Eguzkitan etzanda
2011-05-22an emandako saioa. Entzun hemen

Eguzkipean harriak xehatzen dabilenari, munduak ez dio gehiegi pisatzen. Harrien astuntasunagatik ez balitz, ez luke gora begiratzeko tentaziorik izango. Eguzkipean harriak zehatzen diharduenak, zulo bat egin nahiko luke lurrean, barrurantz. Bestalderaino ailegatu eta burua lur artetik ateratzearekin batera, ni izan naiz esan nahiko luke. Bizitza oso bat zulo honetan emateko gai izan den lehena. Bestalderaino ailegatzea lortu duen azkenetakoa.
Eguzkipean harriak xehatzen dabilenari, munduak ez dio atzo baino gehiago pisatzen azala hautsez estalita edukita ere.
1)
Elizara joaten ginen umetan, katekesia jasotzera. Eskolatik atera, bazkaldu, eta bazkaldondoren joaten ginen, astean behin. Maiatza eta ekaina ziren gogorrenak, horrelakoetan: praka motzak, kamiseta izerdituak, kanpoan eguzkia, belardi freskoak gure zain. Elizaren sabelak itxaroten zigun hala ere.
Hotz egiten zuen eliza barruan, eta abadearen hitzek zail zuten gu berotzea. Izerditan sartzen ginen, eguerdia beso artean hartuta eramango bagenu bezala, iturri azpian burua sartu ondoren batzuetan. Hoztu egiten ginen abadearekin edo katekistarekin geundela, ilunak ez zigun mesede egiten, mundu oso bat geneukan kanpoan zain.
Horregatik gogoratzen dugu hainbesteko maitasunarekin eliza atarira ateratzen ginen unea. Nola blaitzen gintuen eguzkiak bat batean, nola ez genuen elkar ikusten argitasunaren minarekin, nola egongo ginatekeen arratsalde osoa etzanda, zeru gosez egoten diren sasi-landare eta belar txarrak bezala.
2)
Eguzkitan, etzanda, egunak eman ditugu. Mundua eskuinetara mugitzen da, batez ere, eskuinetara. Senti dezakegu gure zainetan, odolak nola duen oreka galtzen alde batera mugitzeko. Gorputzaren beste erdia lo, ukitu eta ez dagoen zerbaiten lekuko orobat. Eman puntu bat indar egiteko eta esango dizut ze maiztasunez egingo duten salto gure gorputzek beherantz. Etzanda gaudenean ere, apur bat erori egiten garelako da. Lurrak bere indarra eragiten du gugan. Ekintza asimetrikoen batura. Barruko eta kanpoko indarren arteko lehia. Eguzkipean etzanda, ez dugu itzalik sostengatzen. Bizitzeko gogoari eusten diogu, esku batez eusten dugun izozkiaren jarraipena gara.
3)
Ehun mila junkie etzanda. Martxel Mariskal
Bizitzarik ez badago orduan soilik heriotza
urertzaren memoria aldakor-aldaezinean
ehun mila junkie etzanda neguko eguzkitan
ehun mila arima urtzen marmokak bailiran.
Hegan hegan doa, dena hegalik mugitu gabe
denbora zula-ezinean inor ezagutu gabe
Heriotza bilutsik dago eta bizitza hezurretan
bien arteko hondarretan ehun mila junkie etzanda
itxaron urteak bezainbat hondar ale eskuetan
ehun mila itsaspekarien birika beltzak
lehertzear hegan…
Ehun mila giza-amets itsasoaren zainetan
elurtea iritsi arte ez dugu lo hartzen
erabat katea eteten da beti gutxien espero dugunean
bizitzarik ez badago orduan soilik heriotza.
4)
Eguzkitan etzanda iñurriak zenbatzen ditugu. Antolatutako erasoa izango da, ari da bat pentsatzen. Behetik harrapatuko gaituzte ezustean, besteak. Azalik estali gabe jarraitzen dugu eguzkitan etzanda. Goroldio kapa fina aldetik kentzea lortu duenaren soseguz, gora begira, iñurriak nabari ditugu gure gorputzak inguratzen. Seinale bat da, esan du batek. Hemen gaudela eman nahi dute abisu, eraman gaitzaketela gura dutenean. Eskutik heltzen dio batak besteari lasaitu nahian. Eguzkitan etzanda, une horretan, handik goitik norbait iñurriekin nahastuko dituzten beldurrez, gero eta txikiago sentitzen dira biak.
5)
Gaztea da, eta eguzki bat bezalakoa
eta ni ez naizela hain gaztea erakusten dit
eta ni ez naizela eguzki bat bezalakoa.
Poztu egiten naiz berarengatik
iruditzen zait zorabio gozo bat duela aurretik
bizitza bat, kolpe batzuk, normala ez den gose bat.
Desio nuke parke luze bat izango dela hemendik aurrerako guztia niretzat
zumardi zuzen bat, arratsalde bat eguzkipean etzanda
terrazako lagunarteko bazkari bat, besterik ez
ardoa edalontzi arruntetan, umore ona egun bakar bateko hitzetan.
Hala ere badakit
berarentzat bezala niretzat ere
zorabio gozo bat izango dela hemendik aurrerako guztia
heriotza bat, kolpe gutxi batzuk, bizitza bat gehiago.
6)
Eguzkitan etzanda, udaberrian, euria sentitzen dugu gure azaletara erortzen. Eguzkitan garela oraindik euria ari du gure larruazaletan, gero eta ozenago. Mugitu gabe irauten dugu luzaroan, ekaitza pasa arte, bata bestearen ondoan. Handik minutu gutxira, zaila egiten zaigu gertatutakoaz hitz egitea. Lehenago ausartu behar genuen, oraindik usain honek guztiz zanpatuak ez gintuenean.
Goroldioak hezetasun guztiarekin amaitu arte ez da inor ezer aldatzera ausartzen. Han, norbaitek, irauteko jarri izan bagintu bezala sentitzen gara, eguzkitan, etzanda, ekaitzaren osteko lasaitasunean. Azala leunago nabari dizut, esaten du batek ukitu ere egin gabe. Zeruak forma arraroak hartzen ditu bitartean eta haizeak inguruak astintzen jarraitzen du, barru barrutik datorkion amorruz.
Batzuetan bihotzez aldatu nahi nuke, galtzerdiz aldatzen naizen arintasunez, aurretiaz sufritzeko beharrik gabe. Eguzkitan etzanda, hitzik egin gabe, azala apurtzeraino nabari dute lehortzen, arrakaletatik irteten hasten diren iñurriak zenbatzen dituzte begi bakarraren zehaztasunez.
Hurrengo ekaitzari itxaron beharko diote erantzunen bat bilatzeko.
7)
Eguzkitan etzanda dakusat nire burua. Kanpoko eta barrukorik bereizi ezinda, iraunkor. Azala gogortu izanaren zoriontasun minutu batekoan. Leihoko kristalak garbitzen bestaldekoari argitasunez so egiteko. Kanpoko eta barrukorik ez bereizteraino tematzen naiz, nire azalarekin, beira zikinetan. Une batez gelditu eta non nagoen galdetzen diot neure buruari. Kanpoan egoteko beroegi da, barruan egoteko luzeegi dakusat itzalak formarik gabe zabaltzen.
Harri bat entzun da orduan kristalaren kontra eta ez dakit barrutik ala kanpotik etorria den.
8)
Joan Salvat-Papasseit. Gaztea da eta eguzki bat bezalakoa
GAZTEA da eta eguzki bat bezalakoa
orain zorabiatu egiten da nire besoetan;
bekainetan baldin badarama heriotza eta dolua
betiletan darama sendagarria.
Baldin badakar harri bizi bana bularretan
gutiziak esaten dit: ebatsiko nizkioke.
—Niretzat bakarrik gorde zituen Berak,
orain nahi banitu, orain hartzen ahal nituen.
Belaunetan jartzen banuen
zabaldu egiten zen arrosa zen.
9)
Eguzkipean harriak xehatzen dabilenari, munduak ez dio gehiegi pisatzen. Harrien astuntasunagatik ez balitz, ez luke gora begiratzeko tentaziorik izango. Eguzkipean harriak zehatzen diharduenak, zulo bat egin nahiko luke lurrean, barrurantz. Bestalderaino ailegatu eta burua lur artetik ateratzearekin batera, ni izan naiz esan nahiko luke. Bizitza oso bat zulo honetan emateko gai izan den lehena. Bestalderaino ailegatzea lortu duen azkenetakoa.
Eguzkipean harriak xehatzen dabilenari, munduak ez dio atzo baino gehiago pisatzen azala hautsez estalita edukita ere.
10)
Nire buruari, gero eta gehiagotan, zera galdetzen diot: moralki zentzuduna al da egoera narkotiko bat desiratzea? Gas-bunbuila baten barruan egon nahi izatea ondo al dago?
Bizitzaren ertzetik mingaina pasatuz goaz aurrera, zauritu egiten gara eta atsegin dugu, gozamenaren odola edaten dugu ahal dugunero. Gazteak gara oraindik, bizitzaren lehioa ikus dezakegu begien aurrean distiratzen, belaontzi gainean zamalkatzen ditugu olatuak. Jauzi egiten dugu zuhaitzezko oheetara, Dantza egiten dugu erlojuen gainean.
Baina ez dut ukatuko: izoztuta egoteak atsegin ematen dit batzuetan. Deskantsu hiltzaile bat, baretasun mortal bat. Hilabete batez eguzkiaren azpian etzan eta pentsamenduak erretzea desiratzen dut batzuetan. Betirako negu bat, izotzezko gaztelu bat, apurnaka loak hartu eta elurraren besarkada jaso, agur esan hats bakar batekin.
6)
Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Neguaren gorazarrea
Neguarekin batera datozen ohiturak atsegin ditut,
telebistaz entzutea tenperaturak behera doazela
eta bihar zero azpitik bost gradu izango dugula soilik,
bost diamante izotzezko.
Eta hurrengo goizean kalera baino lehen
berokia, txanoa, lepokoa, botak eta eskularruak
poliki jantzi, erlijio zaharren errituak gogoratuz.
Gero, zeruaren grisantza egiaztatu,
eta haizearen zorrotza, eta parkearen biluzia,
hotza sudurreratu birikien hondoetaraino
eta dastatu droga ezagunaren zorabioak,
ahotik ilkitzen diren arima zatiak mirestu
eta ibili espektro beldurtien artean.
Herri guztien negu-jainkoei otoitz egin,
lagun iezadazue, lagun iezadazue,
antzigarra eta elurra gurtu,
izotz burruntziak eta ziztorrak ferekatu,
inoiz izan ez den xamurraz elur zikinean soa galdu
eta sekretuki mesprezatu besteen ele kexatiak.
Mendi lausoetaraino gogoa eraman,
hiriak erakusten duen barrokotasunaz gozatu
eta barre egin ezkutuan automobilez.
Noizbehinka arkuperen batean hankak eta besoak astindu
eta gero berriro aurpegian sentitu
neguak amultsuki eskaintzen duen mila musu heze,
non elur malutak bezalako maitaleak?
Entzun dut izozturik hiltzea oso ezti dela,
loak hartzen zaitu pixkanaka, eta ametsetan
jadanik, Neguaren Erregek gorte ororekin
betirako eramaten zaitu Jauregi Zurira.