Ukitu nahi ditugun gauzak
2011-04-17ko saioa. Entzun hemen

Forma gorriak. Rafael Ruiz Balerdi, 1972
Zer da bada gorputz bat, asmakizun bizipen ekintza arrakala zerrenda bat baino. Azalpean daude olatuak, eta nahinora joaten dira, kontrolagaitzak diren indarrek mugitzen dituzte. Memoria du haragiak, oroitu egiten da ukitu dutenen azalarekin. Hautsik ez, harririk ez, harea bihurtutako eskurik ez: hesteetatik ateratzen zaigun arnasarekin egiten ditugu estatuak. Denborak jan egiten ditu, gatzezko bizitza berri bat sortzeko.
I)
Buztina, goma elastikoa, aparra, burdin goria, ura, belar eskukada bat.
Distantzia ausentzia bidez neurtzen dela ikasi genuen orain gutxi. Ez da arriskutsua pauso bat aurrerago ematea: ukitu nahi ditugun gauzekin moldatzen dugu gure gorputza. Ukitzea desio dugun gorputzekin ematen diogu forma gure haragiari. Behatz bat ukitu nahi dugu: zulo txiki bat zabaltzen zaigu sabelaren ertzean. Belarri bat ukitu nahi dugu: bihotzaren taupadak entzuten ditugu gurea ez den belarri batetik. Begi bat jan nahi dugu: mundua buruz behera ikusten dugu desio dugunaren begietatik.
Uste duguna baino moldagarriagoak gara. Ez dezagun gure burua engaina. Gorputza aldatzen zaigu etengabe, asmamenak bakarrik sortu ezin ditzakeen formak hartzen ditu, ukitu nahi ditugun gauzek aldatzen digute azala eta mamia.
Buztina, goma elastikoa, aparra, burdin goria, ura, belar eskukada bat.
II)
Ez da deus espazio honetan kabitzen ez denik. Zapata bat bezain zurrun egin zuten zeru bat bide erdira.Ukitu nahi ditugun gauzez beteriko hodeiertza, zapataren zola galipota artean, ukitu ez ditugun gauzen bilduma. Forma zehatzik ez duen norabide bat, udaberri bat belarrez estaltzeko prestatzen.
Orain urtebete galdetu izan bazenit nola hitz egingo zuen neguak hostoen azken egunetan, erdibitu izan balitz bidea norantz goazen argiago ikusteko, ukitu ez ditugun gauzez betetako kutxa bat aurkitzea gomendatuko nizukeen. Ezezagunagatik bihurritzen den enborrak lurrean ematen du amore. Adar berritan ernetzen ikusten ditugun oskolak, aspaldi lehortutako itsasoak ukitzearekin jarraitzen dute egiten amets.
III)
Nikola Madzirov. Ukitu nahi ditugun gauzak
Ez da deus geure baitatik kanpo:
isiltasun egarria daukagun unean, asuna
sendabelar bihurtu eta hiriek
hautsa hurbileneko hilerrietara
bueltan bidaltzen dutenean,
lurrundu egiten dira laku artifizialak.
Abandonatu ditugun etxeetako horma-papereko
lore zuri eta beltz haiek guztiak
istorio inpertsonalen bidez loretan,
geure hitzak oinordetzan jaso gabeko herentzia bilakatuz doaz,
eta ukitu nahi ditugun gauzak
inoren presentzia.
Zapata baten gisako gara
zakur alderrai saldo baten haginetan,
elkar besarkatzen dugu
etxe hutsetako adreiluetan barna
elkarlotutako kableen eran.
Aspaldian ez da deus geure baitatik kanpo:
batzuetan eguzki, argi edo aingeru
esaten diogu elkarri.
IV)
Ukitzeko astirik izan ez dudana ezagutzeko denbora hartu gura nuke. Ez ukitzearren bereziki, denbora behar dudalako baino. Erbeste bat gehiago eraiki alferrik bizi diren barruko arrainendako. Alferrik bizi eta ni ez naizen beste bat eraiki horretarako bakarrik. Ezagutzen ez dudana ilunetan eskuratu. Azalez beste egin, haragi gordinez elikatu gure antsiak. Sabeleko hormak kolpatzen dizkiguten arrainak zenbatu. Forma emateko busti kanpotik, bigunagoa izan dezaten eskuek beren lana ilunak ikusteari uzten dionean. Itsualdiari etortzen entzuteko ezkutatu argiak oro. Ertzak higatu udazkeneko haizetan, zuloak bete udaberriko mahastietan korrika doazen barraskiloen atzetik. Ezezaguna gure egin eta gero, iduri dezakegu munduaren zati hau ibilia dugula. Esku artean noiz edo noiz. Borobilagoa dela mundualdia orain. Itotzeko beldurrik gabe hartzen dutela arnas arrainek gure birikietan. Aurkitu dutela bidea haraino. Ezezagunari aurre eman diotela azkenean.
Zapaldu beldurrik gabe, ereindako baratzeak, sator lanetan antolatu, bururik atera ezinean jardun egunetan zehar. Gauez esnatzean ezezaguna aitzakia bat gehiago izan dadin elkar bilatzen jarraituko duten ilunpeko disidenteentzat.
Elkar ukitzeko hain gutxi falta dutenean, begiratzeari utzi eta bakoitza bere aldetik joaten dira barraskiloak gure baratzean.
V)
Bekokian grabaturik ditut
ihiak, anemonak, txontak, kurkuilu esnatuak,
izpilikua, potin berde bat, gereziak
eta elur urtua etxe berriak egiten.
Zer da bada gorputz bat, asmakizun bizipen ekintza arrakala zerrenda bat baino. Azalpean daude olatuak, eta nahinora joaten dira, kontrolagaitzak diren indarrek mugitzen dituzte. Memoria du haragiak, oroitu egiten da ukitu dutenen azalarekin. Hautsik ez, harririk ez, harea bihurtutako eskurik ez: hesteetatik ateratzen zaigun arnasarekin egiten ditugu estatuak. Denborak jan egiten ditu, gatzezko bizitza berri bat sortzeko.
VI)
Azala arrastoz beterik nabarituko duzu batzuetan. Orbain berriek janzten zaituztela esnaeran. Ispiluari galdetuko diozu zertan ibili zinen bart, gaur biluztasun honetan agertzeko mundura. Gihar minberez ukituko dituzu biziaren ertzak. Azala nabarituko duzu hazten, nola egiten duten hezurrek indar kanporantz, espazio eske. Barrutik kanporantz hazten den landare hidroponikoa gauari emana. Eguzkiak opa digun eguna, urak opa digun urtea, ilargiak amaierarik gabeko liturgia elkar ukitzeko.
Argi ximel bat bestaldean, bilatzea opa ezin den eginbeharra dugu kasu honetan. Disidentzia isil bat erbeste iraunkorrean. Lurzoru labainkorra egunsentian, gaua esna eman duen astronautaren insomnioari, irauteak ez dio egun erdi bat balio. Ilunetan ibiltzen ikasi beharko genuke umetarik. Non zapalduko dugun jakin ez arren, pausoak segurtasunez bota haragoko lurretara. Ibilian ase, leize heze batean luze. Aurkituko gaituzte bihar etzi. Apurtu gabe oraindik, gure korapiloei tiraka. Barrutik kanporantz hazten zaigun zerbait. Urak urte egindako baratzean eguzkiak ereindako egunak zenbatu gabe pasatzen. Elkarren ertzak josi, lokarriak estutu, begiak itxi, salto egin aurretik. Haizearen indarrak apurtzerik nahi ez badugu, kanaberak bezain malguak izaten ikasi beharko dugu. Azala hazten nabaritzen baduzu noizbait, badakizu zergatik den.
VII)
Miren Agur Meabe. Azalaren kodea
Azalaren gozaroa itzulia izan dakigunean
ospatuko ditugu
zeure oroiz eta zeure faltaz igarotako gau-egunak
—marrubirik gabeko uden antzean alde egindako
zuri-beltz arrotz eta luzeak—,
xahutuko ditugu
laztanaren kopa eta amodioaren azpila
—zeu aldamenerako hartu arte gorderiko
ttua eta haragia—,
usotuko dira esku biluziok zure haizetzan,
eguzkituko begi ilunberok zure garretan,
zaldituko arnasa huts hau zure abiadan.
Itsasoak ekar zaitzanean,
atarietan zain izango natzaizu egun-usainetik,
ni, sinesgabea izanik,
zure gabeziak bedeinkatu ninduelako
eta itxaronaldiak zidalako irakatsi maitasun-kredoa.
VIII)
Txiripa hutsez jaio gara, gauza guztiz dudagabea da hil egingo garela. Heidegerrek heriotzarako egindako gizaki gisa definitzen gintuen. Ez du atzera bueltarik. Txiripaz jaio, derrigorrez hil.
Bizitzeko ahalegina, bizitzeko lehia, bizitzeko irrika ez dago kontraesanean hil beharrarekin? Ez dakigu ba zein izango den azkena. Kredituan bizi baldin bagara, bizitzak heriotza baldin badu zor zertarako ahalegindu? Zergatik eusten diogu bizitzari azkenetan eta oinaze batean gaudenean ere? Galdera horiek saihesteko –gure osasun mentalaren alde, alegia- betiko bagina bezala saiatzen eta bizitzen gara. Gure eguneroko martxan, behintzat, eternotzat daukagu mundualdia.
Mundualdia zer den ulertu gabe alde egingo dugu hemendik. Jokoaren arauak guztiz ulertu gabe, eta partida galduta. Bizitzea, orduan, zer arraio den? Jaio izanaren txiripak eman digun bizia ulertzen saiatzeko aukera aparta.
IX)
Sumatu dut
Zer berri duzun gorputzean
Zenbat euri egin duen denborak zure azalaren gainean
Eguzki beteko eguna da gaur
Eta horrela errazago ikus ditzaket
Zure haragiaren ertzak
Errepidera bota ditut beldur guztiak
Erramu-zuhaitz sailera bota ditut begiramen guztiak
Bada zerbait gordea
Ukimen hutsarekin zer den jakin ezin dudan zerbait
Kontu handiz babestutako arrain gorri txiki bat
Baina bekatua da orain hizketan hastea
Erantzunak eskatzea, asmoak argitzea
Denborak eman digu forma, molda gaitezen horrekin.
X)
Norbaitek ukitzeko beharra sentitzen zuenetan lakuan urperatzen zuen bere burua arnasa sakonki hartu ostean. Ukitu nahi genituzkeen gauzak ukitu ditugunak baino gehiago dira beti, errepikatzen zion bere buruari ahoa bildutako oxigenoa presarik gabe kontsumitzen zuen bitartean. Lakuko uretan egiten zuen azalez beste, ukitzeko ezer aurkitzen ez zuenetan. Azala lehortzen zion eguzkiak ondorenean. Zentimetroka sentitzen zituen hazten arrazoiak eguzkiak limurturiko azalean zehar. Hots bat basotik lakuraino, non galdu badaukagulako sartzen ditugu harriak poltsikoetan hemengook. Urazala ukitzen dugu erneguz, hildako barraskiloen hezurrak ikusten ditugu sakonean. Izan zuten arrazoiren bat hauek ere azalez beste egiteko.
Ukitu nahi genituzkeen gauzak, ukitu ditugunak baino gehiago dira beti. Azalpeko harri koxkorrek kanporantz egiten dute indar, kolpeka arrainak birikietako gartzelalditik libratzearren. Eman arrazoi bat laku ertzean irauteko eta barruraino luzatuko ditut nire atzamar buztindunak. Barraskilo hezurrez eraikitako egonaldi luze bat laku ertzean. Presarik gabe emandako bihar xume bat, ernetzen ikusteko baino ez bada ere.
XI)
Miren Agur Meabe. Azalaren kodea
Haragiak eta haragiak daude.
Nik haragi berri batekin egiten dut amets.
Haragi horren atomoek elkar maite dute
ez dutelako ezagutzen
ez jogurt desnatatuen iragarkirik
ezta jantzi-dendetako tailen koderik ere.
Haragi horretako zeluletara ez da sekula iritsi
konparazio hitzaren oihartzunik.
Haragi horrek onetsi egiten ditu bere pitzadurak,
fetuen bolumenak utzitako labirintoak,
gernuaren erantzun anonimoak,
koipe-soberakinak.
Haragi horretan ez dago birus maltzurrik sorgor,
ez baita sentikorra ispiluekiko.
Eta bikain burutuko lituzke sintesi-erreakzioak
nire burmuinaren eta hezur-mami-azalen artean.
XII)
Atzamar puntetan nabari dut hegoaren etorria. Arropak lehortzeko eseki ditugu leihoan. Beste usainen bat izan zezakeen urazalak begietan, hain umel jaio ez balitz. Atzamar puntetan nabari dut hegoaren etorria. Irteteko ari dira prestatzen barraskiloak gure baratzean, ezpalak lepoan hartuta. Ukitu nahi genituzkeen gauzez oroitzen gara, ukituko ditugunak baino gehiago izango dira beti. Eta hala ere, hegoak lau haizetara zabaldu eta atzamar puntekin indar egingo dugu, inoiz egin ez dugun moduan. Haizeak apurtzerik nahi ez badugu, kanaberak bezain malguak izaten ikasi beharko dugu. Azala hazten nabaritzen duzun urrena, ez alferrik bururik nekatu.