Zu zara orain txoria
2011-06-19ko saioa. Entzun hemen
![]()
Esaten badizut “zu zara orain txoria”, esaten ari natzaizu Mikel Etxaburuk zu zarela orain txoria esaten dizula. Esaten ari natzaizu Mikel Etxabururen hitzak hartzen ari naizela maileguan, eta zuri ematen dizkizudala opari. Nik esaten dizut zu zarela orain txoria, eta Mikel Etxaburuk ere bai.
Ez naiz beste munduko ezer esaten ari, eta mundu honetako zerbait esaten ari naiz, esaten ari natzaizu.
Lehenago ez zinen txoria, beste norbait zen txoria. Orain zara txoria, zu zara txoria. Ez naiz beste munduko ezer esaten ari, baina zure munduko zerbait ari naiz esaten. Zuri buruz ari naiz zerbait esaten.
Esaten badizut “zu zara orain txoria”, zuk “ni naiz txoria” ulertu dezakezu. Zu zara orain txoria, zuk ulertzen duzu zu zarela orain txoria. Ni ari natzaizu hori esaten, Mikel Etxaburu ari zaizu hori esaten, zu ari zara hori entzuten.