Kosmosa
2011-04-03ko saioa. Entzun hemen

Kosmosean egotea, ezer gertatzen ez zaion jendearekin egotea, bazkaltzea, barre egitea… izan daiteke. Mekanika huts baten mende lerratzea, ohituren bidezidor argiztatuetan pasiatzea. Norbere munduaren kondena, ordena, aurreikusten dugun hori gertatuko dena. Baina gauzak aldatu egiten dira euria hasten duenean. Gauzek ordena galtzen dute euria hasten duenean: gauzek uste ez duzuna egin dezakete euria hasten duenean.
I)
Kosmosa harmonia da, kosmosa gauzen ordena da. Kosmosaren zati dena zati tolestua da, atondua, trabarik egiten ez duena. Kosmosean zikinkeria dago, baina zikinkeriak ez dio garbitasunari trabarik egiten.
Inon badago kosmosaren deskribapenik (kosmosa deskriba badaiteke behintzat) Jorge Luis Borgesen El Aleph ipuinean dago. Protagonistak esfera txiki bat aurkitzen du soto bateko eskailera baten azpian. Aleph-ak bizpahiru zentimetroko diametroa du, baina barruan dago kosmosa, espazio kosmiko osoa, tamaina errealean. Kosmos osoa ikusi dezakete gure begiek bertan.
II)
Espazioan arrunta dena hutsa da, gainerakoa salbuespen bitxi bat baino ez. Erantzunik gabeko galdera sorta kutxa bat betetzeko lain. Kosmosa. Urrunegi den zerbait, hartaz jabetzeko.
Kasualitateen batura batek okupatu dezake espazio hori une batez, eta hala ere, hutsa nagusi izango da oraindik espazioan gure burmuinetan bezala. Zatitu dezakegu nahieran, izen ezberdinez izendatu ebakidura bakoitza, ezagunago zaizkigun lurretan pausatu gure irudimena, han eman minutuak, egunak, urteak mendeetan barrena. Leherketa bati itxaron diezaiokegu, zati berriez betetzeko lehengo espazio hutsa eta hala ere, inoiz ez gara osoaren jabe izango. Beti faltako zaigu zerbait. Bereganatu ezin ditugun gauzez osatzen da gure espazioa, deitu kosmosa, deitu irudimena.
Arrunta dena hutsa da gure burmuinetan, gainerakoa salbuespen zoragarri bat baino ez.
III)
Jorge Luis Borges. Aleph-a (zatiak)
Mailaren behereneko partean, eskuin aldera, dirdir-isla zuen esfera koxkor bat ikusi nuen, nekez jasan zitekeen distira zeriona. Hasieran jirakaria zela pentsatu nuen; gero konturatu nintzen esferak bere baitan zeuzkan ikuskizun zorabiagarriek sorturiko irudikeria zela mugimendu hura. Aleph-aren diametroa bi edo hiru zentimetrokoa izango zen, baina espazio kosmikoa hantxe zegoen, bere tamaina ezertan gutxitu gabe. Gauza bakoitza (ispilu-azala, demagun) infinitu gauza zen, zeren nik garbi ikusten bainuen hura unibertsoko puntu guztietatik. Ikusi nuen itsaso naharoa; ikusi nuen goiznabar eta arratsaldea; ikusi nituen Amerikako jendetzak; ikusi nuen zilarrezko amaraun bat piramide beltz baten erdigunean; ikusi nuen labirinto hautsi bat (Londres zen); ikusi nituen ezin konta ahal begiak, ondoz-ondo, azkenik gabe, nigan ispilu batean bezala beren buruei so; ikusi nituen planetako ispilu guztiak eta batek ere ez ninduen islatu; ikusi nituen, Soler kaleko patiostean, duela hogeita hamar urte Fray Bentos-eko etxe bateko bebarruan ikusitako zoru-lauza berak; ikusi nuen mahats-mordorik, elurrik, tabakorik, metal-zerrorik, ur-lurrunik; ikusi nuen ekuatorealdeko basamortu konbexurik eta haietako hondar ale bakoitza; ikusi nuen, Inverness-en, ahaztuko ez dudan emakume bat; ikusi nuen adats odolbizia, gorputz harroa; ikusi nuen minbizi bat bularrean; ikusi nuen lur lehorreko zirkulu bat espaloi batean, lehenago arbola bat egon zen lekuan;
(…)
ikusi nuen neure odol ilunaren ibilia; ikusi nuen maitasunaren engranajea eta heriotzaren mudantza; ikusi nuen Aleph-a puntu guztietatik; ikusi nuen Aleph-ean lurra, eta lurrean berriro Aleph-a eta Aleph-ean lurra; ikusi nuen neure aurpegia, neure erraiak; ikusi nuen zure aurpegia eta zorabioa sentitu nuen eta negar egin nuen, zeren nire begiek ikusia baitzuten asmabidez baizik iristerik ez dugun zer ezkutu hori, zeinaren izena gizonek bidegabeki aipatzen baitute, baina ezein gizonek ez baitio so egin: unibertsoa, irudikaezina baita.
Benerazio infinitua sentitu nuen, lastima infinitua.
IV)
Segundo eskas batean argiak 300.000 kilometro egiten ditu. Batuketa sinple bat eginez gero, eguzkitik guganako distantzia zortzi minutuan laburbildu dezakegu.
Beraz, ikusten dugun eguzkia ez da oraingoa, duela zortzi minutukoa baizik. Eguzki zaharra da begitantzen duguna. Eguzki herdoila, gu baino minutu batzuk lehenago jaio dena, gu baino minutu batzuk lehenago hilko dena zerumuga urratuz. Eguzki agurea bere aitzaki eta guzti, zortzi minutu beranduago ailegatuko zaigun aspaldiko bisitaria. Saiatuta ere harrapatu ezin dugun denbora batek banatzen gaitu. Espazioan galtzen den lerro batean luzatzen dira elkarren gerizpeak. Aurre hartzen digu denborak, zortzi minutu nahikoa dira zutaz gogoratu zein ahazteko.
Begiak itxiko ditut, minutuak buruz zenbatu, gaur ere betiko bide beretik ikusiko zaitut etortzen, espazio hutsa osorik betetzeko gai den irribarrez. Kosmosa momentu horretan, zortzi minutu iraungo duen lurralde ezagunagoa da gure baitan.
V)
Kaosak ez du ordenik, kaosa anabasa da. Kosmosak ordena badakar, ekar dezake asperdura, gogaitzea, desplazera. Linboan egotea bezala izan daiteke, tertziopelo urdinezko hormak dituen gela batean barruan bizitzea bezala, xuxurla arin baten mende, erlojuak ohiko denboraren inguruan biraka.
VI)
Lurra ezagutzen dugun salbuespenik ederrena da kosmosean, bizitza mota anitzen habia. Erortzen ezagutu gintuen agertoki hutsala. Eta planeta osoa suntsitzeko gai den izaki bakarra, gu gara.
Irudimena ezagutzen dugun salbuespenik ederrena da gure burmuinetan, bizitza mota anitzen habia. Erortzen garenean altxatzen lagunduko diguna. Bide berriak marrazteko gai dena. Deserturik idorrenean galtzeko gai den ibiltari baldarra, irudimena gure kosmosean.
Espazio hutsa argitzen duen salbuespenik ederrena zu zara, ailegatu eta begirada batez lurrikararik izugarrienak sortzeko gai den bakarra.
VII)
Linbo kultura. W.H. Auden
Linboko leinuek, bidaiariek diotenez,
Lehen begiratu batean gure antza handia dute;
Etxeak ia erabat garbi edukitzen dituzte,
Erlojuak ohizko denboraren inguruan biraka,
Jaki apetatsuak zerbitzatzen dizkizute:
Baina inork ez omen du Linboko haurrik ikusi.
Linboko leinuek mintzatu hizkuntzak
Gureak baino askozaz hitz sotilagoak ditu
Adierazteko zenbat, zein gutxi, zerbait
Gertu antzean dagoen ala ez, aukeran aukera,
Baina Bai eta Ez esanez ez zenuke ezer itzuliko,
Ezta ere izenordeez pertsonak bereiziko.
Linboko leinuek kontatu kontuetan
Herensugea eta Zaldunak hortz eta ezpataz ageri dira,
Baina arerio gabe geratzen dira huskeria batengatik,
Atso Zaharra eta Mutikoa ataka gorrian daude,
Garaiz dio Lehenak, berandu dio Bigarrenak,
Zorro magiko batek nahasi egin du xamurtasuna:
«Eta hala bazan» dio erranairu erabakiorrak
«Printzea eta Printzesa sar daitezela kalabazan»
Zergatik zehazgabearen aldeko irrika nabarmen hori,
Atxikimendu hori, Linboko kulturan? Ez ote
Linboko leinukideek beren burua soilik maite dutelako?
Izan ere, hori, badakigu, ezin da zehatz-mehatz egin.
VIII)
Maite dut nik mundua. Joxe Azurmendi
Maite dut nik mundua
ezin banau poztu ere.
Goragoko zerbaiten
hots ulertu ezinak
lausotzen du
nire bihotzaren maitasuna.
Eta dardaraz jartzen,
adi, nahikundez ta izuz.
Izartegien betiko
jira-bira huts ondogabeak
pentsamendua hustutzen
duen bezala.
Gauzek ez dakite
begiratu ez arren
maite ditudala.
Nola dudan goibel bihotza.
Haien barrenetik beretik
norbaitek deitzen nau-eta,
ez dakit nik nora.
Eskua sartzen badidazu
hezur igar bat aurkituko zenuke,
egarriz aituta,
bihotzean, ausaz ez bihotzik
baina maite dut mundua.
Nire antsiak
narrutu du-eta.
Eta gauzak ez dute
sekula jakingo,
maitatu arren, zergatik
ez natzaien
begiratzen oldartzen.
Diren bezalakoak
ikusteko bildurrez.
IX)
Kosmosean egotea, ezer gertatzen ez zaion jendearekin egotea, bazkaltzea, barre egitea… izan daiteke. Mekanika huts baten mende lerratzea, ohituren bidezidor argiztatuetan pasiatzea. Norbere munduaren kondena, ordena, aurreikusten dugun hori gertatuko dena. Baina gauzak aldatu egiten dira euria hasten duenean. Gauzek ordena galtzen dute euria hasten duenean: gauzek uste ez duzuna egin dezakete euria hasten duenean.
X)
Adreilu bigunez eginak dira gure paretak. Ukitu eta formaz aldatzeko modukoak. Eskuz landu daitezke eta uretan desegin. Ukitze soilez uzkurtzen dira. Bestaldekoa ezkutatu nahiko lukete, barrenekoa eskaini, zulo bat utzi beti erdian, esku bat luzatzeko handik, argi apur bat sar dadin ilun denean.
Adreilu bigunez eginiko paretak janzten ditugu egunero, baina gero eta haragizkoagoak gara. Gero eta barrurago begiratu nahi genuke, kosmosean galdu ezezagunaren bila. Osoago egingo gaituen zerbaitek ezustean harrapatuko bagintu, ez genuke gure espazioa beteko lukeen usainik bereiziko. Hutsa da buztinezko gure paretetan salbuespenik ederrena. Inoiz beteko ez dugun denbora esku artean zenbatzen, zortzi minutu barru beste argi batek emango dio kolore gure adreiluzko azalari. Eguzkia eta gure arteko distantzia laburbiltzen duen esaldi bat agian. Biluztu eta kanpoko euriari so geratzen gara ohean etzanda. Azal zatiak nabari ditugu elkarren berotan urtzen eta hala ere, euriari so jarraitzen dugu, ohean, etzanda.
Irudimena, adreilu bigunez eginiko paretaren erdian aurkitzen den zulo bat baino ez da.
Salbuespenik gabeko hutsarte bat gure azaletan.
XI)
Jose Luis Otamendi
Zurezkoa da zeru nabar hau, iltzeak ditu josita;
euria dakar.
Ibai ondotik nabil,
zaharrek eta umeek hartua dute ingurua,
argitasun bustia darie etxeei arratsean:
etorriko dira sasoi hobeak
baina ez ditugu geurekin ekarri,
haur baten negarrak egin dio ihes leiho altu bati;
euria dakar.
Etxeko sukaldetik bezala begiratzen diot jendeari kalean:
gaur ezer gertatzen ez zaion
munduaren erdiarekin lerratu naiz,
gaur ezer gertatzen ez den
munduaren erdi-erdian suertatu naiz.
Behebarruetako hormak izerditan dira,
eta garai batean beti ondoan genuen
zu eroso eta lirikoa galdu zen
inoiz argitu gabeko modu ilun batean.
Mekanika hutsa baino ez du ematen bizitzeak askotan,
baldintza tekniko soiletara errenditzea,
eta eder deritzogu euri tanten jauste bakan horri,
heltzear den ekaitzaren albiste da,
aldaketa baten aurrerapena,
eta aterpe bila hasten gara jendea.
Usain errea zabaldu du asfaltuak:
nire bihotza gordean da txingorra hasi duenean,
nire bihotza gordean da bakartu garenerako.
Falta direnak ditugu berriro gogoan,
eta une batez baino ez dirudi urak ibaian gora egin duela,
euriak behetik gora, zerua bustitzera, egin duela, kontraeran…
Bertsio ofizialik sinesten ez duen herri batekoa naiz.