Animaliak

2011-06-26ko saioa. Entzun hemen

“Baina leuntasun soziala, inozentzia urrumatia, erpe atertziopelatuaren biguntasuna albora daitezke bat batean, eta katu sinuosoa hotz hotzean aienatu daiteke teilatu eta tximinietako mundu batera non giza elementu urrunduari ez baitzaio jaramonik egiten. Edo jaiotzetiko basa-izpiritua, zeinak lagundu zion joandako egunetan bizirik irauten, alda daiteke itxura ederraren azpitik eta torturaren instintoak (felinoek eta gizakumeek baizik ez dutenak) mugarik gabe lagunduko die zoritxarreko txori edo marraskari batzuen agonian.”

 H.R. Munro “Saki” (Katuaren lorpenak)

1)

 

“Baina leuntasun soziala, inozentzia urrumatia, erpe atertziopelatuaren biguntasuna albora daitezke bat batean, eta katu sinuosoa hotz hotzean aienatu daiteke teilatu eta tximinietako mundu batera non giza elementu urrunduari ez baitzaio jaramonik egiten. Edo jaiotzetiko basa-izpiritua, zeinak lagundu zion joandako egunetan bizirik irauten, alda daiteke itxura ederraren azpitik eta torturaren instintoak (felinoek eta gizakumeek baizik ez dutenak) mugarik gabe lagunduko die zoritxarreko txori edo marraskari batzuen agonian.”

 

H.R. Munro “Saki”k katuen eta gizakien arteko konparaketa argia egin zuen. Pentsatzen hasten gara geure buruaz, bide horretan: animalitzea zenbat kostatzen zaigun, apur bat animalituta ibilitzeak on egingo ligukeen.

 

Ohartzen ez bagara ere, animalia-azalez osatuta dugu gure azala, animalia-organoak ditugu barruan, erraietan iltzatuta. Animalien pentsamenduak izatea bakarrik falta zaigu. 

 

 

2) Abereak eta gizabereak (Mikel Ibargurenek 2011-06-08an irakurritako testua)

Egia esan, abereek eta gizabereok gero eta antz handiagoa dugu.
Xinaurriak bezain sozialak izaten badakigu, baita hartz zuriak legez bakarti ibiltzen ere.
Lehoiak bezainbat orro egile gara, astoak legez arrantza egiten dugu
eta krokodiloaren malkoak benetan dira krokodiloarenak gure begietan.

Basoko azkonarrak gaua du aterbe,
hontzak carpe noctem dio, erresinolak carpe diem;
azken euskal balea Orion arrantzatu zuten;
lehenbiziko euskal  dinosauruak Lirainosaurus du grazia
eta mahatsaren zukuaz mozkortzen omen da liztorra; -eta nor ez?-

Kalean uso, etxean otso  ibiltzen badaki gizakiak.

Diotenez, tximeleta efektuak mundua alda dezake,
saguzarrak ez dira, ez sagu, ez hegazti
eta enarak udaberria ekartzen du kukuarekin batera.
Bide ertzetik doan sagarroiak ez du fitsik jakin nahi postmodernitateaz;
txantxangorriak bestelako abereen etxalde bat  egin nahi du aldarri,
txepetxari zientifikoki trogloditidoen familiako hegazti paseriformea deitzen diote,
-ba ote daki berak?-
Egoera jakin batean gizabereak ongi egiten du ostrukarena;
igela ergela da idazlearen arabera, apoa, berriz, basatzetako urretxindorra.
Pailazo arrainak ez du sudur gorririk eta ez du “maite zaitut” abesten,
haatik pailazoarena egiten du.

 

3) Abereak eta gizabereak (Mikel Ibargurenek 2011-06-08an irakurritako testua)

Etxerago etorriz, ezagutzen dut hortik katu hankak jantzita ibiltzen denik.
Zakurrak badaki baina ez daki badakiela;
gizabereak, berriz, badaki badakiela,
horregatik da bere buruari galderak egiten dizkion espezie bakarra.
Behiak, etzaten denean, lo egiten du; gizaberea pentsatzen hasten da.
Baina hori bai, zakurrak beti hankutsik
eta ez dago jakiterik zenbat kamaleoi dabilen suelto.

Kalean zozo, etxean bele ibiltzen badaki gizakiak.

Elefanteak oroimen zaharra omen du, nondik datorren jakin dezan.
Gizabereak ez daki nondik datorren, eta okerrago dena: ez daki nora doan.
Otsoak bezala, errari doa; horregatik dio gizakiak gizakiari otso.

Bada munduan bertuterik: azeria bera baino  azeriagoa da gizaberea. 
Bada munduan dudarik: zebrak zaldi zuriak dira marra beltzekin ala zaldi beltzak marra zuriekin?
Gure arbaso txinpantzeak oso espresiboak omen dira,
sugeek ez dute betazalik; krokodiloek hiru ei dituzte
eta nire izebak duen loroa hitzontzi hutsa da; eta benetan diot: hitzontzia da nire izeba.

 

4) Abereak eta gizabereak (Mikel Ibargurenek 2011-06-08an irakurritako testua)


Kumeak bere sabelean hazten dituen itsas zaldi aitaren aitatasuna ezaguna da etxaldean
Pingüino aitak ere bere hanketan inkubatzen ditu arraultzak.
Marigorringoaren mantala hasieran horia ei da, gero transformatzen da gorri kolorekoa.
Izan ere Darwinen hautespen naturalak gauza harrigarriak egin ditu denboran zehar.
Baina honako hau arau infaliblea duzue: gizakia zenbat eta gorago, uzkia ageriago.

Abereek beren lurraldea mugatzen dutela esatea eufemismoa da
gizabereek beren buruari ezartzen dizkietenekin konparatuz gero.
Aberea oso territoriala omen, baina gizakiak ere badaki bere territorioa markatzen
konbentzio, muga eta arauekin.

Kalean katu, etxean katamotz ibiltzen badaki gizakiak.

Baina, egia esan, ez naiz  kukuarenak egiten hasiko, eta filosofoak esandakoarekin bukatuko dut: “ziminoak onegiak dira, gizakiak ezin du haien ondorengo izan”.

Ziminoen aurretik gizakirik ba ote zen galdetzen diot orain neure buruari.

Kalean gizaki, etxean abere ibiltzen badaki gizakiak.

 

 

5) Jon Benito. Zoologia tratatua

 

                1

Hankak lurrean belaunak minduz

narrasti azal ezkatazko bat ari zait

zurbila ordezkatzen:

bularraldea urratzen dit urrats bakoitzak,

egiten dudana azalean sentitu beharrak.

 

                2

Oskola hazi zait ornoetan.

Nire gauzak dira: etxea eta memoria.

Hara biltzen naiz.

 

                3

Lehorrean edo uretan,

samurrean eta gorrotoan:

anfibioa izan.

 

                4

Besoekin inguratu

eta zurekin korapilatzen naiz,

bularraldera hurbilduz

sabela ferekatu dizut,

eta hankak zabaltzean…

jendearen barruan jendea dago!

 

                5

Komuneko ispiluan

soin urratua, oskola, bizkar hezurra,

hegorik gabeko besoak,

saihetsetara itsatsitako titiburuak.

 

Nire baitako

zizare, sugandila,

dortoka eta tximuak.

Nire narrasti, anfibio eta ugaztunak.


Short URL for this post: http://tmblr.co/ZOvENy6VIwjj