Harri bat postontzirako
2011-05-15ean emandako saioa. Entzun hemen

…marea bizien garaian, olatuek gure aurpegiak bustitzeraino egiten dute itsasertzean gora, itsasoa barruraino sartu izan balitzaigu bezala da. Ezpainak zartatzen zaizkigu eta batzutan min ematen digute; ezpainek, olatuek. Itsasoak bizirik gaudela erakutsi nahi digu.
Beherakoan, itsasoak ordu arte estalita zituen oskol, altxor, hezur, harri eta bestelakoak uzten ditu agerian. Egun horietan, biluzik delarik, hondartza memoriaren zelai emankor bat bihurtzen da. Nahikoa da oinez bertatik ibilalditxo bat egitea, galdu uste genituen oskol, harri eta altxorrak berreskuratu ahal izateko…
1.
…marea bizien garaian, olatuek gure aurpegiak bustitzeraino egiten dute itsasertzean gora, itsasoa barruraino sartu izan balitzaigu bezala da. Ezpainak zartatzen zaizkigu eta batzutan min ematen digute; ezpainek, olatuek. Itsasoak bizirik gaudela erakutsi nahi digu.
Beherakoan, itsasoak ordu arte estalita zituen oskol, altxor, hezur, harri eta bestelakoak uzten ditu agerian. Egun horietan, biluzik delarik, hondartza memoriaren zelai emankor bat bihurtzen da. Nahikoa da oinez bertatik ibilalditxo bat egitea, galdu uste genituen oskol, harri eta altxorrak berreskuratu ahal izateko…
2.
Edward Hopperrek 1957an margotu zuen “Western hotel” izenburudun koadroa, 6 hilabeteko egonaldi baten erdian, Kalifornian.
Bertan ondorengoa ikus dezakegu: emakume batek koadroaz bestalde dagoenari (hau da, guri) begiratzen dio zuzen-zuzen, koadroaz bestaldekoa (hau da, gu) berari argazki bat ateratzeko puntuan balego bezala. Soineko gorri luze bat du jantzita, eta sofa baten bizkarrari heltzen dio esku batekin, eserita dagoen bitartean. Ez du inolako segurtasun faltarik edo lotsarik adierazten bere begiradan; ez du ematen ezer sakona pentsatzen ari denik, edo hausnarketa ilunen baten erdian dagoenik. Emakumea nahi gabe, gehiegi pentsatu gabe bezala dago guri begira, ondoan dituen maletak desegin, edo leihoko gortina itxi, edo beste edozer gauza egitera jaikitzeko gogoz balego bezala. Badirudi une batetik bestera egin behar duela hori.
Edward Hopperrek badu beste koadro bat, ezaguna, agian ezagunegia. Bertan, gasolindegi bat ikus dezakegu koadroaren erdigunean. Gasolindegi zaharra da, garai bateko surtidore horietakoak ditu, eta gasolindegiko langilearen soslaia somatzen da surtidore baten atzean. Mobilgas marka adierazten duen seinale bat dago gasolindegiaren gainean. Denda barrutik argi luzanga bat ateratzen da, eta zerua iluntzen ari dela dirudi. Ilunabarra da.
Lasaitasun itxura osoa ematen du eszenak, baretasuna dakarkigu. Ez du hotzik egiten, ez du bero larregikorik egiten: gasolindegiko jabea gustura dago. Bada, ordea, ezinegona sortzen duen zerbait: gasolindegia eta ondoko errepidea inguratzen duen baso itxia, sarria, iluna. Mehatxu bete-bete bat dirudi, edozein unetan gasolindegi gainera erortzeko prest, irensteko prest. Gasolindegiaren eta gasolindegiko jabearen gainera salto egin behar duen olatu erraldoi bat bezala. Adarrez, hostoz eta sustraiez osatutako olatua.
3.
Gaur ere atzo bezala, hemen gara. Itzulera eternala, betiko portalea. Eta hala ere, ez gara zuhaitzetik erori. Ez diogu beldurrik hartu haize ernegatuari, ez diogu hitzik esan txori migratzaileen kontakizunez. Gaur ere geografia honetan hartuko gaitu loak, hauts bera izango dugu goizean azala estaltzeko lain. Ordu berean deituko zaitut. Ekintzak errepikatuko dira, ezpalaren zehaztasunez. Bazoaz, banoa, usain dezaket mugitzeko beharrik gabe. Aldentzea da kontua, ez erretzeraino hurbiltzea. Konplikazioak berez etortzen baitira gero. Itzulera eternala, betiko portalea. Non sartu ditut giltzak orain. Non sartu ote ditut akorduko bideak, geografia horiztatuak. Tinta tintaren gainean pilatzen baita gure geografian. Marra bat bestearen aitzinean. Bestaldeko arnasa. Modurik errepikakorrenean gogoratzen dugun aurpegia adibidez. Gogoratzera tematzen garenean ez baitago munduan irabaziko digunik. Ez baitago munduan hau gogoratzeko adina espazio. Bihar ere, gaur bezala, han izango gara. Betiko portaleen bila erotzen den ibilia gara. Giltzak barruan ahaztuta egin genuen alde. Horregatik marrazten ditugu leihoak edonon, edozelan. Gaur atzo bezala.
4.
Atzera utziak
Garai bateko karentziak
Goiz bateko kerentziak
Karentziek kerentziek
Ez dute azalean marka bat baino gehiago balio
Xaboiak garbitzen du kea
Eta begiek badakite zein itzali kasurik ez egin
Lasai egon daiteke bat, eta beldurrik ez izan
Atzera utziak autopistan
Zentzu bakarreko bideak dira.
5.
Astronautak dira lurrera ailegatzen. Banderak. Ongietorriak. Ilargiak ere ikusi ditu honezkero heltzen, hemen dira. Badakite han goitik, ertzik gabeko espaziotik, begira dutela zelataria. Sabaian itsatsiriko begia, talaiapeko agintari. Tronpeta zaharrari eman dio batek, banderak, ongietorriak. Astronautak etxean dira azkenean eta ez dute maletarik inondik ageri. Beti han bizi izan balira bezala gertatu da. Betidanik hangoak balira bezala begiratzen diete lurtarrei, senide eta kazetariei. Astronautak dira baina ez dute gure galdera eternalentzako erantzunik ekarri bueltan. Agian ilargia izan zen gure lehenengo astronauta. Eta arrastorik utzi gabe egin zuen alde teilatu gorrien insomniotik, zatika ahoratuko genuen beldurrez. Agian ilargia bera izan da esan diena, mehatxatu dituena; ez erantzuteko, isilik mantentzeko, ez dela momentua.
Ez dutela galderarik erantzungo adierazi dute astronauta akituek. Lainoak pilatzen hasi dira zeruan. Ilargiak betazal ximurrez estali du oro. Zalantzan diraugu eta gure oinek, indarrez zapaltzen badugu ere, ez dute lurrean arrastorik uzten.
6.
Espazioan zehar doazen zaldizkoak, lauhazkan
oxigeno bonbonak eta nitrogeno likidoa zainetan, zabor-ubera bat utziz atzean
autobus barrutik zeinen bare ikusten den dena, zeinen hilda dagoen mundua
eta nolako bizi-usaina darion aldi berean, zein erraza den gauzak irudikatzea
zein erraza den irudikatzea emazteak etxeetatik aldegiten
zein erraza den irudikatzea hegoak apurtuta dituzten zikoinak hegan
zainduta gaudela iruditzen zait, aurpegian ispilua duen norbaitek zaintzen gaituela
ez da erraza etorkizuna asmatzea, baina gero eta gutxiago kostatzen zaidala badakit
buru barruan sartuta dudan astronauta erauzteko gogorik ez dut
muinak bere menera dituela sentitzeak sosegua sortzen dit
norbait han kanpoan bere bila dabilela eta aurkituko ez duela pentsatzeak sosegua sortzen dit
norbait han kanpoan espazio beltz bat mugatzen ari dela pentsatzeak sosegua sortzen dit
zailak dira harremanak, ezer ez dator eskutik emanda
ez gara inoren pentsutik bizi, geure buruak agintzen digu, autonomoak gara
geure burua zabaltzeko gaitasuna daukagu, geure buruari ideiak erauzteko modua zein den badakigu
baina badoaz beldurrak, izuak, ezinegona
badakit ez doala ezer zakarretara
ez dugula ezer galtzen zikoinak zeruan solte askatuta
gau eternal soseguzko batean biziko garela, bi begi geuri begira
geure bi begi gauari begira, soseguz biziko garela
geure begietan hartuko duela gauak sosegua, su-itzalgailuari begira
ilargirik ez duen astronautarik ez dagoen bezala
ez garela galduko gauaren begi soseguzkoetan
modu eternalean
begiratuko diogula soseguari, gauez.
7.
Espazioan arrunta dena hutsa da, gainerakoa salbuespen bitxi bat baino ez. Erantzunik gabeko galdera sorta kutxa bat betetzeko lain. Kosmosa. Urrunegi den zerbait, hartaz jabetzeko.
Kasualitateen batura batek okupatu dezake espazio hori une batez, eta hala ere, hutsa nagusi izango da oraindik espazioan gure burmuinetan bezala. Zatitu dezakegu nahieran, izen ezberdinez izendatu ebakidura bakoitza, ezagunago zaizkigun lurretan pausatu gure irudimena, han eman minutuak, egunak, urteak mendeetan barrena. Leherketa bati itxaron diezaiokegu, zati berriez betetzeko lehengo espazio hutsa eta hala ere, inoiz ez gara osoaren jabe izango. Beti faltako zaigu zerbait. Bereganatu ezin ditugun gauzez osatzen da gure espazioa, deitu kosmosa, deitu irudimena.
Arrunta dena hutsa da gure burmuinetan, gainerakoa salbuespen zoragarri bat baino ez.
8.
Aleph-aren diametroa bi edo hiru zentimetrokoa izango zen, baina espazio kosmikoa hantxe zegoen, bere tamaina ezertan gutxitu gabe. Gauza bakoitza (ispilu-azala, demagun) infinitu gauza zen, zeren nik garbi ikusten bainuen hura unibertsoko puntu guztietatik. Ikusi nuen itsaso naharoa; ikusi nuen goiznabar eta arratsaldea; ikusi nituen Amerikako jendetzak; ikusi nuen zilarrezko amaraun bat piramide beltz baten erdigunean; ikusi nuen labirinto hautsi bat (Londres zen); ikusi nituen ezin konta ahal begiak, ondoz-ondo, azkenik gabe, nigan ispilu batean bezala beren buruei so; ikusi nituen planetako ispilu guztiak eta batek ere ez ninduen islatu; ikusi nituen, Soler kaleko patiostean, duela hogeita hamar urte Fray Bentos-eko etxe bateko bebarruan ikusitako zoru-lauza berak; ikusi nuen mahats-mordorik, elurrik, tabakorik, metal-zerrorik, ur-lurrunik; ikusi nuen ekuatorealdeko basamortu konbexurik eta haietako hondar ale bakoitza; ikusi nuen, Inverness-en, ahaztuko ez dudan emakume bat; ikusi nuen adats odolbizia, gorputz harroa; ikusi nuen minbizi bat bularrean; ikusi nuen lur lehorreko zirkulu bat espaloi batean, lehenago arbola bat egon zen lekuan;
(…)
ikusi nuen neure odol ilunaren ibilia; ikusi nuen maitasunaren engranajea eta heriotzaren mudantza; ikusi nuen Aleph-a puntu guztietatik; ikusi nuen Aleph-ean lurra, eta lurrean berriro Aleph-a eta Aleph-ean lurra; ikusi nuen neure aurpegia, neure erraiak; ikusi nuen zure aurpegia eta zorabioa sentitu nuen eta negar egin nuen, zeren nire begiek ikusia baitzuten asmabidez baizik iristerik ez dugun zer ezkutu hori, zeinaren izena gizonek bidegabeki aipatzen baitute, baina ezein gizonek ez baitio so egin: unibertsoa, irudikaezina baita.
Benerazio infinitua sentitu nuen, lastima infinitua.
9.
Jauzi bat egiten duzunean, argi izan behar duzu hankak non jartzera zoazen. Jauzi bat egitera zoazenean, oinen kokalekua kalkulatu behar duzu lehenago.
O.C. siglak eta 36 urte. Ceutara Saharapetik etorritako gizon bat bere herrira bueltan joaten saiatu da, lehenengo aldiz. Gonak dardarka dituen Europa anderea utzi nahi zuen atzean, itxuraz.
Muga bat zeharkatu duena ez da pertsona mugatua. Muga bat ez da beste muga batzuk jartzeko zeharkatzen. Itsasoan muga bat arkatzarekin marraztea da jarri daitekeen mugarik sendoena.
Muga bat mundu berri batera iristeko zeharkatu duenak ez du bere burua mugatzen. Mundu berritik bueltan, oinak non jarri badakiela, muga bera berriz zeharkatzen duenak, ez du bere burua mugatzen. Atzean uzten duen guztia mugatzen du. Atzean uzten duen guztiaren mugak uzten ditu agerian.
10.
Tangerreko plaza batean, arrats herdoilduan, itsasoari begira. Desosegua eragiten duen hiri bat dela ari gara komentatzen. Tanger ez du inork erlaxatzeko aukeratzen, esan didazu. Muinoan gora inurri-zerrendak bezala igotzen ari diren auto zuriei begira jarri gara biok, itsasoari bizkar emanda.
Jendea multzokatzen da gure inguruan; bakoitzak bere eginbeharrak ditu. Bi puntu beltz besterik ez gara haien egunerokoan. Elkarrizketak ehunka dira plaza bakarrean. Hitz egitearen plazeraz hausnartzen dugu apur batez: hitzak elkartrukatzea elkar kontsolatzeko modu bat izan daitekeela esan dugu; hitz egitearen eta hitz egiten uztearen arteko muga lausoak non egon daitezkeen zalantzan aritu gara.
Bere bidean doa dena; itsasoa gorritzen hasi da itsasartean. Gasolina-ubera beltzak uzten dituzte ferry-ek. Zurbiltzen ari dira olibondoak arnasa hartzen duten bitartean, ilunkerarako prestatzen ari direla dirudi. Kontrako bidean joatea zeinen zaila den pentsatu dugu biok, tea hartzen dugun bitartean. Kontrako bidearen alde egotea zenbat kostatzen zaigun. Non, zein lur-eremutan jarri oinak. Norekin busti oinak.
11.
Nongoa naizen galdetzen didatenean, begiak itxi eta eskuak zabaltzen ditut airean. Erakusten dizkiet azalaren tolesduretan gordetako hondarrak, hitzen bat mutuarazi zituztenen oihartzun isil, lau kartoiz eraikitako etxola, mendi elurtuen gerizpea. Nongoa naizen galdetzen didatenean lurrez estaltzen dut larruazala, goroldioz babesten ditut sudurzuloak odolik ez usaintzeko. Erantzun nezakeen hitz bitan baina lau aukeratzen ditut okasiorako. Esku batean kabitzen den historia ematen diet nahi gabe. Harkaizpeko haizetan gordetako hitzen lausengua eta gatzetan iraun duen izate baten argazkia.
Nongoa naizen galdetzen didatenean beste hizkuntza batean erantzun behar izaten dut beti, jakin badakidalako ez dutela esandakorik ulertuko bestela. Nongoa naizen galdetzen didatenean, ez dut sentitzen dudanik aitortzen, naizenaren testigantza baino ez dut aurkitzen barruan haiei eskaintzeko. Gero kafea hartzen dut, kea dariola, kanpoko lanbro artera ateratzen naizenean urdaila behintzat epela eraman dezadan. Nongoa naizen galdetzen didatenean esku bat luzatzen diet eta bestearekin leiho bat marraztu, nongoa naizen ikus dezaten bestaldean.
12.
Memoria disekatuen garaia. Garai disekatuen memoria. Apalak akorduan geratu zaizkion txatalez betetzen dituen agurea. Begiak ixten ditugun moduan ixten ditugu akorduaren liburuak ere. Eta orduan hasten da memoria bere kaxa ibiltzen, osatzen, handitzen, horitzen. Zientoka dira honezkero bete ditugun kartoizko kaxak. Gedar egin digu amak, ea noiz aterako ditugun etxetik. Memoria, paper horiztatuak. Umetatik geure geurea izan dugun ohitura, gauzak gordetzearena. Noizbait, etxeko zapatilak jantzita, eskutan hartuko ditugu berriz; egunkarietatik moztutako orriak, argazki eta folioak, umetako marrazkiak, han eta hemen bildutako harri bitxiak, idatzi eta igorri gabeko gutunak, idatzi eta jasotakoak. Gure memoriari ebatsiriko txatalak dira denak. Tranpa eginez berreskuratu ditugunak. Memoria disekatuak, kartoizko kutxetan ondu diren gure bizipen asimetrikoen bilduma. Hara hor, agurearen pauso motela, apalak betetzen egunez egun. Herri baten memoria nola osatzen den.
13.
Eguzkirik gabeko egunetan zailagoa da geure buruak munduan nonbait kokatzea. Zailago zaigu noiz bat zehaztea, noiz bat ematea aditzera. Denborak hosto batek ibaian zehar egiten duen bidea iraun dezake baina inoiz ez lau pareten arteko distantzia. Lau pareten artean ez da denborarik existitzen, hutsa du barruko espazioa zanpatzen, kosmos zentzugabe batean mugitzen den zirkunferentziazko ibilia. Pauso neurtuak eman behar ditu gatibuak lau pareten artean, denboraz ahaztu eta bere buruari agindu ez duela inoiz hanka behar baino gehiago luzatuko. Ez duela leihorik marraztuko horman bestaldekoari so egiteko aieruz. Lau pareten artean denborak denbora izateari uzten dio, distantzia neurtzea jolas bat bihur daiteke eta ametsak ez dira inoiz oharkabean pasatzen. Gatibu denaren gogoak, korrika abiatutako bidean aurrera jarraitzen du, lehen egunean egiten zuen gogo berdinez. Pareta guztiak zeharkatzeko gai den gorputz batekin egingo du amets gauero eta kartoizkoak imajinatuko ditu hango adreiluzko harresiak. Preso egon denaren gogoa etxerako bidean da beti. Distantziak ez du denborarekin zerikusirik izaten haien ametsetako korrikaldietan.
14.
Asko uzten du barruan ateak irekitzen dizkiotenak
asko du kanpoan zain ateak bere eskuz ireki dituenak
irabazteko zenbat dugun kalkulatzen hasten gara
zenbat eman diguten eta zenbat jaso dugun geuk
ateak irekitzen dizkigutenean
geure eskuz ateak irekitzen ditugunean
herri bat irabazteko dugula pentsatzera iritsi gaitezke
herri batek irabazi gaituela izan daiteke geure hausnarketa
atarian oinak jartzen ditugunean
atarian oinak jartzen dizkigutenean
Baina horren guztiaren gainetik dago poza
eta begi tristeak kalean paseatzeko gogo handi bat
eta pauso bakoitzean oinazpiko harria hauts bihurtzen duen sentimendu zahar hori
ateak irekita ikusten ditugunean
ateek irekita ikusten gaituztenean.
15.
Espazioan dela, astronautak, txoriak ditu faltan. Txoriak ikusi nahi lituzke ailegatzen eta urruntzen. Biluzik agurtu nahi lituzke goiznabarrik gabeko esnaeretan. Espazioan delarik, astronautak, ez du besterik buruan. Ez zaio besterik kabitzen. Ez daukan horrek denak okupatzen du haren gogoa, espazioa, astronauta. Ailegatzen eta urruntzen ikusten zituen txoriak errepikatzen zaizkio irudimenean, eskafandrarik gabe haien atzetik abiatu nahi luke. Espazioan, astronautak, badaki ez duela txoririk ikusiko. Baina hala ere, ez da betazalak ixtera arriskatuko.
16.
Espazio barruan egotea, ezer gertatzen ez zaion jendearekin egotea, bazkaltzea, barre egitea… izan daiteke. Mekanika huts baten mende lerratzea, ohituren bidezidor argiztatuetan pasiatzea. Norbere munduaren kondena, ordena, aurreikusten dugun hori gertatuko dena. Baina gauzak aldatu egiten dira euria hasten duenean. Gauzek ordena galtzen dute euria hasten duenean: gauzek uste ez duzuna egin dezakete euria hasten duenean.
17.
Jende gutxik dakien arren, bada Txinako hego ekialdean, Tsau-Chee probintzian, iparramerikarrez osatutako komunitate bat. Globalizazioaren gauza onak dira, Txinan Tex-Mexa jan dezakezun moduan, Texasen banbu egosia jatea ere posible da.
Bi dozena familiak osatuta etxe giroko, ia arazorik gabeko eta aldi berean aberastasun handiko lekua bihurtu dute ingurua atzerritik joandakoek. Gehienak enpresa amerikarrek, bere egunean, bertara bidalitako exekutiboak dira. Eta orain, gauzak ondo doazenez, merkatu librearen misterioaren baten ondorioz, erretiroa hartuta bizi dira bertan, beraien soldataren %100 kobratzen dutelarik. Iparramerikako gizartearen presio moralik gabe eta gizarte amerikar artifizial batek eskaini ditzakeen aukera guztiak eskura dituztela, zoriontsu dira. Txinako hego ekialdeko biztanleen erdiak metro koadro apur horietara begira daude. Modernizatze bidean doan edozein txinatarrek amesten duen bizitza mota dela esango genuke. Baina batez ere, zerbaitegatik ezagun bada Little America, itsaso horian surfeatzen duen surflari talde bikaina sortzeagatik izan da. Hasiera batean, surflari taldea iparramerikarren semeek osatzen zuten baina denborarekin, txinatar ugari izan dira olatuak harrapatzera animatu direnak, berezitasun batekin, kasu honetan herrietako agureak dira surf egitera animatu direnak. Beraien ondoan, bilobek ez daukate zereginik. Arrazoia sinplea da, bada Txinako alde horretan kwain izeneko fruta jasotzeko ohitura arriskutsu bat. Kwain fruta zitrikoa da, izen bereko zuhaitzean hazten dena. Fruta jasotzeko arbolaz arbola soka baten gainean ibiltzen ziren herritarrak sasoi batean eta soka hori kasu batzuetan, 25 metrotara ere egon zitekeen. Agure horiek neoprenoa jantzi eta taula gainean jarri zirenean, ez zen munduan haien parekorik.