagoena irakurtzea baino ez da.
Erraza da halaber zigarroa pizteko begiak jaitsi eta
ezpainikara egiten duenean zure kokotsak
gustatuko ez zaidala badakizun baina
benetan sentitzen duzun eta kontatu behar didazun
zerbait
esatera zoazenean.
Altabozetan 50 ways to leave your lover
edo egile eskubiderik ordaindu beharrik ez dagoen
beste edozein kantu.
V)
Inork lurrikara baten pareko ahotsa badu, hori Violeta Parra da. Txileko itsasikara baten aurrean hala kantatzen zuen:
“Puerto Montt está temblando, con un encono profundo; es un acabo de mundo, lo que yo estoy presenciando…”
Munduaren bukaeraren aurrean jartzen da norbanakoa, eta apurnaka mundua txiki-txiki egiten ikusten du. Lekuko soila da, begiratu besterik ez du egiten. Eta gorputzean zehar hedatzen zaio halako baretasun sentimendu bat: ez dago dramarik, ez dago gainbeherari eskainitako negarrik. Bukaeraren aurrean dena dago ondo, dena lasai, dena bare.
VI)
Ez dago lainorik. Igor Estankona
Gaur ez dago lainorik eta gaua dator garbi,
gutxitan ikusten da horrela, beldurra ematen du ia.
Zerbaitek eztanda egitea izan daiteke irtenbide bat.
Bake honetan jalgi dira gerizpeak
eta aurpegia ukitu didate,
inoiz gulakorik ikusi gabeak balira bezala.
Ez zenuke lorik egingo
zertan pentsatzen ari naizen jakingo bazenu.
Astiro noa zugana, hankabakar noa zugana,
denboran atzera egin nahi dut
esku fosil bitzuokin ukitzeko
jaio gabeko zure azala.
Gure oraina ukatuko nuke
zelan hilko zaren ikustearren.
Zelai bat bezain zabal daukat eskua,
aurrera jotzen dute handik zure ametsek
eta hemen daude nireak talka itxaroten;
esadazu ze asmorekin datorren zure barre urduria.
Esadazu, egingo didazun zulo horretan
geratzeko asmorik duzun.
VII)
Harkaitz Cano. Dardaren interpretatzailea (Norbait dabil sute eskaileran)
Pertsona arrunta nintzen ni.
Behin etxeko atarian esku ahurra altxatu nuen
euria ari ote zuen ziurtatzeko eta emakume batek
txanpon bat jarri zuen nire eskuan
eskalea nintzelakoan.
Jakin gabe, nire bizitza aldatu zuen.
Geroztik kalean bizi naiz.
Kartoiek aurkituko dute nire falta joaten naizenean.
Zahartzeak dakarren pisu hau ezingo nuke eraman
ikasi izan ez banu urteekin interpretatzen
inguruko dardaretan mundua.
Haizeak astintzen duen alanbrean harrapatutako
egunkari zatia.
Lepo hunkituak zotin egiteko daukan era.
Wolframio hariaren haustura iragarlea.
Neskatilaren eskuak elkar igurzten eta bekain keinu
parkinsonaren aurrekari nerabe eta inprobablea
trenean hizketan ari zaion mutilari begira.
Txorakeriez mintzo da baina neskak maite du,
adi itxuran dago.
Dardara egiten duten hatzak gose dira elkar ukitzen.
Neskatilak heldu egin behar die bere hatzei
lasterka abia ez daitezen
mutil ikaratiaren belaunak oratzera, beren kabuz,
mutilaren begietan setio errefusaezina marraztera.
Jaitsi dira.
Trena da orain dardara egiten duen bakarra
ziraldoetan sentikor dela ezkutatzen saiatuz.
Bakarrik nago eta ez diot estimu handiegia bizitzari.
Ez gaizki ulertu: gaurko kontua bakarrik da
eta agian biharkoa.
Baina ez bihar guztietakoa.
Ez diot estimu handirik bizitzari baina
harro esan dezaket:
ibaiaren alde honetan ez dago
dardarak interpretatzen gain hartuko didan inor.
Oraindik gordetzen dut bizitza
irauli zidan txanpon hura.
Dardara egiten dut eskuetan hartzean.
Hau da nire istorioa,
hau eta txanpon bat behar dudala,
eskertuko nizukeela txanpon bat.
Erran nahi baita, beste txanpon bat.
VIII)
Azalean hasi eta barruraino heltzen diren iñurri ilarak biderkatuz doaz gure gorputzetan. Zulo bat bilatzen dute sakonean egiteko gotor, leku bat gugan. Barruko desertuetarantz ilaran doazen zainak, iñurriak gure gorputzetan. Ileak sustraietatik erauzten dizkigute, laztan urdurien osteko soseguan elkartzen dira. Harri baten tamainakoa den gure bihotza zulatzeko prestatzen ari dira.
IX)
Inork lurrikara baten pareko ahotsa badu, hori Tom Waits da. Lurra zure oinen azpian zabaltzen sentitzen baduzu, ordea, ez da bere ahotsarengatik izango: barruan duzun bizi-jario horrek sortu du arrakala, ez dago beste azalpenik.
Eyening train. Tom Waits
Inguruko gozotegi askoren izenak prostituta deiturak dirudite eta ilargiaren haginen markak dira ortzantzean, dena estaliko lukeen toldo bat bezala…
Leiho inguruan, eskilarapean ezkutatu nintzen eta gau honetan zure kapelan egingo dut lo…
Mostradore osteko neskak malko formadun tatuaia bana dauka mutilak alde egin zuen urte bakoitzeko.
Eta guzi hau, iluntzeko trenaren leihatila horixketatik ikusi dut.
X)
Barruraino sartzen da. Igor Estankona
Zauri honek izena dauka,
denbora irteten zaio borborka.
Zauri honek izena dauka,
atzazkalekin irekitzen dut lantzean behin
ez dadin inoiz senda.
Ez dut ezagutzen gauzen zabalera.
Neguan haritza tximiniatik gora
basora itzultzen den bezala,
hemen ahoskatzen dudana han gertatzen da.
Ez egin kasu lar,
berbaroz pentsatzen baino ez nabil;
zeruari kupula deitzea erabaki eta
hemen nago.
Zergatik orduan hutsune hau?
Txakurrak ahausika ari diren gauetan ere
itxura batean ez da ezer pasatzen
baina, ohean daudenak ohartu barik,
tabakorri pakete baten tamainako zerbait
darama
errekak
beherantz.
XI)
Raindogs. Tom Waits
Euri zakurra. Hor, noraezean, euri ostean dabiltzan horiek dira, etxerako bidea aurki ezinean dabiltzan horiek.
Euriak beraien usain-aztarnak desagerrarazten baititu postontzietatik, faroletatik eta zakarrontzietatik… euri zakurrak…
Zeren, ni ere euri zakur bat naiz…
Zatoz…
XII)
Eskuineko izterrean zehar nabari ditut hedatzen. Hildako okela jaten dute ibilian, gero eta gehiago diren intsektuak, nire azalpean biderkatzen. Izterrari heltzen diot, hor dagoen ikusteko, iñurriek osorik jateko denborarik izan duten ala ez jakiteko. Lotan nabari dut nire gorputzeko eremu zehatz hori. Lotan baleude bezala lasai uzten naute denbora batez. Ingurura begiratzen dut. Lurrikara txikiak errepikatzen dira gelako paretetan. Goizak, hustutako gorputzak eramango ditu, iñurriekin batera.