Ekaitzaren osteko barealdia

2011-06-12an emandako saioa. Entzun hemen

Marmol gainean erretako ur apur bat, besterik ez. Ezpainak gatzez perlaturik ditugula begiratzen diogu elkarri, eta mingainez laztantzen ditugu elkarren zauriak, maitasunez, egiazko dedikazioz. Barealdia luze doala iruditzen zaizu? Ez da astakeria hori pentsatzea: betiko ikara ikusgaitz bera dute etxeko landareek, betiko hotsak sartzen dira leiho-zirrikituetatik, kalea beti bezala dago.

1)

 

Askotan gertatzen zaigu, ezta? Hitz egin izan dugu horretaz, hori ezin ukatukozkoa da. Erauntsia eta gero barealdia desio dugula, lurrera jaustea, noski, dudarik gabe. Baina hori baino sentipen gozoagoa dela, dudarik gabe hau ere, baretasunaren ondoren berriz oldarraldia desio izatea. Gure gorputzaren kontra egitea bultza, eta gure gogoari egitea eraso. Geure buruari eraso bat guk geuk egitea, eta hori desio izatea, geure eskuetan dagoen zerbait da. Eta gure eskuetan dagoen neurrian, desiragarria izan daiteke.

 

Bare, egon, eta ondoren ekaiztu: eta ekaiztea desiratu. Egoten ziren bada, marinelak, egunetan itsasoan geldi, haizearen zain? Marmolezkoa bihurtzen zen itsasoa, gainean oinez ibiltzeko moduan egoten zen batzuetan lau-lau, bare-bare. Kristal uniforme baten itxuran itsasoa, zerua ispilatuz, uhinik gabe. Nork ez du desio horrelakoetan min bat, eraso bat, bizitzaren miazkada bat? Haize erauntsi bat bezala etor daiteke bat-batean, euri tanta baten gisa eror daiteke gutxien uste dugunean. Baina falta denean, barealdia luzatzen denean, denbora azeribuztanak bezala kiribiltzen hasten denean, desio hori besterik ez zaigu gelditzen. Marmol gainean erretako oinak freskatzeko ur apur bat, besterik ez.

 

2)

 

Lurra aldiro busti eta lehortu, aldiro lehortu eta busti  zaigu azkenaldian.  Arretaz entzun ditugu han goitik laino azalak erortzen. Erauntsi osteko lurrunak harrapaturiko bidean. Aurrera goaz baina ez dakigu non eroriko den hurrengo tanta. Begiak argitu egin zaizkio lurrari adinarekin. Orain, ilargi baten ertzak ikusten dizkiogu lehengo enborraren ezpalari. Urduri nabaritzen dugu batzuetan, urrutian gordeta. Ez dakigu zer ari den gertatzen haren begi lurrunezkoetan. Eskutik heldu eta gugana erakarri dugu indartsu, behinola bere beso artean sentitu genuen gauza bera sentiarazi nahi genioke une batez.  Euritan busti eta lehortzen utzi. Lurra busti ondorengo baratze pisutsuan goizmindu betiko, haren begien uretan.

 

 

3) Mikel Ibarguren. Itsasoari begira

 

amaiera gabeko ozeanoa

badoa eta badator

 

aurrez aurre nagoela etengabe datoz olatuak

nire biluztasunaren hondarrera

 

hegoiak bederazka hartzitzen ditu

gainezkaturiko hodei tontorrak

 

esperantza dela galtzen azkena diote

horregatik nago egunero itsasoari begira

 

badakizu nola jartzen naizen horrelakoetan

zuk ondo dakizu nire ahuldadeen berri

 

gorriz tindatutako ilunabarrean

emadazu eskua eta urrunago helduko gara

 

4) Euri grisa. Mikel Ibarguren

 

Ematen du erauntsiak ez duela aterrunerik

maiatzak bat du eta geldi daude

zamaketariak begiradaren azkenportuan

 

eguraldiaren maparen atzealdean

auto bakan batzuk ikusten dira stop eginda

ez dabil inor kalean hutsik dira aldiriak

 

hedabideetan alerta laranjaren abisua dantzut

ez dago lilurarik salgai eskaparate handietan

eta desertatuak daude hondartzak

eta ardiak dira itsasoan

 

gaur ez du aterrunerik euriak

mutu daude eleak ahoaren galbahean

mutu zaude zu argazkiaren oroitean

instantea betikotu nahirik

 

goian-behean euri sarria

atzean utzitako urratsak bustitzen

 

5)

 

Marmol gainean erretako ur apur bat, besterik ez. Ezpainak gatzez perlaturik ditugula begiratzen diogu elkarri, eta mingainez laztantzen ditugu elkarren zauriak, maitasunez, egiazko dedikazioz. Barealdia luze doala iruditzen zaizu? Ez da astakeria hori pentsatzea: betiko ikara ikusgaitz bera dute etxeko landareek, betiko hotsak sartzen dira leiho-zirrikituetatik, kalea beti bezala dago.

 

Ez bagara gai lokamuts honetatik irteteko, beste zerbaitek aterako gaituela espero izatea besterik ez zaigu gelditzen. Ez da hain arraroa horrelako zerbait gertatzea, ezta? Eztanda bat, ikuspegi-aldaketa bat, zain apurtu bat. Erreakzio-denborarik utziko ez digun ezusteko bat: esku hutsik harrapatuko gaituen ukaldi bat. Buztinezko edalontzi batean gordeta egon daitekeen ekaitz txiki bat. Ez dela inoiz etorriko sinesten badugu, kondenatu egingo dugu gure burua. Federik gabeko garaiotan, hurrengo bihurgunean fedea izatea da egin dezakegun honena.

 

 

6) Han. Mikel Ibarguren

 

Han goian ez da hemen behean bezala

han goian da gure izar uxoa erretinak lehertzen

desio ezkutuenen azken printza eternitatea destilatuz

begirada galduen zeruertza

han da aurrera egiten jarraitzeko

arrazoi guztien momentua

 

ekaitzaren ostean sortzen da ametsa

zeruaz bestaldeko goi lautadetan

oroz gain bakarturik

memoriaren kutxa beltza arakatzen dut

oroitzapen urrunak aurki ditzadan

 

han goian itsutu egiten gaitu arturratzeak

taupaden denbora mineralak ezdeus bilakatzen

garenak eta ez direnak garela sentiarazten du

itzalak hausten hasi aurretik

 

han goian beste altuera bat du pentsamenak

 

 

7)

 

Iritsi da, ezta? Nik hala uste dut behintzat. Denak du esanahia orain, gorputz atalak bete zaizkigu haragiz berriro. Distira darigu.

 

Ez zaitut atera nahi lilura honetatik. Ekaitzaren erdian ez diogu gure buruari begiratzen: gehiegi dago ikusteko, gehiegizkoak dira erasoak, erasoei jarri behar zaie arreta. Lilurari begira gaude masta nagusira igota, tximistek aurpegiak pizten dizkiguten bitartean. Zoragarria da joera hau: behaztopatu egiten gara behin eta berriro, ezer ez dator emana, min gozo bat hartzen dugu bideko harri-txintxar bakoitzarekin.

 

Lasaitu egiten gaitu, gainera, betirako izango ez dela jakiteak. Aintzina aurkitu zuen norbaitek ipar bat, berak lotu gintuen bere ondorengo guztiok betiko. Helburu baten beharra, nora joan jakiteko desioa. Galduta geundeke bestela, hurakan zoragarri baten erdian, noraez terapeutiko batean.

 

8) Euriaren atzean. Mikel Ibarguren

 

Zure begirada pentsakor dago

ospitaleko leiho hegian

 

goizaldean dena dago geldi

denbora barne

 

euriaren atzean

ezkutatu da eguna

 

9) Mikel Ibarguren. Iparraren atzetik

 

ez zaitut atera nahi lilura horretatik

zorion ukatuen bizkarretik egin izan dugun bakoitzean

tabernetan ginen gordetzen garai batean bezala

amorruen kristal hautsiak destatzen

ondoezak hartzen gintuenean

 

garenak garela

iparrak markatzen duen norabidean egin ahal bagenu

hemendik at beste nonbait lekutu gintezke

etsipenaren argitzaletan oztopa ez gaitezen

galderei erantzunak aurkitzen saiatu

 

geu gara gure ibilien erantzule bakar

ahalegin guztien babesle

oldozpenak datoz odolustuz sarri

udako ekaitz epelarekin batera

azalpenak emateko asmoz

 

gelditzen zaigun apurrean

ahapez egingo dugu

gorputz hustuon ondora

ezpain ditugun hunkipenetara

oherako orduan

gaua pixka bat luzatuz

argia hil eta gero

 

10)

 

Hitz egin izan dugu horretaz, dudarik gabe. Askotan gertatzen zaigu. Barealdia eta gero erauntsia desio dugula, ez dago zalantzarik. Zer den beldurra, zer ezezagunarekiko izua: bulkaden segida betirako izango ez dela esanez kontsolatzen dugu elkar. Iritsiko dela oinak lurrean jartzeko ordua, ez dugula betirako aldaroka ibili beharrik izango. Zer den beldurra, zer ezezagunarekiko izua: mundura bota gintuenak aurreikusi izan balu bezala da. Olatua noiz hartu eta noiz utzi aukeratzeko gaitasuna dugula iruditzen zaigu: zoriontsu egiten gaitu horrek. Ez da zoriontasun txarra. Ni konforme nago horrekin.

 

11) Esnatze bakoitzaren ondotik. Mikel Ibarguren

 

Beti egongo da

zer gogoratua

zer pentsatua

 

ideologiak amaitu ei diren honetan

gure itaunak etzidamuetan desagertuko dira

udazkenaren museoan aurkituko ditugu

haizeak ahazturiko hostoak

 

kale erditik gora helbide gabe bakarka goazelarik

eraman errazagoa egingo zaigu

asteburuko errautsen epela

jakinez ametsen argiak ez direla betirako

ez dela besteren bizkarrik behar bizkar emateko

 

eskuz esku joan gintezke

ezinezko diren eremuak zeharkatuz

gomuta isilak gordetzen diren ezpondetara

begi bustietako ostadarrak ezabatuko direnean

nire ondoan eduki zaitzadan

hurrengo ezaldia heltzerako

 

iluntasunaren hegitik ez dakigu

egunsentia hurbilduko den

baina inoiz baino sakonagoa da

beste noizbait bizi izan garen ustea

beste nonbait egon izanaren sentsazioa

 

urrunetik begira geldituko gara

berri onak heldu bitartean

bihotza arinduko digun albistearen zain

 

eguzkiari trabarik egingo ez dion

hodeiren bat tarteko

argituko omen du bihar ere

 

eta esnatze bakoitzean

beti egongo da

zer maitatua

nor maitatua

Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENy62N7tC