Ateak ireki dira

2011-05-08ko saioa. Entzun hemen

herri bat irabazteko dugula pentsatzera iritsi gaitezke

herri batek irabazi gaituela izan daiteke geure hausnarketa

atarian oinak jartzen ditugunean

atarian oinak jartzen dizkigutenean

baina horren guztiaren gainetik dago poza

eta begi tristeak kalean paseatzeko gogo handi bat

eta pauso bakoitzean oinazpiko harria hauts bihurtzen duen sentimendu zahar hori

ateak irekita ikusten ditugunean

ateek irekita ikusten gaituztenean.


I)

 

Ateak irekitzen ditudanean, ezeri sartzen utziko ez diodala egiten dut zin. Gauza asko ditut jokoan: nire gorputza ezin dute inbaditu huntzak, lore margotuen saldoek, inorako biderik erakusten ez duten eskailerek.

 

Eutsi egingo diot kanpotik datorren guztiari,  ateak irekitzen ditudanean. Harresi sendo bat jarriko dut nahi dudanaren eta nahi ez dudanaren artean, kanpotik ezarri didatenaren eta neuk aukeratu dudanaren artean. Hormigoiz banatuko ditut bila aritu naizena, eta neroni bilatu nauena; eman didatena eta hartu dudana. Zertarako gai izan naizen eta zertara bultzatu nauten; zer ekarri dudan eta zertara eraman nauten; norekin elkartu naizen eta nork aurkitu nauen.

 

Ez da denbora asko falta ateak irekitzeko; sentitzen ari naiz eskuan dardara.  

 

II)

 

Eguzkirik gabeko egunetan zailagoa da geure buruak munduan nonbait kokatzea. Zailago zaigu noiz bat zehaztea, noiz bat ematea aditzera. Denborak hosto batek ibaian zehar egiten duen bidea iraun dezake baina inoiz ez lau pareten arteko distantzia. Lau pareten artean ez da denborarik existitzen, hutsa du barruko espazioa zanpatzen, kosmos zentzugabe batean mugitzen den zirkunferentziazko ibilia. Pauso neurtuak eman behar ditu gatibuak lau pareten artean, denboraz ahaztu eta bere buruari agindu ez duela inoiz hanka behar baino gehiago luzatuko. Ez duela leihorik marraztuko horman bestaldekoari so egiteko aieruz. Lau pareten artean denborak denbora izateari uzten dio, distantzia neurtzea jolas bat bihur daiteke eta ametsak ez dira inoiz oharkabean pasatzen. Gatibu denaren gogoak, korrika abiatutako bidean aurrera jarraitzen du, lehen egunean egiten zuen gogo berdinez. Pareta guztiak zeharkatzeko gai den gorputz batekin egingo du amets gauero eta kartoizkoak imajinatuko ditu hango adreiluzko harresiak. Preso egon denaren gogoa etxerako bidean da beti. Distantziak ez du denborarekin zerikusirik izaten haien ametsetako korrikaldietan.

III)

 

Abialdia. Franz Kafka

 

Ene zaldia ikuilutik ateratzea agindu nuen. Morroiak ez zidan konprenitu. Neroni joan nintzen ikuilura, zaldia zelatu nuen eta gainean jarri. Urrunean turuta baten soinua entzun nuen, galdegin nion zer esan nahi zuen hark. Berak ez zekien ezer, ez zuen deus ere entzuna. Atarian gelditu ninduen galdetzearren:

—Norantz zamalkatzen da jauna?

—Ez dakit —ihardetsi nuen—. Hemendik aldegitea nahi dut bakarrik, hemendik aldegitea soilik. Aldegitea beti, hemendik aldegin, honela bakarrik lor dezaket neure helburua.

—Ezagutzen duzu bada, zure helburua? —galdegin zuen berak.

—Bai —erantzun nuen nik—. Esan dut jadanik. Hemendik irtetzea, hori da neure helburua.

IV)

 

Ateak ireki dizkidate eta banoa. Aspaldi aurrez aurre gosaldu gabeko egunsentia, kristalezko eguzkia, minutu bateko isilunea barruranzko noranzkoan. Uzkurturik naroa inertziak bestaldera, kanpora. Atzean utzitako hormak ere ez dira nahikoa bide hau desegiteko, ahaztu ezin diren ateak bata bestearen atzetik zabaltzen eta ixten. Urteetan errepikatu den altzairu hots astuna, behin eta berriz zizelkatzen den zarata errukiorra belarrien sakonean. Ateak ixten eta zabaltzen, eguneroko zeremonia errepikakorra.

Uniformedunak agurtu ditut pasaeran, ezagunegiak bihurtu zaizkidan aurpegien soslaiak ezbehar baten testigu isileko. Agur luze bat besterik ez diet opa. Hemen da azkenik, kalea. Erabatekoa den kanpokoa, erabatekoa den barrukoaren gatibu. Hogeita hamar zenbatzen dituen egutegia daramat barruan oraindik. Inork ez ikusteko moduan barrurako egina. Nik baino ulertzen ez dudan pisuzko arrazoi bat. Horma batean kabitzen den bizitza erdiko existentzia. Azalean, galdutako minutu bakoitzagatik betikotu zaidan marra bat gehiago. Zaharkitutako larru zartatua. Inertzia batez mugitzen den pausoa. Zirkunferentziak marraztera ohitu den ibilia, gogortutako gorputz dorpea. Lehen egunetik gordetzen dudan indarrak narama aurrera, ebatsi ez didaten zerbait bihurtu naute. Ebatsi ez didaten zerbait izango naiz harresien bestaldean ere. Ulertzeko gai izan ez diren hori da hain zuzen ere, ebatsi ezingo duten beste guztia.

 

V)

 

Zer axola du paisaiak, Gloriak, badiak, ortzemugak?

Kale itxia da nik ikusten dudana.

 

Hala dio Manuel Bandeirak. Zer axola du paisaiak, zabalguneek, arrakastak, itsasoak, eguzkiak sartzen. Barruan dagoenak txori-saldoak eta elektrizitate-kableak ikusten ditu zeruak banatzen, baina ez diote axola. Horma pitzatua besterik ez du ikusten bere aurrean, zomorroak dabiltza arrakaletan gora eta behera.

 

Hala dio Manuel Bandeirak, eta kale itxia da barruan dagoenak ikusten duena ere. Alde batetik sartu eta beste aldetik ateratzea ezinezkoa den kale estua. Frutadenda bat dago alde batean, andre bat dabil paseoan bere umearekin beste aldean, gazte bat dago atarian liburua irakurtzen. Enarek kabia egin dute farola baten gainean, euria hasiko duela dirudi une batetik bestera, kea ateratzen da estolderietatik. Hizketan ari dira espaloian bi gizon, jaka iluneko bat gehitu zaie orain gutxi. Hori dena ikusten du barruan dagoenak, baina ez dio axola, horma pitzatua besterik ez baitu ikusten bere aurrean, zomorroak dabiltza arrakaletan gora eta behera.

 

VI)

 

Ziegak betikotu nau. Hemengo bihurtu, barruko naiz burdinez haraindi ere. Estu hartu naute hogeita hamar urtez eta orain, ezin erabateko askatasunera ohitu. Ezin oharkabean pasa, bizarraren urdinari eragin esateko, ni naiz behin eraman zenutena,  bueltan datorrena maleta bete urtez zamatua. Betikotu egin nauzue agian, baina ez nauzue garaitu. Maite nituenengandik apartatu ninduzuen, ahanzturak jan arte eduki nauzue gatibu. Egun honekin amesteari ere utzi nion aspaldi batean. Gauez, zeruari begiratzen nionean, nire itzalaren luzerak baino ez ninduen kezkatzen. Neurtutako pauso bat besterik ez zen loak hartzea. Neurtutako pauso berdinez esnatzea, beti leku berean hankamotz.

Ateak ireki dira azkenean eta atzean utzitakoak baino, datorrenak kezkatzen nau orain. Ikusi gabe ere badakit hor zaudetela, zuen begiak nabari ditut bizkarrean iltzaturik baina oraingoan zuek geratuko zarete barruan, ni banoa pauso neurtuetan bada ere. Luzaroan ikusi gabeko egunsentiak eman dit erantzuna azkenean. Nire itzalak ez du hainbeste denbora estaltzeko adina neurtzen, baina orain badakit ez duzuela berriro zuena ez den gerizperik zapalduko.

 

 

VII)

 

Bestela galdetu Morrisey jaunari, nola kantatzen duen: atera nazazu etxetik gaur gauean, atera nazazu, eraman nazazu zure autoan edonora, edonora nire etxera ezik, ez dut berriz bueltatu nahi, kanpora atera nahi dut, gauera.

 

Zergatik ez eskatu laguntza beste norbaiti etxetik ateratzen laguntzeko. Deitu, agindu etortzeko: zure laguntza behar dut etxetik ateratzeko. Neure kabuz ez naiz kapaz, norbaitek lagun nazan behar dut. Bultza egin, ideia buruan sartu, atera nazazu kalera.

 

Atera nazazu gaur gauean etxetik, eraman nazazu edonora, zure eskuetan uzten dut nire burua, eraman nazazu eguzkira nahi baduzu, edo basorik hurbilenera, ez dut ezeren beldurrik, etxetik kanpora izatea besterik ez dut nahi.

 

VIII)

 

Esaten da ispiluez han-hemenka; behin adin batera helduta, ikusteari utzi eta gogoratzeko baino ez dutela balio. Miazkatuz gero mikatza dela beraien zaporea eta apurtuta ere, ez direla lehen bezala zatitzen. Desegindako hauts eskukada bat bihurtzen direla, ez dutela bilatzen genuen erantzunik gordeko. Etorkizuna galdera sorta bat baino ez da. Islatzen den horren atzean, gordetzen den soslaiari lapurtutako zirriborro bat gehiago. Segundo bat eta gero, desegingo den konbikzioen iruditeria. Ispilu batek inoiz ez du amore ematen. Bestela ezin baita ulertu, itsu direlarik ere zergatik jarraitzen duten guri begira.

IX)

 

Dena gainbehera doan honetan

Eskerrak maitasuna ere badoan.

Inoiz ez al diozu galdetu

Zure buruari

Zer den eraikia, eta zer ez?

Gauza batzuekin ez dago zalantzarik.

Laranjak sasoiz kanpo

Belar ebaki berriaren usaina

Harako begirada samin hura.

Dena bukatzen denean

Dena bukatzen delako da,

Ondoren ez da ezer gelditzen

ezpada atarira ateratzea

oinak kanpoan jartzea

eta ibili ezinekoa den bide bat nola zabaltzen den

ikustea.

 

X)

 

Tantaz tanta zenbatu dut denboraren joana hemendik. Badakit zenbat segundo behar duten lurrera heltzeko. Lur gorri arrotzetan amiltzeko banan bana. Badakit, itzultzeko denbora zenbatezina dela. Berdin iraungo duela kanporantz indar egin arren ere. Badakit, zenbatzen dudan tanta bakoitzeko lurrean sortuko den zuloa ez dela nahikoa izango bestaldekoa ikusteko eta hala ere, zenbatzen jarraitzea baino ez zait geratzen.

Armiarma bat naiz une horretan, ez besterik. Sokak tenkatzen ditut inguruan, oreka galduz gero ere hain erraz eror ez nadin. Hain babesgabe ez agertzeko. Sarea berregiten dut apurtzen denerako. Korapilo sendoenak bazterretan eta erdian. Bazterretan eta erdian. Begira geratzen naiz gero eta gertatu beharrekoa gertatzen denean, arnasa hartu eta banoa. Hegia bakoitzak bere errealitatea eskaintzen dit une horretan eta ez naiz bakarra aukeratzeko gai.

XI)

 

Asko uzten du barruan ateak irekitzen dizkiotenak

asko du kanpoan zain ateak bere eskuz ireki dituenak

 

irabazteko zenbat dugun kalkulatzen hasten gara

zenbat eman diguten eta zenbat jaso dugun geuk

ateak irekitzen dizkigutenean

geure eskuz ateak irekitzen ditugunean

 

herri bat irabazteko dugula pentsatzera iritsi gaitezke

herri batek irabazi gaituela izan daiteke geure hausnarketa

atarian oinak jartzen ditugunean

atarian oinak jartzen dizkigutenean

 

Baina horren guztiaren gainetik dago poza

eta begi tristeak kalean paseatzeko gogo handi bat

eta pauso bakoitzean oinazpiko harria hauts bihurtzen duen sentimendu zahar hori

ateak irekita ikusten ditugunean

ateek irekita ikusten gaituztenean.

 

XII)

Exilioa, esate batera. Mikel Ibarguren

 

 Barda bakardadeak behatu zintuen bi begiokin.

Sudurra kristalaren kontra zapaldurik zuela

liburu bat hartu eta ohean sartzen ikusi zintuen.

 

Horixe baino ez da exilioa:

bakartasunean ohera daramazun liburua

eta liburuan ageri den ohe bakartua.

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENy4zeztT