Lorca eta New York

2011-06-05ean emandako saioa. Entzun hemen

Lorca Manhattanera paseatzen ari da, une honetan, demagun. Norbaitek, beste espaloietik, oihuz berari “Federico!” esan dio. Lorcari ez zaio burutik pasa ere egin bera izan daitekeela Federico hori, berari ari zaizkiola hizketan. Izan ere, hainbeste jende bizi da New York-en, hainbeste Federico daude, eta zergatik ez, aukera gehiago dago deitutako Federico hori taxi-gidari kubatar zahar bat izateko, bera baino. Bera, granadar poeta, New Yorkeko egunsentiari izuz betetako begiekin harrera egiten diona.

1)

 

1929 eta 1930 urteen artean egon zen Federico García Lorca New York-en. Gaizki egin zuen alde Granadatik New York-era: maitasun-erlazio naufragatu batetik atera berri, egoera politiko gero eta estuagoak urdurituta.

 

New York-era iritsi, eta Brodwayko argi eta zarataren ikuskizun txundigarriak inpresio ona eragin zion. Ez zuen luze iraun, ordea: 1929ko crack-a gainean zegoen.

 

Lorca Manhattanera paseatzen ari da, une honetan, demagun. Norbaitek, beste espaloietik, oihuz berari “Federico!” esan dio. Lorcari ez zaio burutik pasa ere egin bera izan daitekeela Federico hori, berari ari zaizkiola hizketan. Izan ere, hainbeste jende bizi da New York-en, hainbeste Federico daude, eta zergatik ez, aukera gehiago dago deitutako Federico hori taxi-gidari kubatar zahar bat izateko, bera baino. Bera, granadar poeta, New Yorkeko egunsentiari izuz betetako begiekin harrera egiten diona.

 

2)

 

Federico García Lorca. La aurora de New York

 

New Yorkeko egunsentiak ditu

Lokatzezko lau zutabe

Eta hurakan bat, ur ustelduetan

Palastatzen diren uso beltzez egina.

 

Egunsentia iristen da eta inork ez dio bere ahoan harrera egiten

Ez dago biharrik edo esperantza posiblerik.

Batzuetan, txanponek, talde suminduetan

Abandonatutako umeak zulatzen eta irensten dituzte.

 

New Yorkeko egunsentiak ulu egiten du

Eskailera erraldoietan zehar

Ertzetan bilatuz

Marraztutako angustiazko akarak.

 

Ateratzen diren lehenengoek beren hezurrekin ulertzen dute

Ez dela paradisurik edo amodio hostogabeturik egongo;

Badakite zenbaki eta legezko lokatzera doazela,

Arterik gabeko jolasetara, fruiturik gabeko izerdietara.

 

Kateek eta zaratek lurperatzen dute argia

Sustrai gabeko zientziaren erronka lizunean.

Auzoetan lo egin gabeko jendea dabil aldaroka

Odolezko naufragatze batetik aterata bezala.

 

New Yorkeko egunsentiak ditu

Lokatzezko lau zutabe

Eta hurakan bat, ur ustelduetan

Palastatzen diren uso beltzez egina.

 

3)

 

Arratsalde batean, kafea hozten ari zitzaiela

Hasi ziren pentsatzen zer-nolako ejertzitoa beharko zen

Lehendabizi Manhattan, eta gero Berlin konkistatzeko.

 

Tenienteak eta teniente-ordeak

Ura potabilizatzeko pastillak

12 tonatako bulldozerrak

 

Eta ereserki bat, ez ahaztu ereserkia

Musika beti etortzen da ondo tropen umorea arintzeko.

 

Enrique Morente bezperan hila zen

Eta, kafea hoztuta ohartu ziren

Eskura zutela Manhattan, eskura Berlin

Ez zela kanpaina handirik egin beharko

Bakean sartu ahal izango zirela abenidetan.

 

4)

 

John Dos Passos. Manhattan Transfer

 

 

Babilonia eta Ninive adreiluzkoak ziren. Atenas osoan gaindi nagusitzen ziren marmolezko urre-koloreko zutabeak. Erroma harrizko arku zabaletan eraiki zuten. Sekulako kandelak bailiran, dirdir egiten zuten Konstantinoplako minareteek Urrezko Adarraren inguruan…

 

Altzairua, beira, baldosak eta hormigoia izango dira etxe-orratzen materialak. Uharte mehar batean pilaturik, mila leihoko eraikinak tente ageriko dira, distiratsu, piramide bat bestearen gainean, ekaitza behean uzten duten hodei zuriak bailiran.

 

 

5)

 

Harkaitz Cano. Steer crear of the closing doors 

 

Apartatu ixtera doazen ateetatik.

Ez da zalantzak izateko garaia.

Guraize izan ziren ate horiek beste bizitza batean.

Trena huts eginez Grahamen geratuko zara betiko.

Estazioa utziz gero inoiz ez duzu jakinen

metroak alde egin ondoren

Graham Lorimer Bedford

1st avenue 3rd avenue Union Square

estazioek existitzen jarraitzen duten.

Jakingo ez duzun eran

jada irakurritako esaldien traiziorik

izanen ote den

bertan iraunen ote duten hitzek

liburua hertsi ostean

edo balioko duten egoera, esaldi,

keinu leunki marraztu horiek

hurrengo mendeetako maitaleentzat.

Tolestu plegua eta

gutunetako hitzak gaizkiesaka hasiko dira

zure bizkar.

Zure hobebeharrez. Steer clear of the closing doors.

 

Topatzen duzun kutxa baten gauzarik antzekoena

izan dadila juke-box bat.

 

Zaude aparte

artazien bihotza ere

apurtzen duten

egunen

gillotinatik.

 

 

6)

 

John Dos Passos. Manhattan Transfer

Ilunabarrean, ipurtargi-trenak han-hemenka zebiltzan lainoan murgilduta, zubi amaraunduen silueten artetik. Igogailuak gora eta behera. Portuko argiak keinuka.

Lehenengo izoztaldietako izerdiaren antzera, bostetan, apurka-apurka erdialdeko eraikin garaietatik gizon-emakumeak isurtzen hasi ziren. Gizatalde handi zurbilak metro-zuloetan eta tuneletan sartu eta lurpean desagertzen ziren. 

Eraikin handiek isilik eta hutsik ematen zuten gau osoa; euren milioika leihoek, berriz, ilun. Argia zeriela, ferryek bidea irensten zuten, portu lakatuan zehar. Gauerdian, lau tximiniadun transatlantiko espresoak euren ontziraleku argitsuetatik itsasoratu eta ilunpean pulunpatu ziren. Ezkutuko bilerez unaturik eta begiak makartsu, bankariek atoiontzien uluak entzuten zituzten, zaindari linternadunek aldeetako ateak irekitzean. Bankariak purrustadaka kokatzen ziren euren limusinen atzeko jarlekuetan eta Berrogeitakagarren Kalearen ingurura azkar hurbiltzen ziren; hango kaleak kalapitatsuak ziren eta denetariko argiak zituzten: ginebra bezain zuriak, whiskya bezain horiak, sagardoa bezain burbuilatsuak. 


Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENy5sU1aL